Euskal Kostaldeko Gida/Bizkaia

Wikibookstik

Biz­kaiko kostal­deko Gidaliburua

Ondarroa[aldatu]

Historia[aldatu]

Maria Diaz Harokoa Biz­kaiko andreak, Ona esaten ziotenak, Ondarroa hiribil­du izendatu zuen 1327an.

Zor­tzi urte beranduago, Biz­kaiko jaun‑andreek erregalia hori berre­tsi eta hobetu zuten, probestu‑ eskubidea eman bai­tzioten hiribil­duari, ondarrutarrak segurtasun handiagoz bizi zitezen, udalerria harresiz inguratuta.

XV. mendean zehar, bandoen arteko borroka odol­tsuek Ondarroa el­kortu zuten. Horretaz guztiaz izango lukete zer esanik etxe botere­tsuetako jaun­txoek (Aran­tzibia, Yarza, Ganboa); eta, agian, 1462an hiribil­dua kiskali zuen suteaz ere bai. Mende ba­tzuk geroago, 1794an, Fran­tziako ejer­tzitoak bigarren al­diz erre eta arpilatu zuen Ondarroa.

Harrigarria bada ere, Berriatuko elizateko lur‑eremuan sortu zen Ondarroa, baina, urteak joanda, hazi egin zen (13.000 biztanle) eta 1974an Berriatua beretu zuen. Hala ere, 1983ko azaroaren 25ean, Berriatuko bi mila herritarrek lortu zuten haien herria Ondarroatik desanexiona­tzea.

Marinelen bizimodua ez da inoiz erraza izan. Hiribil­du bihurtu eta urte ba­tzuk geroago, Ondarroak bat egin zuen Biz­kaiko beste portu ba­tzuekin, ingelesei aurre egiteko; izan ere, Biarritz eta Baiona hartuak zituzten jada ingelesek.

Henao historiagileak Averiguaciones de las antigüedades de Cantabria liburuan dio Felipe II.aren garaian Ondarroan bazirela hirurogei itsason­tzi handi, Fran­tziako, Portugaleko eta Andaluziako portu urrunetara joaten zirenak.

An­tzina‑an­tzinatik mugimendu handia eta marinel adore­tsuak izan ditu Ondarroako portuak. Marinel horiek oso gertutik ezagutu dute Kantauri itsasoaren zangartasuna: 1878ko mar­txoaren 20ko egun bel­tzean itsasoak eramandako hirurehun arran­tzale haien artean hainbat ondarrutar gal­du ziren.

Portua eta arran­tza[aldatu]

Biz­kaiko itsaser­tzaren 80 kilometroei begiratuta, Ondarroako portua maparen ekial­deko muturrean ageri zaigu; on­tzidi handiena duen portua da eta arran­tza bikainenak lor­tzen dituzte.

Horrenbestez, esan beharrik ez dago arran­tza dela Ondarroako giroaren eta gizartearen arda­tza. Jarduera horren eguneroko protagonistak marinelak dira, baina beste ehunka per­tsonak jarduten dute arran­tzarekin zerikusia duten lanbideetan.

Ondarroako arraste‑flotaren zati handi bat kala berrien bila joan zen urrutiko itsasoetara, eta arraste‑on­tzi asko tre­tzaon­tzi bihurtu dira.

Gainera, hainbat txalupa motordun daude —jubilatutako profesionalenak edota afizionatuenak— txipiroietara, krabarroketara edo harrapa­tzen dutenera joateko.

Ondarroako portuaren isa­tsa Artibai ibaiaren bokalea da. Itsasgoren eta itsasbeheren eragina ibaian nabari da, hiru kilometro ibaian gora ere; horrenbestez, txalupek ibaian gora egin dezakete Zubizarra eta Errenteria auzoa igaro eta Berriatuko Aran­tzibia dorre­txea ikusteraino.

Ondarroako kaian ainguratutako txalupa batean, Jose Mari Iparragirrek, Euskal Foruen defenda­tzaile eta koblakari ospe­tsuak, estreinakoz abestu omen zuen publiko su­tsu baten aurrean Boga, boga mariñela, gero hain ezaguna egin zena. Musika‑kritikariek uste dute abesti hunkigarri hori Iparragirre berak egina dela. Urte ba­tzuen buruan, berriz ere arran­tzaleekiko maitasuna adierazi zuen Iparragirrek, eskuzabaltasunez parte hartu bai­tzuen 1878an itsasoan gal­dutako marinelen familien al­de egindako ongin­tzaz­ko emanal­dian. Madrilgo Teatro Real an­tzokian egin zuten gau‑ekital­dia, Alfonso XII.aren aurrean.

Biztanleak[aldatu]

Ondarroako Al­de Zaharrak lau kale estu ditu, mendi‑mazelan gora egiten dutenak. Marinel‑etxeek mul­tzo kolore­tsua osa­tzen dute; egurrez­ko bal­koiak eta men­tsula zabalak dituzte, hainbat kolorez margotuak, biztanle bakoi­tzaren gustuaren arabera.

Antiguako Andra Mari ermitak, hiribil­duaren zaindari eskainiak, hiriguneko etxeak mendean har­tzen ditu. Andra Mariaren irudia XII. mendeko ikono erromanikoa da, baina eliza­txoaren eraikinean ez da ageri ar­kitek­tura‑estilo horren aztar­narik, 1750ean berreraiki bai­tzuten.

Parrokia izan zen 1462 arte, egungo Andra Mari eliza Artibai itsasadarraren ez­kerral­deko badian egin zuten arte, hain zuzen. Eliza egiteko, harriz­ko basamentu itzela eraiki behar izan zuten, inguruan dauden bost pisuko etxeen alturakoa. Plataformaren gainean eraiki zuten eliza, hasieran estilo gotikoa zuena: leihateek eta karelek trazeria flamigeroa dute, eta badira gargolak, kapitelak eta eskulturak horma‑bularretan.

Elizaren inguruan bal­koi korritu bat egin zuten, eta eraikina kanpandorrerik gabe geratu zen, haren lekuan udale­txea egin bai­tzuten XIX. mendearen amaieran, toskanar estiloko portada dotore eta guzti. Gu­txitan aur­kituko ditugu botere espirituala eta mundutarra hain estu uztartuta!

Elizaren barrual­dean egin zuten zori­txarrez­ko berri­tze baten ondorioz, harriz­ko erretaula gotiko bat ez­kutatuta geratu zen. Kale Handi izeneko bide nagusian Likona dorre­txea gailen­tzen da, Ahaide Nagusiena. Han jaio zen Marina Likonakoa, San Inazio Loiolakoaren ama.

Zubizarra ar­kitek­tura‑mul­tzo interesgarria da: Erdi Aroko zubia, bao ausartak dituena. 1953ko uhol­deak sun­tsitu zuen Zubizarra, baina berreraiki zuten. Haren zubi‑branka batek arran­tzale‑kofradiarekin bat egiten du. Kofradia hori ere berezia da, harriz­koa, 1920an eraikia, Pedro Guimonek egindako planoen arabera.

Artibai ibaiaren eskuinal­dean bazegoen on­tziola bat, egurrez­ko on­tzi lirainak uretaratu zituena.

Beti alai ageri den Zumardian, Itsasaurre zubia hartuko dugu, Santiago Calatrabak egina. Txakur txiki, berriz, Artibai gaineko metalez­ko zubi birakaria da, izen hori eman zioten zenbait hamar­kadatan zentimo ba­tzuk ordaindu behar zirelako zubia zehar­ka­tzeko; gaur egun, kultura‑ondare izendatuta dago. Zubi hori Arrigorri hondar­tza ez­kutura joateko bide zuzen eta erosoena da (bide batez aipatuko dugu Berriatuko udal‑barrutian dagoela Arrigorri) eta Saturraranera eta Mutrikura oinez joateko lasterbidea ere hortik abia­tzen da.

Ondarroa portu bizia da, oso dinamikoa… Portuan ibil­tzea, eta kai‑muturretik edo moiletatik begira­tzea, besterik gabe, ikuskizun atsegina da.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Mar­kinara eta Bolibarrera txangoa[aldatu]

Mar­kinarako bidean, 3 km inguru eginda, Artibaiko meandro baten ondoan dagoen muino baten gainean ikusiko dugu Aran­tzibia dorre­txea, Ahaide Nagusiena. 1443an Martin Ganboakoak, ganboatarren bandokoak, Pedro Aran­tzibiakoa hil zuen (dorre­txeko nagusia, alegia) eta harekin batera hogeita hamar basailu ere hil zituen.

Berriatua[aldatu]

Beste kilometro gu­txi ba­tzuk egin eta Berriatura iri­tsiko gara, Ondarroatik desanexionatu eta udal propioa eratu duen herrira, alegia. Ibarrean etxe ederrak daude, gaur egun itxural­datuak gustu kaskarreko zaharberri­tzeen ondorioz.

Parrokia‑eliza handia da, XVI. mendean eraikia eta San Pedro apostoluari eskainia. Ikustekoa da Etxe Pintto: freskoz apaindutako aurreal­dea dauka, ez­pataz egindako duelu bati dagoz­kion hainbat eszena irudikatuta.

Bidean aurrera egin eta 3 km inguru ibili ostean Urberuaga bainue­txetik pasako gara. Ur termal horiek herri‑onurakoak direla onartu zuten orain dela mende bat baino gehiago. Oso gertu, errepidearen ondoan, Ubilla oine­txea dago (XV. mendekoa), garai bateko distira adierazten duena. Dobela ikusgarriak ditu eta leihate gotiko geminatuak.

Mar­kina[aldatu]

Mar­kinara iristen ari garela, ez­kerrera hartuko dugu, Arre­txinagako San Migel eliza ikusteko. Haren barruan hiru har­kaitz handi daude, eta, har­kaitz horiek nola uztartuta dauden ikusita, monumentu megalitiko bat gogorarazten dute. Ar­kanjeluaren irudi ederra, ez­pata eskuan duela.

Mar­kinan gaude jada, zesta‑puntaren uniber­tsitatean. Eskual­deko hiriburua dugu, bistakoa da. 1787an iturri ikusgarria egin zuten Karmengo Plazan; iturriak lau hodi bikain ditu, eta haien gainean ber­tso ba­tzuk ida­tzita daude, mar­kinarren euskara goxo horretan. Oso gertu, Karmel­dar Oinu­tsen komentua, ohiko karmel­dar aurreal­dea duena, eta Mugartegi jauregi barrokoa, aurreal­dea harlanduz­koa duena.

Hirigune txikian ibiliz gero, ikusteko hainbat etxe daude (Andonaegi, An­txia, Ansotegi berri) eta Gaitan Barroeta jauregia ere aur­kituko dugu. Elizarako bidean, lorategi artean, Patrokua jauregia dago. Xemeingo Santa Maria Eliza bisitatu behar da derrigorrez; gotiko‑garaian hasi ziren egiten, baina XVI. mendera arte ez zuten amaitu. Oso handia da, zutabe ugari ditu eta hiru nabe. Gainera, ondare balio­tsua du Santa Maria elizak: irudiak, zilarrez­ko eta urrez­ko on­tziak, eta apaingarriak.

Mar­kina‑Etxeberria[aldatu]

Etxeberria al­dera abiatuta, Bidarte dorre­txearen fa­txada margotua ikusten da, nahiz eta hondatu samarra egon. Etxeberriako San Andres auzoa elizaren begiradapean ageri da, ibar eguz­ki­tsu batean, eta han daude Ansotegi eta Munibe oine­txeak. Gipuz­koa al­dera begiratuz gero, argaz­ki‑kamerarekin harrapa daiteke Ibarguen baserriko garai ospe­tsua.

Kokote ba­tzuk erosiko ditugu, Mar­kinako oroigarri.

Bolibar[aldatu]

Iruzubietarako bidea hartu eta 5 km aurrera eginez gero Bolibarrera iri­tsiko gara. Bolibar harro dago Hego Amerikako historiako per­tsonai ospe­tsu baten arbasoen sorterria izateaz; izan ere, Simon Bolibar jenerala, Aska­tzailea, Bolibar­ko familia baten semea zen. Plaza Nagusian dago Bolibarri egindako monumentua, eta handik metro ba­tzuetara Bolibartarren Jauregia, 1542an eraikia; han bizitu ziren Aska­tzailearen arbasoak. Sute baten ondorioz erre bazen ere, jatorriz­ko eraikun­tzako bi leihate errenazentista ditu jauregiak. Bolibarren Museoa ere bisita­tzekoa da. Errementarikua baserrian jarri zuten museoa, Sociedad Bolivariana el­karteko lehendakariorde Fran­tzisko Abrisketak bul­tzatuta. Bolibar­ko eskola, berriz, Venezuelaren oparia da, eta hango zaindariak —Coromotoko Andra Mariak— kapera dauka Bolibar­ko Santo Tomas parrokiako eliz atarian.

Fran­tzisko An­txia jeneralak ere (Longa jenerala izenez ezagunagoa, Longa baserrian jaio bai­tzen) bustoa dauka Bolibar­ko plazan.

Zior­tza[aldatu]

Hemendik, Zior­tzako kolegio‑elizara igoko gara (2 km). Ar­kitek­tura‑mul­tzo ederra da: eliza, abade‑etxea eta klaustroa, Done Jakue bidean Biz­kaitik barrena doazen erromesen geraleku eta aterpe. Aipa­tzekoak dira portada, klaustro platereskoa, Irusta abadearen hilobia —Guiot de Beaugrant eskultoreak egina— eta erretaulak (erretaula nagusia eta Pietatea). Gaur egungo erromes motorizatuon­tzat ere erakargarriak dira Zior­tza eta haren inguruak, Oiz mendiaren ondoan. Monje batek du bere gain gune espiritual bi­txi horren ardura.

Goimendira ibilal­dia[aldatu]

Lekeitiora zehar­ka‑mehar­ka doan bidean, itsaser­tzak har­kai­tzez­ko senaia bi­txiak era­tzen ditu, kanabera‑arran­tzaleen eta txangozaleen bilgune, egural­dia lagun.

Artako begiratokia, itsasoaren panoramika ikusgarriak dituena, helmuga­tzat har dezakegu...

Edo, bestela, Ondarroatik 2 km‑ra mendi‑bidea hartu ez­kerretara eta Goimendiko zelaietara iri­tsiko gara, hango bista ederrez goza­tzeko. Itzul­tzeko zir­kuitu bat egin daiteke, Antiguako Andra Mari ermitaraino doan bidetik, herriaren goial­deraino baikarama­tza bide horrek. Asterrika auzotik ikusten diren bistak ere oso zabalak dira. Hara iristeko, Lekeitiorako bidea hartu behar da, eta, kilometro ba­tzuk egin ostean, mendi‑bide asfaltatu bat hasten dela ikusiko dugu. Bide hori hartu eta 2 km egindakoan Berriatuko baserri‑auzo horretara iri­tsiko gara.

Asterrika kostal­deko lurretan errotuta dago: dozena erdi bat baserri, eliza txiki bat —alboko eliz ataria eta kanpai‑horma dituena— eta plaza txiki bat, erromeriak egiteko. Baserrien inguruan zuhaitz eder ugari daude: arteak dira, batez ere. Etxeei erreparatuta, aipa­tzekoa da Al­deko baserria, Nikolas Arratek eta Maria Lakak 1818an eraikia.

Gorozikara ibilal­dia[aldatu]

Ondarroatik irten eta Mar­kinarako bidea hartu behar dugu. Aran­tzibia dorre­txean asfalto‑bide bat aur­ki­tzen dugu; insignis pinuen artean 2 km egin ostean, Gorozika baserri‑auzora iri­tsiko gara eta bista bikainak ikusi ahali zango ditugu. Ordu erdi ibili eta gero Santikurutz gailurrera iri­tsiko gara.

Festak[aldatu]

Herriko festak (andramariak, Amabirjinaren Jasokundea ospa­tzeko) abuztuaren 14tik 18ra bitartean izan ohi dira.

Abuztuaren 17a arran­tzaleen eguna da; egun horretan guzti‑guztiek —bertakoek nahiz kanpokoek— mahoiz­ko praka urdinak eta al­kandora jan­tzi behar dituzte. Ohiko saliña‑saliña dan­tzatu eta gero marmitakoa dasta­tzen dute, eguna borobil­tzeko.

Lekeitio[aldatu]

Lekeitioko ikuspegia

Historia[aldatu]

Biz­kaiko jaun‑andreek uda Lekeition pasa­tzeko ohituraren ai­tzindari izan ziren. Ozeanoaren txoko eder horretako klima gozoa ain­tzat hartuta, 1325ean jauregia zuten elizaren ondoan. Mende erdi bat geroago, On Tello kondeak domingotar mojei eman zien etxea. Garai hartan, Maria Diaz Harokoa Biz­kaiko andreak Lekeitioko hiribil­dua sortu zuen, eta handik pixka batera Gaztelako Alfonso XI.ak lekeitiarrei eman ziz­kien bermeotarren foru eta erregali berdin‑berdinak.

Erdi Aroan, bertako Yarza eta Likona familien arteko bando‑borrokaren ondorio zuzenak pairatu zituen Lekeitiok.

1381ean agintariek debekatu zuten udalerrian armak ekoiztea, tropei ostatu ematea eta etxe gotorrak eraiki­tzea; baina, hala ere, bandoen arteko borrokak ohikoak ziren.

Lekeitioko hirurehun etxe erre ziren 1442ko sutean. Haren ondorioak arin­tzeko, Juan II.a erregeak 120.000 marabediko zorra bar­katu zion hiribil­duari, zergei zegokiona. Gainera, sute gehiago ez izateko, suhesi bat eraiki zuten eta hiribil­dua bi zatitan banatuta geratu zen. Lekeitioko armarrian itsason­tzi bat ikusten da, zenbait arraunlari dituena; eta itsasoan balea ageri da, haren balekumearekin. On­tzian arpoilari bat ere badago, baleari eraso egiten. Goial­dean gaztelua dauka, eta gaztelu horren almenan bi mairuen buruak ikusten dira.

Armarriko hi­tzek harrotasuna adierazten dute erregeak garai­tzea eta lurra nahiz itsasoa mendean har­tzea lortu duen herri ohoragarria goraipa bedi.

Zalan­tzarik egon ez dadin, esal­dia karak­tere ederretan zizel­katuta ageri da udale­txearen fa­txada nagusian.

Itsasoari loturiko historia[aldatu]

Plaza Nagusian itsason­tziak amarra­tzen dituen herriak itsasoari guztiz lotutako historia izan behar du.

1381etik hasita, Lekeitioko marinel ausartek haien lanbide‑interesen al­de egiten dute San Pedro Arran­tzale Kofradian el­karturik. Mendeetan zehar, orain dela gu­txi arte, kofradiako etxezainak egunero idazten zuen zenbat arrain ekarri zuen on­tzi bakoi­tzak ilun­tzeko enkante publikoan sal­tzeko. Sal­dutako partida guztien prezioak ain­tzat hartu, eta, atera­tzen zen batez bestekoaren arabera ordain­tzen zien patroiei biharamunean.

Baleak harrapa­tzeari dagokionez, Lekeition aur­kitutako dokumentu zaharrenak XIV. mendearen amaierakoak dira. Garai hartan balearen mingaina sal­tzean ateratako etekinaren bi heren moilak zaharberri­tzeko erabil­tzen ziren, eta hirugarren herena, berriz, parrokia‑elizaren manten­tze‑lanetarako. 1468an jada Lekeitioko portuak ondo tresnatutako moilak zituen. Urte hartako ak­tetan jasota dago balea handi bat harrapatu zutela San Nikolas uhartearen inguruetan.

1450ean, 200 tonako bi on­tzi tresnatu zituzten Lekeitioko on­tzioletan, Fran­tziaren eta Portugalen aur­kako gerretara bidal­tzeko. Lekeitioko on­tziek Hondarribiko eta Donostiako biztanleei lagundu zieten, fran­tsesek setiatu bai­tzituzten bi hiri horiek. An­tzinako dokumentuek adierazten dute Lekeitioko on­tzi eta marinel ba­tzuk Armada Garaiezinean sartu zirela, eta Trafalgar­ko eta Otrantoko batailetan parte hartu zutela, Otomandar Inperioaren on­tzidia sun­tsi­tzen lagun­tzeko.

Geografía General del País Vasco‑Navarro liburuan, Carmelo Echegarayk gogora ekar­tzen digu 1550ean Lekeitiok 53 itsason­tzi zituela, eta on­tzi bakoi­tzean dozena erdi marinel; urte gu­txi ba­tzuk geroago, on­tziek tona‑kopuru handiagoa zuten eta tripulazioak bikoiztu egin ziren. Lekeition badago atun‑arran­tzaren kluba, udaro zaletuen­tzako txapel­ketak antola­tzen dituena. Zaletu horiek eta herriko arran­tzaleek irizten diote Sagustan badia (Lekeitio eta Ondarroa artean) oso egokia dela bisiguaren eta beste espezi ba­tzuen artisau‑arran­tzarako. Egural­diaren iragarpenik ia ez zegoenean, herriko arran­tzaleek bazuten talaiaria, talaian eseri eta zeruer­tza begizta­tzeaz eta itsasoaren egoera azter­tzeaz ardura­tzen zena.

Itsasoratu baino lehen, egural­diari buruz eztabaidan jarduten zuten, eta haien iri­tziak bat ez bazetozen, atabaka erabil­tzen zuten. Kaxa txiki bat zen, bi atal zituena, eta tapak ere bi zulo zituen, batean itsason­tzi bat margotuta, bestean etxe bat. Isilpeko boz­ketan talaiariak eta patroiek bola­txo bana sar­tzen zuten zuloetako batean, eta gero kontaketa egiten zuten. Harri­tzekoa bada ere, etxea margotuta zuen atalean bola­txo gehiago agertuz gero, on­tziak itsasora joaten ziren.

Zerua garbi eta itsasoa bare egonez gero, ez zuten eztabaidarik egiten, goizean goiz‑goiz talaiariak abisua ematen zien dei egitekoei. Dei egiteko ardura zuten emakumeek atalondotik hots egiten zieten patroiei eta marinelei, banan‑banan, haiek izenak esanez.

Herria[aldatu]

Lekeitio dotorea da, atsegina, eta oso ondo ematen du argaz­kietan. Portu seguruaren aurrean dagoen badiara ibai txiki bat iristen da: Lea ibaia, harea­tza bitan bana­tzen duena. Herrikoen hondar­tza Isun­tza da, Uribarrengo lorategien eta elizaren parean dagoena. Learen eskuinal­deko hondar­tza Karraspio da, kosmopolitagoa, eta baina­tzeko gomendagarriagoa. Hara iristeko, Ondarroarako bidetik joan daitez­ke ibilgailuak, eta, itsasbeheran, Isun­tzako hondar­tzatik barrena ere joan gaitez­ke oinez.

Itsasoaren erasoari aurre egiten dion bastioi naturala Garraitz edo San Nikolas uhartea da. Han ez da inor bizi; harri­tsua da, eta al­de batean pinuz estalia. Garai batean, eritasun ku­tsagarriak zituzten gaixoen­tzako ospitalea zegoen han, eta fran­tziskotarren monasterioa ere bai; gaur egun, haren zimenduak ikusten dira.

Herriko historiak konta­tzen digu 1578ko epidemia gastrikoa desagerrarazteko bedera­tzi hilabete behar izan zituztela. Gaixoak San Nikolas uhartera eramaten zituzten, eta Udalak Domingo Likona txistularia bidal­tzen zuen hara, animoari goian eusteko. Lan hori egitegatik kobrez­ko 8 erreal eman ziz­kioten.

Gaur Lekeitiori osasuna dario. Bi al­derdi dituen udalerria da: neguan bar­nerakoia da, bertako eta an­tzinako estiloa du; uda iristen denean, ordea, herri ireki eta parrandazale bihur­tzen da, haren 7.000 biztanleak bikoiztu egiten dira, udatiarrak eta turistak iristen baitira, Isabel II.aren eta Zita enperatrizaren an­tzera. Zitak, Austriako Karlosen alargunak, tronua gal­du zuen Lehenengo Mundu Gerran, eta Lekeition harrera beroa egin zioten.

An­tzinako Lekeitiori dagokion hirigunea txikia denez, ibilbidea oinez egiteko modukoa da. Gogoko izango dituzu, batez ere:

  • Eraikin ba­tzuen itxura: Etxezabal etxea; Uriarte, Abaroa eta Uribarren jauregiak; eta Ur­kizako Erdi Aroko dorre­txea.
  • On Telloren etxea eta haren armarri zoragarria ez ahaztu.
  • Zal­dundegi.
  • Santo Domingo komentua (hango mojek San Pedroren belarrak ematen ziz­kieten arran­tzaleei, sorginak uxa­tzeko).
  • Arranegiko iturria.
  • San Joan Teleko ermita.
  • Jesuiten eskola ohia.

Arranegi kalean, Atxabal kalearen kantoian, eraikin eder bat dago; iz­kinako armarria du, eta idaz­kun bat, harrotasunez hau dioena: Estas casas son para capellanes de Oxinaga (etxe hauek Oxinagako kapilauen­tzat dira).

Plaza Nagusian harlanduz egindako Udale­txea dago, XVIII. mendearen erdial­dean eraikia. Jakin badakigu kon­tzeju itxiak egiten hasi aurretik edilak eta herriko indar biziak bil­tzen zirela elizaren ondoko hilerrian zegoen adaburu handiko hagin baten geriz­pean.

Santa Maria Basilika[aldatu]

Santa Maria Basilikak aparteko atala merezi du. XV. mendean egindako basilikako eraikun­tza‑lanetan tradizio gotikoa ageri da, baina haren aurretik eraikin erromaniko bat zegoen.

Delmas, Lecanda eta Echegaray bat datoz Santa Maria Basilikari buruz­ko iri­tzietan: Jaurerriko eraikin gotiko perfek­tuena da. Hiru nabe ditu eta erdikoa altuagoa da; kanpotik arbotanteak, gargolak eta pinakuluak ditu apaingarri, eta barrutik triforio bat, karel zulodunak dituena.

Portada zorrotz txaranbel­dua du, tinpano angrelatua, eta mainel bat, Ama Birjinaren estatuarekin. Hareharriz­ko portadaren inguruan ageri dira aingeru musikarien irudi txikiekin apaindutako arraba landua eta goial­deko friso horizontala, kalbarioa eta hamabi apostoluen irudiak dituena. Dorre barrokoa, ai­tzitik, kareharri grisez eraiki zuten 1737an.

Erretaula nagusiak egundoko balioa du. 1508ko filigrana gotikoa da eta haren konposizioa eta polikromia oso landuak daude. Taula bakoi­tzak Mariaren edo Kristoren bizi­tzaren eszena bat adierazten du, hori guztia errezel fin urreztatu baten az­pian muntatuta. Patriar­ken eta doha­tsuen hainbat irudik osa­tzen dute bi­txi paregabe hori.

Antiguako Andra Maria —estilo erromanikoko ikonoa— alboko al­dare batean dago, elizaren girolan. Loreak ez zaiz­kio inoiz falta, Lekeitioko zaindaria baita.

Gotiko flamigeroko beste erretaula eta irudi ba­tzuk ere badaude, baita hilobi‑laudak, kantu‑liburuak eta beste arte‑objek­tuak ere, alboko kaperan ikusgai.

Kanpandorrearen oinarrian badago eskultura abangoardista bat, Resurreccion Maria Az­kueri eskainia. Izan ere, Lekeitiar ospe­tsu hura lexikografoa, fol­klorista, gramatikaria eta euskal kulturaren patriar­ketako bat izan zen.

Paseoak[aldatu]

Lekeition egingo dugun paseoan, etxeetako begiratokien mul­tzo armonia­tsu eta kolore­tsuak ikusiko ditugu, eguz­kiak berotuta, portuko uretan islaturik... gero olatu‑horma, eta itsaslabarretan barrena joango gara Santa Katalina itsasargiraino.

Beste ibilbide bat izan daiteke Uribarrengo lorategietan paseoa egitea. Garai batean Zita enperatrizaren jauregiko sailak ziren; gaur egun, berriz, errepidearen eta hondar­tzaren arteko lorez betetako tartea. Handik ikus dezakegu Isun­tzako hondar­tzako har­kaitz antropomorfikoa: aittitta makurra da; hura ezagu­tzen duena lekeitiar­tzat har­tzeko modukoa da.

Isun­tzako zubi begibakarretik aurrera joan gaitez­ke Karraspio hondar­tzaraino. Han­txe hasten da Euskal Herriko eukalipto‑sailik handiena, eta datu horrek Biz­kaiko ekial­deko itsasal­dearen klima gozoaren berri ematen digu.

Argaz­kilari­tza maite dutenei ahol­ku bat emango diegu: Atea portalera hurbil­du (harresiak izan zituen zaz­pi ateetako bat) eta, kalbarioko guru­tzeak erreferen­tzia­tzat hartuta, Lumen­tza mendira igo, hiribil­duaren bista paregabeez goza­tzeko. Mendi horren biho­tzean Madeleine al­diko aztar­nategiak aur­kitu zituzten.

Hirigunean, baina Ispaster udalerrian, Zubieta jauregia dago, XVIII. mendean eraikia estilo barroko churriguereskoan. Adan de Yarza familia ospe­tsuaren etxea eta lurrak.

Lur haietan badira laboran­tzak, Versaillesko gustuaren araberako lorategiak eta on­tziraleku partikularra Leako itsasadarrean. Gainera, Zubietako sailetan dago duela mende bat baino gehiago Mario Adan de Yarza politikoak Monterreytik ekarritako lehendabiziko insignis pinua (pinus radiata).

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Ispasterrera txangoa[aldatu]

Ger­nikarako bidea hartu eta 4 km egin ostean Ispasterrera iri­tsiko gara (itsas bazter toponimoaren deformazioa)

Ispasterreko baserriak sakabanatuta daude. Herrigunean eliza, udale­txea eta etxe ba­tzuk soilik daude; haien erdian, berriz, plaza, iturri publikoa eta ehun urtetik gorako hari­tza. Haritz horren perimetroan harriz­ko eserlekua dago, hogeita hamar per­tsona inguru eser­tzeko modukoa.

San Miguel parrokia‑elizak eliz­pe rustikoa du inguruan; erretaula nagusia barrokoa da eta Andra Mariaren irudia, berriz, gotikoa. Udale­txeak harri‑hormak ditu, eskan­tzuak eta bao inguruak harlanduz eginak. Fa­txadako idaz­kunean hau jar­tzen du:

(Ispaster­ko udale­txea, 1813an Biz­kaiko boluntarioen­tzako ospitale militar bezala erabilia. Horregatik erre zuten fran­tsesek, eta 1817an berreraiki zen.)

Plazatik ikusten da Arana jauregia; ez­karatz handi eta irekia du, karpanel‑ar­kukoa, eta alboetan bi dorre.

Pinuen eta eukaliptoen artean aurrera egiten duen mendi‑bide eskas samar batean 3 km egin eta hondar­tza basati batera iri­tsiko gara: Ogella hondar­tzara, hain zuzen. Har­kaitz gehiago du harea baino, eta itsaspeko arran­tzarako oso egokia da.

Ger­nika al­dera kilometro pare bat eginda, San Martinera iri­tsiko gara. Baserri‑giroko ingurua, ermita eta zelaia aur­kituko ditugu, eta haize‑errota ere badago.

Leagira eta Mendexara ibilal­dia[aldatu]

Lekeitiotik oso gertu Leagi auzoa dago. Auzo hori lehen aipatutako izurritearen ondorioz sortu zen, lekeitiar ba­tzuk hara joan bai­tziren bizi­tzera. Auzo txikia bada ere, aipa­tzekoa da Leagi dorre­txea; fa­txadako armarriak haren garran­tzia adierazten du.

Jarrai diezaiogun bideari Mendexa baserri‑auzoa bisita­tzeko. Garai batean, Mendexa leinua zen inguru horren jabe.

San Pedro eliza XVI. mendekoa da, eta haren inguruan daude auzoko baserriak. Zelaian harriz­ko guru­tzadura dago, udalerrien arteko mugetan jar­tzen ziren haietakoa. Bai bista ederrak!

Festak[aldatu]

Ekainak 29. San Pedro apostoluaren eguna. Arran­tzaleen egun handia. 10:30etako Meza Nagusia amai­tzean kilinkala hasten da. Kilinkariek San Pedroren irudia prozesioan eramaten dute, eta, kaiaren er­tzean, santua zakar­ki makur­tzen dute behin eta berriz. Mugimendu horiei kilinkak esaten diete, eta arran­tzale‑kofradiaren patroiak itsasoko urari emandako bedeinkapen­tzat har­tzen dituzte.

1947an kilinkariak bal­dar samar ibili ziren eta San Pedro uretara erori zen. Urte hartan hegaluzearen arran­tza‑al­dia bikaina izan zen, eta oparotasun hura santuaren urpera­tzeari ego­tzi zioten.

Tradizioari eu­tsiz, kaxarranka dan­tza­tzen dute. Oso an­tzinako gremio‑dan­tza da: 8 arran­tzalek daramaten ku­txa baten gainean dan­tza egiten du dan­tzari batek.

Irailaren 2tik 8ra ospa­tzen dira San Antolinen eta Antiguako Ama Birjinaren omenez­ko jai nagusiak, eta udalerria zarataz bete­tzen da. An­tzaren festa polemikoa ere egun horietan egiten dute.

Festa‑egun horietan itsason­tziak portuan egoten dira, distira­tsu eta dotore.

Ea[aldatu]

Eako ikuspegia

Ibarrangelu eta Ispaster artean ez­kutaturik dago Ea.

Ohar historikoak[aldatu]

Eako udalerriak mende baten an­tzinatasuna baino zer­txobait gehiago du. Hainbat elizate bata bestearen segidan el­kar­tzearen ondorioz sortu zen; horrenbestez, arran­tzale‑gune txiki‑txiki bat zena udalerriaren hirigune bihurtu zen, eta 1884an erabaki zuten Ea izen ofiziala har­tzea (etimologoen iri­tziz, «ihitoki» esan nahi du. 1492ko dokumentu batean jada Heam izena ageri da.

Halaber, jakin badakigu atunaren, lega­tzaren, sardinaren eta bisiguaren arran­tzan ari­tzen zirela earrak.

1637an, Fran­tziako armadaren erasoen bel­dur, Biz­kaiko Jaurerriak lurral­deko portuak zain­tzeari ekin zion. Ean zor­tzi zain­tzaile jarri zituzten, eta egunean kobrez­ko bi erreal ordain­tzen ziz­kieten. Urte pare bat geroago, zain­tzaile‑tal­deak handiagotu zituzten, eta barrual­deko foru‑miliziak kostako leku jakinetara joan behar zutela erabaki zuten. Banaketa hori ain­tzat hartuta, Bedaronan, Kortezubin, Ereñon, eta Na­txituan errekrutatuak Eara bidali zituzten.

Portua eta ibaia[aldatu]

Eako portu lasaia Argin ibaiaren bokalearen eskuinal­dean ahokatuta dago. Dena dela, ibai txiki horri Ea esaten dio jendeak. Metro ba­tzuk aurrerago ibaiak itsasoarekin bat egiten du itsaslabarraren aho batean.

Portuak oso sakonera txikia du; horrenbestez, han er­tzeratu ohi diren dozena erdi txalupa motordunak itsasgoran soilik sar edo atera daitez­ke. Itsasbeheran, hondar­tza txiki bat gera­tzen da; han jolasten dira haurrak, haien amak eguz­kia har­tzen duten bitartean, kaia solarium bihurturik. Hortaz, Ean ez dago arran­tza‑flotarik aspal­diko urteetan.

Itsasadarraren ondoko zulo batean hezur fosilak aur­kitu zituzten duela mende erdi bat. Paleontologoek katalogatutakoaren arabera, equus cabalus fossilis dira, pleistozeno garaikoak edo kuater­nariokoak.

Biztanleak[aldatu]

Ur‑xirripa estu‑estuari itsasadarra esaten diote hanpaduraz eta herrigunearen ardatz dute. Harriz egindako karpanel‑ar­kuko bi zubi lirainek ba­tzen dituzte bi ibaier­tzak, eta moder­noago ba­tzuk ere badaude.

Ibaiaren ibilguarekin paraleloan daude Eako bi kale garran­tzi­tsuenak: ez­kerral­dean Ari­tza Kalea eta eskuinal­dean Kale Barria. Biak estuak dira, eta hondar­tzara garama­tzate, hura ikusteko irrikaz.

Eako kaleetan ibiliz, hango etxeetako ateburuan zizel­katutako edo pintatutako izenak hartu ditugu: Artabilla, Urtubia (1774) Bidegane, Abaitua, Zabala (1867) Etxe aundi, Mostonekua, Sagarbarri, Ez­kerrenekoa, Arri­tzola...

San Joan Bataia­tzailea parrokia‑elizak dorre karratua du eta 1550ean eraiki zuten. San Joanen irudi interesgarriak ditu, betiko ar­kume­txoa lagun, eta Ama Birjina Sor­tzez Garbiarenak ere bai. Erretaula esku trebeek egina da. Udale­txea (Herriko Etxea) itxura oneko eraikin neoklasikoa da. Bien artean pasa­tzen da Ger­nikarako bidea. Zubiaren ondoan beste eliza bat dago, Jesusena esaten diotena; eliz­pe rustikoa du inguruan, eta goian kanpai‑horma barrokoa.

Herrigunea ibar estuan harrapatuta dago, eta sorpresa atseginak ditu bisitarien­tzat: atzean hondar­tza txiki‑txiki bat, familiarra; dama‑joko taula bizia, arrapala leunean; haren atzeal­dean pilotalekua eta eskuinal­dean polikirol­degi berri eta dotorea; itsasadarraren bokalea; lehen deskribatutako portu txikia; eta etxe berezi bat —Bele­txe— arran­tza‑on­tzien belak jaso­tzeko erabil­tzen zutena, toponimia‑izenak adierazi bezala. Gustu ona izan dute zaharberri­tze‑lanak egiteko.

Ibilal­dia Talako Ama ermitaraino egitea gomenda­tzen dugu (Sor­tzez Garbiaren ermita ere esaten diote) eta Eako talaiara igo­tzea; handik begira­tzea atsegina izango da.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Bedaronara eta Eako muturrera txangoa[aldatu]

Bedarona auzo bi­txia da, hara iristeko 3 km‑ko bidea dago, Eako herrigunetik hasi eta etengabe gora egiten duena, San Pedro eliza —garai bateko eremitorioa— dagoen lekuraino iri­tsi arte. Inguruan dira pilotan joka­tzeko lekua, plaza txiki bat, merenderoa, baserriak, eta txalet garbi eta zainduak. Hori guztia Kantauri itsasora begira dagoen muino baten gainean, insignis pinuek osatutako errezel klasikoa tartean dela.

Antonio Adan de Yarza, familia ospe­tsuko kidea, toki horretako ugazaba izan zen.

Beste pixka bat ibil­tzeak merezi du; hartara, Eako muturrera iri­tsi eta itsasal­deko zeruer­tzei begira liluraturik geratuko gara. Itzul­tzeko, Ispasterretik kilometro gu­txitara eskual­de‑errepidearekin bat egiten duen bidea har dezakegu.

Na­txituara ibilal­dia[aldatu]

Na­txitua baserri‑auzoa 4 km‑tara dago, Andra Mariaren Jaio­tzari eskainitako elizaren inguruan. Elizak ar­kupe bikaina dauka; eraikina XV. mendean egin zuten, Na­txitua udalerria zenean eta Ea auzo. Lekuaren izena “Natividad” hi­tzaren deformazio da, euskararen ku­tsua duena. Gastronomoen iri­tziz (izan ere, gure Euskal Herrian gastronomo ugari ditugu) Na­txituako babarrun gorriak Biz­kaiko gozoenak omen dira. Ibilal­dia itsaslabarreraino jarrai­tzeko gomendioa ematen dugu, handik egundoko bistak ikus baitaitez­ke.

Festak[aldatu]

  • Eako festak San Joan Bataia­tzailearen omenez ospa­tzen dira.
  • Gainera, udatiarren festa ospa­tzen dute abuztuaren az­ken asteburuan, eta sokamuturra da ikuskizun apartena.

Elan­txobe[aldatu]

Berri historikoak[aldatu]

Udalerri bezala egindako ibilbideari erreparatuta, Elan­txoberen historia laburra da, 1854 arte Ibarrangeluko auzo izan bai­tzen. Elan­txobe toponimoa El Ancho hi­tzetatik dator. Izan ere, izen hori eman zioten baserri‑mul­tzo txiki bati, eta hango biztanleak arran­tzara jaisten ziren orain portua dagoen lekura. Horrenbestez, etimologikoki, El‑an­txo‑be hi­tzak esan nahi du «El Ancho az­piko auzoa».

Herri xarmagarri honen lehen biztanleak Ibarrangeluko marinel eta arran­tzaleak ziren, Ogoño lurmuturrean ainguratuta zituzten itsason­tziengandik gertuago bizi nahi zutenak.

Elan­txobe pixkanaka hazi egin zen, eta XVIII. mendearen erdial­dean hiribil­duen itxura zuen. Hala ere, 1854 arte ez zen udalerri bihurtu, eta ordu arte ez zuen izan Ger­nikako Ba­tzar Nagusietan hitz egiteko ezta botorik emateko eskubiderik.

Ogoño lurmuturraren eta Lekeitioko Santa Katalinaren artean itsaser­tzak atzera egiten duenez, zingo handiko itsason­tziak aingura­tzeko toki segurua da.

Bertakoek portua nahi zuten eta 1783an ekin zioten eraikun­tza‑lanei, 33.000 dukateko aurrekontuarekin, Bilboko moja kon­tzepzionistek emandako maileguari esker.

Ogoño lurmuturraren kareharriz­ko oinarrian —alegia, ia zuzen‑zuzen itsasoan sar­tzen den oinarri horretan— hasten dira moilak. Portu harrigarria da, ipar‑mendebal­deko haizeak jo­tzen duenean babesean gera­tzen dena.

1547an elan­txobetarren arbasoek bi balea harrapatu zituzten, bermeotarrek legez kontra kendu ziz­kietenak, eta oso auzi luzea izan zuten. An­tzina‑an­tzinatik iri­tzi diote Elan­txobeko itsaser­tzeko Soso­txu, Santa Mero eta Sakristana Banku senaiak oso egokiak direla arraiak harrapa­tzeko; Bara eta Kala Fal­tso gadidoak harrapa­tzeko (besteak beste lega­tza, estimazio handia duena); eta Kala Burgos, berriz, per­tzideoak harrapa­tzeko (haien artean ezagunena meroa da).

1770ean Elan­txobek zaz­pi kabotaje‑on­tzi txiki zituen, haietatik sei Ibarrangeluko armadoreenak.

Biz­kaiko Jaurerriko agintarien erabakiz, 1703an bi talaia jarri zituzten Ogoñon. Urte ba­tzuk lehenago, Ingalaterrako Cronwellen armadaren erasoa aurreikusita, defen­tsa sendotu zuten 25 fusil eta bolbora lehorrez betetako barril batekin. Haietaz eta lehendik zeukaten 9 librako kanoiaz baliatuta sun­tsitu zituzten britaniarrak, baita Ogoñoko itsaslabarreko hai­tzuloetan bizi ziren sorginak ere, eta haiei buruz hitz egin ohi da gaur egun ere.

Biztanleak[aldatu]

Elan­txobeko herrigune kolore­tsua oso tipikoa da. Portua eraiki zuten unetik gaur­ko itxura hartu zuen herriak.

Hirigin­tzari erreparatuta, Euskal Herriko kostal­deko herri bi­txiena eta ausartena da. Moiletan bertan hasten da herria. Arran­tzaleen etxebizi­tza xumeak dira, bi isurial­deko teilatuak dituztenak, eta ahal bezala hel­tzen diote mendial­deko pareta pikoari. Bata bestearen atzetik, gora eta gora egiten dute, irudi liluragarria osatuz. Mailen arteko desberdintasuna hain handia denez, kale txiki horietako ba­tzuk eskailerak dituzte biztanleak ibil­tzeko.

Goial­dean, zorioneko plataforma batean, San Nikolas parrokia‑eliza dago, 1803an egina eta Elan­txobeko arran­tzale‑kofradiak ordaindua. Elizan erretaula barroko bat daukate, Gipuz­koako Aran­tzazuko santutegian egon zena 1834ko sutearen aurretik.

Francisco de Arechavalak Elan­txobeko etxeen deskribapen hau egin zuen Aires del Norte liburuan:

(Lehenengoaren teilatua amai­tzen den lekuan, bigarrena ausartu da, al­txa ditu zimenduak. Eta nonahi eta nolanahi nahaspilatuta, artal­dea dirudite gailurrerako bidea hartuta.)

Herriaren panoramika ezezagunena da itsasotik begira­tzean ikusten dena. Baina, gu­txienez, goitik begiratuta ikusteko gomendioa egiten dugu; esate baterako, apar­kalekuaren ingurutik. Ondoren, portura oinez jai­tsi gaitez­ke, edota, nahi izanez gero, ko­txeen­tzako bidea ere badago.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Ibarrangelura eta Lagara txangoa[aldatu]

Ger­nikarako bidea hartuta, laster iri­tsiko gara Ibarrangelura. Bostehun bat biztanleko herria da, haietatik asko marinelak, etxezainak edo pilotuak dira, edo izan ziren, eta Biz­kaiko kostal­deko bazter zoragarri hori aukeratu dute bizi­tzeko. Bide batez aipatu arran­tza‑sareak egiteko lantegi garran­tzi­tsu bat zegoela Ibarrangelun.

San Andres parrokia‑eliza XVI. mende emankorrean egindako eraikina da. Erretaula churrigueresko urreztatua du, eta Mateo Inurria eskultorearen Mater Dolorosa. Gainera, oso eliz atari bi­txia du.

Bertakoen gomendioa da Akordara bisita egitea, 3 km‑ko asfalto‑bidean gora joanda. Baserri‑auzoa da; Santa Engrazia eliza ere han dago, eta haren bar­nean Santa Ur­tsularen irudia, an­tzinako itxura duena. Atseden har­tzeko eta paisaiaz goza­tzeko leku aproposa da, eta ez­kerreko bidea hartu eta San Pedro Atxerre ermitara (alegia, Atxerre mendiaren gailurrean dagoen ermitara) joatea ere lasaigarria eta atsegingarria da.

Laga hondar­tza ederrean sartu‑irten osasungarri bat egitea ere gure esku daukagu. Ibarrangeluko udalerrian dago, Ogoño lurmuturraren ondo‑ondoan; har­kai­tzak eta pinuak ditu al­derdi batean, baita iturriak, jate­txea, taber­na, eta par­king handi bat ere. Zerua garbi badago, itsas zabalean Bermeoko La Gaviota gas natural plataforma ikus daiteke.

Ibarrangeluko beste hondar­tza Laida da, Mundaka itsasadarraren eskuinal­dean dagoena. Egundoko bistak ditu: padurak, Mundaka (itsasadarraren bestal­dean) eta Izaro uhartea. Kanturi itsasertz guztian, itsaslasterren eraginez, ibai‑ahoen ekial­dean sortutako hondar­tzak zabalagoak dira. Halaxe gerta­tzen da Laidan.

Festak[aldatu]

Elan­txobeko jai nagusiak ekainaren 29an —San Pedro egunean— ospa­tzen dituzte.

Ibarrangelukoak, berriz, Corpus Christi egunean izan ohi dira.

San Joan bez­peran su handi bat egiten dute Laga hondar­tzan.

Uztailaren 22an —Maria Magdalena egunean— Elan­txobek boz­kario handiz har­tzen du Bermeoko itsason­tzien segizioa. Bermeotarrak, Izaro uhartea haiena dela handikiro al­darrikatu ostean, portu horretan lehorrera­tzen dira, bertakoekin zenbait ordu eta hainbat zurrutada egiteko. Elan­txoben kanpotar gehien izaten den eguna da, hain zuzen ere.

Mundaka[aldatu]

Urdaibaiko ikuspegia

Historia‑oharrak[aldatu]

Biz­kaiko elizate zaharrena da Mundaka, horregatik zuen lehenengo botoa eta lehengo jarlekua Jaurerriko Ba­tzar Nagusietan. Mundakaren izenari buruz­ko hipotesiei erreparatuz, autore ba­tzuk irizten diote latineko Munda Aqua (ur garbia) duela iturburu. Inperioko erromatarrak, itsasgizon adituak, itsasadarrean gora egitea eta gaur egun Mundaka den lekua aur­ki­tzea eta okupa­tzea ez da oso harri­tzekoa.

Aspal­di‑aspal­diko erregistroetan Munaka izena ageri da; hain zuzen ere, 1051n, Iñigo Lopez Ez­kerrak, Biz­kaiko lehen jaunak, San Millan de la Cogolla monasterioari Santa Maria eliza eman zionean, Munaka aipatu zuten agiri haietan.

Halaber, Mundakako dorre­txetik erreskatatutako agiri balio­tsuetan Munaka esaten zioten herriari. Dorre­txe hura Butron Jaunak sun­tsitu zuen 1446an, bandoen arteko borrokan dorre­txearen jabearekin (Rui Sancho de Munakarekin, alegia) izandako gorabeheren ondorioz.

Itsasadarra[aldatu]

Ma­txi­txako lurmuturretik atzera egiten du itsaser­tzak eta Kantauri itsasoan gol­ko bat era­tzen da. Gol­ko horretan dago Mundaka eta han itsasora­tzen da bokalea. Ger­nikako itsasadarra ere esaten diote; izan ere, euskal herritarren zuhaitz ospe­tsuaren hiriraino iristen zen garai batean mareen eragina. 16 km ditu ibai‑bokaleak; zehar­ka‑mehar­ka egiten duen ibilbidea askoz ere luzeagoa da lur‑eremua baino, bihurgune ederrak baititu: Forua, Kortezubi, Arteaga, Murueta eta Kanala.

Padura zabalak daude Mundakako itsasadarrean, flora eta fauna aberats eta askotarikoaren gordeleku. Migrazio‑hegaztiek padura horietan babesleku bikaina dute, eta haien hegal­di harrigarriak urtez urte errepika­tzen dira.

Kokalekua, klima, biotopo bereizgarriak eta habitataren berez­ko aberastasunak direla‑eta, gure lurral­de kaltetu honetako paradisu bakan horietako bat dugu Mundakako ibai‑bokalea. Paradisu hori andeatu ez denez, gero eta handiagoa da eta haren forma etengabe al­da­tzen da, alubioien eta itsasoko harearen metaketaren eraginez. Bestal­de, jal­ki­tze horien ondorioz, nabigazioa gero eta zailagoa da ibai‑bokalean.

Portua[aldatu]

Mundakako portuak turismo‑gidaliburu batean irudiak jar­tzearren muntatutako maketa baten an­tza du. Moiletan itsason­tzi bakar ba­tzuk daude, artisau‑arran­tzan ofizial­ki ari­tzen direnak, Gainera, arran­tzale erretiratuen txalupa motordunak ere badaude. Datuak al­dera­tzeko, aipatuko dugu duela mende bat Mundakako 90 arran­tzale itsasora­tzen zirela 5 arran­tza‑on­tzitan, beste 32 biztanle ari­tzen zirela amuak egiten, beste 5 saskigileak zirela, eta dozena erdi bat saregile ere bazeudela.

1790ean berriz, Bilboko kon­tsulatuak emandako datuen arabera, bazeuden 50 tonako 59 itsason­tzi; hondo laua zuten, gilarik ez, popa borobila eta bular garbia, bi masta zituzten eta belak. Mer­katari­tza zuten bizibide; hau da, kabotajean ari­tzen ziren Iberiar penin­tsulan eta Fran­tzian, eta Man­txako kanala zehar­ka­tzera ere ausartu ziren Ingalaterrak guda gal­du zuenean.

Itsason­tzi haien ezaugarriak zirela eta, larri ibil­tzen ziren itsasoan; horregatik, negu guztia Ar­ketas senai naturalean —Laida hondar­tzaren ondoan— ainguratuta egoten ziren.

Mundakara sar­tzeko kanala oztopo handia izan da beti, eta gaur egun ere hala da. Metatutako hareak sarbidea eragozten du, eta uraren sakonera gero eta eskasagoa da.

Garai batean, barra hori irekita bazegon (alegia, zehar­ka­tzeko moduan bazegon) talaiariak bi su pizten zituen Betrokolo gainean; ai­tzitik, zailtasuna edo arriskua ikusiz gero, su bakarra pizten zuen, eta txalupak Bermeora edo Elan­txobera joan behar izaten zuten.

Marinel tradizioa[aldatu]

Itsasgizonen bitartez, Mundakak harremanak izan zituen Ekial­de Urrunarekin, Mexikorekin eta Britainia Handiarekin. Beste herrial­de ba­tzuetan jaiotako ez­kontide eta/edo seme‑alabak dituzte marinel ba­tzuek, eta haiek ere Mundakan bizi dira. Esate baterako, bi­txia da Elvira Ariz­pe andrearen kasua: Liverpoolen jaio zen, orain dela ehun urte eta gehiago; haren aita josten ari­tzen zen Getarian, eta Ingalaterrara al­de egin zuen, upel batean ez­kutaturik, ideologia liberala al­darrika­tzeagatik agintari karlistek jarritako izuna (12 alpargata pare) ez ordain­tzeko. Liverpool portu‑hirian jarri zuen jostundegia, eta hara joaten ziren euskal itsasgizonak, galoiez eta metal‑hariz jositako uniforme dotoreak enkarga­tzera. Kapitan haietako bat, Teodoro Cirarda mundakarra, artisauaren alaba ederrarekin ez­kondu zen, eta Mundakara etorri ziren. Mundakarrek Grany esaten diote, “amona” adierazteko ingelesez­ko txikigarria.

Petrolio‑on­tziak, transatlantikoak, mer­kan­tzia‑on­tzi handiak… al­tzairuz­ko erral­doiek itsasoa zehar­ka­tzen dute, Mundakako itsasgizon ospe­tsuek gober­natuta, eta samintasunez oroi­tzen duten herri kutunaren parean doazela, sirena‑ho­tsak bidal­tzen dituzte maitearen­tzat, etxekoen­tzat...

Florentino Larrinaga itsasgizon ekin­tzailea eta saiatua izan zen. Haren izena jarri diote Mundakako kale bati, XIX. mendearen az­ken herenean ospe handiko on­tzi‑enpresa sortu eta zuzendu bai­tzuen, Larrinaga on­tzi‑enpresa alegia.

Jose Manuel Etxeita, Larrinagaren on­tzietako baten kapitaina eta haren herrikidea, gure ain­tzatespena merezi duen gizona da. Haren lanaren balioagatik, on­tzi‑enpresa horretako ikuskari, Compañia de Tabacos de Filipinas enpresaren zuzendari eta Manilako al­kate izan zen. Poeta erromantikoa izan zen; eta, hain urrun egonda ere, hiru liburu ida­tzi zituen euskaraz Filipinetan.

Surfa[aldatu]

Mundaka eta Mundakako itsasadarra Europan argitaratutako turismo‑liburuxken lehenengo orrial­deetan ageri dira, kirol berri samar baten eraginez: surfaz ari gara. Mundakaren orografiagatik, haizeagatik, eta olatu zehatz eta iraunkorrengatik, munduko lekurik onenetako bat da surfa egiteko. Atzerriko surflariak etorri ohi dira, eta haietako ba­tzuk biz­pahiru hilabete egiten dituzte bertako kanpinean.

Mundakako uretan nazioarteko surf lehiaketak egiten dira. Halaber, beste ur‑kirol ba­tzuk ere gora egin dute (windsurfak, bela tradizionalak eta abarrek), haien kalitateari eta kantitateari erreparatuta; eta kolorearen eta gaztetasunaren kontrapuntua jar­tzen diote itsasgizon zaharrak paseoan ibil­tzen diren txoko horri.

Mundakak nortasun euskal­dun nabarmena badu ere, ezaugarri kosmopolitak eta harrera ona egiteko gaitasuna erraz nabari dira kale eta kalezulo estu eta irregularretan, terrazetan, pasealekuetan, eta gizarte‑bizi­tza handiko guneetan; batez ere asteburutan eta udan, bertako mila eta bostehun biztanleak el­karren kontra estu­tzen direnean, beste zor­tzi mila lilura daitezen, hainbesteko edertasuna ikusita.

Kale nagusi tipikoetan ez bezala, zeruer­tza garbi ikusten da Txorrokopuntan, portuan, eta Talaia par­kean (elizaren eta haren albo‑paretan frontisa duen pilotalekuaren ondoan dagoen par­kean, alegia).

Itsaslabarraren er­tzean Santa Maria eliza dago, XVI. mendekoa. Garai hartako ganga nerbiodunak ditu; ai­tzitik, al­dareak moder­noak dira, baita 1896an eraikitako dorre neogotiko zorro­tza ere.

Talaia par­ke zainduaren iz­kina bat, izenak adierazi bezala, itsasoari eta portu zaharrari begira dago. Biho­tzeko portu zaharra, igerileku irekia eta doakoa ur garbietan pulunpa­tzea gustuko dutenen­tzat. Mundakako Arraun El­karteak hor­txe dauka egoi­tza soziala, baita Sociedad Frater­nidad Mundaquesa el­karteak ere. Herriko itsas mer­katariek sortu zuten el­karte hori 1856an, eguneroko aisial­diaz elkarrekin goza­tzeko, eta bertakoek kasinoa esaten diote. Kasinoaren eraikinak harmailadi bikoi­tza du kanpoal­dean, eta egurrez­ko begiratoki irtena, zuriz margotua, erregimentu bat ez­pian har­tzeko moduko hegal ausarta duena. Begiratoki horretatik ikusten zituzten agintariek eta el­kartekideek sanpedrotako lau nobilladak, garai batean hain ospe­tsuak zirenak.

Udale­txea XIX. mendeko eraikin handi bat da. Ar­kupeak ditu, karel zulodunez egindako bal­koi bi­txien az­pian, eta erlojua eta kariloia erdiko dorre­txoan. Kapitulu‑gela ederra da; beheko sua eta guzti, Carrarako marmolaz egina. Juan Bautista Longaren eta Florentino Larrinagaren bustoak daude gelaren aurreal­dean; izan ere, Mundakako gizon ospe­tsu horiek ordaindu zuten herriak hain premiaz­koa zuen udale­txea, 1812an ingelesen Surbillant fragataren kanoikadek sun­tsitu bai­tzuen lehengo eraikina.

Kaleetan ibiliko gara, hirigunea osa­tzen duten ar­kitek­tura‑estiloen nahasketa ikusteko. Dozena erdi bat etxek armarria dute; eta, armarrietan, hainbat hitz: Game­txo, Zubia, Uriarte, Baquera, Simitur. Az­ken etxe hori euskal barroko neurri­tsuari dagokio, eta haren aurrean amaiera‑guru­tzea edo kon­tzepzio‑guru­tzadura dago.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Mundakako panoramikak guztiz zirraragarriak dira, zalan­tzarik gabe. Txundituta geratu nahi dutenei, honako iradokizun hauek egingo diz­kiegu:

Santa Katalinara ibilal­dia[aldatu]

Itsaslabarraren irtengunean dagoen belardia da Santa Katalina, eta ermitak ere izen berdina du. Eraikina zenbait al­diz berritu badute ere, hasierako estilo gotikoaren ezaugarriak an­tzematen zaiz­kio. Haren barruan ofrenda bat ikusten da: bela‑on­tzi bat, eskala txikian xarmanki muntatua, eta bi maskor erral­doi, kapitain batek Filipinetatik ekarriak, ur bedeinkatuaren­tzako on­tzi bezala erabil­tzen dituztenak.

Mendeetan, herriko marinelak ermitan bil­tzen ziren urtero, azaroaren 25ean, Santa Katalina egunean hain zuzen ere, etxezaina, kontularia, epaileak, ultramanak eta talaiariak aukera­tzeko.

Paraje horri begira esan dezakegu Jainko sor­tzaileak pin­tzel­kada bikainak eman zituela Euskal Herrian.

Portuondoko begiratokira ibilal­dia[aldatu]

Hirigunetik kilometro batera dago, Ger­nikarako bidea hartuta. Gure aurrean padurak, senaiak, ubidea, Laida hondar­tza, eta itsasadarra, itsasoan isil‑misil­ka hondora­tzen dena. Sorollaren pin­tzela merezi duen paisaia!

Itsasadarreko zir­kuitua[aldatu]

Sukarrieta[aldatu]

Ger­nikarako N‑6315 errepidea hartu eta 3 km‑ra dago Sukarrieta. An­tzinako San Andres eliza har­kai­tzez­ko uharte­txo baten gainean eraiki zutenez, Sukarrieta toponimoa erabili zuten 300 biztanleko herri horri izena emateko.

Gaur egungo parrokia‑eliza 1787an eraiki zuten. Xumea da eta nabe bakarra du. Erretaula nagusiaren teilatupean Kalbario txiki eta balio­tsu bat dauka, oso an­tzinako itxura duena.

San Antonio Paduakoa, saindu ez­kon­tzagin gailenena, Sukarrietako parrokiako eliztarra izan zen, amal­deko amonaren etxean bizi izan bai­tzen bolada batean.

Sukarrieta bizitegi‑gune lasaia da, txaletek eta etxe dotoreek osatua. Sukarrietako hondar­tza bakartia eta Txa­txarramendi uhartea, ereino­tzez estalia (txapel­dun preziatu oro bezala), herriaren etor­kizun turistikoaren leit motiv dira. Txa­txarramendi uhartea lehorrari lotuta dago zubi bati esker. Uharte txiki horretan Arran­tzaren Zien­tzia eta Teknologia Institutua inauguratu zuten ofizial­ki 1987an; arran­tza‑sek­toreko iker­kun­tza eta garapen teknologikoa dira erakundearen helburu.

Eraikin horren alboan, on­tziraleku bi­txi bat dago; eta, udara partean, gabarrak handik abia­tzen dira Laida hondar­tzara.

Busturia[aldatu]

Ibaian gora, hurrengo udalerria Busturia da, Sollube mendiaren oinean. Busturiako Santa Maria eliza 1051ko pergamino‑paper horixketan aipatu zuten, Biz­kaiko jaunak —Busturian bizi zenak— Arabako apez­pikuari egindako dohain­tzan. Halaber, Barcellos kondeak aipa­tzen du Erdi Aroko kondairetan.

Aipa­tzekoak dira parrokia‑elizako portada gotikoa eta udale­txearen iz­kina‑armarria. Errepidetik bertatik ikusten da Madariaga dorre­txea, harlanduz egina. Amunategi familiak ordaindu zituen eraikun­tza‑lanak.

Ger­nika[aldatu]

Inguratu asmo dugun itsasadarraren bar­neal­dean, bisita dezagun omenal­di adei­tsuan Ger­nika, martiri­tzat jo­tzen dena, 1937ko apirilaren 26an Alemaniako hegaz­kinek —Francoren aliatuek— bonbardatua.

Ba­tzar Etxean euskal­dunok ohora­tzen dugu Ger­nikako hari­tza, gure askatasunen ikurra. Haren geriz­pean bil­tzen ziren Biz­kaiko hainbat merindade eta elizatetako ordez­kariak. Han­txe, Lege Zaharrak on­tzat hartuko zituztela zin egiten zuten, eta Gaztelako erregeek ere hala egin zuten.

Eraikinak estilo neoklasikoa du; Antonio Etxebarriak diseinatu zuen 1826an. Bi zutabe handiek eu­tsitako karrerapeak zuinka­tzen du anfiteatroa, Biz­kaiko Jaurerriko ordez­karien ba­tzarlekua, gaur egun Ba­tzar Nagusien bilgunea dena. Han­txe zegoen, garai batean, Antiguako Santa Maria zin‑eliza. Aretoaren gaineko beirate alegorikoa bikaina da.

Bil­tzar‑barrutitik metro gu­txira, espaloi berean, Alegria Jauregia dago. Euskal barrokoko eraikina da, etxe‑egutera eta armarri bikaina dituena; Allende Salazar familiako iker­tzaile, itsasgizon eta politikarien sorte­txea.

Oso gertu dago Santa Maria eliza. Hiru mende iraun zuen haren eraikun­tzak, eta lehen urteetako arrasto gotikoak an­tzematen zaiz­kio. Ogiba‑ar­kuko portada Lekeitiokoaren an­tzekoa da. Ikustekoa da Albiz leinuaren hilobia.

Ger­nikako ibarreko etxe gehien­tsuenak eraikun­tza berriak dira, hogeita hamazaz­piko hondamenaren ondorengoak.

Santimamiñe[aldatu]

Ger­nika bisitatu ostean, itsasadarraren eskuinal­dean kokatu eta Lekeitiorako bidea hartuko dugu. Laugarren kilometroan, gu­txi gora behera, kilometro pare bat desbideratu eta Santimamiñeko hai­tzuloekin liluratuta geratuko gara. Madeleine al­dikoak dira eta labar‑pintura balio­tsuak dituzte.

Hobiaren sarbidea Ereñozarre mendiaren beheal­deko herenean dago. Hara joateko, Santimamiñe ermitaren ondotik pasako gara.

Santimamiñeren ez­kerretara dagoen ibar­txo lasaiak Oma izena du, eta benetan atsegina da han ibil­tzea.

Kortezubi[aldatu]

Eskual­de‑errepidera itzuli eta kostal­derako norabidea hartuz gero Kortazubi elizatetik pasatuko gara; eta, horren ostean, tankera dotoreko beste herri batetik: Gautegiz‑Arteagatik, hain zuzen.

Santa Maria elizak barrual­de gotikoari eu­tsi dio, kanpoal­dea neoklasikoa izan arren. Ez­kerral­dean Arteaga gaztelua dago, inguruko zuhaiztiak ematen dion freskotasunean. Estilo neogotiko transpiriniarra du: Fran­tziako inperioko Couvrechet ar­kitek­toak diseinatu zuen 1857an. Urtebete lehenago, diputazioak Fran­tziako inperioko Eugenio Luis prin­tzea (Napoleon III.aren eta Eugenia de Montijoren semea) «jatorriz biz­kaitar» izendatu zuen, enperatriza Arteagatarren ondorengo zelako. Fran­tziako lehen andreak, detaileagatik hunkituta, arbasoen Erdi Aroko dorre­txea berri­tzea erabaki zuen; baina, eraikina hondatuta zegoenez, haren bi kubo soilik errespetatu zituzten, eta, zimenduen gainean gaur egungo château hori eraiki zuten. Arteagatarren armarria hesian eta gazteluaren dorrean jarrita dago. Poliki‑poliki, panoramikez gozatuz, ibaian behera egingo dugu, Kanala auzoaren barrena, baserrien lekuan udako etxean ager­tzen hasi direla ikusiz. Parrokia‑eliza ere ikusiko dugu, Legendikako Andra Mariari eskainia. Haren eliz ataria rustikoa da.

Itsaso zabalerantz 3 km egin ostean Laida hondar­tzara iri­tsiko gara, eta haren ondoan betiko zaindari bel­durgabea: Izaro uhartea.

Festak[aldatu]

  • Inauteriak. Uda parte guztian jai‑giroa badago ere, mundakarrak aratusteak edo inauteriak ospa­tzen dituzte.

Asko eta asko dira kirruz mozorrotu eta Gondra eta Egileor herrikideek konposatutako doinuak jo­tzen dituztenak.

  • Ekainak 23 eta 24. San Joan jaiak. Suak nonahi.
  • Ekainak 29. San Pedro arran­tzalea gogoan, hainbat eta hainbat portutan bezala.
  • Uztailak 22. Santa Maria Magdalena. Gazteek txangoa egiten dute Izaro uhartera; arra­tsal­de erdian herritarrek, aspal­diko tirabirak ahaztuta, alai har­tzen dute Bermeoko itsason­tzien segizioa, agintariak buruan direla.
  • Abuztuak 15. Andra Mari eguna, parrokiako jai nagusia. Festa‑eguna, udatiarren partaide­tza ak­tiboa.
  • Azaroak 25. Santa Katalina. Ermitan meza. Arran­tzaleak ez dira itsasora joaten. Garai bateko tradizioa zen bisigua jatea, arran­tzaleek oparitua. Az­kenal­dian, ordea, arran­tza‑eskasia dela‑eta, profesionalek ere erosi egin behar, bisigua jango badute.

Bermeo[aldatu]

Historia‑oharrak[aldatu]

Bermeori buruz­ko lehen memoriak XI. mendekoak dira. San Juan de la Peña eta San Millan de la Cogolla monasterioei emandako dohain­tza‑agiri banatan jasota daude.

Itsasoko giroan murgil­dutako udalerria dugu eta historiaz gainez­ka ageri zaigu. Lope Diaz Harokoak, Biz­kaiko seigarren jaunak, hiribil­du titulua eman zion Bermeori 1214an. Horrenbestez, Biz­kaiko lehen hiribil­dua izan zen, eta Ger­nikako Ba­tzar Nagusietan —14 km‑ra dagoen udalerri horretako Ba­tzar Nagusietan— lehenengo jarlekua hartu zuen.

Bermeori emandako frankiziak berre­tsi zituzten ondorengo Biz­kaiko jaunek 1282an, 1307an eta 1367an. Esteban Garibai historiagileak adierazi zuen Bermeoren aginpidea nabarmena zela eta Bermeoko ordez­karia Ba­tzar Nagusietan sar­tzen zenean hango guztiak txapela ken­tzen zutela, adeitasuna adierazteko.

An­tzinako dokumentuek Biz­kaiko hiriburu bezala azal­tzen dute Bermeo, eta han zegoen Jaurerriko epaile nagusiaren auzitegiaren egoi­tza. Bermeoren gainbehera eta Bilboren gorakada batera gertatu ziren. Sute izugarriek eta bandoen arteko erasoal­di kez­kagarriek ere zerikusia izan zuten.

1476ko uztailaren 31n Fer­nando Katolikoak herriko Santa Eufemia zin‑elizan zin egin zuen Bermeoko erregaliei eu­tsiko ziela.

Arran­tza‑tradizioa[aldatu]

Bermeoko armarriak balea harrapa­tzeko unea adierazten du: sei marinelek eragindako on­tzi batetik bota­tzen diote arpoia. Rondeletek dioenez, Bermeoko etxe asko balea‑hezurren gainean zimendatuta daude.

Herriko arran­tza‑tradizioa argi eta garbi ageri da Juan Ruizek —Hitako ar­tzapezak— Erdi Aroan ida­tzitako Libro del Buen Amor liburuan (1343). Izan ere, otorun­tza baten berri ematean, egileak hala dio: arenques et besugos vinieron de Bermeo (sardinzarrak eta bisiguak, Bermeotik ekarriak).

An­tzinako garai haietan arran­tzaleen, sardina‑sal­tzaileen eta errekardarien San Pedro Kofradia sortu zuten. Kofradia horrek eragin handia izan zuen Bermeoko gizartean, eta herrian bazuten denetik: botikaria, kanpai‑jo­tzailea, zirujaua, talaiaria, portuko garbi­tzaileak eta zain­tzaileak, egural­dia adierazten zutenak, laino itsutan itsaser­tza adierazten zutenak, sal­tzaileak, idaz­karia, kontulariak eta kontu‑salataria.

Urtero, San Martin egunean, azaroaren 10ean, ba­tzar irekia egiten zuten Santa Marina ermitan, kofradiako kideei emai­tza ekonomikoak jakinarazteko. Halaber, araudi berriak onesten zituzten, egoki irudituz gero. Ba­tzuetan araudi horiek oso zorro­tzak ziren: que ningún cofrade ni vecino de Bermeo ni de los que de fuera llegasen a pescar, saliesen a la pesca y sardineo en las fiestas é días santos bajo la pena de 200 maravedís y pérdida de lo pescado (kofradiako kiderik, bermeotarrik, eta kanpotik arran­tzara etorritakorik ez dadila arran­tzara edo arrainak sal­tzera irten jaiegunetan eta egun santuetan, 200 marabediko zigorra eta harrapatutakoa gal­tzea ezarriko bai­tzaio).

Karguak urtebeterako hauta­tzen zituzten, honelako iriz­pideak oinarri hartuta: se eligiesen personas mareantes experimentadas e sabidas en el arte de navegar y pescar que por ellos sean avisados de los semblantes e tiempo e de los peligros y tempestades e fuera de mar para que les fagan saber e avisar (itsasoan nabiga­tzen eta arran­tzan eskarmentua duten per­tsonak hauta­tzea, itsasoko egural­diaren, arriskuen eta ekai­tzen berri emateko). Iriz­pide horiek ain­tzat har­tzen zituzten talaiariak izenda­tzeko.

Errege Katolikoen garaian, Bermeoko portua Biz­kaiko itsaser­tzeko ahal­tsuena zela jo­tzen zuten, eta garai hartakoak dira lehenengo moilak. Herriko on­tzioletan uretaratutako on­tziek portua dragatu behar zuten: sei batel harea atera behar zuten, hain zuzen. 1864an Bermeoko on­tzidiak 56 txalupa handi, 39 txalupa txiki, 16 batel handi eta 10 batel txiki zituen.

Lega­tza eta bisigua arran­tza­tzeko inguruko kala hauetara joan ohi ziren: Kalaberri (Izaroko paraleloan), Rekodo eta Santa Kruz (portutik 9 miliatara) eta Kupide Banku (Ma­txi­txako paraleloan).

Bermeok ez du erraz ahaztuko 1878ko galer­na, Kantauri itsasoko 300 arran­tzaleren bizia eten zuena. Ezbehar berriak saihesteko, marinelen kofradiaren estatutuetan agindu zuten neguan itsas zabaleko arran­tzan arituko ziren on­tziak 42 oin luze eta 8,5 oin zabal izan behar zutela gu­txienez, eta on­tzi txikiagoak ezin zirela Ma­txi­txako lurmuturretik haran­tzago joan (alegia, Biz­kaiko mapan Iparral­deko muturrean ager­tzen den puntu horretatik aurrera ezin zutela egin).

Gu­txik obeditu zituzten ordenan­tzak, an­tza, aurrerapen teknikoek segurtasun handia ematen zutelakoan. 1912ko abuztuaren 13an, ordea, Bermeoko 200 arran­tzale eraman zituen itsasoak.

1902an Bermeoko on­tzidiak lehen lurrun‑itsason­tzia eskuratu zuen. Donostian erosi zuten on­tzia eta Lenbizikoa jarri zioten izena. Gaur egun, ia desagertu da Bermeoko gailentasun hura, XVI. mendean Pedro Texeirak Biscaya liburuan honela azal­tzen zuena:

(Biz­kaiko Jaurerri honen kostal­de guztian ez dago lekurik, Bermeok adinako handitasuna eta agintea adierazten duenik, eta inguruan duen hesia oso an­tzinakoa da. Harresia du buelta guztian: orma garai eta sendoak, dorreez eta almenez hor­nituak.)

Baina XIV. mendean eraikitako babes‑harresi sendo guzti haietatik bakarrak iraun du: San Joan ar­kuak, Bermeoko ate bizi‑biziak, beti bizirik!

Jaurerriaren historian gehien aipatutako elizetako bat Santa Eufemia zin‑eliza da. Enrique III.ak eta Fer­nando V.ak ere han­txe egin zuten Biz­kaiko Foruen zina. Elizak estilo gotikoa du, nabe bakarra eta ganga nerbiodunak ditu; absidea aipa­tzekoa da, baita Arteaga apezpikuaren hilobia ere.

Santa Maria eliza plaza nagusiaren albo batean dago. Neoklasikoaren erakuskari ederra da, 1821ean Silvestre Perezek diseinatua. Ar­kitek­to argi eta ospe­tsu horrek Mutrikun eta Donostian ere jardun zuen.

San Fran­tzisko eliza 1357an eraiki zuten, eta fran­tziskotarren ordenak Biz­kaian egin zuen lehen monasterioa izan zen. Haren ogiba‑formako klaustroa ikustekoa da.

Er­tzilla dorre­txea, kanpoederra, portu zaharreko uretan islaturik ageri da. Han jaio zen Alonso de Ercilla poeta, eta La Araucana poema epikoan goraipatu zuen jaiote­txea, hiribil­dua sortu aurretik eraikia (antes fundado que la Villa...). Saieterak, garita handiak eta ogiba‑formako leihoak ditu. Er­tzilla dorre­txearen bar­nean Arran­tzaleen Museoa eta Kultura Etxea daude.

Bermeok denda bikainak ditu, eta portu biziaren ondoan par­ke edo pasealeku aparta (par­ke eta pasealeku da al­di berean). Haren mutur batean Kasinoa dago.

Kaleetan barrena ibiliz gero (kalian gora, kalian bera, abestiak dioen bezala) fa­txadan armarria duten etxe ba­tzuk ikusiko ditugu, eta herri ireki eta zalaparta­tsuaren giro herrikoiaz ohartuko gara. Bermeotarrek badituzte guztira 2.000 ezizen inguru —familiakoak, ofizialak eta an­tzinakoak—; sarritan noblezia‑tituluen an­tzekoak dira, eta ez dute zergarik eragiten.

Izaro uhartea[aldatu]

Bermeoko arradaren kutuna, fetixa, perla eta sinboloa da Izaro uhartea, zalan­tzarik gabe. Izaro toponimoa erabili da haur­txo ederrei, itsason­tziei, dendei, kultura‑ eta industria‑jarduerei izena jar­tzeko. Horrenbestez, bistakoa da izen goxoko uharte horren ospea. An­tzinako garaietan monasterio bat zegoen Izaron, eta San Antonio Paduakoak egun ba­tzuk egin zituen han, hainbat gaixo eta elbarritu senda­tzen.

1422an, Martin de Arteaga fran­tziskotarrak, lekuko apez­pikuaren onespenarekin (alegia, Kalagorriko go­tzainaren oniri­tziarekin) Izaroko komentua eta hari eran­tsitako eliza —Izaroko Andra Mariari eskainia— eraiki zituen. Hamar fran­tziskotar fraidek osatu zuten komunitatea, guztiak ere euskal­dunak, an­tza, haien abizenak ikusita. Haitz‑leku babesgabean bizirik irautea zaila zen; Kantauri itsasoak etengabe eraunsten zuen uhartea, batez ere Ar­txikote al­dea, iparral­detik. Euri‑ura edaten zuten, bi urasketan bil­dua; eta neguan bakarturik egin ohi zituzten bolada luzeak.

1457ko udaberri egun batean Enrique IV.ak bisita egin zien; urte gu­txi ba­tzuk geroago Fer­nando Katolikoak, eta 1483an haren emazteak, Isabel erreginak. Hark agindu zuen harriz­ko mailadia egitea, on­tziraleku bezala erabil­tzen zuten senaia txikitik hasi eta uhartearen goial­deraino. Halaber, beste errege‑mesede bat jaso zuten fraideek: 36 anega gari urtean.

1596an, La Rochelleko pirata ba­tzuk indarrez sartu ziren Izaron, komentua arpilatu zuten eta tratu txarra eman zieten fraideei. Fraide‑komunitateak kostal­deko jendearen lagun­tza izan zuen.

Fran­tziskotarrak uharte txiki horretan bizitu ziren 1719 arte, eta urte horretan Forura joan ziren. Gaur egun, Izaron, harmailen eta monasterioaren aztar­nak soilik daude.

Geologoek adierazi dute haitz hori —ekial­detik mendebal­dera luza­tzen dena, arrain buruhandi baten an­tzera— lehorrari lotuta egon zela, uharriaren bidez; eta, itsasbeherak oso nabarmenak direnean, uharriaren biz­karra ikusten da.

Izaro baino urrunago, itsas zabalean, La Gaviota plataforma ikusten da egun garbietan, 42 m sakon ainguratua.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Sollubera ibilal­dia[aldatu]

6313 errepidea hartu, Sollube mendatea gainditu, eta 5 km aurrera egin ostean, asfalto‑bide bat hartuko dugu, eta ahalmen handiko telebista‑antenaraino joango gara, itsasal­deko eta barrual­deko panoramika zoragarriez goza­tzeko.

Talaiara igo­tzen direnek ere beste hainbeste izango dute, Ma­txi­txako lurmuturraren inguruko paisaia bikaina baita. Tala edo talaia horretan par­ke publikoa dago: barbakoak, mahaiak, bankuak, zuhaiztiak...

Demikura ibilal­dia[aldatu]

Baserri‑auzo txiki horretara joateko eskual­de‑errepidetik atera­tzen den bide bat hartu behar da gasolindegiaren inguruan. Elizako kontuetarako Mundakakoa da, eta mundu honetako gauzetarako Bermeokoa. Ermita oso xumea du, Demikuko Ama Birjinari eskainia (Afrikako Birjinen artean katalogatua).

Bermeoko eta portuko bista ezin hobeak daude Demikutik. Garai batean mahasti‑lekua zen, eta mahats harekin txakolina egiten zuten.

Almikara ibilal­dia[aldatu]

Er­tzilla par­ketik abiatu eta kilometro pare bat gora eginda Almika auzoa dago. Lau baserrik eta ermita batek osa­tzen dute auzoa, 700 urtetik gora dituena.

Izaro uhartera itsas ibilal­dia[aldatu]

Izaroko ikuspegia

Egural­di ona izanez gero, edozein egunetan atsegina da Izaro bisita­tzea, baina egunik hoberena uztailaren 22a da; azal­du dezagun zergatik.

Ibarrangelu, Elan­txobe, Mundaka eta Bermeo liskarrean ibil­tzen ziren Izaroren jabe­tzagatik, eta Biz­kaiko jaunak erabaki zuen auzia garbi­tzea uhartera estropada bat eginez. Mundakak eta Bermeok soilik one­tsi zuten proposamena, eta 1719ko uztailaren 22an —Maria Magdalena egunean— egin zuten estropada.

Bi traineruek (hamabina arraunlari eta patroi bana) bidea egin zuten, herrikideen oihu gorgarriek bihotz ematen zietela. Bermeotarrak lehenbizi iri­tsi ziren, eta bandera gorri bat goititu zuten uhartearen gailurrean. Harrez­kero, Izaro uhartea Bermeorena da.

Magdalena egunean urtero egiten den carrus navalis bikainak 1719ko estropada erabakigarri hura gogora ekar­tzen du, eta ospakizunean parte har­tzen duten txangozaleen kopurua gero eta handiagoa da. Egitaraua hau izan ohi da:

Goizeko 10:30etan, Bermeoko udal‑agintariak, txistulariak aurretik dituztela, Santa Eufemia zin‑elizara joaten dira mezara. Horren ondoren, moilara joan eta itsasbazterreko on­tzi apaindu batean itsasora­tzen dira. Aingurak al­txa­tzeko unean, portuan ainguratutako itsason­tziek haien sirenak jo­tzen dituzte. Izarorako bidean, txalupa motordunak eta lurrun‑itsason­tzi txikiak bandera‑on­tziaren inguruan biraka ibil­tzen dira. Arraun‑ eta bela‑on­tzien garaiko ohitura zen bira bakoi­tzeko pi­txer bat ardo ematea.

On­tziak uhartera iristen dira; zinego­tzi ba­tzuk lehorrera jauzi egin eta ikurrina jar­tzen dute gailurrean. Horren ondoren, al­kateak teila makur bat bota­tzen du itsasora, tradizioz­ko hi­tzak esanez: Bermeoko itxogiñak onarte el­tzen dira. Esapide horrek adierazten du Bermeok uhartearen gaineko subiranotasuna duela.

Egundoko zalapartaren artean, on­tziak Elan­txobera joaten dira. Portuko eskaileratan, herri‑agintariek Bermeoko ordez­kariei harrera egiten dieta eta el­karrekin baz­kal­tzen dute. Arra­tsal­deko bostetan, itsason­tziak Mundakarako bidea har­tzen dute, eta hango portu txikian harrera‑zeremonia berbera egiten diete Bermeotarrei. Segizioa udale­txera joaten da, eta hango bal­koietatik aurreskua ikusten dute. Arra­tsal­deko zaz­piak al­dean, berrogeita hamar bat on­tzik aingurak jaso­tzen dituzte Bermeora joateko. Hango herritarrek boz­karioz beterik har­tzen dituzte, suziri, sirena eta kanpai‑ho­tsen artean. Segizioa, jende­tzaz inguraturik, udale­txera joaten da.

Bidean, musika‑bandak Magdalenari ereser­kia eta malenkoniaz beteriko zor­tzikoa jo­tzen ditu. Egitarau ofizial­tzat har daiteken hau plaza nagusian dan­tzatutako aurresku batekin amai­tzen da, baina kaleetako jardun zalaparta­tsuak goizal­dera arte.

Itsas ibilal­dian parte har­tzen duten milaka per­tsona —gehien­tsuenak gazteak— mahoiz­ko arropa urdinak jan­tzita ibil­tzen dira, arrantzaleen moduan.

Festak[aldatu]

  • Ekainak 23 eta 24: Joan Bataia­tzailearen gora­tzarrean.
  • Uztailak 22: Izaroko festa.
  • Abuztuak 16: San Roke, promesa bete­tzeko.
  • Irailaren 8tik 16ra: Santa Eufemia. Herriko jaiak: estropadak, bigan­txak, gau‑festa...

Bakio[aldatu]

Bakio —Uribeko merindadeko elizatea— udalerri da 1734z geroztik, urte hartan bereizi bai­tzen Bermeotik.

Urteak dira Bakiok ez duela arran­tza‑on­tzirik, baina kilometro bat luzeko hondar­tza du, erupzio‑harrien artean, ohiko haizeen babesean. Hondar­tza horrek kanpotar ugari erakar­tzen du, asteburuak eta oporrak Bakioko bigarren etxebizi­tzan goza­tzera.

XIX. mendeak ondo aurrera egin arte, Bakioko portu txikia defenda­tzeko sei kanoiz osatutako bateria zuten, Bir­kilanda esaten ziotena. Baina, beste garai ba­tzuk ziren... Orain, hondar­tza ederra itzalpean uzten duen eraikin‑ilara nahasia ageri da. Nortasunik gabeko eraikinak dira, bolumen handiegia dutenak, lurraren espekulazioaren aurretik egindako etxe txikiak ez bezalakoak.

Santa Maria parrokia‑eliza mal­karrean egina dago, eta eliz­pe korritua du inguruan. Hondar­tzako turismo‑gunetik urrun samar dagoenez, 50eko hamar­kadan kapera‑eliza bat eraiki zuten hondar­tza al­dean, udatiarren ekimenez (gehien­tsuenak bilbotarrak).

Ez da hainbeste denbora Bakiok bilera gastronomiko nagusietara zainzuriak, lanper­nak, Txillbankun harrapatutako bisiguak eta Bakioko txakolina ospe­tsua esporta­tzen zituela. Orain ere egiten dute txakolina, gizakien pozgarri, Pio Barojak hala iri­tzi ez arren. Izan ere, Euskal Herriko gauza tristeen trilogian (Las cosas tristes de Euskalerria) txakolina sar­tzen du Pio Barojak, txistuarekin eta bainuetxeekin batera.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Gazteluga­txera txangoa[aldatu]

Gaztelugatxeko ikuspegia

Bermeorako errepidea hartu eta 4 km eginda, itsaslabarrean bi uharte txiki ageri dira: Gazteluga­txe eta Ake­txe edo Ake­tze, bietara esaten baitiote.

Lehena lehorrarekin el­kartuta dago gizakien jardunagatik; izan ere, zubia egin zuten. Zubi hori ar­kuen gainean dago, eta harresiak eta eskailerak ere baditu. Uharte txikiaren gailurrean dago San Joan Gazteluga­txe ermita. Hari buruz­ko elezahar ugari dago, eta historia abera­tsa du; izan ere, istmo ausart horretan egindako zenobioa aipa­tzen da Huescako San Juan de la Peña monasterioari egindako dohain­tza‑agirian, 1053an alajaina!

Mende bat geroago, Gazteluga­txeko zenobio hura agustindar fraideen abade‑etxe bihurtu nahi izan zuten. 1782an ingelesak itsasal­de horretan lur hartu eta hango eliza­txoa, bi apaizek zaindua, arpilatu zuten.

Metro gu­txi ba­tzuetara, labar bat bezain ausart ageri da Ake­txe uharte­txoa, kaioen mendeko lurral­de, lanper­nen biltegi. Bi uharte horiek ikus daitez­ke ibilbideko begiratokitik, baina Gazteluga­txera sar­tzeko zubiraino daraman asfaltato‑bidea har­tzea gomenda­tzen dugu.

Ma­txi­txako lurmuturrak eta haren itsasargi indar­tsuak jakinarazten dute Bilboko portua gertu dagoela. Ekial­detik ixten du Biz­kaiko bazter estasiagarri hau, gure kostal­deko balio geografikoetako bat.

Artea maite dutenen­tzat, beste al­txor bat aipatuko dugu: San Pelaio ermita, erromanikoko eraikin ederra, nabe bakarra eta abside laukizuzena dituena. Jaurerrian irauten duten elizei erreparatuta, estilo horretako elizarik garran­tzi­tsuenetako bat da. San Pelaiotik ikusten diren bistak ezin hobeak dira. Ermita Bermeorako bidean bertan dago, Bakiotik bi kilometrotara, eta seinaleak jarrita daude.

Festak[aldatu]

Bakioko festen atala honela laburbil­du dezakegu:

  • Mar­txoak 19: San Jose.
  • Ekainak 24: San Joan Gazteluga­txen erromeria.
  • Abuztuak: Andra Mari eguna, jai nagusia.
  • Abuztuak 28tik 31ra: San Jolasako jaiak, animatuenak eta jende­tsuenak ziur asko.

Armin­tza[aldatu]

Tradizioari erreparatuta, gune hori arran­tzatik bizitu da. Urizarretik 3 km‑tara dago, eta, administrazioari dagokionez, Lemoizi dagokio. Biz­kaiko jaunak Plen­tziari emandako hiri‑gutunean aipa­tzen da Armin­tzako arran­tzaleak baleak harrapa­tzen ari­tzen direla. XIII. mendeko aipuei buruz ari gara. Halaber, oso an­tzinakoa da Lemoiz­ko udal‑zigilua, arraun tinkoak dituena, arraunlaririk gabe ordea, agian galer­nak eramanak. Izan ere, garai hartakoa da gaztelaniaz­ko esakunea:

(Gainal­derik gabeko itsason­tzia, hilobi irekia.)

Planeta urdina gure ku­tsadura setatiekin txirotu aurretik, Armin­tzako otarrainek egundoko ospea izan zuten, baita bisiguek ere. Armin­tzarrek Santa Katalina egunetik aurrera (hau da, azaroaren 25etik aurrera) harrapatu ohi zituzten bisiguak.

Gaur egun, arran­tzarako zaletasuna duten zenbait herritarren txalupa motordun gu­txi ba­tzuk soilik daude. Egunero harrapatutakoa herriko jate­txeetara iristen da: itsas aingirak, lega­tzak, lo­txak, bisiguak, perlitak eta Kantauri itsasoko beste hainbat arrain fresko‑fresko eskain­tzeko.

Armin­tzako itsasarteak, Jata mendiaren mal­da latz eta pikoez inguraturik, xarma handia du. Portua txikia da, eta tonbolo batek eder­ki bana­tzen ditu moilak al­de batetik eta turisten bainurako senaia bestetik. Al­de batean lana eta bestean aisia. Garai batean, bi kanoi txikiez osatutako bateriak babesten zuen portua.

Auzo‑gunea —marinel eliz moder­noarekin, kanpai‑horma eta guzti— oso malenkonia­tsua da, batez ere arran­tzaleen an­tzinako auzoa. Bakiorako errepide berria hartuz gero, 10 km egingo ditugu itsasoa eta mendia begien aurrean ditugula, eta bista ederrekin goza­tzeko aukera izango dugu.

Bide hori hautatu ordez N‑6320 har­tzen badugu (Mungiarako norabidea) Urizarrera iri­tsiko gara, Lemoiz­ko gune nagusira alegia. Urizar­ko Santa Maria eliza Biz­kaiko Jaurerriko nekazari zerga‑ordain­tzaileek eraiki zuten. Hasierako ar­kitek­tura erromanikoaren aztar­naren bat ageri da egungo eraikinean.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Mungiara ibilal­dia[aldatu]

Andraka baserri‑auzotik barrena (kilometro pare bat eginda) jarraituz gero, auzo bi­txi horretatik Plen­tziako abaniko‑itxurako parajea ikusiko dugu; hau da, Butroi ibaiak itsasadar bihur­tzean osa­tzen duen meandro handia.

8 km‑ko ibilbidea egin eta Mungiara iri­tsiko gara. Sei mende hauetan, Mungia hiribil­du independentea izan da, Biz­kaiko leinu ospe­tsuen sorleku, herritartuen eta handizuren bando‑arteko borroka odol­tsuen iturburu.

Udale­txe ederra du, ar­ku‑ilara baten gainean. Billelatarren dorre­txeak eta San Pedro elizak osatutako monumentu‑mul­tzoan paseoa egitea iradoki­tzen dugu. Billelatarren dorre­txea bikaina da, almenak eta ogiba‑formako hu­tsarteak ditu; X. mendean eraiki zuten, Billela leinukoen lurretan.

San Pedro parrokia‑elizaren portada bikainak estilo gotiko isabel­darra du; hango irudiak, berriz, indarrez eba­tsi zituzten. Beko kalen El­kartasunaren iturria dago, an­tzinako monumentua, hiribil­duaren eta elizatearen arteko batasunaren sinboloa.

Festak[aldatu]

Armin­tzako festarik alaienak uztailaren 16an ospa­tzen dira, marinelen Ama Birjinaren omenez, Karmengo Ama Birjinaren omenez alegia.

Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz[aldatu]

Sopelako ikuspegia

Kostal­deko lau udalerri eta hainbat hondar­tza!

  • Az­korri hondar­tza
  • Arrietara hondar­tza
  • Larrabasterra hondar­tza
  • Atxabiribil hondar­tza
  • Meñakoz hondar­tza
  • Muriola hondar­tza
  • Plen­tziako hondar­tza
  • Gorliz­ko hondar­tza

Hondar­tza basatiak, babestuak, itsas zabalera ematen dutenak, nudistak, zabalak, lasaiak... Aukeran daude!

Biz­kaiko ipar‑mendebal­deko eremu horrek, garai batean arran­tzale izanak, hauspo ematen dio Biz­kaiko hiriburuari, hondar­tza leunei esker. Historiari erreparatuz, eskual­dearen aipamen an­tzinakoena 1052ko dokumentu batean ageri da. Dokumentu horrek Nafarroako Gar­tzia erregearen erabakia adierazten du: Real Monasterio de Najera izango zela Barrikako Santa Maria elizako hamarrenen har­tzailea.

Plen­tzia[aldatu]

Plen­tzia 1264an sortu zuen Lopez Harokoa familiako kideren batek (izan ere, ezin konta ahalako kideak izan zituen familia horrek).

Erregalien artean, honako hau bi­txia da:

Juan I.ak emandako prebendak zirela‑eta, 1388an Mungiako Billelako jaun­txoa gaur egungo Barrikako ondare gehien­tsuenen jabe egin zen. 1436ko azaroaren 30ean sute izugarri batek kiskali zuen Plen­tzia, artean ere harresiz inguratua.

Itsas tradizio handiko herriak izanik, Plen­tziako, Gorliz­ko, Barrikako eta Armin­tzako marinelek kofradia sortu zuten, haien interesak defenda­tzeko, eta 1524an one­tsi zituzten ordenan­tzak. Halaber, ospe handia izan zuten Plen­tziako on­tziolek.

Meñakoz senaian eta Gorliz­ko hondar­tzan, kostal­deko gainerako portuetan bezala, kanoi‑bateriak jarri behar izan zituzten, itsaslapurreta gero eta handiagoari aurre egiteko.

Mende pare batean, plen­tziarren diru‑iturri nagusienetako bat zen baleen gan­tza potetan sartu eta sal­tzea.

1750an Plen­tzian bazeuden 150 pata­txe, itsaso guztietan barrena ibil­tzen zirenak; eta, garai hartan, Gorlizen bazeuden 15 itsason­tzi handi, 264 tonakoak. Gaur egun, berriz, Plen­tziako portuan (edo, zeha­tzago esanda, ibai‑bokalean) soilik aingura­tzen dituzte kirol‑on­tzi txikiak eta artisau‑arran­tzan ari­tzen diren profesionalen itsason­tziak. Halaber, Gorliz­ko eta Plen­tziako udal‑armarrietan bi marinel‑on­tzi ageri dira.

Billao lurmuturraren hegoal­deko senaian —puntu‑erdiko ar­kua, urrez eta urdinez apaindua— itsasora­tzen da Butroi ibaia (edo Plen­tziako itsasadarra). Ibai‑ahoak Barrika —ez­kerral­dean— eta Plen­tzia —eskuinal­dean— bereizten ditu. Ekial­derago Gorliz dago: bai herria, bai hondar­tza.

Badia Andra Mari ermitatik begira­tzea iradoki­tzen dizugu, bai Gaztelutik bai Astondoko bazterretik (Itsas Erie­txetik aurrera joanda). Hirigune zaharrean gordeta dago hiribil­duaren iragan harresitua. Kale estuetan gora egiten badugu, itxura zorro­tzeko elizaraino iri­tsiko gara.

Plen­tziako itsasadarrak meandro bi­txiak ditu, eta itsason­tzi ugari dago han ainguratuta: txalupak, karelez kanpokoak eta laketon­tziak. Merezi du ibaian gora egiteak Butroiko gaztelu erromantikora iristeko. XIX. mendeko eraikin barroko fantasiatsua da, Butroitarren Erdi Aroko dorre­txearen aztar­nen gainean eraikia. Itsasadarrean kanabera‑arran­tzale egonarri­tsuak ikusiko ditugu.

Hondar­tza garbi eta zainduez gain, udalerri horiek badituzte oinez­koen­tzako ibilbide zoragarriak, par­keak eta aisial­dirako guneak. Horrenbestez, jendez gainez­ka dauden hirigunetatik gero eta bisitari gehiago etor­tzen dira. Hori guztia dela‑eta, denda eta zerbi­tzuen sek­toreak indar handia du herri horietan.

Festak[aldatu]

  • Sopela: ekainak 29, San Pedro (herriko jaiak); uztailak 14 (nekazari­tza‑azoka, erakusketa); uztailak 16, Karmengo Ama Birjina.
  • Barrika: otsailak 2, San Blas; ekainak 24: San Joan Bataia­tzailea.
  • Plen­tzia: uztailak 16, Karmengo Ama Birjina (arran­tzale‑jaia); uztailak 21‑22, Magdalena jaiak; irailak 2, San Antolin.
  • Gorliz: uztailaren 24tik 28ra, Santioak; abuztuak 4‑5, Agirreko Andra Maria.

Ge­txo[aldatu]

Euskal Herriko udalerri atipiko eta jende­tsuenetako bat da.

Garai batean bizitegi‑gune izandako udalerriak bost hirigune ditu: Areeta, Neguri, Algorta, Ge­txoko Santa Maria eta Romo. Oso auzo desberdinak dira, ba­tzuetan aur­kariak ere bai.

Ge­txoko Santa Maria monasterio erromaniko zaharra 1789an berritu zuten, eta haren inguruan nekazariak eta marinelak bil­du ziren hasieran. XIX. mendearen amaieran 3.000 biztanle soilik zituen.

Garai hartan, ordea, Nerbioi inguruko industria‑garapen itzela gertatu zen, eta Ge­txoko biztanleen kopuruak nabarmen gora egin zuen. An­tzinako Lamiako hondar­tzan eta Gobelako lur zingira­tsuetan Areeta auzoa sortu zuten berebiziko abiadan. Maximo Agirre eta Jose Ignacio Amann medikua izan ziren auzoaren susta­tzaile nagusiak.

1903. urtean eraikun­tza‑enpresa batek lur‑eremu zabal‑zabala erosi eta auzo dotore eta aristokratikoa eraiki zuen: Neguri.

Algorta[aldatu]

Algortako gune nagusia beheal­dean sortu zen, itsasadarraren hasieran.

Portuari dagokionez, Ge­txok 1627an ekin zion Algortako moiletako bat eraiki­tzeari, on­tzien eta arran­tzaleen babesleku izan zedin. XVII. eta XVIII. mendeetan, hiru gaztelu eraiki zituzten Ge­txoko udalerrian, diputazioak eta Bilboko kon­tsulatu eta kontratazio‑etxeak ordainduta. Haien helburua zen Ingalaterrako kor­tsarioak arrastoan sartuta eduki­tzea, eta horregatik, hain zuzen, itsasoari begira daude. Algortako portuaren gainean egin zutenari Prin­tzearen gaztelua esaten zioten. Beste gotorlekua Galea lurmuturrean jarri zuten, itsaslabarraren gainean; eta hirugarrena itsasadarraren hasieran.

Galea lurmuturrean egon zen, halaber, baleen presen­tzia hautemateko erabil­tzen zuten talaia, orain itsasargia dagoen lekuan, hain zuzen. Handik gertu, Abraren haizebean, Aixerrota dago.

Haren oinetan dago hondar­tza txiki bat: Arrigunaga, Galeako haitz karedun eta silizedunen azalgabe­tzetik sortutako kuar­tzo‑hondarrez osatua.

Ge­txoko udalerri guztia paseo lasaiak egiteko gonbitea da. Neguriren hiri‑diseinua eredugarria da, hainbat txalet eta jauregien ar­kitek­tura ikusgarriarekin harrituta geratuko gara:

Arriluze, Barbier, Olaso, Txabarri, Lezama‑Legizamon... gizarte burgesaren eskaria, gure ingurukoa ez bezalakoa.

Areeta[aldatu]

Areetako barrutian Santa Ana ermita eta Her­kulesen garaipena adierazten duen eskultura‑mul­tzoa: Lurrak Neptuno (itsasoa) garaitu du. Biz­kaiak Evaristo Txurrukari eskainitako omenal­di sinboliko eta artistikoa da. Txurruka ingeniari bikaina zen, Bilboko Portuko obren zuzendaria XIX. mendearen az­ken laurden erabakigarrian.

Biz­kaia zubi esekitik abiatu eta Abraren eskuinal­dean eta Ereaga hondar­tzan ibil­tzea derrigorrez­ko paseoa da, Dario de Regoyosek margotua eta Gustavo Adolfo Bequerrek laudatua.

Aipa­tzekoa da Algortako arran­tza‑portu bi­txia, superportuaren bar­nean estutua.

Portu txikitik abiatu eta mailadi bat igoz gero arran­tzaleen an­tzinako auzo‑gunera iri­tsiko zara. Oraindik ere hor­txe dago, miraria dirudi.

Usategi par­keko begiratokitik superportuaren bista zabal‑zabalaz goza­tzeko aukera dugu. Auzo horretan bertan daude udale­txea —eraikin ederra, kanpotik mailadia duena—, hiru eliza (San Nicolas, San Ignazio eta Trinitarioen eliza), eta Molina eta Sangroniz jauregiak. Ge­txoko an­tzinako hirigunean bakarturik gera­tzen da Andra Mari parrokia‑eliza, barroko estilokoa eta eliz­pe atsegina duena.

Biztanleen kopuruari erreparatuta, Biz­kaiko hirugarren udalerria da, eta 1931n Jose Antonio Agirre Lekube izan zuen al­kate.

Abrako Itsas Kluba 1898an sortu zen; bela‑nabigazioaren susta­tzaile aparta izan da, eta nazioarteko yate‑estropada ugari antolatu ditu. Jolaseta Kluba ere ospe handiko el­kartea da. Gainera, Fadurako Udal Kirol­degiaz ere harro daude ge­txotarrak.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Ibilal­dia Txorierrin[aldatu]

Kilometro gu­txi ba­tzuk egin eta Asuako haranaren zeruertz zabaletara iri­tsiko gara (Txorierrira, algia). Garai batean leku lasaia zen, nekazari­tza‑gunea.

Gaur egun, berriz, industria‑pabiloiez josita dago, eta han­txe dago Loiuko aireportua ere, Londonetik ordubetera.

Hegaz­kinen zarata al­de batean, eta Derioko hilerriko isiltasuna bestean. Bilbotarren az­ken bizilekua Enrique Epalza ar­kitek­to biz­kaitarrak proiek­tatu zuen 1901ean.

Biz­kaiko Foru Al­dundiak haztegi pilotua dauka Derion, landare ozeanikoen laboran­tza susta­tzeko.

Biz­kaiko elizbarrutia 1950ean sortu zen, Gasteiz­ko elizbarrutitik bananduta. Derion dauka edo izan zuen seminarioa, eraikin handi‑handia, bazter guztietatik ikusten dena. Gaur egun hainbat jardueretako erabil­tzen dute, baita hotel bezala ere.

Ibilbidean aurrera egin eta ez­kerral­dean Cadalso etxea ikusiko dugu, harrigarria, aurreal­dean armarria eta plaka zizel­katua dituena. Oso gertu, Txorierriren erdigune geografikoan, Malpika babes‑dorrea dago; jendeak Zamudioko dorrea esaten dio, elizate horretan baitago. Eraikin ederra da, an­tzinagoko dorre baten lekuan egina, baina eraikin zahar haren garita handiak eta saieterak iraun dute. Handik gertu dago Zamudioko San Martin eliza, bi portada gotiko dituena.

Beste 3 km gehiago eta Lezamatik pasatuko gara, hango gotor‑etxeak ikusteko: Lezama, Basabil eta Oxangoiti.

Larrabe­tzu[aldatu]

Biz­pahiru kilometro egin eta Larrabe­tzura iri­tsiko gara, zin‑ibilbidean. Herritarrek ez dute ahaztu Are­txabalaganako zin‑hari­tza ezta San Zeledon eta San Emeterio martirien zin‑eliza. Plaza nagusian Ikaza jauregia gailen­tzen da, XV. mendekoa, aurreal­dean ehiza‑eszenak eta armarria margotuta.

Festak[aldatu]

Uztailak 25, Done Jakue apostolua; uztailak 31, San Ignazio Loiolakoa (Algortan); abuztuak 15, Andra Mari (Ge­txon); irailak 24, Eskar­neko Ama Birjina (Areetan).

Abanto Zierbena[aldatu]

Muskizko ikuspegia

Zierbena ote da erromatarren garaiko Vesperies?

Zierbenak Abantorekin bat egin zuen XX. mendearen hasieran, eta harrez­kero udalerri bakar bat osa­tzen dute: Abanto Zierbena. Dena dela, udalerriko auzo nagusia Gallarta da.

Abanto, Triano eta Gallarta mea­tze‑gune abera­tsak izan ziren, eta ustiategien haginkadak sendatu zaiz­kie jada.

Zierbena, berriz, oso bestelakoa da. N‑634tik 7 km‑tara dago, eta hango biztanleek arran­tza izan dute ogibide.

Bigarren Karlistadan, 1874ko neguan karlistek Bilbo setiatu zutenean, egoera la­tza bizi izan zuten eskual­dean.

Arrain handiak txikia jan ohi duen bezala, Bilboko portu handiak ahoan hartu du Zierbenako portu txikia.

Zierbenak har­tzen ditu lurraren arrakala baten bi alboak; arrakala hori, ordea, ez da ikusten bertara iri­tsi arte.

Zierbenatik al­de egiteko garaian, La Arena‑Pobeñako hondar­tzara doan errepide eder bat har dezakegu.

Trianora igo­tzea[aldatu]

bertakoak sarritan igo ohi dira Triano mendira. Garai batean, Europa guztiko burdina‑mea­tze abera­tsena zela jo­tzen zuten. Muino pikoa da, zuhai­tzik gabea, an­tzinako garaietan mea­tzari­tzak zuen indarra adierazten duena. Hara joateko bide bat badago, Gallartatik abia­tzen dena. Zierbenako jaiak abuztuaren 15ean dira, Andra Mari egunean.

Santur­tzi[aldatu]

Santur­tziko lehen biztanleen kronologia egiteak baditu arriskuak. Dena dela, 1075eko dokumentuetan aipa­tzen da herrigune bat, Done Jakue bideko an­tzinako monasterio baten inguruan sortua. Hango biztanleek arran­tza eta nekazari­tza omen zuten bizibide.

Monasterioa San Jurgiri eskainia zen, eta handik sortu zen herriaren izena: Sant Yurdi, eta gaur egungo Santur­tzi.

Biz­kaiko jaun‑andreek gaztelu jauregia zuten Santur­tzin, eta bolada luzeak egiten zituzten han. Hain zuzen ere, han­txe sinatu zituen Maria Diaz Harokoak 1318an Bermeori emandako erregaliak.

Bidaiari eta idaz­leek egindako deskribapenei esker (gogora ekarri Guillermo Bowles eta abar) badakigu garai batean laranjondoak eta limoiondoak itsaser­tzeko hondar­tzetaraino iristen zirela.

Herri gehienetan gerta­tzen den bezala, Santur­tzi ere al­datu zen, hain zuzen ere, txikiagotu egin zen. Izan ere, 1901ean bereizi zen mea­tze‑gunea, herriaren zati handi bat har­tzen zuena, udalerri independentea osa­tzeko: Ortuella.

XIX. mendearen az­ken laurdenetik aurrera, industria metalurgiko eta siderometalurgikoaren garapenak eta mea­tzari­tzaren nahiz on­tzigin­tzaren indarral­diak eragin zituzten Nerbioi itsasadarreko obra ikusgarriak. Ibaia bidera­tzea, draga­tzea, Santur­tziko uhin‑hauslea, Algortako kontrakaia, transatlantikoen­tzako kanpo‑portua Santur­tzin eraiki­tzea... al­daketa horiek guztiak santur­tziarren ikuspegi etxezuloak apurtu zituen eta industria‑jarduera kar­tsuari ekin zioten.

Aspal­diko aforismoa da hau: para ser buen marino ha de ser vizcaíno (itsasgizon onak biz­kaitarra izan behar du), eta esakune horrek indar handiagoa hartu zuen Abrako portuaren eraginaren ondorioz. Batez ere, ez­kerral­deak hobera egin zuen, sakonera egokiak eta komunikabide moder­noak lortu bai­tzituen.

Santur­tzik superportua du, eta haren kontrapuntua ere bai: arran­tzale‑kaia, kai‑muturreko idul­ki ederraren gainean Karmengo Ama Birjinaren irudia duena.

Azoka hirigunean dago, Santur­tzi‑Bilbo trenbidearen geltokitik gertu. Agian gertutasun horregatik arrain‑enkantea ikusnahi ugari bil­tzen dituen ikuskizun bihurtu da.

Udale­txeak estilo neoklasiko dotorea du eta hiri‑garapenaren garaian eraiki zuten, XX. mendearen hasieran alegia.

Haren oinetan par­kea dago, santur­tziarrek oso maite duten txokoa, eta udalak eder­ki zain­tzen duena. Par­ke horretan dago Cristobal Murrieta ongile santur­tziarraren omenez egindako monumentu ederra, 1923an jarria.

Halaber, lorategi‑gune horretan ikus daiteke Dorre­txe jauregia, akabera oneko euskal barrokoaren eraikina, belbederez eta iz­kinako armarriaz hor­nitua. Gaur egun ikaste­txea da.

Udalerriaren goial­dea bal­koi natural ederra da, portuari begira. Han­txe dago sardina‑sal­tzaileei eskainitako monumentua Joaquin Lucarinik egina. Rosario Santin Rodriguezek, Santur­tziko sardina‑sal­tzaile ederrak (la Bella Charo), modelo‑lanak egin zituen, eta herritarren artean ordaindu zuten monumentua.

Inguru hori jate­txez josita dago, eta arrain errearen usainak jateko gogoa pizten du.

Ibilal­diak eta txangoak[aldatu]

Portugaletera ibilal­dia[aldatu]

Itsasadarraren er­tzeko paseoa eginez gero Nautika Eskolarekin topo egingo dugu. Aurrerago, Canilla par­kea dago, Txurruka kaiarekin el­kar­tzen dena. Oso leku alaia da, Portugaleteko biztanleen­tzako aisia‑gunea. Eraikin ederrak daude, material bikainez eginak.

Portugaletek badu ikustekorik:

  • Biz­kaiko zubia. Zubi eseki ezaguna, Alberto Palacio bilbotar ingeniariak proiek­tatua eta 1893an inauguratuta. Metalez egina dago eta 63 m altu da. Itsasadarraren bi er­tzak lo­tzen ditu, transbordadore eseki baten bidez, per­tsonak eta ibilgailuak al­de batetik bestera pasa­tzeko. Gerra Zibilaren garaian kalte larriak eragin ziz­kioten, eta 1941ean zaharberritu zuten. Zubi esekia Abraren sinboloa da.
  • An­tzinako herrigunean Santa Maria parrokia‑eliza dago, XVI. mendean berreraikia. Hango organoa en­tzutea opari ederra da gure belarrien­tzat; izan ere, Euskal Herriko hoberenetakoa da.
  • Handik gertu dago Salazar dorre­txea, zaharberritua, itxura itzela eta propor­tzio zainduak dituena.

Porto Calete (oso an­tzinako izena) non amai­tzen den konturatu gabe, industriaz jositako Sestaon sartuko gara. Mar­konzaga par­kea da

Sestaoko zabalgune berria[aldatu]

Eta Sestaoren ondotik Barakal­do, burdinolen eta labe garaien udalerri jende­tsua, populazio‑den­tsitate kez­kagarria izatera iri­tsi dena.

Trapagara ibilal­dia[aldatu]

Alboko Trapaga Aran bisita­tzeko aukeraren berri emango dugu.

Enkarterrietako inguruan dorre­txe eta etxe dotore ugari egin zituzten, baina oso gu­txik iraun dute.

Muskizen aipa­tzekoa da monumentu‑mul­tzo hau: Muñatones jauregia, gaztelua, eta San Martin de Muñatones ermita, XIII. mendekoa. Muz­kiz itsasoan sar­tzen da Pobeña auzoan —La Arena hondar­tzan— Petronor petrokimika‑gunearen ondoko errepidean aurrera egin ostean. Hango etxeek jakinarazten dute Pobeñak iragan bikaina izan zuela. Garai bateko distiraren adieraz­le dira eraikin ba­tzuk, esate baterako Sota eta Villa. Aurreal­dean armarri bana dute, eta armarri bakoi­tzean idaz­kunak ageri dira.

Etnografoek eder­ki ezagu­tzen dute El Pobal burdinola; izan ere, oso an­tzinako burdinola da, haize‑errota hidrauliko txiki baten instalazio guztia osorik duena.

Orreagako guduan euskal­dunek erabili zituzten lan­tzak El Pobaleko burdinola horretan egin omen zituzten.

Hainbat urtetan La Arena hondar­tza Enkarterrietako biztanleen aisia‑gune izan da. Haren mendebal­dean Barbadun ibaia itsasora­tzen da. Ibai horri Somorrostro ere esaten diote; izan ere, itsasal­dien eragina Muskiz­ko San Joan auzoraino iristen da (alegia, ibaian gora 4 km‑ra dagoen auzoraino) eta auzo horri Somorrostroko San Joan ere esaten diote.

Hondar­tza zabala eta harrigarria da; mendebal­deko alboan uharte txiki eta hosto­tsua du, eta haren gailurrean Sokorroko Ama Birjinaren ermita.

Enkarterrietan barrena jarraitu eta Sopuertara iri­tsiko gara. Abellaneda auzoan Urrutia dorre­txea aur­kituko dugu, Biz­kaiko Enkarterrietako agintari­tzaren egoi­tza izan zena.

Enkarterrietako ba­tzar‑etxea, korregidorearen etxea eta ba­tzar­kideen­tzako ostatua oso egoera onean daude.

Enkarterrien mapan aur­ki di­tzakegu Ahaide Nagusien hamar bat dorre­txe, eskual­dearen historia iskanbila­tsuaren orrial­deetan aipatuak. Enkarterrietara kanpoko bisitari gu­txi iristen da, eta euskal herritarrek ere gu­txitan bisita­tzen dute eskual­dea.

Serantesera ibilal­dia[aldatu]

Serantes mendiak kono‑itxura du eta 446 m altu da. Santur­tziko edozein lekutatik ikus daiteke. Ko­txez igo­tzeko bidea badago, baina ibilbidetik ikusten diren bista zabalei erreparatuz gero, oinez igo­tzeak merezi du. Gailurrean gaztelu txiki baten aztar­nak aur­kituko ditugu.

Festak[aldatu]

Santur­tziko festen atalean aipa­tzekoak dira:

  • Apirilak 23: San Jurgi, erlijio‑ekital­diak batez ere.
  • Uztailak 10: Sardina‑eguna.
  • Uztailak 16: Karmengo Ama Birjina. Itsas prozesioa, fol­klore‑ekital­diak, gau‑festak, kon­tzertuak, gastronomia‑lehiaketak...
  • Abuztuak 16: San Roke festa alai‑alaia Portugaleten, jai­tsiera oso kolore­tsua izan ohi da.