Euskal Kostaldeko Gida/Gipuzkoa
Gipuzkoako kostaldeko gidaliburua
Hondarribia
[aldatu]Historia
[aldatu]1200ean, Gipuzkoa Gaztelari batu zitzaionean, Alfontso VIII.ak Barduliako kostaldea piraten eta kortsarioen erasoetatik defendatzeko interes berezia azaldu zuen. Horregatik, hain zuzen, hiribildu harresidunen sorrerari bide eman zion. Garai hartakoak dira Mutriku, Getaria eta Hondarribia.
1294an Gaztelako Alfontso X.ak haren ahaide bati —Nafarroako erregeari— eman zizkion Donostia eta Hondarribia. Halaber, 1805ean Bidasoaldeko hiri hori Nafarroari anexionatu zitzaion; 1814an, ostera, Gipuzkoari batu zitzaion, eta hala jarraitu du. Hondarribia oso zabala zen; gaur egungo Irun, Lezo eta Pasai Donibane ere hartzen zituen. Haren kokapen estrategikoaren ondorioz, frantsesek sarritan eraso zioten.
Harresien babesean, hondarribiarrak haien burua defendatzeko gai izan ziren. Setiorik odoltsuena 1636ko udan izan omen zuten. Condeko printzeak, Bordeleko artzapezpikuarekin aliaturik, bi hilabete eta gehiagoko erasoaldia egin zien; eta, bi bandoetako hildakoak aintzat hartuta, hamaika mila pertsona hil ziren guztira. Hondarribiarren aburuz, garaipena Guadalupeko Ama Birjinak emandako mesedea izan zen, irudia ermitatik jaitsi eta haren eskuetan jarriak baitziren. Harrezkero, alarde ikusgarria egiten dute irailaren 8an, setioaren amaiera ospatzeko. Erasoa oso gogorra izan bazen ere, Domingo Egiak, setiatuen behin‑behineko buruzagiak, ez zuen haren gibel‑asmoa galdu, antza. Izan ere, borrokaren ondoren gutun hau idatzi zion emazteari: Gerra kontuez ezer asko ez dakizunez, esango dizut arerioen ejertzitoa lautan banatu zela: zati batekoek alde egin zuten, beste batekoak hil genituen, beste batekoak galdu genituen, eta gainerakoak ito ziren. Gera zaitez Jainkoarekin, ni Hondarribian afaltzen geratuko naiz eta.
XVIII. mendearen amaieran, frantsesek berriz ere lortu zuten Hondarribian gailentzea. Historiagileren batek adierazi du Joakin Izarreta alkateak begi onez ikusten zuela Frantses Iraultza, eta horregatik lortu zutela frantsesek Hondarribia eskuratzea. Frantziako erasotzaileek ikusi zutenean mugatik hain gertu zeuden harresiek, kuboek eta baluarteek kaltetzen zituztela haien gerra‑planak, gotorlekua —Europako hoberenetakoa jotzen zena— hondatu zuten nahita.
Hondarribiaren kokapenaren ondorioz, enperadoreen, errege‑erreginen, printzesen, diplomatikoen eta goi‑kargu militarren joan‑etorri handiko hiria izan da.
Portua eta arrantza
[aldatu]Erromatarrak Hondarribiko portua erabiltzen lehenak izan ziren; zehatzago esanda, Asturiagako ainguratoki bukolikoa erabiltzen zuten, gaur egun fraideen hondartza esaten diotena. Higer lurmuturraren eta Amuitz uhartetxoaren babesean dago. Asturiagatik itsasoratzen ziren erromatarren ontziak, Oiartzungo Arditurriko meatzetatik ateratako mineralak (burdina, blenda eta galena) garraiatzeko. Bidasoa ibaiaren bokalean bertan sortu dira Hendaiako eta Hondarribiko portu naturalak. Bokaleak bi estatu bereizten ditu, herri bat (Euskal Herria) banandu gabe, Bidasoaren bi ertzak baititu bizileku. 1914an erabaki zuten egungo babes‑portua egitea, San Telmo gazteluaren oinetan.
Gaztelako errege‑erreginek abantailak eta pribilegioak eman zizkioten portuari: arraina erostera joaten ziren merkatariei babesa ematen zieten, belaontzi handiei hornidurak lapurtzea debekatzen zuten, hiriko ontziei kargatzeko eta deskargatzeko lehentasuna ematen zieten eta zenbait zerga ez zituzten ordaindu behar (ainguratze‑eskubidea, almirantegoa, itsasotik ateratakoaren hamarrena eta abar). Bide batez aipatu behar dugu itsasotik ateratakoaren hamarrenek lagundu zutela Hondarribiko babes‑harresiak eraikitzen.
Mendeetako arrantzale‑bizimoduari merkataritza‑itsasketaren garapena gehitu zitzaionean, itsasturien San Pedro Kofradia sortu zuten 1361ean. Erakunde hori sendotu egin zen Aita Santu Klemente VIII.ak 1995eko maiatzaren 12an emandako buldarekin. Kofradiako estatutuek gizarte‑aurrerapen handia eragin zuten; izan ere, marinelen lehorreko hainbat jarduera arautzen zituzten, eta elbarrituei eta jubilatuei laguntzeko kutxa zeukaten.
Jakin badakigu hondarribiarrek baleak harrapatzen zituztela, udal‑armarriaren behealdean ageri den baleak ere hala adierazten digu, baita harresiz kanpoko arrantzale‑etxerik zaharrenean ageri denak ere. Etxe hori XVI. mendekoa da eta Zeria (balekumea) izena du.
Harresiak eta hirigunea
[aldatu]Hondarribiko kaleetan, enparantzetan eta pasealekuetan murgiltzea gozamena da; baina, hainbeste gauza zoragarri dituenez, atalka egingo dugu gure bisita, eta antzinako hirigunetik hasiko gara (harresiaren barnealdeko hirigunetik, alegia).
Lehen harresiak Wamba errege godoak eraiki omen zituen VII. mendearen amaieran. Jarduera militarren garapenak mugatu zituen Errege Katolikoen garaian egin zituzten zaharberritzeak. Uztarria, geziak eta Tanto monta, monta tanto ikurritzak zizelkatu zituzten lehentasunezko lekuetan.
Geroago, Karlos V.ak agindu zuen Leiba baluartea eta Erreginaren baluartea eraikitzea, eta Filipe II.ak San Filipe baluartea egin zuen. Gaur egun, harresi bikain horiek sinbolo eta oroigarri dira.
Sar gaitezen harresiz inguratutako eremura Santa Maria atetik. Kale Nagusia aurkituko dugu, ospela eta harriztatua; etxeek aleroi tailatuak, burdin joaz egindako balkoiak eta denboraren poderioz edertutako fatxada dotoreak dituzte. Gainerako eraikinen lerroan udaletxea ageri da, estilo barrokoa eta armarri errepikatua duena. Arma Plazarako aldapan gora berehala aurkituko dugu, gure ezkerrean, Casadevante etxearen aurrealdea, Errenazimentu garaiko aurrealdea duena. Haren atari bitxian sinatu zuten 1638ko setio heroikoaren osteko suetena. Kale horretan badira aipatzeko moduko etxe gehiago: Butroi, Torrealta, Ladron de Guevara, eta estilo flamenkoko etxe bitxi bat, kantoi batean dagoena.
Eliza
[aldatu]Elizarako sarbide nagusia kale horretan dago. 1474an ekin zioten eliza harresi zaharren aztarnen gainean eraikitzeari. Gotikoaren arrastoak ditu, Errenazimentuaren lehen adierazpenekin nahastuta. 1762an Frantzisko Iberok egindako proiektua fidelki gauzatu zuen Joan Legarra hargin‑maisu hondarribiarrak. Barrualdean hiru nabe ditu, eta hiru abside. Maskor erraldoiak daude, Hondarribiko marinelek ekialdeko itsasoetatik ekarriak, eta ur bedeinkatuarentzako ontzi bezala erabiltzen dituzte. Halaber, bataiategia itsasturien kofradiaren oparia da, 1575ekoa. Erretaulak hainbat estilotakoak dira; erdikoa neogotikoa da, eta haren babesean daude jatorrizko erretaula erromanistaren bi irudi. Gurutze‑ganga dotorea du, eta beirateak 1910etik 1914ra bitartean egindako zaharberritze‑lanetan jarri zituzten. Garai batean, udaletxea, eliza eta gaztelua elkarri atxikita zeuden, babes‑gunea sortzeko.
Alde zaharra
[aldatu]Kale Nagusiarekin paraleloan Pampinot kalea dago, etxeen alero bikoitz eta hirukoitzekin ia‑ia estalia. Kale horri arte‑ eta monumentu‑interesa aitortu diote.
Arma Plazan Karlos V.aren harrizko gaztelu handia gailentzen da. Ate nagusiak inperioko armarria dauka, eta inguruan arraba bat. Horixe da, hain zuzen, fatxadako apaingarri bakarra. Hasierako gaztelua Nafarroako errege batek eraiki zuen, eta gero Gaztelako errege‑erreginek handiagotu egin zuten. Handiagotze‑lan horiek agindu zituztenen artean aipa dezakegu Karlos V.a, gazteluan gaua pasa zuena 800 soldadurekin batera. Kopuru horrek adierazten du gazteluaren tamaina. Gaur egun turismo‑paradorea da.
Elizaren absidetik gertu, Bienabe Artia margolariaren begiratokia dago; txoko horretatik Bidasoa itsasadarraren bista ederrak ikusten dira. Ehun bat metrora dago Cristobal Rojas y Sandoval plaza. Plaza horretako Etxebestenea gotor‑etxean jaio zen, hain zuzen, Cristobal Rojas y Sandoval, Sevillako artzapezpikua eta 1565eko Toledoko Kontzilioaren burua. Artzapezpikuaren jaiotetxea Hondarribiko etxerik zaharrenetakoa da; harresiaren babesean egindako etxe horretan ogiba‑formako hutsarteak, almenak eta patin‑eskailerak ikusten dira oraindik ere. Izkinako armarria beranduago egina da.
Kale Nagusia zeharkatu besterik ez dugu Jose Etxenagusia margolaria kalera iristeko. Oso toki egutera da, eta hobekien gordetako harresi zatiarekin paraleloan dago. Inguruko kaleak ere ikustekoak dira: Ubilla kalea, Denda kalea —handik kanpandorrea ikusten da—, San Nicolas kalea, Juan Laborda kalea (hantxe dago Egiluztarren etxea, Joana Eroa giltzapetu zuten eraikina) eta Gipuzkoa plaza, ederra eta arkupeduna.
Harresiz kanpo, Hondarribiak lorategi eta pasealeku dotoreak ditu; bista hoberenak dituena Bidasoaren ertzean dago: itsasoa aurrean duela, hainbat koloretako ontzi txikiez eta txalupaz betea, margolarientzako inspirazio‑iturri agortezina.
Marina auzoan dago itsasturien kofradia, baita azoka, itsas etxea, ontzitegia eta Santa Maria Magdalena eliz txikia, presbiterioan Gaspar Montes Iturriozek egindako freskoa duena.
San Pedro kalea beti alai ageri da, tabernez betea, terrazak eta jatetxeak nonahi. Arrantzale‑etxe koloretsuak daude, egurrezko balkoiak loreez apainduta. Butroi pasealekua eta kai‑muturrekoa elkarren segidan daude. Kai‑muturrak, hain zuzen, itsasoan aurrera egiten du Ramon Iribarrenen asmamenari esker. Hondartza ertzetik ere joan gaitezke, klub nautikoa pasatu eta beste kilometro bat aurrera egin, babes‑portura eta San Telmo gaztelura iristeko. Gaztelua 1598an eraiki zuten, kortsarioen eta piraten erasoetatik babesteko.
Guadalupera eta Jaizkibelera txangoa
[aldatu]Guadalupeko Ama Birjinaren santutegiak herritarren debozioa erakartzen du. Ama Birjinaren irudia kolorezko tailu gotikoa da, Hondarribiaren zaindaria. Elkanok urrezko sei dukat utzi zizkion testamentuan.
3 km aurrera egiteak merezi du, Jaizkibelgo paradorea zegoen lekura iristeko. Harrizko atril hori Lapurdiko eta Gipuzkoako zeruertzaren bereizgarri da; eta, handik begiratuta, Jaizubia harana izango dugu gure oinetan, Lapurdi eta Gipuzkoa begien aurrean.
Irunera bisita
[aldatu]Antzinako Uranzuko udaletxea bikaina da, 1763an inauguratu zuten eta estilo barrokoa du. San Joan Harri zutabea, udaletxearen aurrean dagoena, oso maite dute irundarrek. Metro gutxi batzuetara Arbelaiz jauregia dago, Errenazimentu‑estilokoa da eta bisitari gailenak hartu zituen.
Oso gertu dago Junkal eliza, gotiko berantiarra, garitoia duen dorrea atxikita. Erretaula nagusiaren proiektua Bernabe Corderok egin zuen, eta Joan Bazkardok tailatu zituen irudiak. Lehentasunezko lekuan dago Junkaleko Ama Birjina, hiriaren zaindaria. Irudia goi‑erromanikokoa da. Ermita kalean, berriz, kalearen amaieran Santa Elena ermita ikusten da, erromatarren garaiko nekropolia bistan duena.
Ibilbidea zirkuitu bihur dezakegu: Ibarla auzoa, Erlaitzko bidea, Ingelesaren gazteluaren hondakinak Elurretxen, Gurutzera jaitsi, Bentetarako bidea, eta ezkerraldean erromatarren garaiko hilarria: Andrearriaga.
Oinezko txangoa Artzuko errotara
[aldatu]Higerko itsasargia, Iberiar penintsularen ipar‑ekialdeko muturrean dagoena, abiapuntu izango dugu. Mendi‑bide bat hartu eta, zati batzuetan pinupean, itsaslabarretik gertu ibiliko gara ordubetez, Artzuko errotako senaiara iritsi arte. Han erreka bat itsasoratzen da, eta erreka horrek eragiten zion errotari, hain zuzen. Zerua garbi badago, gure aurrean bista zabal‑zabala izango dugu: Adurren ibai‑bokaletik Matxitxako lurmuturreraino.
Artzun gora egiten hasi behar dugu, izen bera duen baserritik pasatu eta Guadalupeko zelaira iritsiko gara, handik hirira jaisteko. Bi ordu eta erdiko ibilaldia da. Beste bide bat ere har daiteke errotan, Pasai Donibanera joateko, itsaslabar hauetatik barrena: Martierreka, Araska, Argorri, Zizurko, Biosmar, Erentzinzabal, Iskuru eta Motelu.
Santiagora eta Urdanibiara ibilaldia
[aldatu]Santa Garazi ermita bide zaharrean dago, eta Dario Regoyos margolari inpresionistak maisuki jaso zuen haren muina. Arkolla baserri‑auzoan sartu behar dugu. Hala deitzen diote itsasaldiak haraino iristen zirenean sakonera gutxiko ontziak lotzeko uztaiak edo argoilak zeudelako.
Baserrien eta kale‑etxeen artean Santiago ermitarekin topo egingo dugu. Apostoluaren irudi beltzarana falta zaio, lapurrek eraman baitzuten. Ezkerreko bidea hartuko dugu, eta pixkanaka Jaizubia errekara aterako gara, golf‑instalazioen ondoan. Errepidea zeharkatu eta Urdanibia jauregia dago berehala; Errenazimentu garaiko eraikina da, fatxada harlanduz egina, eta armarria ere badu. Aldameneko etxebizitza‑guneak ere Urdanibia izena du, eta euskal arkitektura du inspirazio‑iturri. Oinez itzul gaitezke, edo garraio publikoa erabil dezakegu.
Festak
[aldatu]Hondarribiarrek oso ondo gordetzen dituzte haien festak eta ohiturak, eta zirraraz gainezka ospatzen dituzte jaiegunak. Ostegun Santua: Eraistearen irudikatzea eta Ehorzketa Santuaren prozesioa harresiz inguratutako hirigunean.
Kutxaren festak ehunka urte ditu; arrantzaleek Santiago egunean ospatzen dute, eta, horrenbestez, aldez aurretik San Pedro egunean hautatutako abade nagusi berriari agintea ematen diote.
Guadalupeko Ama Birjinaren ohorez ospatzen dituzten festak (irailak 8) nazioartean ospea dute. Ekitaldi ikusgarriena Alardea da: ospakizun herritarra, erlijiosoa eta militarra, 1638ko setioaren amaiera gogora ekartzen duena. Izan ere, foru‑eskubideak zirela‑eta tokiko autoritateen aurrean egiten zuten armen ikuskatzea urtero gogora ekartzeko konpromisoa hartu zuten hondarribiarrek. Bolborazko apoteosia, ezkilen errepika, txistua eta danborra, eta ilara diziplinatuak alardearen jeneralaren agindupean.
Pasaia
[aldatu]Fiordo natural batek eta haren inguruko hiru herriguneek osatzen dute marinel‑giroko Pasaia bizia. Udalerriaren izenak Pasajes toponimoa du iturburu, eta haren euskarazko bertsioa hartu du: Pasaia. Industria‑giroko barruti bat (Antxo) eta itsas tradizio handiko bi herrigune (San Pedro eta Donibane).
Pasaiak hiribildu‑titulua eta udalerri propioa lortzeko borroka dialektiko eta fisiko gogorrak izan zituen Hondarribiko eta Donostiako udalekin. 1770ean Pasai Donibane Hondarribitik banandu eta udalerri independente bihurtu zen. Hogeita hamabost urte geroago San Pedrok ere udalerri independente izatea lortu zuen, Donostiatik banandu ostean. Antxo geroago sortu zen, eta 1820an Pasaiako lehenengo alkate konstituzionala izendatu zuten Bonantzako Santo Kristo basilikan.
Portua
[aldatu]Pasaiako historia eta bizitza portuarekin estu‑estu lotuta ageri dira. Udalerriaren izenak ere gogora ekartzen du kanalaren ertz batetik bestera pasatzeko bidaiariek ordaindu behar zuten bidesaria.
Jakin badakigu Erromak bi mendez ustiatu zituela Oiartzungo Arditurriko meatzeak. Blenda, galena eta burdina ateratzen zuten, eta itsas bideetatik esportatzen zuten, Pasaiako portuaz eta Hondarribiko Asturiaga ainguratokiaz baliatuta. Halaber, aro modernoan 8 km‑ko meatze‑burdinbidea egin zuten, minerala Aiako Harriaren erraietatik Pasaian ainguratutako ontzietara eramateko.
Donostiak, Hondarribiak, Oiartzunek eta Errenteriak auzi franko izan dute koroarekin, baita haien artean ere, portuko zergen kobrantzak gorabehera. Auzi horiek zirela eta, Donostiak harrizko dorre handi borobil bat eraiki zuen gaur egungo San Pedroko moila dagoen lekuan, haren portua defendatzeko. 1600ean dorrean bizi ziren alkaideek zortzi erreal kobratzen zituzten batelka bakoitzeko, ezkutu bat ehun gatz‑anegako, eta bi erreal Bizkaiko burdina garraiatzen zuen belaontzi bakoitzaren ainguratze‑eskubideagatik.
Pasaiaren ospeak erakarri zituen masta handiko itsasontziak, ez soilik bertakoak, baita Frantziako eta Holandako ontzi‑jabeenak ere. 1617ko neguan 600 tonako hamar ontzi zeuden ainguratuta.
Ipar Atlantikoko ur izoztuetan (Belle Isle itsasartean edo Kanadako San Lorenzo golkoan) baleak harrapatzen zituzten ontzien itsasoratzea eta lehorreratzea ikusgarria izaten zen. 1554ko maiatzaren 20an albo garaiko hamaika ontzi itsasoratu ziren Pasaian, Labradorreko eta Ternuako kostalde urrunetara joateko baleak harrapatzera.
Pasage hartan (Donibanen, hain zuzen) ontziola ospetsuak zeuden, eta Armada Garaiezinaren zati handi bat hantxe tresnatu zen. Hala azaldu zuen Sert margolariak, Donostiako San Telmo museoan dagoen mural batean.
Kolonen karabeletako bat Pasai Donibanen uretaratu zutela pentsarazten diguten aieru funtsatuak ditugu; zantzu horien frogagiririk ez dago, ordea. Santa Maria karabelaz ari gara, eta haren lehenbiziko izena Mari Galant omen zen. Ontzi‑jabeak jarritako izena zen, antza, emazte ederra atsegintzeko. Etxeari, berriz, Mari Galantenea jarri zion. Donibane kaleko 30.ean zegoen etxea, eta haren aztarnak ikusten ziren orain dela urte batzuk arte. Etxearen azken salerosketa‑eskrituran jabearen izena ageri da, eta karabelaren jabearen izen berbera da.
Filipe III.ak Gipuzkoako fiordo nagusia bisitatu zuen; oso itxura ona hartu zion antza, eta 1621ean Santa Isabel gaztelu gotorlekua eraikitzen hasi zen kanalaren eskuinaldean. Dena dela, gotorlekua ez zen oso eraginkorra izan: 17 urte geroago Frantziako tropak, Condeko printzearen agindupean, badiaren jabe egin ziren eta han ainguratutako ontzi guztiei su eman zieten. 1719an frantziarrek gotorlekua berriro jazarri zuten eta Errege Armadako sei ontzi erre zituzten.
Aitzitik, beste frantziar batek, Lafayette markesak, txoko eder horren ospea hedatzen lagundu zuen. Donibaneko ontzioletan La Victoria ontzia tresnatu zuen beregain; eta, Frantzia ofizialki aurka bazegoen ere, ontzi horrekin itsasora irten zen 1777ko apirilaren 26an, haren lagun George Washingtoni laguntzearren, Amerikako Estatu Batuen independentzia lortzeko.
Batel kementsuek Pasaiako badiako ertz batetik bestera eramaten zituzten bidaiariak, arraunlari‑lanetan ahalegindurik. Irudi horiek itsasertza gizatiarragoa egiten zuten, eta erromantizismo ukitua ere ematen zioten. Filipe IV.a haietaz ohartu zen, eta Madrilgo Retiro parkeko urmaelera eraman nahi izan zituen, baina erregearen eskaintza ez zuten aintzat hartu. Breton Herreros idazleak La Batelera de Pasajes draman goraipatu zituen itsas taxien aurrekari horiek.
Fiordoan aspalditik sustraitutako arazoa da etengabe dragatu behar dela, nabigagarria izan dadin. Jalkin‑lurrek badia lokazten dute, eta Oiartzun ibaiak ekarritako meatze‑isuriek arazoa areagotu dute. Wilkinsonen 1837ko grabatuari begiratu bat ematea nahikoa da bilakaera ikusteko: Errenteria ageri da, eta ibaia nabigagarria da gaur egungo Biteri kaleraino. Udalerri horren izena ere adierazgarria da: portuko salgaien errege‑errentak kobratzen diren lekua.
Herria
[aldatu]Hiru herriguneei erreparatuta, antzinakoena eta tipikoena Donibane da, marinel‑giroaren altxorra. Edozein bidaiari buruargi jabetuko da ondare liluragarri horretaz, baina Victor Hugok eginkizun horretan adierazi zuen maisutasuna ez du gaindituko. Idazlea 1843ko udan egon zen Donibanen, eta haren inpresioak poesia bihurtu zituen Alpeak eta Pirinioak liburuan.
Donibane
[aldatu]Donibane kalea estua eta irregularra da, uraren eta mendiaren oinarriaren artean zizelkatua. Ondo hartu du etxebizitza batzuek, leku‑premiari aurre egiteko edo, kalearen zati batzuez jabetu izana. Harrigarriak dira, besteak beste: antzina‑antzinako Platain etxea; adreiluzko tximini altua, han zegoen portzelana‑fabrika ospetsuaren aztarna bakarra; Arizabalo almirantearen jauregiaren aurrealde barrokoa, armarri galanta duena; eta San Joan Bataiatzailea parrokia‑eliza, XVI. mendean harlanduz egindako eraikin handia, herreriar estiloko portadaz eta erretaula aipagarriaz hornitua. Alboko aldare batean Santa Faustina martiriaren gorputz usteldu gabea gurtzen dute. Frantziako letren jenio handiaren bizileku izan zen etxearen azpian pasatuko gara; gaur egun kultura‑jardueratako erabiltzen dute.
Badiara ematen duten eraikinen lerroa Santiago plazan eteten da. Plaza horretan egiten dituzte herri‑jarduera guztiak; horretarako, pilotalekua eta musikarientzako kioskoa ditu. Udaletxea —fatxada guztia harlanduz egina duen eraikin bakarra— arrantzaleen etxebizitza koloretsuen lerroan ageri da.
Kanalarantz aurrera eginda, Bonantzako Santo Kristo basilika dago; han jasotzen dituzte Donibaneko arraunlari kementsuek irabazitako banderak eta garaikurrak.
Puntasko bidean 700 m inguru aurrera egin eta Santa Isabel gaztelua aurkituko dugu; galeria korapilatsuak ditu, itsaslabarreraino hedatzen direnak.
San Pedro
[aldatu]Kanalaren bestaldean San Pedroko ontziralekua dago. Torreatzeko iturria ikustekoa da eta han datorren ura sendagarria omen da, agian horregatik loreontziz eta landarez apaintzen dute herritarrek.
San Pedroko kaleetan antzinako zenbait etxe daude, armarri eta guzti; esate baterako Etxeberria, eta Blas Lezokoa Olabarrieta (1689‑1741) almirantearen jaiotetxea. Blas Lezokoak Indiasko Kartagenaren (Kolonbiaren) defentsan jardun zuen eta ingelesen ontzidiaren erasoari aurre egiteko borrokan heroia izan zen.
Parrokia‑eliza barrokoa da, XVIII. mendekoa, Martin Karrera arkitekto beasaindarrak eraikia. Handik gertu, arrantza‑ditxoaren ondoan, Trintxerpe dago. Auzo jendetsu horrek eliza modernoa du, Karmengo Ama Birjinari eskainia; hango erretaula Arantzazuko lehengo santutegitik ekarri zuten.
Antxok San Fermini eskainitako parrokia‑eliza du, 1913an egina; eraikinak ez dauka arkitektura‑balio berezirik. San Pedron Itsas Arrantzako Ikastetxe Politeknikoa dago.
Lezora, Errenteriara eta Oiartzunera txangoa
[aldatu]Lezo
[aldatu]Lezoko unibertsitatean, portuko hinterland barruan, Lezoko Kristo mirarigilea gurtzen dute, herriko plazako basilika barrokoan. Tailu gotikoa da, aurpegiera baketsua duena eta bizarrik gabea. Xehetasun hori aipatzekoa da, mundu guztian bizargabeko beste bi kristo soilik baitaude. Tradizio batzuek diote imajina itsasertzean aurkitu zutela. Gipuzkoa guztian, oro har, eta arrantzaleen artean, batez ere, Lezoko Kristoa miresten dute; horrenbestez, eliza ofrendaz beterik dago. Burdina‑hesi artistikoa Matias Lozano burdina‑lantzaile hondarribiarrak egin zuen.
Plazaren inguruan daude, halaber, harlanduz egindako udaletxea, arkuen gainean eraikia, eta aurrealdean armarria duten hainbat etxe. Harrizko mailadi batetik gora igota gurutze‑gangadun parrokia‑eliza handiaren sarrera aurkituko dugu.
Errenteria
[aldatu]Lezotik kilometro batera dago. Errenazimentu garaiko udaletxe ederra du, fraide frantziskotar eta arkitekto Migel Aranburuk eraikia 1605ean. Plazaren albo batean Jasokundeko Andra Mari elizaren portada ageri da, Kristobal Zumarrasti eskultore errenteriarrak egina. Beirate artistikoak XX. mendearen hasierakoak dira. Hiru nabeetan gordeta, ezusteko ugari daude: erretaula gotiko bat, erretaula nagusi neoklasikoa, eta oso ondo egindako tailu eta irudiak.
Oiartzun
[aldatu]Ibilbidea luzatu eta Oiartzun bailara lasaian ibiltzea iradokitzen dugu. Plaza nagusian Udaletxea gailentzen da, eta haren atarian pilotan aritzeko lekua dago. Bailarako zin‑eliza San Esteban parrokia‑eliza bihurtu da. Estilo gotiko mistifikatua du; nabe zabala eta presbiterio goratua ditu, eta Joan Huizik egindako erretaula hotsandikoa da.
Bailara guztiak hara eta hona ibiltzeko gonbitea egiten digu. Zoriz hautatuko dugu Ergoien auzoa, Arditurriko meatzetara joateko. Aiako Harria oso bitxia da —granitozko harkaitz handia, hareharria nagusi den inguruan— eta haren behealdean dago Arditurri, hain zuzen. Ia bi mila urtez ustiatu ondoren, 1985eko amaieran utzi zioten erauzte‑lanei.
Jaizkibeldik barrena zeharkaldia
[aldatu]Oinezko ibilaldia Jaizkibel mendikatearen ipar‑ekialdetik ipar mendebaldera: Pasai Donibanetik Guadalupeko santutegira. Lau orduz atsegin emango digute itsasoko eta lehorreko bista bikain haiek. Eragindako suteen erasoa behin eta berriz pairatzen duen mendi horren gailurrean harrizko dorre handiak daude, karlistadetan eraikiak, zelatarien artean seinale bidezko komunikazio‑sistema erabiltzeko. Orientazio‑mahaiari begiratzea eta bista ederrez gozatzea ezinbestekoa da. Kotarik altuena 543 m‑koa da.
Uliatik barrena zeharkaldia
[aldatu]Platako itsasargitik (San Pedro) ibilaldi bat egitea iradokitzen dugu, Ulia menditik barrena, Donostiaraino. Ezagut dezagun Baleazaleen Harria, talaia naturala, baleak ikusteko eta haiek harrapatzera joateko erabiltzen zutena.
Festak
[aldatu]Pasai Donibanen: ekainak 23, San Joan sua piztu baino lehen Eslavaren hotsandiko Salbea abesten dute parrokia‑elizan; ekainak 24, jai nagusia zaindariaren omenez.
- Pasai San Pedron: ekainaren 29an ospatzen dute zaindariaren eguna.
- Pasai Antxon: uztailaren 7an San Fermin ospatzen dute, parrokiaren zaindaria.
- Trintxerpen: uztailaren 16an Karmengo Ama Birjinaren eguna ospatzen dute.
- Pasai Donibanen: uztailaren 25ean Santioak ospatzen dituzte. Uztailaren 27an marmitakoa guztiontzat, Bonantzan eta plazan prestatua.
- Jaia errepikatzen dute Donibaneko traineruak banderaren bat irabazten duen bakoitzean. Guztiak ere festa alai‑alaiak dira, oso jendetsuak. Ikusteko gauza franko badago: zezenak, txarangak, itsas lehiaketak...
Estropadei eta arrantzatutako arrainei buruzko eztabaiden eraginez edo, Donibaneko eta San Pedroko auzotarren arteko lehia sanoa oso ezaguna da. San Pedrokoek, badiaren beste ertzeko auzotarrei barre egitearren, festetako pasadizo barregarri bat asmatu zuten: Santiago egunean zezentxo bat mutil baten atzetik eskaileretan gora joan omen zen; zezena udaletxeko balkoian agertu zenean, plazan bildutako herritarrek txaloka hartu omen zuten, alkatea zelakoan.
Donibanekoek, berriz, burutsuagoak, hauxe diote: Victor Hugok Miserableak nobela Pasai San Pedrori begirik kendu gabe idatzi omen zuen. Hala ere, odola ez da inoiz Puntasera iritsi.
Donostia
[aldatu]Historia
[aldatu]Hiriburu gutxi izango dira probintziarekin Donostia bezain beste identifikatzen direnak.
Nafarroako bi erregek (Santxo Handiak eta Santxo Jakitunak) zerikusia dute Donostiaren hastapen historikoekin: 1014an, garai hartako hiribildua Leireko Monasterioari eman zioten; geroago, berriz populatzeko forua hedatu zuten, piraten eta kortsarioen erasotik babesteko. Erdi Aroan, Donostia harresitu eta Itzurun mendiaren gailurrean gaztelua eraiki zuten; mendi horri Urgull izena jarri zioten gaskoiek. Merkataritza‑, itsasketa‑ eta industria‑jardueretan aritu zen Donostia, eta aurrera egin zuen, 1813an —Independentzia Gerraren amaieran— hiria errauts bihurtu zuten arte.
Mende erdi bat geroago, harresiak bota zituztenean, hiri berri bat agertu zen: modernoa, europarra, ondo planifikatua, atsegina eta kosmopolita. 1854an, Tolosa hamar urtez hiriburu izan ostean, Gipuzkoaren burutza politiko eta administratiboa bereganatu zuen Donostiak, eta haren eskuetan izan da harrezkero.
Portua
[aldatu]Itsas merkataritza bere‑berea izan dute donostiarrek. Nafarroako Erresumaren portu ofiziala izanik, Flandesko, Ingalaterrako eta Frantziako portuekin hartu‑eman sarriak zituen. Horregatik, 1294an, portu hauekin elkartu zen itsas anaidian: Ondarroa, Getaria, Bermeo, Castro Urdiales, Laredo, Santander eta San Vicente de la Barquera.
Kanadako uretan balea harrapatzen jarduten zutenen artean baziren Donostiako ontziak, baita donostiar itsasgizonak ere, esate baterako Joanes Etxezarreta kapitaina, 64 urterekin erretiroa hartu zuena, Atlantikoa 18 aldiz zeharkatu ostean (1551‑1570). Jarduera arriskutsu horren beheraldian, 1728an hain zuzen, Donostiako portuan baleen merkataritzarako konpainia sortu zuten. Zazpi ontziko flota ere osatu zuten, baina negozioak hamabi urte soilik egin zituen.
Donostiako portuarentzat eta kontsulatuarentzat garrantzi handikoa izan zen Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra. 1730eko udan bi ontzi handi eta fragata jarri zituen lanean. Gerra‑arazoak izan bazituen ere, 19 kostazain eta 380 tonako 10 itsasontzi izatera iritsi zen. Mende erdiko jardunean, konpainia horrek 77.000 tona merkantzia garraiatu zituen, eta Cumanako arrainen ustiaketan (ozeanoaren bestaldean) parte hartu zuen.
Ditxoa, garai batean merkataritza‑jardueraren gune, laketontziez beteta dago. Gainera, ontzi asko lekurik gabe geratzen dira, eta badian ainguratzen dituzte, Klub Nautikoaren ondoan. Zilarrezko haize‑oihalak dituen ontzi bat betiko geratu da hiriaren armarrian.
Hiria
[aldatu]Hiriguneari alde erromantikoa esaten diote, eta Kortazar zabalgunea ere bai, Antonio Kortazar arkitekto hirigilearen omenez, hark diseinatu baitzuen. Multzo harmoniatsua da, eta haren atal guztiak aipatzekoak dira, batez ere itsasoak hiriari emandako opari paregabea: Kontxako badia.
Badia ertzean ibiliko gara, Alderdi Eder parkean, eta Kasino Handia aurkituko dugu. 1887an inauguratu zuten eraikin eder eta lirain hori, Luis Aladre eta Adolfo Moralesek proiektatua, eta 1947az geroztik udaletxea da.
Hiru kale‑kantoi igaro eta Gipuzkoa Enparantzako arkupetara iritsiko gara. Aurrean dugun lorategi botaniko maitagarria Pierre Ducasse maisu lorazain frantziarrak diseinatu zuen, duela mende bat. Bertako zuhaitzak, zuhaixkak, loreak, ur‑jauziak, urmaela (ahateak eta arraintxoak ere bai)... Astronomia‑tenpletea jarri zuten, baita Jose Maria Usandizaga musikari donostiarraren omenezko monumentua ere, Jose Llimona katalanak marmolean zizelkatua. Oasi zoragarria da, trafiko zaratatsuak hartutako inguruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiarentzat ez dago leku aproposagorik. Jose Goikoak egin zuen (1880‑1884), eta bi urte geroago berriz eraiki behar izan zuten, sute batek eragindako kalteen ondorioz. Eraikinak estilo neoklasikoa du, eta atari zabala dauka. Erdiko gorputza zutabe korintiarrek banatzen dute, eta haien gainean dagoen frisoan bost gipuzkoar aintzatsuen izenak ageri dira zizelkaturik: Okendo, Urdaneta, Elkano, Legazpi eta Lezo. Erdiko mailadi maneratsua 45 m2‑ko beirateaz apainduta dago. Munichen egindako beirate horretan Alfontso VIII.ak Gipuzkoako foruen zina egin zuen unea irudikatzen da. Eraikinaren barrualdean hainbat artelan daude.
Lorategiak eta bi kale zeharkatzea nahikoa dugu Antonio Okendo almiranteari egindako monumentuarekin topo egiteko. Martzial Agirre bergararra da haren egilea. Ezkerrean eta eskuinean, berriz, bi eraikin ospetsu: Viktoria Eugenia antzokia eta Maria Kristina hotela. Viktoria Eugenia antzokia, Nazioarteko Zinemaldiaren egoitza da, Frantzisko Urkola arkitekto donostiarraren eginbide onaren adierazlea. Fatxada Urumea aldera du, eta pertsona ospetsuen irudiak ageri dira tondoetan: Arriaga, Eslava, Gaiarre, Gaztanbide, Santesteban eta Peñaflorida kondea. Musika, dantza, komedia eta tragedia irudikatzen duten eskultura‑multzoak ditu. Maria Guerreroren konpainiak 1912ko uztailaren 20an inauguratu zuen udal‑antzoki hori. Aretoaren kupula Ignazio Ugarte margolariaren lana da, eta eskaileraren aurrealdea Asentsio Martiarenarena .
Maria Kristina hotela eraikin bakartua da, lau fatxadak hareharrizko harlanduz eginak. Eraikin bikaina da, munduko hotel‑kate ospetsuenetariko batekoa.
Halaber, aipatzekoa da Artzain Ona katedrala, lorategiz betetako plazaren erdian. Eliza neogotikoa da, Manuel Etxabek proiektatua. 1897ko uztailaren 30ean sagaratu zuten. Artzain Onaren eta lau ebanjelarien estatuak Llimonak eginak dira. Kriptako kaperan Kristo bat dago —Maria Kristina erreginaren oparia— eta margolan bikain bat, haren egilea Murillo dela uste da. Beirate ikusgarriak ditu, eta Europako organo osatuenetako bat, bost teklatu eta ehun eta hogeita hamar erregistro baititu. Kanpandorreko orratzeraino 75 m altu da. Tenpluaren absidea babestu nahian edo, haren atzealdean bi eraikin ageri dira: postetxea, Errenazimentuan oinarritutako estiloa duena, eta Koldo Mitxelena Kulturunea, neoklasikoa eta monumentala.
Urumearen gainean hiru zubi tradizionalak ikusiko ditugu: Maria Kristina, Parisko Senaren gaineko Alejandro III.aren zubiaren parekoa; Santa Katalina, jatorrizko egurrezko egitura harrizko zubi sendo bihurtua 1780an, Kortazar goiargidunak egindako planoei jarraiki; eta Zurriola, kaleargi lodiz apaindua, Kantauri itsasoko ekaitzek errukigabe astindua.
Alde Zaharrean sartuko gara, Urgull mendi‑oinaren gainean oinarritutako antzinako hirigunean. Donostiako eraikin zaharrena hortxe dugu, dendaz eta tabernaz jositako kale estuen artean: San Bizente eliza, estilo gotikoa duena. Altuera desberdinetako hiru nabe ditu, eta sabaian gurutze‑gangak. Erretaula nagusi erromanista sekulakoa da, Anbrosio Bengoetxea artista gorraren lana. Ecce Homoren irudi bakartua, berriz, Felipe Arizmendi donostiarrak egina da.
San Telmo Museoa dominikoen antzinako komentua da. Idiakez tolosarrak, Karlos I.aren idazkariak, sortu zuen 1530ean. Klaustro errenazentista du, eta gurutze‑ganga bikainak. Tenpluan Jose Maria Sert margolariak egindako 17 mihise daude, sepiaz eta urre‑kolorez margotuak, hainbat jardueren adierazpide: gipuzkoar ospetsuen egitandiak, baleen harrapaketa, Pasaiako ontziolak, aingurak forjatzea. Museoko funtsen artean badaude margolanak, eskulturak, euskal altzariak, eta arkeologia‑, paleontologia‑ eta antropologia‑piezak. Gainera, berregituratze sakona egin dute.
Alde Zaharraren bihotza Konstituzio Plaza da: luzarana eta arkupeduna da, balkoietako leihoburuetan elkarren segidako zenbakiak ageri dira, zezen‑jaialdiak ikusteko palkoetan bezala. Hain zuzen, plaza horretan egin zuten munduko lehen gau‑zezenketa, 1886ko abuztuaren 31n. Agora jendetsu horren alboetako batean udaletxe zaharraren aurrealde dotorea dago. Estilo neoklasikoa du, eta Ilustrazio garaiko Silvestre Perez arkitektoak diseinatu zuen. Haren atarian ageri dira sei zutabe doriko, erlojudun friso bat eta hiriaren armarria. Eraikin hori udal‑liburutegia da gaur egun.
Koruko Santa Maria basilikan Koruko Ama Birjina —hiriaren zaindaria— gurtzen dute. Elizak estilo barrokoa du, eta haren oinak hiru nabe ditu. XVIII. mendearen erdi‑aldean eraiki zuten. Haren fatxadak, alboetan bi dorre dituenak, Kale Nagusiaren aurrean ageri den erretaula dirudi. Lehen aipatu dugun Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrak eraikuntza‑lanen zati handi bat ordaindu zuen. Presbiterioan gailentzen da Koruko Ama Birjina, eta San Sebastian martiria irudikatzen duen margolana, Luis Bocciak egina. Klaustroko kaperan Bakearen eta Pazientziaren Kristoa dago, platereskoa, antzinako harresien Lurraren atetik ekarria. Santa Maria inguruan ospe eta itzal handiko gastronomia‑elkarteak daude, herrikoiak direla esaten bada ere; eta Gastronomiazko Euskal Anaiartea ere hortxe dago. Portaletatik sartuko gara arrantza‑portuan. Arrantzaleen etxeak ondo orientatuak eta gozo zainduak daude. Atzean Aquariuma dago, ikusteko gauza franko dituena: Kantauri itsasoko hainbat arrain‑mota bizirik, itsasontzien maketak, arrantza‑tresneria eta itsasoarekin zerikusia duen oro.
Halaber, Untzi Museoa, zaindua eta dinamikoa, ikustekoa da.
Eskailera batzuen bidez Pasealeku Berrira iritsiko gara. Urgull mendiaren iparraldeko mazelan ausardiaz egin zuten pasealekua, itsaslabar zakarraren gainean. Urgull mendiak paseatzeko leku erakargarriak eta bista ederrak ditu. Gailurrean Mota gaztelua dago, eta haren barruan Historiaren Etxea. Motako Kristoa gurtzen dute, XVI. mendekoa. Gainera, Jesusen Bihotzaren estatua handia dago, harrizkoa eta 12,5 m‑ko altuera duena. Tomboloaren ekialdean Ingelesen hilerria dago, Britainiar Legioko soldadu haiek Donostian hil ziren, konstituzioaren aldeko borrokan.
Oteizaren presentzia, haren eskultura monumentalaren bidez, hunkigarria da.
Kontxako pasealeku paregabera jo dezagun, aurrera egin eta Ondarreta bizitegi‑gunera iristeko: etxe dotoreak, lorategiak, eta hondartza segurua, Santa Klara uhartearen babesean. Itsaslabarrean Haizearen orrazia eskultura‑multzoa dago, egileak —Eduardo Chillidak— hiriari emana.
Antiguako San Sebastian eliza eraikin soila da, barrualde modernoa duena. Miguel Angel Alvarez margolariaren muralak daude, eta aurpegiera erregutzailea duen Kristo bat, Julio Beobide zumaiarrak zizelkatua. Elizaren aurrealdetik Miramar jauregiko lorategietara sar gaitezke, Kontxa eta Ondarreta hondartzen artean. Jauregiak estilo gotiko ingelesa du: Selden Wornum arkitekto ingelesak diseinatu zuen. Errege‑familiak 1893ko udan estreinatu zuen.
Egun garbia bada, nahitaezkoa da funikularra hartzea, edo Igeldo mendira daramaten bi errepideetako bat hautatzea, haraino iristeko. Igeldoko jolas‑parketik begiratuta, bista xarmagarriez gozatuko dugu.
Urumearen beste ertzean ere badugu ondare aipagarria, esate baterako: Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa, lehenengo arkitektura‑sariaren irabazlea, Frantzia pasealeku dotorea, Zurriola pasealeku berria, izen bereko hondartza, eta, metro gutxi batzuetara, Okendo almirantearen jaiotetxea (1540an eraikia eta kultura‑etxe bihurtua). Hortik, Ulia mendira igotzeko paseoari ekin diezaiokegu. Bai bista ederrak, alajaina.
Amarako zabalgune modernoan, Pio XII enparantzan hain zuzen, Carlos Buigasek egindako iturri argiztatua ikus daiteke, Kataluniak Donostiari oparitua. Familia Santuaren eliza XX. mendeko 50eko hamarkadan eraiki zuten; proiektua Antonio Camuñasek egin zuen.
Ibilaldiak
[aldatu]Igeldo‑Orio zeharkaldia
[aldatu]Hiritik joango gara Igeldoko jolas‑parkera, Erdi Aroko itxura duen dorre handi baten oinetan. Garai batean dorre hori garrantzi handiko itsasargia zen; izan ere, Atlantiko itsasertz guztian bi itsasargi soilik zeuden: Igeldokoa eta Rigakoa. Errepidea jarraitzen badugu, beherantz begiratu eta senaia bat ikusiko dugu: Tximistarri. Kilometro bat egin ostean, Gudamendiko uso‑tiroko zelaira joateko bidea hartu eta bista paregabeak ikusiko ditugu. Pixka bat aurrerago, Igeldoko herrigunea, meteorologia‑behatoki ospetsua eta kanpina. Mendizorrotz aldera jarraitu eta gailurretan barrena Oriora doan mendi‑bidea hartuko dugu.
Donostia-Asteasu-Aia-Orio-Donostia ingurubira
[aldatu]Maria Kristina erreginak gehien maite zuen ibilbidea da. N‑1 hartu eta Villabonara iritsiko gara, han Asteasura joateko bidea hartuko dugu. Bi herrigune ditu Asteasuk: Elizmendi eta Kalea.
Lehenengoan San Pedro eliza gailentzen da; 1870ean tximistak hondatu zion kanpandorrea, eta erabat berreraiki gabe geratu zen. XVI. mendekoa da, eta sekulako erretaula barrokoa du apaingarri; erretaula hori egiteko 114 gaztainondo, 16 haritz eta 13 intxaurrondo behar izan zituzten. Migel Jauregi me fecit. Aldarean San Pedro ageri da, eta haren emaztea: Santa Petronila. Bataiategi gotikoa ere ikustekoa da.
Bailaran —kalean— udaletxea gailentzen da. Kareharrizko harlanduz egindako eraikin barrokoa da; aurrealdean balkoi luzeak ditu, eta burdin forjatuz egindako karelak.
Andazarrate mendatea igotzeari ekingo diogu, baserriak eta bista ederrak ikusiz. Gaina igaro eta kilometro gutxira Aiako unibertsitatea: plaza xarmagarria, pilotalekua eta proba‑plaza, idi‑demak egiteko (idi‑uztarrien bidez harritzarrak herrestan eramateko, alegia). San Esteban eliza XVI. mendeko tenplu handia da; gotikoaren arrastoak ditu eta ganga artistikoa dauka.
3 km gehiago egindakoan Laurgain oinetxea aurkituko dugu —Gipuzkoako zaharrena ziur asko— eta abiadura jaitsaraziko digu. San Migel eliza barrokoa Lardizabal familiak egin zuen (feudo txikiko jaun‑andreek, alegia). Foru Aldundiak helburu didaktikoetarako egokitu du Laurgaingo natura‑parke ederra.
Mendi‑bide horrek N‑334 errepidearekin bat egiten du Orioko gainean, eta hortik jarraituko dugu Usurbilera iritsi arte. Usurbilgo elizak estilo barrokoa du eta Frantzisko Ibero izan zen proiektuaren egilea; haren kanpandorreaz harro daude usurbildarrak. Bi etxe dotore aipatzekoak dira: Saroe oinetxea, elizaren aurrean dagoena, karpanel‑arku bikoitzeko portada landua eta harlanduzko fatxada duena, kantoiak kuxinduta; eta Atxega etxea, hura ere barrokoa.
2 km‑ra, Oria ibaiaren bestaldean, Zubieta auzo maitagarria dago: sagardotegiak, pilota‑jokoa eta Santiago eliza. Oso gertu etxe historiko bat dago: Aizpurua, euskal estiloko eraikina. 1813ko abuztuaren 31ko sutearen ostean, hantxe bildu ziren donostiar adoretsu batzuk eta hiria berreraikitzea erabaki zuten.
Kostaldeko errepidea hartuko dugu berriz ere, ingurubira Donostiako izen oneko jatetxeren batean amaitzeko. Badugu non aukeratu, alajaina.
Donostia‑Hernani‑Ayete‑Donostia ingurubira
[aldatu]Urumearen ertzetik, auzo jendetsuetatik pasatuko gara (Loiolatik eta Martutenetik, hain zuzen) eta Astigarragara iristean udaletxearen harlanduzko fatxada itzela ikusiko dugu. Eliza, berriz, Parkeko zuhaitzen artean erdi gordeta dagoen eragin handiko etxe baten lur‑sailetan egin zuten: Murgia oinetxearen lur‑sailetan, hain zuzen.
Hernani zain dugu, industriaz jositako 2 km‑ko ibaiertzean aurrera eginda. Kale Nagusiak arkitektura‑tratatu bat dirudi: etxe dotoreak (Egino, Zaragueta, Rocaverde), aleroi landuak, armarriak, forja, harlandu bikainak. Kaleak plazara garamatza: udaletxe ederra eta San Joan Bataiatzailea parrokia‑eliza. San Agustin komentuak portada erromantikoa du.
Ibilbidea luza dezakegu: Epeleko, Fagollaga, Ereñozu, Latxe zar —Txirrita bertsolariaren omenezko monumentua hortxe dago— eta, Urumean gora eginez, Nafarroan sar gaitezke; hartara ezagutuko ditugu Añarbe urtegia (Donostiarren egarria asetzen duena), Alduntzin jauregia eta Goizuetako herrigune ederra.
Donostiara itzuliko gara Aiete auzotik barrena. Aieteko elizan Kristo erromanista dute, Antxietaren eskolakoa. Aiete jauregian geldituko gara: XIX. mendeko frantses aireko eraikina da, Bailengo dukeena izandakoa, eta lorategi dotoreak publikoak dira.
Donostiatik abiatuta, egun bateko txangoak egin daitezke Gipuzkoako edozein lekutara, errepide‑sarea ona baita, eta distantziak labur samarrak.
Festak
[aldatu]Sarriegiren abesti zahar batek hala dio. Jai‑giro alaia nahi izanez gero... Donostia!
Urtarrilaren 19an San Sebastian bezperako danborrada, Momo jainkoaren etorrera inauteriak iragartzera, Inudeen eta artzainen konpartsak, Hungariako kaldereroak, inauteriak (adiera hertsian), Aste Nagusia, Kontxako estropadak irailean, Jazzaldia, Euskal Jaiak, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, San Tomas feria...
Ibilgailuak oso hedatuak daude eta garraio publikoak ezin hobeak dira; horrenbestez, Gipuzkoa osoak Donostiara jotzen du, eta Aste Nagusia bere egiten du. Jai‑egitaraua luzea eta zabala izan ohi da, eta Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa gailentzen da.
Abarkadunoi iruditzen zaigu Donostia, orain ere, belle epoque garaiko hiri kaskarina eta ludikoa dela.
Orio
[aldatu]Portua oso baliagarria izan zitekeela aintzat hartuta, Joan II.ak Orioko lurraldea Donostiakotik banandu zuen, eta hiribildu berriari izen hanpurus hau eman zion: Villa Real de San Nicolás de Orio.
Itsasadarra eta portua
[aldatu]1379an ekin zion Orioko udalerriak, gorde antzean, adin‑nagusitasunaren ibilbideari. Mende bat geroago, pozez jauzika hasi ziren oriotarrak, Errege Katolikoek emandako erregaliaren berri izan zuenean: bidaiariak, zaldiak eta salerosgaiak itsasadarraren ertz batetik bestera eramateko monopolioa. Zerbitzu horien truke, tarifa hauek jarri zituzten: pertsona bakoitzeko marabedi bat, zamarik gabeko abere bakoitzeko bi marabedi, eta abere zamadun bakoitzeko hiru marabedi.
Zubirik ez zegoenez, ez dago esan beharrik diru‑iturri finko hori garrantzi handikoa zela udalaren diru‑kutxa betetzeko.
Orioko historia betiere Oria itsasadarrari estu‑estu lotuta ageri da. Izan ere, naturarekin etengabeko auzitan ibili da Orio, hondar‑barra arazotsua dela eta. 1533an Gipuzkoako Batzar Nagusiak erabaki zuen Oriori laguntza ematea itsasorako irteera hobetzeko. Serapio Mujikak Guipúzcoa monografian aipatzen du zenbat aldiz eskatu zien Oriok laguntza errege‑erreginei eta diputazioari hondar‑barra eta moilak zaintzeko.
1609an beste albiste batek oriotarren poza eragin zuen; izan ere, erregeak diru‑kopuru galanta eman zuen lehenengo arrantza‑kaiaren zimenduak jartzeko: 14.000 dukat, hain zuzen. Gabriel Hoa oriotarrak —Filipe III.aren estatu‑idazkariak— diru‑laguntza emateko erabakian eragin zuela irizten diotenak ez dira, ez, oso oker ibiliko.
1903an, itsasadarra bideratzeko ezponda berreraikitzea eta Arribiribilla esaten zioten harkaitz arriskutsua leherraraztea erabaki zuten. Aurrekontua 22.000 pezetakoa zen; diputazioak erdia jarri zuen, eta beste erdia udalak eta Orioko arrantzaleen kofradiak.
Geroago, itsasadarra zabaltzeko eta dragatzeko zenbait obra egin zituzten, guztiak ere premiazkoak. Izan ere, hondar‑barra 6 oineko sakoneran geratzen zen itsasbeheran, eta 22 oineko sakoneran itsasgoran; horrexegatik, itsasontziek nahiago zuten itsasgora, zailtasun eta arrisku txikiagoz lehorreratzeko edo itsasoratzeko.
(Gaur egungo egoera oso bestelakoa da: hobekuntza handiak egin dituzte eta kirol‑portua eraiki dute. Ikustekoa da benetan.)
Arrantza
[aldatu]Oriotarren jarduna epikoa izan zen, Belle Isle itsasartean eta Kanadako Labrador penintsula aldean baleak harrapatzen aritu zirenean. Juan Martinez Larrume marinel oriotarraren testamentua, 1577koa, Kanadan idatzitako testamenturik antzinakoena da.
Diputazioak 1944an argitaratutako La Industria pesquera de Guipúzcoa a finales del siglo XVI liburua irakurtzean, Gipuzkoa izeneko eremu zoragarri hartan arrantzak zuen garrantzia ondorioztatzen da.
1599ko errege‑agindu batek —errege‑idazkari Kristobal Ipiñarrieta urretxuar ospetsuak sinatuak— korrejidoreari agintzen zion arrantza‑industriaren egoerari buruzko txostena egitea.
Orioko arrantzaleen izenean, Josepo Etxaniz eta Lazaro Segura mintzatu ziren, eta adierazi zuten Orioko itsasadarrean mihi‑arrainak, lupiak, kolakak, izokinak, korrokoiak eta beste arrain txiki batzuk harrapatzen zituztela. Ibaian gora joanez gero, berriz, amuarrainek, barboek, aingirek eta izokinek heltzen omen zioten amuari.
Izokinak oholesitan edo nasetan harrapatzen zituzten, eta nasa horiek itsasadarrean eraikitzeak 150 dukat balio zuen. Lau gizon aritzen ziren haien zainketa‑lanetan. Nasa horien errentaren ordainetan 1.045 kobrezko erreal hartu zituen Orioko udalak 1594an, eta handik lau urtera %10 gehiago.
Izokin fresko hori merkatariek eta mandazainek erosten zuten, eta haien abere‑taldeekin beste eskualde batzuetara eramaten zuten. Arrain gutiziatu horren libra bakoitza bi errealen truke saltzen zuten, eta amuarrainak erreal baten truke. Oria ibaian berebiziko izokin‑mordoa zegoen: XVI. mendean Tolosako Santa Maria eliza eraikitzen jardun zuten harginek idatzizko protesta aurkeztu zuten, ia egunero izokina ateratzen zietelako bazkaltzeko.
Antxoa gazitua eta gozatua, hiru hilabeteko kontserbazio‑bermea zuena, frantsesek erosten zuten barra‑barra.
Geroago nazioartean ospe handia hartu zuten Aginagako angulak, Oria itsasadarrean harrapatuak, Oriotik goraxeago.
Herrigunea
[aldatu]Historikoa eta bitxia da Orioko herria. Antzinako herrigunea Oriaren eskuinaldean dago, mendi‑magalean, San Nikolas Barikoa elizaren inguruan pilatuta. XVI. mendean berreraiki zuten eliza, eta barrualdean bi horma‑bular ditu, erlijio‑eraikin gutxik bezala.
Erretaula nagusia rococo estilokoa da, eta alboko aldarean Maria Magdalenaren irudi bikaina du, Gaztelako Gregorio Hernandez santugilearen eskolakoa. Herriko zaharrenek esan ohi dute elizako ezkilen soinua Hernanitik ere entzuten zela.
Eliz ataria eta sarbide pikoak oso tipikoak dira, baita Sakilla pasabidea ere (egurrezko zubi txiki eta xumea, kalearekiko perpendikularra, eliza eta etxebizitza bat lotzen dituena). Beste pasabide bat, Saletxo esaten diotena, antzinako kaiaren mugan jarrita dago.
Kaleetan barrena ibiltzea iradokitzen dugu (Kale Nagusia, San Joan, Elizaldeko aldapa, Goiko kale, Pilliku plaza), eskaileretan, erretenetan, pasabideetan... etxe begiragarrien artean (Piedadia, Miranda, Pilliku, Kolon txiki, Hendaia, Ospital zar eta ehunka urte dituzten beste etxe batzuk), eta haien bitxitasunei erreparatu: anagramak dobelatan, ateburu zizelkatuak, harri eta egur landuak, armarriak etxeen aurrealdean. Eta Napoleonen tropek egindako harzola zapaldu. Izan ere, artilleria astuna Lizargarate gainera eramateko egin zuten harzola; hartara, Gipuzkoako ibairik luzeenaren meandroa mendean hartu zuten.
Orioko ur‑bazterrean oinezkoentzako pasealeku bikainak egin dituzte.
Hondartza itsasadarraren bokalearen eskuinaldean dago. Itsaslaster arriskutsuak ditu, baina, hala ere, hara joateko joera handia du jendeak. Itsasadarraren beste ertzean Oribar zar hondartza txikia dago, Aiako udal‑barrutian; izan ere, Mollarriraino iristen da Aiako udalerria.
Hondartzatik gertu San Joan Antilla ermita dago. Ermita horretan herritarrek Itsasoko Ama Birjinaren irudiari otoitz egiten diote. Tradizioak dioenez, itsasoan aurkitu zuten irudia.
Igeldora ibilaldia
[aldatu]Donostiako Igeldo auzora garamatzan bidea kotxez joateko modukoa bada ere, ibilbidea oinez egitea iradokitzen dugu. Bi ordu pasatxo beharko ditugu, itsasbazterreko bistekin gozatzeko denbora kontuan hartu gabe.
Lizargarate baserri‑auzotik barrena joango gara (hilerri ondoan). Antzinako via crucis bati dagozkion gurutzeak bidelagun izango ditugu ibilbidearen zati batean.
San Martin Tours ermita ederra, bidezkoen eta erromesen babeslea, zain dugu Bilbo‑Behobia autobidearen lubaki gainean. Abside laukizuzen itsua du, eta bi isuriko teilatua. Aleroetako bat luzeagoa da, egurrezko eliz atari rustikoa estaltzeko. Erretaula nagusian Erdi Aroko santu ezaguna dago. Albo batean, Bakearen eta Pazientziaren Kristoa, pathos handia eragiten duen ikonoa. Oriotarren artean, norbait haserretzen denean San Martin ermitara bisita egiteko esaten diote.
Zalantzarik gabe, bide hori hautatzen zuten erromesak oso babesean sentitzen ziren; izan ere, ermitako erretaula polikromatu batean San Roke —erromesen eredu— ageri da. Ermitaren ondoan zegon, garai batean, Orioko lazaretoa; gaur egun, sasiak hartu ditu haren aztarnak. Bidetik zertxobait aterata, Kukuarri mendira igo gaitezke; 362 m‑ko altuera du, eta “Orioko mendia” da, beste guztien gainetik. Gailurrean, harkaitz baten gainean, Jorge Oteizak egindako Andra Mari bat dago, egile oriotarrak herriko mendizaleei oparitua 1953an. Itsasaldeko mendikate txiki horren gailurretatik oso gertu doa ibilbidea, Benta baserriaren ondotik. Mendizorrotz, antenaz betea, gertu‑gertu ikusiko dugu.
Igeldon, Gipuzkoako meteorologia‑behatokiaren aurretik pasatuko gara. Haren sortzailea, Juan Migel Orkolaga, Igeldoko plazan jarritako monumentu batean betikotu dute.
Aiako ingurubira
[aldatu]17 km‑ko ibilbidea egingo dugu kotxez, paisaia ederren artean. Aiako unibertsitatera igoko gara San Pedro auzotik barrena. Gero, Laurgaindik itzuliko gara, Gipuzkoako Foru Aldundiak zabaldutako natura‑parkea hori bisitatu ostean (Aia eta Laurgain deskribatu ditugu jada Donostiari dagokion atalean.)
Egun zoriontsu batean, Altxerriko Paleolito garaiko haitzuloak bisitatu ahal izango ditugu (iltzez eta giltzez itxiak). Tren‑geltokitik kilometro batera daude haitzuloak, gutxi gorabehera. Zulobide zabal haietan gordeta daude ehunetik gora margolan eta grabatu: bisonteak, oreinak, zaldiak, zezenak, ahuntzak eta arrainak.
Festak
[aldatu]Oriok San Pedro jaiak ospatzen ditu ekainaren 29an; San Nikolas Barikoa abenduaren 6an; eta Orioko arraunlari txalotuak —Orioko mirotzak— estropadaren batean irabazitako bandera herrira ekartzen duten bakoitzean ere bai (eta ez da gutxitan izaten, alajaina). Banderek eta banderatxoek horitzen dute Orio!
Zarautz
[aldatu]Historia
[aldatu]Hiribilduaren sortze‑data 1237 bada ere, historialariek adierazten dute Fernando III.ak sinatutako dokumentuan zehazten dela foruaren berrespena dela. Horrenbestez, badakigu data horren aurretik bazegoela zarauztar herriguneren bat, Zarautz etxe boteretsua bazegoen bezalaxe, haren ikurritzei jarraiki: Zarautz baino lehenago Zarautz. (Elizaren inguruan berriki egindako indusketek hala zela berretsi dute.)
Mendeetan, hiribilduko biztanleen bizimoduak nekazaritza eta arrantza izan zituen oinarri. XIV. mendearen amaieran, Getariarekin batasun ofiziala itundu zuten Zarautzek; baina laburra izan zen, eta bien arteko liskar franko izan zituzten, agian getariarrek ere antzeko interesak defendatzen zituztelako.
Bitxia bada ere, Gaztelako errege‑erreginek foruak eman zizkioten Zarautzi, harrapatutako balea bakoitzaren zati baten truke. Okel zati hori ateratzeko, balea luzetara ebakitzen zuten, burutik isatsera.
Zarauztarrek erakutsi zuten baleak harrapatzen oso trebeak zirela. Arrantzale‑kofradiaren aktetan ageri da 55 balea harrapatu zituztela 1636tik 1801era bitartean. Halaber, alegiazko kontakizunetan azaltzen dute arpoiaz zauritutako beste balea batzuen ihesa. Hortaz, ez da harritzekoa antzinako udal‑armarriaren hirugarren kuartelean balea agertzea.
Gai horren ildotik, Zarautz‑Ganboa etxeko ateburuan (Azara kaleko 4. zenbakian) artistaren batek xaloki zizelatu zuen balearen harrapaketaren eszena, ziur asko etxe horretan jaiotako seme baten lanbidearen gorazarretan. Ganboa kapitain balea‑harrapatzaile hark, gainera, abizena eman zion Kanadako Labrador penintsulako golko bati.
Zarauzko arrantzaleek ez zuten babes‑porturik, eta hondartzan bertan lehorreratzen zituzten ontziak. 1859an portu txiki bat eraiki zuten arrantzale profesionalen eta kirol‑arrantzaleen ontzi txikientzako. Horretarako, senaia zabalaren mendebaldeko Alle puntaren babes naturalaz baliatu ziren.
Baina gauzak erabakita zeuden, eta Zarautzen metamorfosia gertatu zen: arrantzale izatetik bainu‑hiri izatera. Isabel II.ak 1865ean eta 1866an Zarautzen egin zituen udaldiak erabakigarriak izan ziren. Erregina Narros jauregian egon zen, eta han jakin zuen koroa galdu zuela. Erreginak gorteko jendea eta nobleak erakarri zituen, eta Zarauzko ibar ederrean, Santa Barbaratik Talaimendira, jauregitxoak egiteari ekin zioten. Hala ere, Zarautzek ez zuen inoiz galdu haren nortasun euskaldun sendoa.
Monumentu natural nagusia, berebiziko jendetzak erakartzen dituena, ia 3 km‑ko hondartza zabala da, mendebaldeko Alle puntatik hasi eta ekialdeko Mollarriko uharte txikietaraino. Gipuzkoako hondartzarik zabalena da.
Hirigunea
[aldatu]Balio historiko eta artistiko nabarmena duten arkitektura‑monumentu ugari daude Zarautzen.
Eliza
[aldatu]Santa Maria Erreala parrokia‑elizak estilo gotikoa zuen hasieran, baina gero berritu egin zuten. Latindar gurutzeko oina du, eta kupula‑gangak, hormetan sartuta dauden zutabe karratu batzuk abiapuntutzat hartuta.
Errenazimentu garaiko erretaula itzela da, XVI. mendearen amaieran Andres Araozek egina, neurri handi batean. Garai bertsukoa eta inguru berekoa zen Anbrosio Bengoetxea, alboetako bi aldareen egilea.
Elizaren bitxitasun batek atentzioa ematen du: kanpandorrea antzinagoko eraikina da, Erdi Aroko dorre‑gotorlekua, Zarautz leinukoak babesteko eraikia. Leinu horretako kideak elizako albo‑kapera batean ehorzten zituzten, bertakoek erromesen hilobia esaten dioten lekuan. 1536an egungo Narros jauregia eraiki zuten, antzinagoko Zarautz etxearen hondakinen gainean. Errenazimentuko estiloa du; sarrera nagusia puntu erdikoa arkua da, dobela ederrak ditu, haien gainean armarria, eta garitoiak eta pinakuluak kantoietan. Hareharrizko harlanduz egindako horma sendoak ditu, eta goialdean almenak. Kresalak begirunea izan die, ez ditu hondatu.
Alde Zaharra
[aldatu]Kale Nagusian ikustekoa da Dorre Luzea, XV. mendeko arkitektura zibilaren tradizio gotikoa duena. Harlanduz egina, hutsarte trilobulatu bikiak, mentsulak eta urkamendiaren euskarri ziren ezproi ausartak ditu. Sarbide nagusian patin‑eskailera bat dago. Barrualdean XVI. mendeko olioak daude, erlijio‑gaiei buruzkoak. Zarautz etxearen jabeak agindu zuen etxe dotore eta bitxi hori eraikitzea, ezkontzaz kanpoko alabaren bizileku izan zedin. Joakin Irizar arkitektoak zaharberritu zuen 1958an.
Zahartzarora iritsi eta berritzea merezi duen beste etxe bat Makatza da, Musika Plazara ematen duena.
Udaletxea, berriz, Portu jauregian dago; harlanduz egindako eraikina da, eta forjazko balkoiak ditu. Plazara ematen duen fatxadan bi zutabe joniko ildoxkatu ditu alboetan. Beste eraikin bikain bat Zigordia kalean dago: Dotorekua. Joan Ortiz Zarautz doktoreak eraiki zuen XV. mendean.
San Frantzisko komentua Joan Mantzisidorrek, Filipe III.aren idazkariak, eraiki zuen 1610ean. Haren barrualde xumean, bi taula flandestar daude alboetako aldareetan. Komentuaren ondoko plazatxoan termino‑gurutze bat dago; baina haren balioa txikiagoa da piezaz pieza Donostiako San Telmo museora eraman zuten XIV. mendeko gurutze gotikoarena baino.
Moja klaratar frantziskotarrak ere monasterioa dute Azken Portun (Zarauzko aldirietan). Eraikin sendoa da, harlanduzkoa; estilo xumea eta soila. Hiru hutsarteko kanpai‑horma du, Gaztelako ohiturari jarriki. Mariana Zarautz izan zen komentuaren sortzaile.
Gaur egungo artisten hainbat eskultura ageri dira hiriko plaza eta lorategietan. Hiribide nagusietako bati Pascual Madoz izena jarri zioten; izan ere, idazle eta politikari horrek, Isabel II.aren Ogasun ministroak, Zarauzko hiri‑ eta gizarte‑garapena sustatu zuen. Espekulazioaren erasoa gogorra izan arren, XIX. mendeko frantses estiloko jauregitxo batzuk iraun dute, eta eraikin berrien pragmatismoarekin kontraste handia nabari zaie.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Denborak aurrera egin duelako gorputzaren ahalmenak zertxobait murriztuak dituztenei paseo apartak egiteko aukera ematen die Zarautzek.
- Hondartzako malekoia.
- Talaimendira igotzea. Berebiziko bistak izango ditugu gure aurrean. Han goitik, talaiariak balearen presentziaren berri ematen zien arrantzaleei.
- Zarauztik Getariara. 3 km‑ko oinezko ibilbide zoragarria da, Kantauri itsasoaren ertzean.
Aizarnara ibilaldia
[aldatu]Kotxea izanez gero, Zarauztik egin daitezkeen txangoak kontaezinak dira.
Oraingoan, parrokiaren aurretik abiatu eta Meagas bidea aukeratuko dugu. Hamar bat kilometro egin ostean, Aizarnarako bidea hartu behar dugu.
Baserri‑giroko auzoa da Aizarna, Zestoako antzinako herrigunea. Ertxina mendiaren magalean uzkurtuta dago, arro endorreiko edo karstiko batean, eta euri‑ura zulote edo isurbideetan barrena desagertzen da.
Herriak plaza txikia du: etxe txikiz osatutako bi kale (laukizuzenean), eliza, eta ermita. Ermitaren absidea pilotan jokatzeko frontis bezala erabiltzen dute.
Andra Mariaren parrokia‑eliza harro egoteko modukoa da. Handia, bikaina, XVI. mendeko gurutze‑gangak ditu, eta koru azpia oso landua. Alboko kaperan —alegia, Egako Granadako dukeen ehorzketa‑kaperan— flandestar eskolako triptikoa ikusiko dugu; egilea Van Conixloo dela uste da. Erretaula nagusia barrokoa da, eta kolonien eragina nabari zaio.
Esan ohi dute Napoleonen soldaduek hutsarte bikoitzeko portada platereskoan zeuden estatuak harrapatu zituztela. Ama Birjina geratu zen, mainela apaintzen duena. Irudi ederra, bai horixe.
Gertu dago Aranburu baserria, mahatsondo batek itzal egiten diola. Etxe horretan jaio zen Argentinako presidente ohi Pedro Eugenio Aranbururen aita.
2 km gehiago eginda, asfalto‑bide batek kareharrizko muino baten oinetan utziko gaitu. Muino horren gailurrean dago Santa Engrazia ermita ospetsua, promesen eta mendizaleen ikurra. Hain zuzen ere, mendizaleek 1975ean zaharberritu zuten, auzo lanean, antzinako garaietan egin ohi zuten bezala. Santa Engraziaren irudi rustikoa bekozko ilunez begira dago...
Belaunez belaun hedatu den elezahar batek dio ermitako ezkila handia, kanpai‑horman ozta‑ozta ahokatzen dena, Apategi baserriko ahari gihartsuak ekarri zuela Aizarnatik.
Santa Engraziatik ikusten diren itsasaldeko eta barrualdeko bistak zoragarriak dira benetan.
Ermita hori bisitatzeak merezi du. Aintzat hartzekoa da; Joan Sebastian Elkanok ere urrezko dukat bat utzi zion haren testamentuan.
Urdaneta eta Aiako Altzola
[aldatu]Zarauztarren bizkarraldea babesten duen ibar zabalean, hainbat industrien kokalekuan, Urdaneta baserri‑auzorako asfalto‑bidea hartuko dugu. Pagoeta da bertakoek gehien maite duten mendia, eta haren magalean dago Urdaneta, hain zuzen.
4 km egin ostean, auzoaren apaltasuna eskaintzen digu Urdanetak: baserri batzuk eta San Martin Gotzaina eliza. Haren arkitektura sailkaezina da, hainbeste berritze‑lanen ondorioz.
Bakardadea maite duenak Aiako Altzola auzoraino oinez jarraitzeko aukera du. Badirudi baserri‑auzoak haren hutsaltasuna ezkutatu nahi duela mendi‑hegal zakarren artean, Gazumetik Pagoetarako bidean dago, Altzolarasko sakan goibelean amiltzeko zorian.
Eliza txikia San Romani eskainia da. Baserri hutsak ikusten dira, abandonatuak, eta hirukoiztar oinutsen serorategiaren aztarnak; izan ere, moja haiek leku erosoagoa eta klima hobea aurkitu zuten Zarauzko ibarrean 1625ean.
Aisialdia eta festak
[aldatu]Uda guztian Zarautz kosmopolita horretan festaz festa ibiltzen dira: berbenak, dantzak, estropadak, arrantza‑lehiaketak, golf‑txapelketak, tenisa, zezen boladunak, pilota, su artifizialak, herri‑kirolak, pintura erakusketak.. .
- Hala ere, egunik handiena abuztuaren 15a da, Andra Mari jaia.
- Ekainaren 26an, San Pelaio egunean, jai egiten dute, eta udako festa‑giroan sartzen dira.
- Irailaren 9an, Arantzazuko Ama Birjinaren jaiegunean zalaparta batean ibiltzen dira zarauztarrak: euskal jai ikusgarria antolatzen dute, eta udako festa‑giroari agur esaten diote.
Getaria
[aldatu]Historia
[aldatu]Getarian sortu zen Gipuzkoa; izan ere, probintzia antolatu bat eratzeko lehen urratsak hantxe eman ziren. Gogora ekar dezagun parrokia‑elizako koruan bildu zela Gipuzkoako Anaiartearen Batzar Nagusia 1397ko uztailaren 6an, eta hirurogei legeen zerrenda onetsi zutela. Geroago, lege haiek gure foru‑legeriaren oinarri eta abiapuntu izan ziren.
Getaria Euskal Herriko hiribildu zaharrenetakoa da, 1204an sortu baitzen. Gainera, leku estrategikoan egonik, Gaztelako zenbait errege‑erreginek Getaria babesteko eta hari salbuespenak emateko joera zuten; izan ere, ontzi onak eta marinel zailduak aurkitu zituzten Getarian, gerrara bidaltzeko modukoak.
Erregalia horiek eta badia segurua lagun, San Anton uhartearen babesean (gaur egun istmoa), Gipuzkoako udalerri aberatsenetakoa izan zen Getaria.
Arrantzale onak izatearen ospea ondo merezia dute getariarrek; eta, garai hartan, baleak harrapatzen ere bikain aritzen omen ziren. Harrapatu diot, ugaztun handi horiek harrapatu egiten baitira, eta Getariako marinelek oso esku onez jotzen zituzten arpoiz.
1376an Enrike II.ak Getariari oparitu zion harrapatzen zuten lehenengo balearen erdia, tradizioz erregeari eman beharrekoa baitzen. Hiribilduaren armarri ofizialean arpoiz jotako balea ageri da. Gogoan dugu azkena 1878an harrapatu zutela; historiak, folkloreak eta herri‑tradizioak haren berri eman digu, zarauztarrek iseka bertsoak atera baitzituzten.
Halaber, Getariako uretan harrapatutako balea baten eskeletoa erakusten dute Kopenhageko zoologia‑museoan; haren izen zientifikoa da Balaena biscayensis.
Balea gure kostaldetik desagertu zenean, getariarren ontziak bisiguak, txipiroiak eta Kantauri itsasoko beste arrain gozoak harrapatzen aritu ziren.
Getariako portua senaia naturala da, itsasoaren erasoetatik oso babestua.
Hasierako tamaina apetatsuaren kaltean izan bada ere, Euskadiko Portuetarako gida‑planean sartzean Getariako portuak hobera egin du, bai haren zabaltasunari bai instalazioei erreparatuta. Horrenbestez, iparraldeko dikea 120 m luzatu dute, eta 150.000 tona harri behar izan dituzte horretarako. Hegoaldeko kontradikeak, berriz, portua erabat babesten du. Getariakoa ez da jada arrantza‑portua soilik; izan ere, Klub Nautikoko belaontzi, txalupa motordun eta kanoa ugari daude han ainguratuta.
(Orioko portuaz aritu garenean esan bezala, aldaketaz jabetzeko ikustea da hoberena).
Herrigunea
[aldatu]Hirigintzari erreparatuta, arkitektura‑multzo harmoniatsua da Getaria; marinel‑girokoa, zalantzarik gabe. Portutik antzinako herrigunera igoko gara. Artzapeko plazatxotik begira, arima lasaitzen zaigu, Gipuzkoako eta Lapurdiko itsasertzaren zati handi bat begien aurrean hartuta. Zarautz gertu‑gertu dugu, Getariako portua gure oinetan.
Eliza
[aldatu]Katrapona tunela esaten diotena zeharkatuko dugu, San Salbatore elizaren kripta moduko bat, alegia. Eliza benetako altxor gotikoa da; XIV. mendearen erdialdean, eraikuntza‑lanak amaitu gabe bazeuden ere, gurtzarako han biltzen hasi ziren. Begien bistakoa da eraikin irregularra dela; horren arrazoia da zimenduak malkarrean jarrita daudela.
Erdiko nabearen harrizko barne‑hormak triforio batez estilizatuta ageri dira. Gurutze‑gangan izar formako irudiak ageri dira eta giltzarriak arte handiz zizelatuak daude. Portada eta zortzi aldeko kanpandorrea beranduago egin zituzten, XVII. mendean.
Gipuzkoa probintzia‑egitura politiko eta administratibo bezala sortu zen lekura sartu nahi badugu (korura, alegia) bi aukera ditugu: kaletik zuzenean sartzea, edo eliza barruko eskailerak erabiltzea. 1836ko sutean zenbait erretaula desagertu ziren, eta koruko harlanduak ere bai.
Karlos Elgezua eskultore eibartarrak egindako kristo gurutzatua dago presbiterio jasoan, eta ofrendatzat emandako itsasontzi bat ere badago.
Elkano gogoan
[aldatu]Kale Nagusian gora plazara iritsiko gara. Udaletxea 1922an inauguratu zuten, Elkanoren egite gogoangarriaren laugarren mendeurrenean, eta pilotalekua hari erantsita dago.
Juan Sebastian Elkano getariarra izugarri maite dute herrikideek. Munduan pertsonai ospetsu gutxi dira, herrikideen hainbesteko miresmena dutenak. Getariarrek brontzezko estatua bat jarri zuten Elkanoren omenez, Parisen egina eta Katrapunako idulkian jarria 1861ean; baita marmol zuriz egindako beste estatua bat ere, Belver eskultoreak egina eta herriko plazan jarria 1934an; eta beste monumentu bat jarri zioten pilotalekuaren ondoan: Victoria ontziaren brankako irudiaren erreprodukzioa, Victorio Machok egina eta 1922an jarria. Gainera, parrokia‑elizako bataiontziaren ondoko plakak azaltzen du han bataiatu zutela munduari bira eman zion lehenengo nabigatzailea.
Udaletxeko aretoetan Elkanoren bi erretratu daude: bata Elias Salaberriak egina, bestea Ignazio Zuloagak. Halaber, itsasgizon entzutetsuaren izena jarri zioten Getariako kale bati.
Bi urtetik behin, getariarrek kartsuki antzezten dute Juan Sebastian Elkanoren eta harekin abiatutako 60 gizoneko eskifaiatik bizirik iraun zuten 17 itsasgizon adoretsuen egitandia. Abuztuaren lehen egunetan egin ohi dute desfilea, 1526ko abuztuaren 6an Ozeano Bare zabalean Elkano betiko ondoratu zela oroitzapenera ekarriz.
Kaleetan barrena ibiliko gara: Aldamar, San Roke, Elkano, Zakaio... arrantzale‑etxeen artean, eta fatxadako armarriaren bitartez iragan distiratsua adierazten duten beste etxe batzuk ere ikusiko ditugu; esate baterako: Larrunbide (Pedro Larrunbide, burdinoletarako harrizko hauspoaren asmatzailea, jaiotako etxea) eta Romero senatariaren etxea, izkinako armarria duena.
Getariak harro eskaintzen ditu haren bi hondartzak: Gaztetapek ez du norabide egokia eta jende gutxi biltzen du; Malkorbe oso segurua da, soroslerik ere ez du behar, baina izan baditu. Hondartza hori handiagoa da orain; izan ere, kai‑muturra luzatu egin zuten, eta Malkorbe aundi eta Malkorbe txiki bat eginda daude.
Getariaren logotipoa izan zitekeen antzinako San Anton uhartea, istmo bihurtu zutena portuko moilak jartzeko. Getariako sagua edo balea esaten diote. Handik hedatzen dira Getariako itsasargiaren zurrustak. San Anton natura‑parke bihurtu da eta udala arduratzen da hura zaintzeaz; duela gutxi arte harkaitz soila zen eremuan hainbat espezietako landare, lore, zuhaixka eta zuhaitzak daude. San Antonetik ikusten diren bistak bikainak dira benetan.
Azkizura txangoa
[aldatu]N‑634 errepidea hartu (Zumaiarantz) eta itsaslabarra inguratuko dugu Igarategi errota zaharrera iritsi arte; han helduko diogu Azkizu baserri‑auzora joateko herri‑bideari.
Mahatsondo garaien eremua da, eta hango mahats zuriarekin egiten da Getariako txakolin estimatua, Kantauri itsasoko arrainaz prestatutako plateren laguntzaile bikaina.
Belgikako Fabiola erreginak eta haren familiak lur‑sailak eta baserriak dituzte inguru horietan, arbaso batenak izanak; Joakin Berroeta Aldamar senatariaz ari gara, Gipuzkoako diputatu nagusia izana aho batez. Haren gorpuzkia San Salbatore elizaren kriptan ehortzita dago. Eskuinaldera hartuko dugun bide batek San Prudentzio ermitara eramango gaitu, Gaineta muinoaren bizkarrean. Kalenturen aldezkari Andra Mari Sokorrokoaren jargoia da. Elkanok gogoan izan zuen ermita hori testamentua egin zuenean. Iturregi baserria gertu dago; han jaio zen Trino Maria Gonzalez de Quijano Iturregi. 1854an, Alacanteko gobernadore zibila zela, kolera‑izurritea hedatu zen inguru hartan; kaltetutako herriak bisitatu zituen eta kutsatutako gaixoei laguntza ematen aritu zen, eta zeregin horretan ziharduela hil zen. Alacantek mausoleo bat eraiki zion, eta urtero egiten diote lore‑eskaintza.
Eliza
[aldatu]Egin ditzagun metro batzuk atzera eta har dezagun Azkizurako bidea. Muino ederra da, eta bista zoragarriak ditu. Hango San Martin elizak baserri batzuk eta intxaurrondoa ditu inguruan. Lehen gotikoko eraikina da. Absidean bi leiho zabal biki ditu; hirugarrena erdian dago eta altuagoa da, kuku‑leiho baten antzera.
Monasterio giroko barrualdean Kristo gurutzatu bikaina dago, eta haren alboetan Maria eta San Joan (kalbario klasikoa). Tamaina naturaleko irudiak dira, haiek ere gotikoak, XIV. mendekoak.
Albo batean San Martinen erliebe xaloa: erromesen babesleak bere kaparen erdia ematen dio egurrezko zangoa duen eskale bati. Alboan ageri den irudi bakartu bati Santa Apolonia zelakoan errezatzen zioten fededunek, hagineko minak sendatzeko, eta minak arintzen omen zizkien. Orain dela gutxi, ordea, jakin dugu tailu horrek, flandestar estiloko orrazkera eta kokospekoa dituenak, Maria Magdalena irudikatzen duela.
Juan Sebastian Elkanok argi eta garbi utzi zuen asko estimatzen zuela Azkizuko San Martin eliza; izan ere, haren herriko parrokia‑elizari sei dukat utzi zizkion, eta Azkizukoari halako bi:
Bista ederrak oraindik ere begien aurrean ditugula, Azkizutik Orruaga hondartzara jaitsi gaitezke mandabide piko batean behera. Itsas zabaleko hondartza da, arrisku handikoa; 1943an hango olatuek eraman zituen inguruko Karakas baserriko lau senide.
Beste aukera bat da mazelaren erditik doan oinezko ibilbidean aurrera egitea eta Zumaiako Santiago hondartzara eta ermitara jaistea, Done Jakue bideko erromesen antzera.
Elkanora txangoa
[aldatu]Getaria, munduko herririk fotogenikoena, goitik lasai begiratzea gozamena da, begientzako benetako oparia. Horretarako altura pixka bat behar dugu: Meagas bidean kilometro pare bat egin ostean Garate gainera (278 m) igo eta begiratoki aparta aurkituko dugu. Gailurren ezkerraldera hartzen badugu Zarauzko Santa Barbara ermitara iritsiko gara, 1704an eraikia herriko marinelek jarritako limosnekin.
Garate gainetik aurrera joan gaitezke, Meagas baserri‑auzoraino. Kanpai‑horma apaleko San Isidro ermitak, eskolek eta pilotalekuak osatzen dute auzo‑gunea.
Inguru horietan daude Euskal Herriko azken artelatzak (ukamuk ere esaten zaie).
Eskualde‑errepidea zeharkatu eta beste bide bat hartuko dugu, 2 km egin ostean Elkano auzora eramango gaituena.
San Pedro elizak harlanduzko zelata‑dorrea du, ezaugarri arkitektoniko eta arkeologiko zirraragarria duena: plataforma aurreratua, alegia. Erdi Aroko dorre xume horrek, kanpai‑horma soil bat duenak, gerrarekin eta itsas orientazioarekin zerikusia zuten funtzioak bete zituen, agidanez. San Pedro eliza txikiaren portada eta hutsarteak gotikoak dira, XIV. mendekoak. Antzinako dokumentuetan beste eliza bat aipatzen da, 1025ean inguru horretan zegoena.
Baserri gutxi daude, haietako bat Elkano goena da. Bi isuriko teilatua du eta habez egindako egitura. Juan Sebastian Elkano ospetsuaren jaiotetxea omen da. Nabigatzailea hil eta urte batzuetara, Perika Elkano zen Elkanoko elizako serora txikia.
Zarauzko parrokiako heriotzen 1. liburuko 25. orrialdean ageri da Elkano goena baserriko Jose Elkano 1640ko abuztuaren 12an hil zela, 107 urte zituela (Joseph de Elcano, señor del caserío Elkano goena, mayor en días de 107 años, acaecido el 12 de agosto de 1640). Heriotza‑agiriak adierazten du, halaber, Jose Elkanoren aitak 100 urte harrapatu zituela eta amak 102 (El padre de Joseph murió de ciento y su madre de 102). Indamendi inguruko haizeak luze bizitzeko lagungarriak dira, antza.
Itzultzean, San Pedro ermitan geldituko gara. Ermitako ezkila Munoa itsasgizonak oparitua da, hondoratzear zegoen itsasontzi batetik mirariz salbatua. San Pedro ermitatik ikusten da ipar‑ekialdeko itsasertza, Matxitxakoraino.
Festak
[aldatu]Getariak San Anton ospatzen du urtarrilaren 17an. Egitarauan ekitaldi erlijioso eta profanoak ageri dira, eta otordu gozoek lehentasuna dute.
Herriko festak abuztuaren 6an ospatzen dituzte, San Salbatoreren omenez. Hainbat herri‑ekitaldi egiten dituzte, eta hotsandikoak izan ohi dira Elkanoren lehorreratzea antzezten duten urteetan.
Zumaia
[aldatu]Toponimia eta historia
[aldatu]Orain dela sei mende, Gaztelako errege batek Villagrana izena jarri zion, baina herriak ez ditu inposizioak atsegin, errege‑agindu izan arren. Horrenbestez, agindua ahaztu zuen herritarrek, eta berriz ere Zumaia deitu zioten udalerriari.
Zume hitza da Zumaia euskal toponimoaren jatorria, oparotasuna adierazten duen atzizkiaz osatua. Izan ere, Urola eta Narrondo ibai‑bokaleetako lur zingiratsua zumez eta ihiz josita dago.
Zumaiaren aipamen historiko antzinakoena 1292koa da: Santxo IV.ak herriko eliza eta komentua Orreagako monasterioari eman zizkion. Udalerria txikiagotu egin zen 1845ean, Aizarnazabalek independentzia administratibo eta politikoa eskuratu zuenean.
Urte askotan Gipuzkoako bigarren merkataritza‑portua izan zen Zumaia, Pasaiaren atzetik eta Donostiari aurrea hartuta.
XX. mendeko lehenengo hamarkadan Zumaiak seiehun kabotaje‑ontzien sartu‑irtena izaten zuen urtean, Arrona y Bedua fabrika ospetsuetan ekoiztutako 80.000 tona zementu natural garraiatzeko, Serapio Mujika artxibozain ospetsuak jakinarazitako datuen arabera. Halaber, itsasbazterreko arrantza‑ontzien eta tretzaontzien flota txiki bat bazuen Zumaiak.
Bedua ontziolak, gerra‑belaontziak egiten zituenak eta azken urteetan arrantza‑ontziak ere bai, ateak itxi zituen betiko.
Oso sonatuak izan ziren itsasorako diesel motorrak egiten zituzten bi fabrikak: Carmelo Unanue eta Yeregui Hermanos, biak ere itzal handikoak. Yeregitarren aita izan zen Euskal Herriko kanpandorreetan oraindik ere orduak jotzen dituzten erloju gehienen sortzaile asmotsua. Haren sei seme‑alabek Zumaiako enpresa hori sortu zuten eta 1922an itsasorako diesel motorra ekoizten hasi ziren, Espainian lehenengoa. Errekuntzako motor autobulkatua deitu zioten, eta itsasoa eta arrantza ulertzeko moduan benetako iraultza eragin zuen. Tradizioari eutsiz, Astilleros Balenciaga S.A. enpresak, ondo merezitako ospea duenak, tonaje handiko itsasontzi metalikoak egiten ditu. (Orioko eta Getariako kasuetan aipatu bezala, portuaren sarbidean egindako hobekuntzak eta kirol‑portua ikustekoak dira.)
Itsasgizon ospetsuak eta goraipatuak izan dira Zumaian (Joan Lopez Arteaga, Arriola almirantea, Antonio Uriarte, Fernando Izeta eta haren seme Lope eta Peru, Joan Martinez Mendaro — Gibraltarreko itsasartean, Zumaiaren izena zeraman itsasontzian, portugesen ontzidiaren aurkako borrokan garaipena lortu zuena— eta abar) baina haiekin batera txalupa‑patroi ausart baten bizimodu pairakorra eta haren heriotza heroikoa aipatzekoak dira: Jose Maria Zubia, Mari, da gizon hori. 1866ko urtarrilaren 9an berriz ere bizia arriskatu zuen Donostiako itsasertzean, beste batzuena salbatzeko. Itsasoan ito zen, haren adorea goraipatzen zuten milaka ikusleren aurrean. Horregatik Donostiarrek monumentua eraiki zuten Jose Maria Zubiaren omenez, eta Zumaiarrek haren bustoa jarri zuten.
Zumaiar asko joan ziren itsaso ekaiztsura, eta han geratu ziren, heroi ezezagun bezala... baina bestelakorik ere bada: Pedro Uriarteren berpizkunde‑partida harrigarria ageri da parrokiako liburuetan: 1590eko otsailaren 15ean jakin zuten Pedro Uriarte marinela Indietatik etxerako bidean hil zela, eta urte horretako maiatzaren 5ean itzuli zen, bizirik!
Eliza
[aldatu]Antzinako herrigunea estratuez osatutako muino baten gainean dago, eta San Pedro apostoluaren eliza gailentzen da, otoitz‑etxe eta arte‑museo, sinbiosi bikainean. Kanpotik gotorleku itxura du, eta gotiko garaiko aztarnak antzematen dira dorrearen lehenengo gorputzean. Harlandu xumez egindako hormak dira, kolore gorrixka bitxia dutenak. Gargolak, ojiba‑formako leihoak eta beste arkaismo batzuk antzinagokoak dira, XVI. mendeko gainerako eraikuntza‑lanak baino.
Erretaula nagusia Joanes Antxieta azpeitiarrak egina da; Gipuzkoa guztian ez dago eskultore horren altxor osoagorik. 1577koa da eta estilo erromanista du, Migel Angelen ereduari jarraiki; batez ere Simon Pedroren irudian nabari da eragin hori: eserita, aita santu tiara buruan duela, eta zeruko giltzak eskuan (bide batez aipatu giltzak ageri direla udalerriaren armarrian, hiru mastako karabelarekin batera). Erliebeek eta gainerako bolumenek plastikotasun bikaina dute.
Alboko San Anton kaperan erretaula txiki bat dago, triptiko‑forma duena; estilo gotikoa du, Errenazimentu garaiko ukitu batzuekin, eta ateetan flandestar eskolako margolanak ditu. Oso bitxia da botoen taula, XV. mendekoa, kapera horretan gordeta dagoena. Mendaro zumaiarrak agindu zuen margolan hori, Gibraltarreko bataila hilezkortzeko. Bestaldeko kaperari San Bernaberena esaten diote, eta balio handiko beste flandestar triptikoa dago han. Irudi bakartuei erreparatuta, Kintin Torre irudigile bilbotarraren Kristo adierazkorra aipatzekoa da.
Kaleak eta paseoak
[aldatu]Altuago dagoen eremuko kale estuetan, Idazkariaren kalean hain zuzen, Joan Olazabal zumaiarrak —Filipe IV.aren idazkariak— eraikitako etxe dotorea, armarri ederrak dituena. Joan Olazabalek haurrentzako eskola sortu zuen Zumaian 1652an.
Kaleetan pixka bat ibiliz gero, Ubillos dorrearekin topo egingo dugu. Gaur egun eskola da. Leiho bikiak ditu, leiho‑gurutze eta guzti, eta Gaztelako estiloko barne‑patioa du.
Herriaren goialdean, ingurua mendean hartuta, Andra Mari Arritokieta ermita, Zumaiaren zaindaria, eta Ospitale zaharraren eraikina, gaitz kutsagarriak zituzten gaixoentzako egina. Ospitalean hartutako gaixorik ospetsuena San Frantzisko Borja izan zen. Portura jaitsiko gara, Julio Beobide eskultore zumaiarraren tailer‑estudioa bisitatzera: Kresala etxean dago, itsasargiaren pasealeku atseginean. Ikusgai daude zirriborroak, tailak, bustoak, apunteak, eta bukatu gabeko Kristoa, gubiaz kolpeka lantzen ari zena, Errenteriako Kaputxinoen elizan jartzeko.
Itzurundik abiatzen den bidetik, San Telmo ermitara igoko gara, Itzurun hondartza flysch ikusgarriak itsasoan sartzen diren gainean baitago. Itsasturien San Telmo kofradia 1610erako antolatuta zegoen, eta ermita du egoitza. Itzurun hondartzako geruza bertikalak hirugarren arokoak dira, mundu osoan erreferentziatzat hartuak. Gainera, Euskal Herriko itsasertz guztian ez dago hondartzarik, hainbeste iodo duenik.
Herrigunetik pixka bat aldenduta daude Santiago ermita, Ignazio Zuloagaren lursaila eta museoa (N‑634 errepidearen ondoan) eta Santiago hondartza jendetsua. Jakin badakigu oso antzinakoa dela ermita. Bisitarien atentzioa erakartzen du Beobidek tailatutako Kristoak, besoak zut dituenak, baita Kintin Torreren Mater Dolorosa hunkigarriak ere.
Ermitari atxikita, Zuloagaren arte‑museoa eta estudioa (biak batera), hainbat lan ikusteko aukera ematen duena: Plazido Zuloagak —margolariaren aitak— egindako damaskinatuak; Goyaren, Zurbaranen, El Grecoren eta Riberaren irudiak eta olioak, etxe‑jabeak erosiak; eta hainbat arte‑tratatu, Zuloagaren artelanen erreprodukzioak eta haiei buruzko iruzkinak dituztenak.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Artadira ibilaldia
[aldatu]Zuloaga lursailetik ehun metrora abiatzen da herri‑bide bat, artadi batean ordu laurdena ibili ostean San Migel Artadi baserri‑auzora eramango gaituena. Eliza modernoa du, eta bista apartak.
Beduara eta Oikiara ibilaldia
[aldatu]Zumaiako portuan txalupa motorduna hartzea iradokitzen dugu, Urolaren itsasadarraren meandroetan gora egin eta Beduako lonjako ontziralekuan ainguratzeko. Kilometro batera Oikia auzoa dago, eta bidean, ezkerrean, etxe bikaina dago itsasadarraren ertzean: Kondekua. Karratua da, oso handia, eta euskal barrokoaren estilo soila du. Portada nagusia balea baten masailezurraz sendotua dago.
Oikiako San Bartolome elizak altxor ederra du: erretaula polikromatua, Andres Araozek 1560an zizelkatua. Korupeko Kristo gotikoa ere ederki egina dago, lantza bat bezain zuzena. Elizatik gertu dago Goiburu Txortengua baserria, armarria eta garai bateko bikaintasunaren aztarnak bistan dituela.
Festak
[aldatu]Zumaiako herriko jaiak San Pedro egunean ospatzen dituzte (ekainak 29). Irailaren 8an Andra Mari Arritokietaren eguna ospatzen dute; bederatziurrenean eta bezperan Truebak ondutako Salbea abestean jende ugari biltzen da. San Telmo egunean ere jai egiten dute: Pazko ondorengo bigarren astelehenean ospatzen dute, ermitara prozesioa eginez, San Telmoren irudia hartuta, eta hotsandiko elizkizuna egiten dute.
Deba
[aldatu]Debako lehen herrigunea Itziarko gainean zegoen, eta 1294an sortu zen, Santxo IV.ak emandako erregaliaren bidez. Geroago, herritarrek itsasora hurbiltzeko tentaldia izan zuten; eta, horrenbestez, Gaztelako beste errege batek —Alfontso XI.ak— Deba ibaiaren bokalean, klima gozo eta epeleko lekuan, Monreal de Deba sortzeko hiri‑gutuna eman zien.
Debak 52 km2 ditu, Gipuzkoako udalerrien azalera handienetakoa. Lur‑eremu horietan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek aintzat hartzeko moduko berrogeita hamar bat haitzulo aurkitu dituzte; aipatzekoak dira, batez ere, Ekain eta Urtiaga.
Ekain 1969an aurkitu zuten; eta, hango labar‑pinturen kalitatea eta ugaritasuna kontuan hartuta, Iberiar penintsulako lau haitzulo baliotsuenen artean dago. Paleolito garaiko aztarnategi horretan hainbat irudi aurkitu dituzte: arrainak, oreinak, artzak, bisonteak, eta 33 zaldi.
(Ekain haitzuloa Debako udal‑barrutian dago, baina Zestoako herrigunetik oso gertu, eta hara iristeko bide naturala Zestoatik abiatzen da. Haitzuloaren erreprodukzio zehatza egin dute instalazio moderno batean; hartara, haitzuloaren aberastasun arkeologikoaz ohartzeko aukera dute bisitari askok, 14.000 urtez iraun duten margo eta grabatuak babesten diren bitartean.)
Itsasoari loturiko iragana
[aldatu]Debako portuaren merkataritza‑jarduera ez zen makala izan. Bizkaiko burdina iristen zen, Debako arroako burdinoletara eramateko. Sakonera txikiko txalupak (alak) erabiltzen zituzten, burdina ontziz aldatu eta ibaian gora eramateko, Altzolaraino. Halaber, Arabatik eta Gaztelatik ekarritako egurra, laboreak eta artilea ere kargatzen zuten, atzerrira eramateko.
Zaharrek gogoan dute Diciembre, Asturietako Musel portutik ikatzez beteta etortzen zen kabotaje‑ontzia, Larzabalera joaten zena. Haraino iritsi ahal izateko, Deba gaineko zubiak egurrezko zati altxagarri bat zuen.
Garai bateko Monreal haren itsas tradizioa argi ikusten da Astillero kalearen izenean, eta elizaren gurutze‑gangan zintzilik dagoen ofrendan: itsasontzi bat miniaturan.
Aztertzeko oso konplexuak diren arrazoiengatik, itsasorako irtenbidea buxatuta geratu zen, eta itsasoari loturiko tradizioa turismoari loturiko patu bihurtu zen. Jendetza iristen da uda‑partean edo oporretan, bigarren etxebizitzan gozatzera, eta hotelak eta kanpinak gainezka egoten dira.
Hondartza ondo ekipatua herrigunetik gertu, zumardi hostotsua, pasealekuak, bertakoen izaera abegitsua... faktore horien guztien ondorioz, Debaren alderdi turistikoa da medailoiaren gainaldea, eta industria da azpialdea.
Hiribilduak, eskerrak ematen dizkio Fermin Kalbetoni, hark egindako mesedeengatik; horregatik, haren izena duen zumardian mesedegilearen bustoa jarri dute debarrek.
Eliza
[aldatu]Santa Maria parrokia‑elizak estilo gotikoa du; altuera bereko hiru nabe ditu, eta kapera batzuk alboetan. Joan Arostegik eta Joan Ortiz Olaetak eraiki zuten. Portada gotiko harrigarria du benetan. Hamabi apostoluen irudiekin hasten da, eta ate‑gurutze bat du goialdean, Kristo berpiztuaren irudiarekin. Ojiba‑formako bost arkiboltak ederki apainduta daude aingeru musikarien, martirien eta profeten 36 irudi txikiekin. Tinpanoan xehetasunez azaltzen dira Ama Birjinaren bizitzaren eszenak; horrenbestez, portada hau Ama Birjinari eskainitako poema da, hareharrian idatzia. Bezantez apaindutako inposta, eta leihate eta gargola batzuk jatorrizko eraikina egin zen garaikoak dira. Elizari erantsita dago prozesio‑klaustro bat, inspirazio gotikoa duena baina beranduago eraikia. Ojiba‑formako lauki hori, arkitekturaren altxorra, Jose Zorrillaren poema batean jasota geratu zen, 1887ko uda Deban igaro ostean.
Andre Madalen «irulearen» kapera eta hilobi gotikoa oso ezagunak dira, eta XVI. mendeko elezaharrak bizirik dirau.
Oso hirigune bildua da, leinu entzutetsuen etxe dotoreen fatxadek apaintzen dutena: Sasiola, Agirre, Aldazabal‑Murgia... eta udaletxea, puntu erdiko hiru arkuen gainean, elkarrengandik oso gertu.
Itziarrera, Lasturrera eta Endoiara txangoa
[aldatu]Itziarko Ama Birjinaren santutegia bisitatu behar dugu, jakina. XII. mendeko ikono erromaniko gurtua da, marinelen babeslea. Gerraontziek eta albo garaiko merkantzia‑ontziek ordenantza‑salbak bota ohi zituzten Kantauri itsasotik Itziarko santutegiaren silueta ikustean. Hara iristeko, N‑624 bidea hartu eta Itziarko portua igoko dugu; gainera iristean bista ederrak izango ditugu begien aurrean.
Atentzioa ematen du hainbesteko santutegiak herrixka batean. Itziarko Ama Birjinaren santutegia da, eta, aldi berean, herriko parrokia. Hasierako eraikina gotikoa zen; gargolak, besanteak eta leihateak zituen. Gero, XVI. mende oparoan eraikina handiagotu zuten. Nabe bakarra du, oso zabala, izar‑gangaz estalia.
Erretaula nagusiak estilo platereskoa du, Andres Araoz irudigile gipuzkoarrak egina. Oso fina da, Gregorio Hernandezek egina dela pentsatzeko modukoa. Irudi‑multzoak balaustre‑itxurako zutabeak ditu, eta nolabaiteko arkaismo gotikoa adierazten duten erliebeak ditu. Zapalda hondatu zitzaion 1893an gertatutako sute baten ondorioz. Ama Birjinaren irudia, ziur asko Gipuzkoako zaharrena, erdiko horma‑hutsartean dago.
Santutegira sartzeko proba tokitik pasatuko gara (harribilezko enkatxoa, idi‑demetan harriak arrastaka eramateko). Itziarko arkitektura‑multzoa orekatua eta barea da.
Jatetxe batzuk badaude, baina eskuinean dugun herri‑bide bat hartuko dugu, eta 3 km inguruko ibilbide bukolikoa egin ostean Aldazabal baserria ikusiko dugu, armarri eta guzti. Beste hainbeste kilometro eskuinaldera eginez gero, Andutz menditik aldendu eta Lasturrera iritsiko gara. Auzo txiki‑txikia, San Nikolas elizatxoaren ondoan, plazan bertan, zezenkoak saiatzeko lekua dago... Nork ez du Lasturko zezenkoen eta bigantxen aditzea! Halaber, Lasturko miliaren eresia ere aipatzekoa da.
Endoia
[aldatu]Aitzitik, Aldazabalen ezkerreko bidea hartzen badugu, Andutz eta Agiro mendien babesean, Endoia baserri‑auzora iritsiko gara berehala. Bista ederrak ditu, eta eliza modernoa, 1952an eraikia; eliz atari rustikoa du, eta kanpai‑horma hirukoitza, Zuberoako elizek izan ohi dutenaren antzekoa. Presbiterioko absidean olioz margotutako murala dago, Jose Zunzunegi zestoarrak egina. Gertu dago Uztapide baserria, izen bereko bertsolariaren jaiotetxea.
Ibilaldi handiagoa egin nahi izanez gero, Balzola oinetxetik barrena 3 km egin eta Zestoara iritsiko gara; han errepide hobea aurkituko dugu, eta Debara itzuliko gara ingurubira amaitzeko.
Mutriku
[aldatu]Gipuzkoako itsasertz malkartsuan doan 83 km‑ko asfalto‑bidearen mendebaldeko muturrean dago Mutriku. Herri koloretsu horretan itsas tradizioa eta nekazaritza nagusi izan dira, baina gaur egun industria da haren oinarri. Mutrikuko herrigune liluragarria ausarki mailakatuta dago, portura iritsi arte. Lur azpia tuparri kretazeoz eta hareharriz osatua dago; hala ere, Saturraran hondartzan flysh beltza azaleratzen da, karbono ugari duena.
Euskal Herriaren erromanizazioaren teoria defendatzen duten zenbait historialarien aburuz, Mutriku izena bat dator I. mendeko Pomponio Mela erromatar geografoak De situ orbis bidaia‑liburuan aipatutako Tricio Tubolico herriarekin. Deba ibaiaren ertzeko leku hori Astigarribiako San Andresko ibai‑mehegunea da. Herriko eliza, portua, larreak eta sagastiak aipatzen dira Gaztelako Alfontso VI.ak 1081ean Errioxako San Millan de la Cogolla monasterioari egindako emaitzaren agirian.
Mutrikuri emandako hiri‑gutunaren berririk ez dugu, baina udaletxean jasota dago foruak, erak eta ohiturak berresten dituen dokumentua, Fernando III.ak 1237an sinatua.
Leku horretatik urrun dago hirigunea, itsasertzean, eta harresiz inguratua egon zen, biztanleak arpilaketatik babesteko. 1553ko irailaren 18ko suteak egurrezko 700 etxebizitza kiskali zituen, eta Sulengua dorretxe gotikoak soilik iraun zuen, bertakoek eta kanpotarrek miretsia.
1983ko uztailean Mutrikuren eremu geografikoa txikiagotu egin zen; izan ere, Azpilgoeta‑Mendaro auzoa, Arno mendiaren beste magalekoa, banandu egin zen, udalerri berria sortzeko.
Mendaron, hain zuzen, 1845ean Isabel II.a eta haren ama Maria Kristina pasa zirenean, bertan egindako bizkotxo gozoak eskaintzea pentsatua zuten herritarrek, baina inor ez zen ausartzen. Azkenean Sakristaua arduratu zen hotsandiko eginkizun horretaz; eta, gaztelaniaz nekez egiten zuenez, hala esan zion: Señora: este bizcocho hacer en Mendaro p’atí. No hacer otra cosa en Mendaro. Parte pues esto con la madre. Ejertzitoaren aldizkari ofizialean ere jaso zuten pasadizoa, eta haren ostean hau idatzi zuten: Hízole a la reina tanta gracia esta arenga, que cuando le dirigían largas salutaciones, Isabel II exclamaba: ¡Ay, mi sacristán de Mendaro!
Portua
[aldatu]Arrantza bere‑berea izan du Mutrikuk. Udalerriaren armarrian ere arpoiz jotako balea ageri da, zauriturik portura eraman zutena gogoan hartuta agian.
1200ean Alfontso VIII.ak mutrikuarrei eskatzen zien harrapatutako baleen zati bat: Dono itaque nobisillam ballenam quam homines de Motricu suo annuo redittu tenentur mihi dare.
Arrantzaleen merkataritza‑ikuspegi eskasaren topikoa ezeztatu zuten mutrikuarrek; izan ere, portuko profesionalek Madrilen saltzeko negozioa antolatu zuten 1826an, arrainaren garraioa barne hartuta. Diligentziak meseta aldera abiatzen ziren bi egunetik behin, 100 arroba arrain hartuta, eta 56 ordu behar izaten zituzten bidaia egiteko.
Portua babesean dago eta erosoa da, hango moila eta kai‑muturrean ikusten dira egindako handitzeak, eta eraikuntza‑lan eta proiektu eztabaida‑sortzaileak.
(Mutrikuren kasuan ere, Orioko, Getariako eta Zumaiako portuei buruz esandakoa errepikatu behar dugu: portuen egungo egoeraz ohartzeko ikusi egin behar dira.)
Antzina‑antzinako lonja zaharra harrizko eraikina da, arkuak oinarri dituena, eta teilatu‑hegal babesgarria, itsasoan ibiltzeko txapela handi baten antzera; gaur egun Itsas Etxe atsegin bihurtu dute.
Kaleetan barrena
[aldatu]Tranpa kale hautatuko dugu, Mutrikun zokomiran hasteko. Oso gertu dugu Berriatua dorretxea, Sulengua ere esaten diotena. Izan ere, 1553an hiribildua erabat erre zuen sutearen ostean etxe hori soilik geratu zen zutik. Forma gotikoak dituzten hainbat ate eta leihok eraikinaren antzinakotasuna adierazten dute.
Gorago, kale berean, Ibero azpeitiarraren beste proiektu bat: Montalibet jauregia. Halaber, ikustekoa da Olazarra etxe dotorea, armarri bikaina eta aleroi landuak dituena. Pilotalekua oso gertu daukagu. Berebizikoa da, zorua hain malkartsua dela aintzat hartuta. Mundu osoan goraipatutako zesta‑puntako pilotariek (Estanislao Maiztegi, Piston eta Egurbide) hemen eman zituzten lehen pilotakadak. Kantxatik gertu dauden etxeetako teilatuetan makina bat pilota geratuko zen!
Beko Plazatik joan gaitezen Atxukalera (atsoen kalera), eta eraikin bat zeharkatzen duen tunelean ere pasatuko gara. Hirigintza‑eredu orijinal horren erdian begiratoki aparta aurkituko dugu portua ikusteko.
Itzultzeko, Erdiko kale aldapatsua hartuko dugu, beheko eta goiko plaza lotzen baititu. Kale horretako etxe bakartu bakarra Zabiel jauregia da. Hareharrizko harlanduz egindako fatxada dotorea du, aleroi bikaina, eta Errenazimentu garaiko portada, zutabez, balkoi irtenez eta atariz apaindua. 1987ko ekainaren 26an kultura‑etxea jarri zuten Zabiel jauregian. Plaza nagusian Kosme Damian Txurrukaren estatua daukate, Mutrikuko itsasgizon adoretsua, Trafalgarko batailako heroia. Carrarako marmol zuriaz egin zuen Martzial Agirre bergararrak.
Galdona etxearen fatxada bikainak dotoretzen du udaletxearen eta Jasokunde Ama Birjinaren parrokia‑elizaren arteko esparru laukizuzena. Eliza XIX. mendearen hasierakoa da, ilustrazio garaiko Silvestre Perez arkitektoak proiektatua, monumentu heleniko baten antzera. Neoklasizismoaren adibide argiena eta osoena da Euskal Herriko erlijio‑arkitektura guztian. Zutabez egindako eliz atarira sartzeko igo behar den mailadi zabala tribuna bezala ere erabiltzen dute, plazan egiten dituzten herri‑ikuskizun guztietarako. Ibarburu kalonjeak, Mutrikun jaioak, Zurbaranen olio baliotsu bat oparitu zion parrokiari: Kristo Gurutzatuaren irudia; eta herrikideek eliza horretan gurtzen dute.
Goiko kalen ibiliko gara; haren izenak adierazi bezala, hiri malkartsuaren goialdean. Hiruzpalau aldiz Erdiko kalerekin elkartzen da, eta eskailerak daude bien arteko gorabehera gainditzeko. Antonio Gaztañeta almirantearen (1656‑1728) jaiotetxea ikusiko dugu. Ontzizain trebea zen Gaztañeta, eta itsas arkitekturan goren mailakoa. Txurruka jauregiko atetzarrak harrituko gaitu: eraikin barrokoaren izkinak, ate eta leihoen inguruak, inpostak eta armarriak inguruko Arno mendiko harrobitik ateratako kareharri gris ilunez eginak dira. Kale horren goialdeko bista ederrez gozatzeko, kalean gora egingo dugu, Buenos Aires esaten dioten zatiraino (egoki jarritako izena). Gero Murumendira jarraituko dugu, itsasoak gogor erasotako tonbolora.
Saturraranera txangoa
[aldatu]Hirigunetik abiatu eta C‑6212 errepidean 4 km egin orduko Mutrikuko udal‑barrutia atzean uzten dugu, eta Gipuzkoa ere bai... izan ere, Bizkaian sartzen ari gara.
Bien arteko mugan, errepidetik begiratu eta badia ederra eta Saturraran hondartza aurrean ditugu, flysch beltz malkartsu eta dotorearen babesean.
Berezko xarma duen lekua izanik, azkenaldian jende ugari etortzen da bainatzera; horregatik, Mutrikuko Udalak berritu ditu aparkalekuak eta hondartzako zerbitzuak. Hala eta guztiz, jendetza handia biltzen den egunetan lekua falta da.
Galdonara ibilaldia
[aldatu]Lehen aipatutako C‑6212 errepidea hartu, eta Ondarroarantz kilometro bat egin aurretik asfalto‑bide bat hartuko dugu Galdonamendi baserri‑auzora joateko. Itsasertzak milioika urtetan atzera egitean azalean geratu diren harkaitz urratuen gaineko bailaran gaude. Leku ederra da benetan, karnabak ozenago aritzen dira kantuan, itsasertzeko zati horretan lehertzen diren olatuen zarata gainditzeko. Inguru horri zazpi hondartzak esaten diote bertakoek.
Baserri‑ermita xume bat aurkitzen dugu, eta santutegi horretan dago Idurreko Ama Birjina, herriaren zaindaria.
Herri‑tradizioak adierazten du Ama Birjina irradiatzaileen multzoko irudi hori itsasotik atera zuela baserri horretako itsasgizon batek, eta gurtzeko jarri zuela. Ondarroako eta Mutrikuko arrantzaleek zaindaritzat dute, eta eskerrak emateko hainbat opari egin dituzte, ermita apalaren barnealdean ikus daitezkeenak.
Zintzilik geratzen den bailara horretatik zazpi hondartzetara jaisteko hainbat bide malkar daude. Urpeko arrantzarako leku bikaina da, eta Saturraran hondartzara ere joan gaitezke. Saturraran badian filmatu zituzten, hain zuzen, Pio Barojaren nobelan oinarritutako Las inquietudes de Shanti Andia pelikularen pasarte batzuk.
Olatzera txangoa
[aldatu]Olatz baserri‑auzora joateko ere asfalto‑bidea dugu. Lehen Galdonara joateko hartu dugun bidearen parean bestaldekoa hartuko dugu, eta 3 km aurrera egin ostean Arnoko leku bakartietan ibiliko gara, trauskil landutako San Isidroren irudia gordetzen duen elizatxora iritsi arte.
Garai batean arrain‑saltzaileen ohiko bidea zen; asto gainean arraina eramaten zuten Mutrikutik Elgoibarrera, Eibarrera, Bergarara... Formazio karstikoan sakan ugari daude, kareharrietan ainguratutako bailara txiki honetan. Insignis pinuz estalitako lursail handiak daude, eta Kantauri aldeko arte zaharrak, azerien eta azkonarren gordeleku.
Etxerra baserriaren zelaietan bazkan ari dira bigantxak eta zezenkoak, lasai asko; izan ere, adarretan bolak jarri eta Euskal Herriko edozein herritako festetan askatzen dituztenerako gordetzen dute maltzurkeria.
Astigarribiara txangoa
[aldatu]Hirigunean Kalbarioko errepidea hartuko dugu.
2 km‑ko bidean pixkanaka gora egingo dugu, Mutriku eta itsasoa begien aurrean hartuta, bistekin gozatzeko.
Kalbarioko atean, ezkerraldean ikusiko dugu Kristo Maixako —hala esaten diote herriko arrantzaleek— edo Kalbarioko ermita. Lope Isasti historiagileak adierazi zuen ermitaua ere bazuela garai batean... Marinel ugari biltzen da ermitan. Belaontzi bat du zintzilik, ohiko ofrenda.
Behera egingo dugu sigi‑sagaka, 3 km gutxi gora behera, Astigarribia auzoraino, Tricio Tubolico herriaren lehenengo guneraino. Itxuragabea bada ere, Erdi Aroko harbidearen gainean zementua bota dute zati batzuetan. Aurrera egin eta Torre, Jauregi, Etxezabal, eta Bekoetxea oinetxeak aurkituko ditugu bidean. Garaiera Debako uretan hondoratzen da, itsasgoraren eta itsasbeheraren eragina nabari baita. Garai batean angula ederrak harrapatzen zituzten inguru horietan.
San Andres eliza bisita dezagun; izan ere, haren absideak XI. mendeko leiho zabal prerromanikoa du, Gipuzkoako arkitekturaren piezarik zaharrena. Bisigotikoa? Mozarabiarra? Denetariko iritziak daude.
Eliza bat da, beste eliza baten erdian, eta bi hormen artean klaustro moduko bat dago, ibiltarientzako eta erromesentzako aterpea. Eliza barruan ikus daiteke elizaren zorupean aurkitutako sarkofago antropomorfoa.
Debaren beste ertzean Sasiolako frantziskotarren komentua dago, Mendizabalen desamortizazio garaian abandonatua. (Inguru hartan Praileaitz dago, eta haitzulo horren balio arkeologikoa aztertzen ari dira oraindik ere.)
Festak
[aldatu]Mutrikuko festa nagusiak uztailaren 22an ospatzen dira, Santa Maria Magdalena: zezen boladunak, herri‑kirolak eta gau‑festak. Oso antzinakoa eta oso kartsua da Kalbario eguna, irailaren 14an. Herri guztia igotzen da Kalbarioko ermitan egiten diren elizkizunetara. Tradizioa da arrantza‑ontzi bakoitzeko eskifaiak meza bat eskaintzea, eskerrak emateko. Festa‑giroak herrian jarraitzen du, goizaldera arte.