Burdinolaren historia/Burdinolak Bizkaian

Wikibookstik

Industria siderurgikoa izan da urteetan zehar Bizkaiko industriaren egituran sektorerik garrantzitsuena.

Erdi Aroaz geroztik industria berria sortu zen arte, jarduera horretarako lekuak burdinolak izan ziren. Ez dago zalantzarik, Bizkaiak burdinaren jarduera garatzeko berezko baldintza egokiak zituen. Alde batetik, lurraldea oparoa zen jarduera horretan beharrezkoak ziren burdin meaz eta ikatz gaiez.

Sobera ezagunak da gure probintzian hainbat meategi daudela, eragozpen tekniko handirik gabe ustia daitezkeenak; horien artean, bere kalitatearengatik, Somorrostroko mea-gunea nabarmentzen da. Horren lekuko garbiak dira zenbait historialari, olerkari eta bidaiariren lekukotasunak, hauetariko batzuk klasikoen garaira eramaten gaituztenak,.

Bestalde, garai batean basoetan nagusi ziren pago, haritz, gaztaina eta arteak ziurtatzen zuten egur-ikatzaren hornidura, mea urtzeko behar zen bero-energia sortzeko erabiltzen baitzen.

Horri erantsi behar litzaioke Bizkaiko lurraldea ureztatzen duen ibai-sarea, berari esker lortzen baitzen beharrezko potentzia eragilea, edozein burdinola hidraulikotan bi elementu funtsezkoak martxan jartzeko, gabia eta hauspoa.

Azken faktore batek hurbildu zuen Jaurerria burdin jardueraren aldera: lehen premiazko elikagaien gabezia, zekaleak adibidez. Berau inportatu beharrak eragin zituen bertakoak burdina manufakturatzeari heltzera, bestelakoan, galerakoa izango zen merkatal balantza orekatzeko. Lope Gartzea Salazarren ondorengo zatiak, hondamendizko urte baten aipamen berezia egiten du: 1474.ekoa. Lan horretan, agerian jartzen du merkatal trafiko honen garrantzia, gure probintzia eta Ingalaterra bezalako beste herrialde europarren artekoa; Bizkaiak bestalde, kokagune estrategiko egoki bat zuen horretarako:

«E con el espanto de/ no lo auer, era en desesperación la gente/ de la costa, e ovieron de parecer, si/ no que se socorrieron de Ynglaterra con/ sus naujos e mercaderes, que traixieron/ abastejamento a corona de oro, o a quintal/ de fierro...».

Mendiko burdinolatik burdinola hidraulikora[aldatu]

Lehen burdinolen instalazioak mendian kokatu ziren, mendiko burdinolak, masuquera-k edo haizeolak izenez ezagutzen zirenak. Horietan, burdina lortzeko beharrezko indar eragilea giza ahaleginetik zetorren eta baso handietatik hurbil kokatzen ziren erregaiaren hornidura erraz lortzeko.

Burdingintza tradizionalaren industrian sartu zen berrikuntza tekniko garrantzitsuena, energia-iturri gisa, ibaietako ura erabiltzea izan zen. Horrela, sortu ziren, burdinola hidrauliko edo zeharrolak, non zuzeneko metodoa erabiliz jarraitzen zen arren, urak olagizonen lan gogorra bere alde mekanikoan errazten zuen, (labea haizez puztea eta mailua eragitea) horrela, ekoizpen handiagoa lortzen zen eta ekonomikoki errentagarriagoa zen.

Gero eta handiagoa zen burdinola hidraulikoen garrantziak burdingintza tradizionalaren industria lekuz aldatzea eskatzen zuen: ordura arte burdinolak bero-energia lortzen zen basoetatik hurbil kokatzen baziren, zeharrolaren agerpenarekin lantresna hauen faktore erabakitzailea izango da beste indar eragilearen beharra, hau da, urarena. Horregatik, burdinolen instalakuntzak mendietatik haranetara jaitsi ziren.

Instituzionalizazioa eta gizarte eredua[aldatu]

Burdinolak ibaiertzetara lekualdatzeak eta erdietsi zuten hazkunde ekonomiko garrantzitsuak erabaki zuten burdingintza tradizionalaren sektorea instituzionalizatu beharra. Handik aurrera, arau anitz ezarri ziren mearen ustiapena, basoaren eta uraren baliapena eta burdinaren merkataritza erregulatzeko. Bizkaian, 1440an Gernikako Batzar Nagusiak, Ordenantza batzuk ezarri zituen berrogeita bi kapitulutan «para el mejor gobierno y subsistencia de la ferrerías del Señorío», eduki horiek gerora Foru Zaharrean (1452) sartuak eta Errege Katolikoak 1483an berretsiak izan ziren.

Burdin sektorearen instituzionalizatzea da maila ekonomiko eta sozialean haren jarduerek iritsi zuten garrantziaren froga. Izan ere, burdinolak diru-iturri garrantzitsuak izan ziren giza sektore pribilegiatuarentzat, horiek baitziren instalakuntzen jabe nagusiak. Era honetan herriko handikiok euren etxe, abere, mendi eta errotetatik lorturiko errentei, burdinoletatik sortutakoak gehitzen zizkieten eta, bide batez, jabegoan zituzten mendietatik ateratako egurra errentagarri bihurtzeko baliatzen zuten.

Badira bi gertaera jabetasun eredu hau frogatzen dutenak. Alde batetik, burdinolaren eraikuntzarako behar ziren ekarpen finantzario handiak; bestetik, ondasun hauek familiako ondare ziren aldetik, ondorengoei emanaz eta jauretsiak izaten zirela belaunaldiz belaunaldi. Beraz, arrazoi hauengatik, ez da harritzekoa burdinolak sarritan dorretxe, jauregi, ermita eta errotaz osaturiko multzoan bertan agertzea.

Burdinola hidraulikoaren funtzionamendua eta elementuak[aldatu]

Azpiegitura[aldatu]

Burdinola hidraulikoak, gainera, ingeniaritzako azpiegitura independente bat du, ibai-errotetan gertatu ohi zen bezala, ezinbestekoa delako indar eragilea sortzeko. Honela bada, errekan gorago kokaturiko presa batean datza, jasotako ura ubidez garraiatu eta burdinolaren ataurreraino edo urarkaraino bideratuz. Gainera, multzoak berak errota bat duenean, ohikoa da bi eraikuntzek –burdinola eta errota– ubide bera partekatzea, bakoitzak bere hartzea irekitzen duelarik. Normalean, burdinolak zuen lehentasuna ura erabiltzeko orduan, baldin honek ezin bazituen bi instalazioak hornitu.

Presa eta ubidea[aldatu]

Uste izatekoa da jatorrian urtegiak eraikuntza xumeak izango zirela guztiz: uraren nibela igotzeko euste bat egiteko ibaian bertan zeuden harriak baliatuko zituzten.

Erdi Aroko aldi handi batean, ibaiaren ubidea buztintsua zen lekuetan, urtegi ugari jaso zuten itxidura oholez eginda. Karrantzako El Molinar auzoan La Bajera izeneko burdinolak bezala, El Mediokoak ere, azpiegitura hidraulikoa zurezkoa zuen (urtegiak, altxagarriak..). Egun, hauetariko urtegi baten hondarrak bizirik diraute, zurezko armazoia ikus daitekeelarik ibaiaren azpian, zaharkiturik.

Alabaina, gureganaino heldu diren urtegiak harrizkoak dira gehienbat, aurrealde zuzena eta atzean ezpondaduna, korrontearen presioa hobeto jasateko. Villarreal de Berrizek Máquinas hidráulicas de molinos y herrería y govierno de los árboles y montes de Vizcaya izeneko bere tratatuan, presa tradizional hauei buruzko xehetasun eta deskripzio ugari ematen digu.

Idazle honen arabera, komenigarria zen luzera handikoa zen toki bat baliatzea presa egiteko, gainerakoan, korrontearen indarrak arriskuan jarri baitzezakeen eraikuntza.

Oinarriak altueraren loditasun berekoa izan behar zuen gutxienez eta hormaren goiko bukaera –harlauza handiz errematatua, burdinazko grapa beruneztatuez bat egina– ibaiaren gainezkaldi edo uholdeetan har zezakeen altura hainbateko zabalera.

Aurrea harlanduaz egiten zen eta eraikuntzak «gorputza hartu arte» ezponda aldetik zurez edo kolomaz egindako defentsa aholkatzen zuten, harginen lana babesteko.

Baina, presa hauek beren betebeharrean eraginkorrak zirela uste izan arren, idazkiaren beste kapitulu batean presa-eredu berri baten eraikuntza aholkatzen zuen, arku formako aurrearekin.

Presa[aldatu]

Antza denez Villarreal de Berriz izan zen arkudun urtegi berrien aitzindari, erromatarren garaietatik aztarnak baziren arren. Gureganaino iritsi diren horietariko bost gutxienez berak proiektatu zituen: Antsotegi eta Barroetakoa (Oxilaingo Olazarreko burdinola) Markina ondoan, ArenzibiaErrota (Antzubirrota) eta Laisota (Lariz Olaeta) Gizaburuagan eta Ibarrakoa Bedian. Azkeneko honek, inondik ere, berak diseinaturikoa izan behar zuen, obraren planoak Jose Lizardi gipuzkoarrak sinatuak daudelako. Horretaz gain, bere eraikuntzaren ezaugarriengatik eta azkeneko hauetarako hurbiltasun fisikoarengatik pentsatzen dugu Aulestin dagoen Angizko burdinola ere zerrenda honetan sar daitekeela.

Villarreal de Berrizek berresten zuen presa arkudunak seguruago, sendoago eta kostu gutxiagokoak zirela. Arku beheratu edo eskartzanoa gomendatzen zuen, korronteari hauskaitzago zitzaion aurre ahur bat bilakatzen zuelako. Arkuaren sokak ez zituen hamar edo hamabi metro gainditu behar eta ibaiaren uharka handiagoa bazen, neurri hauetako behar hainbat arku eraikitzen ziren. Kasu honetan, arkuen artean erdiko estribo edo kontrahorma bat egingo zen.

Villarrealek eraikuntza guztia zehazten du, xehetasun guztiak barne, hala nola, eraikuntza kontu handiz betuneztatu behar zela –bai eraikitzeko denboran, bai bukaeran–, horrela dobelen juntetatik ura sartzea eragotziz. Behin presa bukatuz gero, urak bere indarrez gogortzen zuen eraikuntza.

Esperientzia propioa funtsezko gauza dirudi Villarrealen obran; izan ere, Bediako urtegia adibidez, aurreko urtegia arku handi bakarrekoa, Ibaizabalen uholde batek nola eraitsi zuen ikusi ondoren eraiki zen.

Ubidea[aldatu]

Ibaiko uraren nibela behin igoz gero, presaren albotik ateratzen zen ubide batek, eraikuntza nagusiaren alde batean zegoen burdinolaren ataurreraino desbideratzen zuen. Ubide edo uharka hau lurra induskatuz egin zitekeen edo sarritan harlangaitzez egindako obra handiago bat presentatuz. Aipatzekoa da Orobioko (Durango) Erdikolea burdinolaren kasua, neurri handietako harlauzak bertikalki jarririk egindako uharka duena, harlangaitzezko obra saihestuta egina.

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz[aldatu]

Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1670-1740), hainbat diziplina teknikoez jakin mina zuen noble bat izan zen; bestak beste, hidraulika, matematika, astronomia eta fisikaz. Arrasaten jaioa zen eta Maria Rosa Bengoleakoarekin ezkondua, hau da, Gizaburuagako izen bereko dorrearen eta Lekeitioko Uriartekoaren jabearekin. Bizkaiko sektorerik aberatsenaren eredu dira, sortetxeko maiorazko hartzailea, kasu honetan, bere aldetik bezala (Berrizko eliz aurreko dorretxea, burdinola, errota eta mendien jabea zen), bere emaztearen aldetik. Maria Rosa Bengoleakoak, Uriarteren atxikimendua zuen, non Lekeitioko jabegoaz gain Gizaburuako beste batzuk sartzen ziren (dorretxea, errota, bi burdinola eta ondasun ugari).

Baina Villarreal de Berriz ez zen errentetatik bizi ziren alferren nobleziakoa izan; baizik eta enpresa gizon jantzia; burdinoletan ekoizten zuen burdina esportatzen zuen bere ontzi propioetan, itzulerakoan artilea, kakao eta antzeko produktu exotikoak –gure Euskal Herrian falta ziren beruna edo luxuzko zenbait gauza– inportatzen zituen, aldi berean.

Villarreal de Berrizek, zituen ikasketek animaturik, tratatu bat idaztea erabaki zuen, erroten eta burdinolen funtzionamendu onerako berak beharrezkotzat jotzen zituen aholkuak jasotzeko. Berauetan aplikatu zituen bere ezagupen guztiez aparte, baita bere obran erakusten duen moduan, burutu zituen esperimentu anitzak ere. Esan daiteke XVII. mende amaieratik jakintza tradizionalarekin eteten hasi zen mugimenduko partaide zela eta Ilustrazio garaian garaturiko obrarekin burutu zuela.

Burdinola motak eta ekoizpenak[aldatu]

Torrelandako burdinola. Orozko (Bizkaia).

Bizkaiko metalurgia-zentroen azterketa sistematikorik eta haien ekoizpenespezializaziorik ez daukagunez (ditugun azterketa gehienak XVIII. mendetik aurrerakoak dira), hainbat egileren lekukotasunak ekarriko ditugu –Villarreal de Berriz eta A. Larramendi, besteak beste– euskaldun burdinoletan lorturiko azken emaitzen aztarnak jarraitzeko, eta euren sailkapena egiteko.

Hasieran, burdinolek ekoizten zuten azken produktuaren arabera, hierarkizazio edo espezializazioaren aukera nahikoa arrazoizkoa egin zutenaren ondorioa atera daiteke. Villarreal de Berrizek honela agertzen digu aitzina bi motetako Burdinolak zeudela, batzuek handiak deiturikoak eta besteak txikiak.

Funtzioen banaketan, handienek proportzio handiko agoak (150 eta 200 kilo artekoak) urtzen zituzten, neurri handiko azpiegitura mekanikoa eskatzen zuelako. Agoa bakoitzetik 80 cm luzeko lau totxo edo barra ateratzen ziren eta horiek ziren burdinola hauetako azken emaitza bukatua.

Burdinola txikien zeregina totxoak mehetu eta ondoren manufakturazko transformazioa errazteko prozesua bukatzea zen. Uste izatekoa da zenbait produktu manufakturatu egiteaz ere arduratzen zirela, tokiko eskaeren arabera.

Zeharrolak[aldatu]

Sektorearen bilakaera berri bat ezagutu zen XVII. mende bukaeran, integrazio bertikala burutu zuena: aitzinako zereginen banaketa desagertu egin zen eta prozesu guztia ekoizpen-gune bakar batean, Villarreal de Berrizek izendatzen duen zeharrolan bilduz. Burdinola hauek 250 kilo adinako masak urtzen zituzten eta 25 bat kilo inguruko barrak luzatzeaz ere arduratzen ziren. A. Larramendik XVIII. mendearen erdi aldera burdinola handiekin identifikatzen ditu eta aditzera ematen, desagertzeko bideetan daudela, ekoizten zuten burdinaren kalitate baxua medio, agian.

Tiraderak eta gabiak[aldatu]

Antza denez, XVIII. mendearen bigarren erdian, zeharrolak behin betiko burdinola txikiek ordezkatu zituzten, hau da, gabia edo tiradera gisa ere ezagutzen zirenek, sektorea desagertu zen arte nagusi izango diren instalazio motak –El Pobal horren lekuko leiala da–.

Tiraderek ere ekoizpenprozesu osoa burutzen zuten, baina urtzen zituzten agoak edo galdak proportzioan txi kiagoak zirelako desberdintzen ziren zeharroletatik, eta horrek burdinaren kalitatea hobetzen zuen.

Olatxoak[aldatu]

Zeharrolak desagertzean, tiraderak, lehen olatxoak bezala, orain «burdinola handiak» deitzera pasa ziren, hau da, tokiko eskaera hornitzeko ekoizpen asko landuz betidanik izan diren burdinola edo sutegiak.

Hirietan egoten ziren asko eta ez zuten indar hidraulikoa erabiltzen, baizik eta es kuzko forjaketa, eta zenbait ekoizpenmotatan espezializatuak ziren (nekazaritzako tresneria, iltzeak, kateak, ferrak eta abar). Instalazio arruntak ziren baina erruz zeuden tokiko geografian.

Burdinoletako azken emaitzaren transformazioari dagokionez, Juan de Herrera ere izendatu daiteke, El Escorialeko obren zuzendaria, 1588an burdina mozteko «makina» bat asmatu zuena. Hark Berna (Durango) aukeratu zuen hura instalatzeko, eta 1591erako hasiak ziren obrak. Inguruko burdinoletan egindako totxoak ebakitzeaz arduratzen zen. Eraikuntzak oinplano laukizuzena zuen eta bi hormarte, makineria kokatzeko.

Sistema energia-ekoizleak presa batez pilaturiko ura erregulatzen zuen urarka edo biltegi bat zuen, gainezkabide batekin.

Amaitzeko esan dezakegu ezin daitekeela oraingoz banaketa argi bat egin gure lurraldean izen diren burdinolen ereduei dagokienean. Dena den, argi dago eskabideetara egokitu izan dela sektorea, bai esportaziora zuzendutako burdin barra handiak eginez –XVIII mende arte–, bai, gainbeheraka hasia zegoenean, barruko merkatuan kontsumitzen ziren garrantzi gutxiko ekoizpen manufakturatuak landuz.

Fanderiak[aldatu]

Aparteko kapitulua merezi dute XVIII. mende azken herenean eraberritu nahiez aurrera eraman ziren saioak, besteak beste, fanderien instalazioak, burdina moztu eta xaflak egiteko lantegiak. Prozesu hau energia hidraulikoz mugitzen ziren zilindrosail desberdinen konpresioz egiten zen eta erabiltzen ziren labeetan harrikatzaz lan egin zitekeen. Euskal Herriko lehen fanderia Oreretan (Gipuzkoa) 1771an jarri bazen ere, Bizkaian XVIII. mende amaieran bi instalatu ziren, bata Barakaldon, eta bestea, Sopuertan.

Burdinoletako produktuak eta prozedurak[aldatu]

Euskal Herriko siderurgia tradizionalaren ezaugarria, Europako beste ekoizpen-zentro handi guztien antzera, kanpoko merkataritzari zuzendua egotea izan zen. Hau, nazioarteko eskaera handiari eta ekoizpenetan sobera handiak izateari esker gertatu zen. Euskal burdinaren merkatu nagusia (penintsula, Europa edo kolonia mailakoa) Euskal Herritik kanpo zegoen. Alabaina, esportazioa zenbait egoerengatik baldintzatua zegoen (ekonomikoa, politikoa...) eta horrek kanpo-eskari oso aldakorrak eragiten zituen.

Burdin totxoak eta manufakturak[aldatu]

Bizkaian, XIX. mendera arte burdin ekoizpenaren zati txiki bat bakarrik manufakturatzen zen lurraldean bertan. Bizkaitar siderurgia tradizionalaren funtsezko ekoizpena burdin gozoa zen, barra edo totxo moduan erdi manufakturaturikoa. Gipuzkoako burdinolak produktu manufakturatuak esportatzen zituzten, batik bat armak.

Euskal mea Europako merkatuetan preziatua izatearen arrazoia, bere malgutasun errazari zor zitzaion eta horrek eutsi egin zion kanpo eskariari, baita Europako beste zentroetan prozedura ez-zuzenen bidez lortzen zen altzairu landuaren prezioekin alderaturik errentagarria ez zenean ere.

Zuzeneko eta zeharkako prozedurak[aldatu]

Funtsezko lehengai bezala erabiltzen zen burdin gozoa, bizkaitar hematite gorri purua, metal kalitate handikoa. Mea hau murrizgarritasun altukoa zen, labe garaiak erabili gabe, zuzeneko prozeduraz ekoitzi baitzezakeen burdina, mea mota hau ez zeukaten beste herrialdeetan ezinbestekoa zena. Labe hauek XV, mendetik ezagutzen dira Europan, baina Euskal Herrian XIX. mendera arte ez badira hautatzen, leku horretako baliabideetara produkzioa egokitu beharra gertatu zelako izan zen: Somorrostroko mea oparoa, labe garaietako prozedura ezzuzenerako desegokia. Beraz, L.M. Bilbaoren iritziaren arabera, euskal atzerapen teknologikoa, bideragarritasun ekonomikoa mantentzeko gai zela, eskaera urria eta produktu espezializatuetara bideratua izanagatik.

Metodo zuzenaren eragozpenik handiena, burdina lantzeko behar zen egur-ikatz kopuru izugarrian zetzan. Burdinolak hornitzeko gure mendietan buruturiko ikazkintzak, ziur asko jatorriz historiaurrera eramaten gaitzakeenak, luzarora gure lurraldea basosoiltzera eraman zuen prozesua bukatzera ekarri zuen.

Burdinolen goraldia, krisia eta gainbehera[aldatu]

Behe Erdi Aroa izan zen Bizkaiko siderurgiaren urrezko aroa. Burdinaren lanketan energia hidraulikoa sartzeak ekarri zuen berrikuntzari esker, produkzioa askoz errentagarriagoa egin zuen. Eta beste aurrerapenek behin betirako aldatu zuten burdina lantzeko prozedura, eskuz lantzetik mekanikara pasaraziz, Bizkaiko siderurgian eskaerarik handieneko ekoizpena zen totxoekin jarduten zuten lantegietan, bederen.

Alabaina, XVI. mendearen erditik euskal siderurgian halakoxe gainbehera bat hasia bazen ere, ekoizpenaren beherakada nabarmena XVII. mendean gertatuko da. Mende horrek, hain zuzen ere, beste gainbehera hauek ditu bereizgarri: bizibideetan krisialdi asko, geldialdi demografikoa, ezegonkortasun politikoa eta Europa guztiko etengabeko gudak. Burdinolak oso baldintzatuak zeuden, nazioarteko merkatuaren egoera eta beste ekoizle-zentroen aldetik gero eta handiagoa zen konpetentziagatik.

Bestetik, europarrak bete betean sartu ziren, ordura arte penintsulako ekoizpenekin neurri handi batean aserik zegoen merkatu kolonialean. Lehengaien eta soldaten prezioak gora egin zuten, burdinaren industriaren irabaziak nabarmen jaisten ziren bitartean.

Bizkaiko lurretan kokaturiko burdinolen kopurua murrizten hasi zen krisi honen ondorioz. XVI. mendean guztira 183 burdinola baziren hurrengo ehunkadan 152ra jaitsiak ziren, Pedro de Merino historiagileak ematen dituen datuen arabera.

Euskal Herrian, XVIII. mendean, ekonomia hedakor baten kokaturik zeuden burdinolek susperraldi bat eta gorakadan azken une bat bizitu zuten, Bizkaian, 1766. eta 1776. urte artean, 162 burdinolen errolda egiteraino. Mende hori XVIII.eko krisiaren jarraipena ez bazen izan, barruko merkatuaren indarberritze prozesuagatik eta bete-beteko hazkunde ekonomikoan zegoen Ingalaterrak burdinaren premia handia zuelako gertatu zen. Hala eta guztiz ere, Europako merkatu tradizionala eta koloniala –babestua zegoena, agidanean– murriztuz joan ziren; alde batetik, ekoizle zentro berriek haren metaketa egiten zutelako, lehenik Suediak eta Errusiak ondoren. Kanpoko burdina euskal kaietaraino ere sartzen zen gure lurraldeek baldintzez salbuetsiak zituen probintziez baliatuta.

Berrikuntza saioak[aldatu]

XVIII mende azken herenean ikusi genuen burdinola sektorea egoera larrian zegoela zekiten zenbait euskaldun jakintsuren etengabeko egonezina. Lehenik, Villarreal de Berrizen adibide bakarrak pentsarazten digu burdinolen jabe gutxi izan zirela hauen hobekuntza eraginkorraz arduratu zirenak, ekoizpen prozesuan sartzeko lehian.

Instalazioen jabea zen sortetxeko nobleziaren ohizko utzikeriak eragotzi zuen behar ziren aldaketak aurrera eramaten eta olajaunek, merkatuko kapitalarekin zituzten zorrekin ez zuten hedapen handiko eraldaketa hasterik izan. Halaber, zazpiehun garrenetik aurrera egoera hain latza izanik, hainbat ekimen jarri zen abian euskal siderurgiak Europako esparruan izan zuen goi-maila berreskuratzeko ahaleginean.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, gai honetan erakunde aitzindaria, gure lurraldean ezagutzen ez ziren atzerriko aurrerapen teknologikoak ezagutzeaz arduratu zen eta baita haien erabilera sustatzen saiatu ere, elementu ekoizle batzuen eraginkortasuna zehazteko hainbat esperimentu bizkortzen zituenarekin batera (labeetan injekzioa eta puzkailuen sistemen abantaila eta oztopoak, mea erretzeko metodoak eta beste). Ondo zekiten Euskal Herriko ekonomia nekazaritzaren galerakoa zela, horregatik burdinaren ekoizpena banatu behar zelako ondorioa atera zuten. Harrikatza erabiltzen hasi beharraz ohartarazi zuten, egur-ikatzaz hornitzeko eragozpenaren aurrean.

Batzar Nagusiak izan ziren Jaurerrian eta, ekimen instituzionalaren lekukoa jasoaz, Batzorde bat eratu zuten burdinaren sektoreko arazoa aztertzeko. Ekimen hau hainbat informe eta ikerketa landuz zehaztu zen, premiazko berrikuntza tekniko baten beharrarekin bat zetozenak. Bizkaian hainbat esperimentu egiteko Anuntzibai (Orozkon) eta Bediako burdinolen instalakuntzak erabili ziren. Alabaina, esperientzia hauek ez ziren metalurgia tradizionalaren sisteman erabateko aldaketan zehaztu, ezta lehenagoko eredua hautsiko zuen inolako ekoizpen zentro berri baten eraikuntzan ere, ez baitzuten erortzeko zorian zeuden burdinolen kostuak merkatzea nahi izan.

Ekimen pribatua itxaron behar izan zen XIX. mendean lehenengo berregituraketa garrantzitsuak ikusteko. Hasieran, ekimen berritzaileak ez zuten eraginik burdinaren lehen lanketara zuzenduriko instalakuntzetan, baizik eta horren eraldakuntzaren hobekuntzara bideratzean, bigarren fusio bidez bukatuak edo erdi landutako ekoizpenatan. Lope de Mazarredok 1807an instalatu zuen lehen labe garaia Bizkaian, Artunduagako bere fabrikan, Basauriko San Migelen elizatean. Fabrika, «burdinurtuzko lapiko edo ontziak» egitera bereziki jarria zegoen eta bazuen Estatuaren laguntza ere.

Hurrengo hamarkadetan, metal eraldaketara bideraturiko fabrika eta fanderia berrien eraikuntzak ugaltzen jarraitu zuen; alabaina Karlistadak eten zuen hedapen garai hau. Boluetako Santa Ana lantokiaren kasua, aitzinako burdinola «siderurgia integraleko faktoria» eraldatzea da horren adibide garbia. Sortu, 1841ean sortu bazen, 1846ean egur-ikatzezko labe garaia eraiki zuen. Datu honek, gure siderurgiak, oraino zekarren atzerakadaren ideia bat ematen badigu ere, europarrarekin alderatzen badugu, begien bistakoa da Santa Anak Bizkaiko siderurgia tradizionalaren eraldaketaren barruan zutarri bat izan zela, burdinolekin zuen lotura hausten zuen industriarantz.

Begoñako elizatean instalaturiko burdinola honen birmoldaketarekin lortu zen arrakasta berritzaileak ez zuen segidarik izan Ibaizabalen eskuinaldean ziren aitzinako burdinola guztietan. Gehienak utzi egin ziren. Horrela bada, 1828an, zeudenetatik heren bat geldituak zeudelarik, 97 bakarrik ari ziren lanean. J.E. Delmas-ek, 1864ean eginiko Guía Descriptiva de Vizcaya lanean, dioenez, 38 burdinola eta 44 errementera baino ez zeuden–forjak ziur asko–.

Horregatik, beraz, burdinola gehienak utzi egin ziren. Beste batzuek ekoizpen manufakturatuak edo erdi manufakturatuak egiten jarduten zuten lantegiak erosi zituzten; hala nola, Lebariokoa Abadinon Durangoko Ferreterak eskuratu zuen eta bere azken urteetan –XX mendean sartuta jada– zartaginak egiten jardun zuen.

Bizkaitar burdinoletariko asko errota bilakatu zituzten utzirik zeuden instalazioetan; industri honek gutxienez instalazio hidraulikoak baliatzeko aukera ematen baitzien. Behin XX. mendera iristean, askok energia elektrikoa sortzen zuten turbinak ipini zituzten.