Burdinolaren historia/Meategi eta burdinolen erakundeak

Wikibookstik

Erregeek onartu zituzten forurik gehienetan ageri dira meategi eta burdinolei buruzko zenbait arau edo erabaki. Horrela ageri da, hain zuzen ere, Euskal Herriak XIV. mendean eraturik zuela burdingintzari buruzko legedia.

Burdinolen forua[aldatu]

Burdinolen forua, Gaztelako Alfontso XI.a erregeak Segurako hiribilduari 1335ean emandakoa.

Hala, 1328. urtean Alfontso XI.a erregeak «Fuero de Ferrerías» izenekoa eman zien Oiartzun eta Urantzuko (Irun) olagizonei, ordura arteko erabilerak, ohiturak eta eskubideak onartu eta babestuz, eta lege hori benetakoa bezain mesedegarria izan zen orduko burdingintza sendotzeko.

Izan ere,

  • eskubide eta erraztasunak ematen zituen olagizonentzat, bai burdinoletarako egurikatza lortzeko eta bai burdinola berriak eraikitzeko.
  • Halaber, erraztasunak meategietan lanerako behar zituzten sailak erabiltzeko.
  • Burdinoletako presak hazteko baimena eskaintzen zuen eta, aldi berean, urtegi berriak egiteko debekua, baldin eta burdinolen kalterako bazen.
  • Gipuzkoako herrietan, olagizonentzat ziren janari eta edariei eragozpenik ez jartzeko agindua ematen zuen, hau da, ez zergarik, ez beste ordaindu beharrik.
  • Bide eta ibaietan olagizonen segurtasunerako zaintzaileak ipintzea.
  • Herri barruko edozein tokitan burdinolak jasotzea zilegi zuten, peritazioan izendatutako ordaina jabeari eman ondoren.
  • Oiartzungo olagizon hauek aske ziren zerga guztietatik; beren ondasun, tresneria, etxe eta irabazietatik inork ez zuen ezer bahituran hartzeko eskubiderik, beren foru bereziak horretara zigortu ezean.

Burdinolako alkateak eta beste aginpideak[aldatu]

Horrelako kasuetan liskarrik edo eztabaidarik sortzen zenerako bazen autoritate bat: Burdinoletako Alkatea zeritzana. Foru honen arabera,

  • zinegotzi, aguazil, ibarjaun, aitonen seme eta agintariek behar bezala zaindu eta babestu behar zituzten olagizonak, bestela hamar mila marai (marabedi) adinako isunak jar ziezaieketen zigorrez.
  • Olagizonek berentzat eta beren ondorengoentzat zituzten irabazi guztiak, inolako izen txarrik gabe geldi zitezela, Gipuzkoako Foruaren arabera. Azkenik langileren bat ezbeharrez hiltzea gertatuz gero, inolako erantzukizunik ez zuten izango olagizonek beren gain.

Probintziako ordenantzak[aldatu]

Gipuzkoako Foru, pribilegio eta ordenantzen artean ere maiz agertzen dira burdinolen aipamenak. Adibidez, 1397. urteko Foruan,

  • 1. kapituluan burdinoletako mazolari, peoi eta beste ofizialek, burdinoletako olagizon edo jabeekin lan-kontratua egin, eta hauengandik aurreraturik dirua hartu ondoren, beste norbaitekin lanean hasiz gero, nahiz lanetik ihes eginez gero, ehun zigor-zarta eman eta dirutan hartutako halako bi bihurtzera behar zedin.
  • 2. kapituluan, probintziako burdinolen garrantzia eta beharraren aitorpena egiten da, hau da, gizonezko askori lana ematen dietelako, burdingintzak beharrezko duen ikazkintzan batzuei basoetan egurra egiten, meategietan besteei, eta hauspo eta hauspotzarrak labe eta sutegi horietan duten garrantzia aipatuz. Norbaitek gaitz egiteko asmoz tresna hauetakoren bat hondatu gero, heriozigorrez edo bere buruaz ordaintzeko agintzen du.
  • 3. kapituluan dionez, burdinoletako mazolari, peoi edo ofizialei gaiztoz eta asmo txarrez norbaitek oldartu edo gogor egingo balio, zigortua izan zedila, lehenengoan, hamar mila maraiz; bigarren erasorik eginez gero, hamabost milaz, eta berriz hartaratuz gero, herio-zigorrez. Eta berean, heriozigorra emango zitzaion burdinolaren bat sutzen zuenari.

Datu historiko batzuk[aldatu]

Zeharrola edo burdinola hidraulikoak Euskal Herrian noiz sortu ziren adierazteko, arreta merezi duten datu historikoei buruzko xehetasun batzuk emango ditugu.

Tolosa[aldatu]

Tolosako herria fundatu zeneko lehen urteetan emandako lege berezien artean bada garrantzizko bat, Fernando VI.a erregeak 1307. urtean emana, hiribilduaren muga-barruko eta inguruetako mea-guneei buruzkoa.

Lege horren bidez lortutako emakidak, inola ere, Leizaran ibaiaren goi aldeko lur paleozoikoetan ziren meategiak aipatzen ditu, garai hartan Tolosako barrutiaren barruan ziren eta ia oraintsu arte ustiatu izan diren sailak.

Ataun[aldatu]

Jasorik den dokumentu baten bidez frogatzen da, Ataunen (Gipuzkoa), Agauntza ibaiertzean Olea izeneko burdinola bat eraikitzeko baimena eman zituen Lazkano jaunak 1428. urtean. Joan zen mendearen erdi aldera arte bazen Olea izeneko baserri zahar bat, gerora berreraiki zena, dokumentuak izendatzen duen toki berean. Zehaztasun hauek Joan Arinek 1948. urtean emanak dira.

Beharbada, burdin mea Aralar aldeko inguruko mendiren batetik ekarriko zuten; hain zuzen ere, Aia auzoko jurisdikzioari zegozkion lurretatik, garai batean han aurkitzen baitziren burdingorriaren meazuloak.