Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera/Arkitektura zibila
Testuingurua
[aldatu]Euskal herriko arkitekturaren ikerketa-lanak duela gutxiko data du. Bada zenbait urte Joakin Irizar penaz kexatzen zela gai honekiko adituen interesik eza zela eta, gure irakurleek gai honi buruz aurretik izan duen bibliografia aurki dezaketen liburu batean; horrez gainera hainbeste baserri‑etxe noble eta jauregi zaharren desagertzea edo bertan behera utziz zihoazela ikusita esaten zuen, gure tradizio arkitektonikoaganako ardurak ez zuela besterik gabe gure eliza erraldoietara mugatu behar: “Euskal eraikuntzaren tradizio loriatsua, jauretxe soilek, hirietako etxe apalek eta baserri‑etxe ikusgarriek osatzen dute”.1 Erdi Aroko dorreez eta jauregi jaioberriez hitz egin genuen aurreko orrialdeetan. Oraingoan aldi modernoaz, Euskal Herriko ingurune-motari buruz hitz egitea tokatzen zaigu, gorde izan denari esker, nahikoa argitu zaigun eraikin-mota, ia erabat esku artean daukagun garaikoa baita.
Aurreko aldietako arteak Euskal Herriko jende xume eta nekazariaren berezko inguruarekin zerikusi handia izan zuela uste izanda ere, ezer gutxi esan dezakegu horretaz zehaztasunez, aldi horretako ezertxo ere ez baita gorde, Enrike IV. Erregea beldur zena gertatu baitzen, bere Compendio historial lanean Garibayk kontatzen duen pasadizo sonatuan azaltzen zenez: “Tradizioz atzera eginez, zahar batzuk diotenez, Durangon erregeari hiri hura zer iruditzen zitzaion galdegin ziotenean, hau erantzun omen zuen: ‘Ongi, baina zoro gaiztoren baten eskumenean dago,’ ero baten eskumenean zegoela nola zioen galdegitean, ‘etxe guztiak oholezkoak direlako’, erantzun omen zuen; burugabekeria ala deskuidu bat eginez eskukada lastoz hiriari su eman ziezaioken edonoren arriskutan zegoelako”. Hala izan ere, guduetako erasoek, eguraldi txarrek eta, batez ere, istripuz eragindako suteek sarriagotan suntsitu zuten arkitektura hura, mendeetan zehar. Herri xehearentzat ziren eraikuntzez hitz egiten XVIII. mendeaz geroztik has gaitezke; horrez gainera, Euskal Herriko hirigintzako egitasmoez ordutik iritsi zen horretaz hitz egiteko aldia. Liburu honetan gainditu ezinezko neurrik eragozten digu XVIII. eta XIX. mendeko hirigintzaren gai hau bere osotasunean aztertzen; beraz, hainbat herritako plaza eta udaletxeak beharrezkotzat jotzen dugunean baino ez ditugu ukituko.
Aldiz, arte-historialariak ezin dezake Udaletxe askoren arte errealitatea bazterturik utzi, “euskal estilo” nabarmenaren ukitua duen eta gehienak XVIII. mendean eraiki zirenak izanik –hauetako asko oraindik zutik eta “jardunean” jarraitzen dutenak–; izan ere, urrutiko Erdi Arotik Euskal Herrian udalbatzak izan zuen garrantzia historikoari dagokion kidetasun plastiko modura uler baitaiteke, beren edertasun monumental eta itxura dotore eta guzti.
Familia Etxea
[aldatu]Euskal baserri-etxearen jatorria adierazi nahi izan duten teoriak ugari dira eta, etnologoen ustez, neolito aldian euskal etnia-mota osaturik geratu zen aldi hartatik datorrena da. Hasiera batean, geografiak eta klimak baldintzaturik euskaldunen ingurune edo bizitokia abelburuak eta haien mantenua gordetzeko izango zen, oraindik ere zenbait tokitako baserri‑giro zabalean ikus daitekeen txabolaren oso antzekoa.
Txabola hauek solairu bakarrekoak eta orokorrean, egurrez ala harria ugari zen lekuetan harlangaitzez eraikiak izango zirela pentsatzekoa da, landu gabeko bilbadurak ahantzian utzi gabe, hormak lokatzez edo oraindik ere baserri-etxe askotan ikus daitezkeen zirizko ehunduraz beteak. Sukaldea eta lotarako lekua gela berean izango ziren, hala ere, azienda eta nekazaritzako lanabesak gordetzeko tokia hormatxo xume batez bereizita. Klimaren hezetasunak eta gerrek deseginda galduko ziren baserri‑etxe hauek denak.
Nekazariaren bizimoduan etengabeko baldintza ekonomikoen hobekuntzak, pixkanaka lana eta atsedena, gizonaren bizimodua eta abereen bizitza bereiztera eramango zuen; horrela, bi solairutan bereizitako bizitoki bat eraginez. Eta horrelaxe sortua izan behar du gaur egun ezagutzen dugun baserri‑etxea.
Baserri‑Etxea
[aldatu]Euskal baserria guztiz garrantzizko gaia da kulturaren etnologo eta antropologoentzat; baina arte sormenari loturiko historia honetan baserriak duen garrantzia, nahitaez, oso mugatua da. Hala ere, gai hau ezin dezake artearen historialariak arretarik eskaini gabe utz, Baskonian sormen-artea eskulangintzari eta egunoroko bizimoduaren jarduera zehatzari oso loturik agertzen zela egiaztatzen hasten denean.2 Bestalde, oraingo hauxe izango da euskal baserri‑etxearen jatorrizko bereizgarriak aipatu eta aztertzeko garaia, zeren eta, XVII. eta XVIII. mende horietantxe eratu zela baitirudi baserri‑etxearen tipologia.
Eginkizuna
[aldatu]Baserri‑etxea da nekazariaren etenik gabeko bizitokia, bizitzeko eta lan egiteko lekua, aldi berean. Angeluzuzenekoa da bere oinplanoa eta estalgarria normalean bi isurialde dituena –laukoa ez da ohikoa– eta bi edo hiru solairutan altxatzen da, espazioetan zatituriko gelak ditu, besteak beste, ukuilua, lantegia, bizitokia eta, ekonomia mailan buruaskia dela kontutan harturik –uzten biltegi modura– ganbara.
Sorrerako baserri‑etxe mota honek aldaera asko onartzen ditu, hainbat faktorek eragindakoak izan daitezkeelarik: baldintza geografikoak, tokian tokiko usadioak, demografiak, ekonomiak eragindako beharrak eta une historiko zehatzak, gizakiaren, gizartearen eta estetikaren izaerako nahikundeak.
Denbora joan ahala, higienea eta osasunbideak nahiz bizi kalitatea hobeak zirela eta, nekazaritza eta abeltzaintza zein bizitokiaren zereginak oso zehatz bereizi beharra gertatu zen.
Arkitektura
[aldatu]Esan dugunez, nolakoak faktore horien eraginak, halakoak izango ziren eraikuntzako aldaerak. Pirinioez azpiko probintzietan baserri‑etxe baxua, sendoa, lurrari oso lotua, oinplanoz angeluzuzena, etxarte edo patiorik gabea, gelak eta berauei dagozkien baoak hegoaldera eta ekialdera begira dituztenak dira arruntenak.
Pirinioez gaindiko Baskonian, Lapurdin batez ere, bi motatakoak dira baserri‑etxeak: oinplano zabala eta baxuak, Gipuzkoakoen eta Bizkaikoen antzera, estuak eta lirainak besteak.
Kanpo aldeko itxurari buruz, berriz, hala nola laburbiltzen zuen A. Larramendik bere begi aurrean zuen garai hartako Gipuzkoa: “Baserri‑etxeak zimenduetatik lehen solairuraino harrizkoak dira, eta handik teilatura bitartekoa adreiluzkoa ala, bat bestean gainjarritako oholezkoak. Gehientsuenak goialde bakarrekoak eta beren uztak gordetzeko ganbararenak dira. Gauza berezi bezala, orokorrean ez dute tximiniarik, nahiz eta etxeak noiznahi kez beteak ikusi, ez dute tximiniarik altxatzen”. 3
Eskema hau aldatu eta koplexuagotu egin zen denbora joan ahala, Gipuzkoan eta Gipuzkoatik kanpo; altxaeratik hasiko ziren eta laster izango zituen hainbat solairu. Pirinioez azpiko baserri‑etxe jatorra honela deskriba daiteke: lehen solairuan harri eta morteroz lakarki prestaturiko bao handi bat ireki ohi zen, sotorako sarrera izango zelarik, eta arkuduna ala buruduna izan zitekeen. Eskualde batzuetan galduz joan da osagai hau. Beronen gainean bao gutxi eta armarri handiak zituzten solairuak.
Fatxada, bi isurialdeko teilatu‑zurajea nabarmentzen zaion frontoi batez amaitzen zen. Nafarroan, alderdi menditsuetan eta Zuberoan estalkia oso pikoan jarria agertzen zen, elurteek behartuta. Lau isurialdeko estalkiak ez dira ohikoak baserrietan, aleren batzuetan azaltzen bada ere.4
Eraikuntza-sistema aldatu egin zen: mihiztadura zurezkoa edo harlangaitz ala harlanduz egindakoa. Sarritan ildaskaturiko teila duena da estalkia, baina Pirinio aldeko mendietan arbela jartzen zen honen ordez.
XVI. mendea baino lehenagokoak
Esan daiteke XVI. mendea baino lehenagokoak izan eta gerora osoko eraldaketarik izan ez duen baserri‑etxerik ez dela geratzen. Zaharrenetarikoen ezaugarria da, dorretxeen kasuan, haritzezko euskarri bertikalak izatea, ataripea uztaituz, jarleku baten gainean, oin zuzen txiki batean tinkatuta.
XVII. mendeaz geroztik
Egitura zahar hori desagertuz joan zen XVII. mendeaz geroztik eta fatxadako armazoiari karga‑horma jartzen zitzaion zuraren ordez, eta arkitrabaturiko ataripeko habeak baino ez du jarraituko. Fatxadaren eta estalkiaren zama, ertzetan harlanduz sendoturikoa, harlangaitzezko hormatal gizenen gainean finkaturik.
Garrantzizko baserri‑etxe batzuetan ataripetik ezkaratza handi batera sartzen da, lanabesak jasotzeko balio duen ezkaratzera, hain zuzen. Ezkaratza Nafarroa Behereko ezaugarria da batez ere, klimaren gogorrak ez baitu uzten ataripe zabal irekirik edukitzen. Arrazoi berberagatik dira urri baoak, balkoirik ez da agertzen eta teilatu‑hegalak zabalagotu egin ziren mendialdeetako baserri‑etxeetan, mutur beltz itxura hartuz.
XVIII. mendearen azken aldera
Arkua sartu zen XVIII. mendeko portaleetan, fatxada zeharo harriz ixteko eta eraikinaren garaierak gora egiteko baliabidea horrela ekarriz; arkuak, izan ere, hormaren gainera botatzen du herstura. Sistema honek bao gehiago irekitzea eta balkoiak zintzilikatu ahal izatea ere ekarri zuen. Atalondoetako arku hauek eskartzano beheratuak izan ohi ziren, zenbaitetan bikoitzak, pilareen bitartez bereiziak eta ongi moztutako harlanduzko ate‑zangoetan deskargatuz, mentsuletan erremataturik. Durango aldean sarritan ikusten diren kasuak dira hauek. Goragoko bizi‑kalitatea adierazten zuten berrikuntzak ziren, baina ahalbide ekonomiko handiagoak zituzten nekazariek egin zituzten, ez besteek.
Bowles edo Jovellanos bidaiarien oharrak, esaterako, XVIII. mendearen azken aldeko euskal nekazarien bizimoduaren hobekuntza honi buruzkoak dira, zalantzarik gabe, Euskal herriko hiri eta herrietan zehar zebiltzala lur honetan ikusten zutena Gaztelako nekazari jendeak zeraman bizimodu errukarriarekin alderatzen zutenean. Euskaldunen oparotasun hori beren foru- eta administrazio-erregimen burujabe baten ondorioz ematen zela esan gabe ez zuen utziko Jovellanosek.
Zenbait alderditan XIX. mendean ataripea ere desagertzera jo zuen; horrek berekin ekarri zuen familiako bizitza etxebizitzaren barrura aldatu beharra, sukaldea izango zelarik familiaren biltokia, gerora salara pasa zena, modu honetara baserria hiriko kale‑etxeen egituretara gertutuz.
Edergarriak
[aldatu]Baserri‑etxe antzinakoenetan guztiz urriak dira edergarriak; eta klima gogorra den eskualdeetan ez da inolako edergarririk agertzen, Zuberoan esate baterako. Estetikoki atsegina izateko apetarik ez dela esan daiteke; atsegintasun estetikoa fatxadaren eraikuntzako bilbaduraren baitan egongo da soil-soilik. Eraikuntzako osagairen batean arrazazko indibidualtasun aratzik kanporatzen bada, –irizten du Yrizarrek– bat besteagandik hain desberdina den Gipuzkoako eta Bizkaiko bilbaduretan azaltzen da.5 Eta honela eransten du: “Hala ere badute bientzako den ezaugarri bat, triangeluak osatzeko zeihar piezak erabiltzen dituztela, ostiko hauen erabileran Lapurdikoetatik bereizirik”.
Fatxadako profil triangeluarra, estalkiaren isurialde triangeluarrez marrazturiko frontoi hori da baserri‑etxeari bere itxura berezia ematen diona; hementxe aurkitu ohi da egutera-txokoa. Baina, denbora joan ahala txoko hori eta hormetako bilbadura ere desagertu egin ziren eta hauen ordez, zenbait edergarri azaldu, hiriko etxeak eta jauretxeak imitatuz: armarri ugari eta harrizko eta zurezko tailla‑lanak.
Hiriko etxea
[aldatu]Populatze guneak
[aldatu]Gauza jakina da, hiri‑etxeak hiribildu edo populazioaren elkarketak ematen zirelako sortu zirela, gizarteko historia politiko eta ekonomikoan kontaezinezko ondorioak ekarri zituen gertakaria delarik, eta Baskoniari dagokionez, Nafarroako eta Gaztelako erregeak emandako foru-eskubideak bitarteko gertatu zen, “jaun ahaltsuen” (Ahaide Nagusien) aldetik nozitzen zituzten gehiegikerietatik jende xumea eta nekazariak babesteko nagusiki, eta “mendi eta eremuetan bereziki –dio Larramendik– egunoro gertatzen ziren delitu eta sorginkerietatik babesteko”. Horrelaxe jaio ziren, denak ez badira ere, gaur egun ezagutzen ditugun herri gehientsuenak. Berauekin iritsi zen industria eta merkataritzaren garpena ere. Hiribildu bakoitzaren sorrerako Foruak berekin zekarren defentsarako harresia eraiki beharra. Baina, bandokideen arteko borrokak amaitu zirenean, kanpotiko lapurreta eta gerra erasoen arriskua desagertu ahala eta hiribildu eta hirien populazioa hazi eta zabalagotu beharra areagotu zen heinean, hiribilduetako harresiak beren betebeharraren zentzua galduta, gehienak lurrarekin berdindu ziren.
Orubea
[aldatu]Foru batzuen testuak baliagarri zaizkigu gaur egun, biztanle bakoitzak hiribilduetan eraikuntzarako nolako baldintza eta baliabideak eduki zitzakeen ezagutzeko, orube bakoitzak zenbateko zabalera izan zezakeen seinalatu egiten zitzaiela kontutan harturik. Horrela, Urretxun, Joan II.ak 1421ean emandako “hiri‑gutunean” lurren banaketa eta partiketa “omes buenos”‑en eskuetan uzten zuen; baina, aldi berean, lurra zenbait familiaren artean banatu behar bazen, oruberik handiena honela zatitzeko iradokizuna egiten zen “que sea de seis brazas en ancho e de nueve en luengo, segun uso e costumbres de la tierra de Guipuzcoa, e que el medio solar que sea la mitad de estas dichas brazadas en ancho e en luengo”.6
Morfologia
[aldatu]Hirietako etxea oinplano aglomeratua duena eta etxarterik gabea izan ohi da, antzinako baserri‑etxeen antzera; baina zabalerari sakontasuna gailenduz. Ezagutzen ditugun antzinakoenak etxe familiabakarrak harlangaitzez eginak izaten ziren, hiru aldeetan eta fatxada nagusian, Pirinioez gaindiko Baskonian bederen, gainerakoa solairuak habe gainetan ezarritako bilbadura bertikalez osatua izaten zelarik, sarritan hegalkin modura 30 bat metro aurrera eginez. Alboetako hormak ere aurrera egiten zuten horma‑bular antzera, eguzki habeentzat sostengu zirelarik. Eztabaidak ere izan dira irtengune hauen egitekoari buruzkoetan; batzuetan Erdi Aroko hiribildu harresidunetan bizitzetako eremuak oso estuak zirenean solairu nagusiarentzat lekua irabazi nahiak eraginda eginak dira; beste batzuetan, aldiz, hezetasun eta haizearen aurka fatxaden defentsa modura, besterik gabe.
Estetika
[aldatu]Hirietako etxeen alderdi estetikoa nabarmendu nahi dugunez, ez gara barruko esparruen banaketa deskribatzen geratuko.
Fatxadak. Frontoi moduko errematea izaten zuten sarritan eta teilatu-zurajea bi isurialdekoa; baina Gipuzkoan –Hondarribian, esate baterako– urak aurrealdera isurtzen duen estalkirik ere ikus daiteke, teilatu‑hegal horizontal batez babesturik. Balkoi handiak eta teilatu‑hegal izugarriak ere ohikoak ziren etxe hauetan.
Yrizar arkitektoak Goizuetan, Amaiurren, Lesakan, Hondarribian eta abarretan hain ongi gorde diren etxe-mota horietako batzuk atseginez deskribatzen ditu. Euskal arte-historia batean berauen oroimena ahantzian, aipatu gabe, utzi beharko ez liratekeen eraikinak dira. Ohiko eskema berari jarraitzen zaizkie ia guztiak, eta eredu tipiko berari erantzuten dietela dirudi, baina, badu bakoitzak begirada erakartzen duen berezitasunen bat. Fatxada normalean zurezko bilbadura duena da; azken solairuan, zoruko soliben luzamendu gainetan balkoi handi bat agertu ohi da, baserri‑etxeetako egutera ala ganbaratik letorkeena. Xehetasunak. Bertako diseinugilearen estetikako zentzu izugarri bat adierazten dute kalostra‑zirietako xehetasun guztiek, moldurek, hortzaxkek eta zura-taillek, teilatu‑hegal pareek, habe‑buruek, horma‑bularretako profiletako fineziek eta leihoetako arotz‑lan saiatuek. Eta hegalkinetan, teilatu‑hegal eta leihoetan apainketa lanetan halako fintasuna ikusita, Euskal Herri sakon hartako hargin eta taillagile haien sormenerako irudimenaz badu batek zer hausnarturik. Dena den, ziur asko, akats bat litzateke maisu haiek barroko aldiko maisu haien berotasuna berenganatzeko inolako lehiarik ez zutela izan uste izatea.7
Jauregiak
[aldatu]- Eraikina.
Erdi Aroan familia noble baten boterea bere dorretxearen handitasun eta sendotasunean agertzen bazen, aldaketa politikoek familia handi hauek monarkiaren egitura berrietan gizarteratzera behartu zituztenean, dorretxe hauen ordez beste batzuk eraiki edo jauretxe eran antolatu ziren, hauen handitasuna antzinako handitasunaren arabera hartuz.
Kokapena. Halakoekiko estimua eta interesa, horrez gainera, ez zen etxearen handitasun eta sendotasunaren baitan egoten soilik, egokiro jakinarazi denez, beraren kokapenetik bertatik kontenpla zitekeen hartan ere jartzen zen,8 zeinak zuzeneko zerikusia baitzuen hiriko kokapenaren diseinuan.
Barrokoan, aurreko aldietan bezala, bi eratako jauregiak bereiz daitezke:
- Oinplano aglomeratua dutenak, Kantauri aldeko probintzietan sarriagotan ematen dira eta zalantzarik gabe Erdi Aroko dorretxetan dute sorburua, gailentzen zaien egituraren arabera, hainbat aldaera agertuz: espainiarra, frantsesa ala euskalduna, “baserrietakoa”.
- eta erdian etxartea edo patioa zutenak; honako hauek Espainiako hegoaldekoen eraginez, mota honetakoak dira sarrienetan Araba eta Nafarroako jauregiak.
Estiloa. Horrelaxe osatuz joan zen jauretxe mota kanonikoa, zein leku edo kokapenetan –landan ala hirian– aurkitzen den kontutan hartu gabe, hainbat osagaiez eginiko fatxadak ezaugarri dituztela:
- zain-etxol edo ertzetako kuboa desagertuz joan zen;
- harlangaitzezko hormak dituzte, XVIII. mendera arte zuritu gabeak;
- harlanduak erabiltzen ziren leiho eta atarietan;
- teilatu‑hegalak zituzten;
- armarria gotiko aldikoa baino askoz handiagoa eta baita Errenazimendukoa bera baino ere.
Zenbait ataletako eskailera nabarmendu beharko litzateke XVIII. mendean sartutako osagai barrokoen barruan, kupulaz edo linternaz estalirik, kasu arranditsuetan, Nafarroako jauregi handietan oso sarritan ikusten zelarik. Euskal probintzietan salbuespenak dira Eltziegoko Ramirez jauregikoa edo Ermuko Valdespina jauregikoa.
Zenbait kasutan eskailera gai nagusitzat jarri ohi da, Ezpeletako jauregian ala Iruñeko beste batean, esaterako.
Gipuzkoa
[aldatu]Probintzia horretan, guztizko barroko izendapena dutenetatik, garai bateko dorretxe edo errenazimenduko etxe dotoreak –Bergaran, Ozaeta eta Olasotarren etxeak izan daitezkeenak alde batera utziko ditugu– antzinako beste dorretxe batzuen ordezkoak izanak, horietan ikusten baita patiorik gabeak direla jada eta oinplanoa aglomeratua emango zaiela, horrela aurrerantzean Gipuzkoako jauregi mota arrunta izango dena eraikiz.
Mendeetan zehar aldaketa honek etxe nobleen berezko elementuen formari nola eragin zion ohartaraziko du Yrizarrek.
- Berezko ezaugarriak.
Horrela koka ditzakegu jauregiak, kronologikoki zenbait ezaugarri kontutan hartuta:
- Ertzeko zain-etxol hartzen ari den profila, pinakulu aldera egingo duena,
- gailurreria aldera egingo duen almeneria,
- teilatu‑hegalez aberastu ziren erlaitzak,
- bao konopialak “erromatar” erara eraikitako leihoak izango dira,
- liraintasuna galtzen ari diren armarriak eta abar.
- Ataria.
Leinargi bat erakutsi nahiak eraginda, ataria neurriz gainezka edergarriz janztea oso sarritan ikusi ohi da. Honek inpresio bitxia sortzen du, ez baita ongi uztartzen antzinako dorretxeen estilo orokorrarekin. Hau horrela, jauregi barrokoen aurkezpen batek XVII. mendera atzera egitera gonbidatzen gaitu, tradizioarekin elkartzekotan.
- Arrese etxea.
Bergarako eraikin honek, adibidez, “goibel itxurako harri grisezko fatxadak eta angeluetako zain‑etxolak hobeto uztartzen dira erdi‑puntuko ate soilarekin, eraikuntzaren eta edergarrien handinahiarekin baino”.9
- Laureaga dorretxea.
Uztartze egoki horren adibide bat, Bergaran bertan Laureaga deritzan Dorretxeak eskaintzen digu; edergarrietan oso neurritsua den honek –atearen bi aldetan errenazimendutik datozen medailoiak eta armarri zuhur bat– besterik ez du, dena ere antzinako dorretxe baten soiltasunarekin oso bat datorrena, harlandu eta harlangaitza ongi antolaturiko bere paramentua gordetzen du eta zain‑etxolak eta teilatu‑hegal eder bat mantentzen dituen fatxadari itxura aparta ematen. Horrela, ongi asmatutako moldaketa bat dugu, bere adina eta bere bi alditako trantsizioko estiloa zintzoki adierazten dituena: XVII. mendearen hasierako euskal jauregi bat.
- Moyua jauregia.
Antzeko zerbait esan daiteke Bergarako Moyua jauregiaz, beranduagoko eraikuntza bat bada ere. Arkitekto anonimoak zain‑etxolak, tarte ajimezatuak eta bao konopialak eskuratu nahi izan zituen, aurreko estiloekiko hondar nostalgiko bat islatuz.
Beste kasu batzuetan garaiko estiloarekiko leialtasuna ageriago dago.
- Yrizar etxea.
Bergarako Yrizar etxeak, esate baterako, oso estilo soila du: barrokoa gainditua dago eta berau eraiki zeneko datak (1780) delako soiltasuna neoklasizismoaren eraginak jotzen hasia izatearen ondorioa dela adierazten digu.
- Barrenetxea jauregia.
Ordizian Argüeso markes-markesaren jauregi honek, beste behin ere, arreta pizten duen oinplano angeluzuzen izugarria badu ere, bere egitura aglomeratua euskal etxetik hartua duelako da, hain zuzen. Fatxada nagusian, herreratar kutsuko soiltasun horretan –beste hiruretan, halaber– sekulako erdiko arku bat irekitzen da, antolaketa osoarentzat ardatz bateratzaile gisa jokatzen duena, egutera jator batzuei dagozkien beste txiki batzuk elkartuz. Aipatutako arku handian aurkitzen den eskailera harlanduz egina da solairu nagusira artean.
Untzuetarren jauregia. Eibar inguruan antzinako Untzuetarren dorretxea aurkituko dugu, soiltasun handiko harlandu ilunez egindako hormak dituen jauregi-fatxada erakutsiz. Solairu nagusian balkoi irtenak ditu eta azkenekoan eskudela.
- Lardizabaltarren etxea.
Segurako Lardizabaltarren etxea ere bikaina da. Solairu nagusiko balkoi irtenak, bigarreneko eskudelak eta bi leiho burdin saredun dituen erdiko atea, eta inposta lerroetan barrena doazen platabandak eta baita teilatu‑hegala ere, Markinako Mugartegi jauregikoaren antzekoak dira.
- Lazkaotarren jauregia.
Lazkaon, XVII. mendeko bigarren laurdenekoa da Lazkaotarren jauregi galanta, bando-kideen guduetan suntsitua izan zen oinaztarren dorretxe famatuaren ordezkoa. Oraingo honetan, inguruan galeriak dituen erdiko patioaren ohitura errespetatu egin zen, beheko solairuan zerbitzurako gelak zituela eta solairu nagusian, salak, jangela eta logelak. Fatxada nagusia ezohikoa da, erdiko zatiak eskaintzen duen kontrasteagatik, hortxe pilatzen baitira edergarriak alboetan dituen bi dorreekin. Arestian aipaturiko erdiko edergarriak hiru mailatan antolaturik daude: alboetan zutabe pareak dituen atari handia, balkoia eta azkenik Lazkaotarren armarria.
- Insaustitarren jauregia.
Harlanduz trinkoturiko erdiko gorputzaren alboetan eraikin dorredunak dituen Lazkaotarren jauregiko berritasunak iradoki ziezaiokeen Peñafloridako Kondeari, XVIII. mendeko azken herenean, Azkoitiko bere jauregia egiteko orduan. Egia esan, bere etxearen eraberritze sakona izan zen Munibek egin zuena, zoritxarrez honetaz dokumentuetako ziurtasun handirik ez badaukagu ere. Baina, garai horretan etxebizitzatarako erosotasunak garrantzi gehiago zuela kontutan hartuz gero, badirudi XVIII. mende horren azken aldera “Peñafloridak bere jauregi eraberritua luxurik eta goretsiko zukeen arkitekturako eranskinik gabeko nekazarien etxetzar batean oinarritu zuela”.10 Ez du etxarterik edo patiorik eta barruko erdigunea goienetik argiztatzen den eskailera zabal batek okupatzen du. Beheko solairua sukalde eta zerbitzu-geletarako erabiltzen zen; solairu nagusian ziren logelak; azkeneko solairuan lo egiten zuten –Nafarroako jauregietan, esaterako– neskame eta morroiek. Mendebaldeko fatxadaren aurrez aurre XVIII. mendeko kaperatxo bat dago, frantses kutsuko aldarea duela.
- Sarobetarren jauregia.
Usurbilen estiloz desberdinak diren bi jauregi gailentzen dira –Chueca Goitiak Samaniegorena aipatzen du. Usurbilgo Sarobetarren jauregiak Lardizabaldarren jauregia oroitarazten dio Yrizarri: portalerako sarreran bi arku ditu, landako baserri‑etxeetan ohikoak.
- Atxega jauregia.
Usurbilen bertan dagoen jauregi honek profil liraina du, sarrerako atea solairu nagusiaren mailan duelarik, kanpoaldetik fatxadan duen eskailera eta guzti. Baoak, balkoiak, teilatu‑hegalak, proportzioak eta abar aztertzen jarriz gero, berehala ikusiko genuke berdinetik ezer ez dutela; hala ere, atzetik daukaten paisaia zoragarria da.
- Zumaran jauregia.
“Indianokua” izenez ere ezagutzen dena (desagertua). Yrizarrek oroitarazten du Eibarren Luis XV.aren garaiko barroko frantsesaren zaletua zen arkitektoren batek eraikia izan behar zuela Zumaran jauregiak, era guztietako kartel bihurrituak, harrizko maskaroiak eta burdinazko eskudelak dituela. Baina, hain bistako eragin horretaz gain, konposaketa orokorrean, euskal jauregi bat altxa zuen eraikitzaileak. “Bertan jaiotako etxe bat da, XVIII. mendeko frantses dotorezia hanpurutsuz apaindua”.
- Olasotarren dorretxea.
Desagertua bada ere Elgoibarren dorretxerik ospetsuena Olasotarren dorretxea izan zen, Alzolatarren antzinako oinetxea –herrian Torrekua izenez ezagutuz betidanik. Funtsean, bere oraingo egitura 1588an berreraiki eta eraberritu zenean hartua izan behar du. Hiru solairu ditu, bakoitzean hiru bao dituela. Sarrera nagusian, erdi‑puntuko arkua du; gainerako baoak oso buru soilez antolatuak dira, eta solairu nagusiko hirurak balkoidunak dira, goiko solairuak aldiz, erdiko baoak baino ez ditu. Teilatu‑hegal eder zabal bat du agerian eta eskantzu-armarri handi bat, galeoi baten erliebea duela, zeinaren oihal batean data hau irakur daitekeen: 1604.
Neketsua litzateke Gipuzkoako jauregi guztien deskribapena. Amaiera emateko nahikoa izan bedi honako hauen aipamena:
- Tolosan, Idiakez, Zabala eta Atodotarren jauregiak;
- Mutrikun, Granadako dukeen jauregia eta Areizagatarren etxea;
- Arrasaten, Bañez Artzubiagatarren jauregi Txikia –XVI. mendekoa izan arren edergarri barrokoak dituena–, Monterrontarren jauregia, Okendotarren oinetxea, Garigayen jauregia, Gerratarren etxea, Adan Yartzaren etxea eta abar.
Bizkaia
[aldatu]- Elorrio.
Jakina denez Bizkaiko Jaurerrian eta Euskal Herri osoan agian, Elorrio da hiriko jauregietan multzorik aberatsena duen hiribildua, herriak duen hedadura eta populazioaren zenbatekoa kontuan hartuz, behintzat. Harresiz itxitako esparrutik kanpo eraikiz joan zirenak “Monumentu Multzoa” osatzen dute, benetan. Etxe dotore hauetan guztietan ia, begien bistan jartzen zaiguna jauregi itxurakoa bada ere, gehientsuenak antzinako dorretxeen birmoldaketak dira. Gaur egun harlandu noblez eraikitako jauregiak dira, ojiba edo erdi‑puntuko arkuak, burdinazko balkoiak, batzuetan goieneko baoetan aldenik alderakoak, eta armarri handiak dituztela, denetan. Jauregi hauetako batzuk, antzinako nobleziako hainbat jaberen eskuetatik igaro ondoren, elkarte erlijiosoen bizitoki bihurtu dira edo burgesiako jende handien jabetza.
- Arespakotxagatarren jauregia. Elorrio.
Arespakotxagatarren jauregia, hiribilduaren hasierako hirigunean eraikia izango zen XVI. mendearen bigarren erdialdean, baina gerora birmoldatua izan da. Bere fatxada harresiaren ate nagusiari atxikita aurkitzen da. Atearen bi aldetan eta garai samar, artilleriako muturra sartzeko eginkizuna zuten biribileko zulo sendoak agertzen dira. Jauregiaren kokalekua –defentsarako dorrea izana antzina– oso estrategikoa da, zeren eta ojiba atetik zeharreko perspektibak harresiaren esparruko zeharkako kalezulo batean sartuko baikaitu, urrutira, ibaira ematen duen ate irekia ikusten dela, beste aldean.
- Casajara jauregia. Elorrio.
Hiri barruan sartu ondoren, lehen zabalgune aldean Erdi Aroko gunean eta elizaren ondoan, Casajara jauregia ederren eta hobekien zaindutako bat gertatzen da. Baina fatxada nagusia berria da (1934), antzinakoa hegoaldera baitzegoen. Jauregia handitzeko, antzinako atariari itsatsitako gorputz bat eraiki zitzaion; han gaur egun nagusitzat hartzen den fatxada neoherreratar bat antolatu zen, bere atari eta guzti. Yrizar arkitektoaren lan artetsu bat izan zen eta antzinako eraikinarekin ez du inolako desegokitasunik, harlandu gorrizta eta bao txikien osaketa bere horretan utzi baitzuen. Etxe honen bereizgarri nagusia, fatxadaren erditik gora hiru solairuetara igotzen den eskailera da. Beste osagai bereizgarria, bigarren solairuko atzeko fatxadan dagoen loggia da, toskanar ordenako zutabeen gainean dauden erdi‑puntuko hiru baoen bidez irekirik.11
- Urkizutarren jauregia. Elorrio.
Plaza berean eta Casajararen aurrez aurre dagoen Urkizutarren jauregia ere Hiribildua fundatu eta handik gutxira eraikia izan behar zuen, egungo jauregian aurreko dorretxeari dagozkion gezileihoak bizirik iraun dutela kontuan hartuz gero. Gaurko jauregiaren hormen atzean, lodieraz metro bat baino zabalagoak diren dorretxearen hormak eta bertara sarbidea duen ate gotikoa gorde dira. Atzealdeko fatxadak, ibai aldera irekiak diren hiru gezileiho agertzen dira, bitartean estalitako galeria batek berau gordetzen du atzeko lorategira joateko. Ekialdeko fatxadak Urkizutarren ezkutua babesten du –bi herensugek banda bati eusten dioten ahoaz– eta beste etxeetako hormetan zenbat aldiz azaltzen den ikusita, hiribildu beraren armarri bihurtu dela ere esan daiteke.
- Tola Markesaren jauregia. Elorrio.
Euskal Herri osoko deigarrienetako bat dela esan daiteke, bai bere edertasunagatik, bai zaindua egoteagatik, bai kokapenagatik, egoki asko isolaturiko prisma-bolumena du baina, aldi berean, auzo oso baten erreferentzia-gune modura zutitzen da. Hiru solairuetako multzo bat da, harlandu bikaineko paramentuekin, zain‑etxola zilindrikoak angeluetan, hiru ardatz bertikaletan ordenaturiko bao burudunak, eta beste hainbeste horizontalak, hiru solairuak elkartzen eta hegoaldean galeriak dituen hainbat gelei goitik argia ematen dien ataletako eskailerarekin. Fatxada nagusiak ardatz bat osatzen du erdian, ataria, solairu nagusiko hiru baoetako balkoia eta solairu honen eta goikoaren arteko armarri handiaren bidez nabarmentzen dena. Jauregiaren barrunbea, erdian jarritako eskailera nagusiaren inguruan dago antolaturik, jauregi barrokoetan ohikoa denez.
Elorrion, ia hogeira iristen den zerrenda osatu daiteke: Araio, Lekerika, Lariz, Arriola, Iturri eta abar jauregiak, baina ez luke berritasun handirik eskainiko hauetako bakoitzak.
- Mugartegitarren etxea. Markina.
Hau 1660 aldera eraiki zen, garai hartako euskal jauregien eredura. Harlanduzkoa du fatxada nagusia eta gainerako hirurak harlangaitzezkoak. Zain-etxol handiak eta pinakuluak desagertu egin dira eta burdinazko balkoi irtenak, berriz, solairu nagusian fatxadako antolaketaren funtsezko atalak dira, Segurako Lardizabaltarren etxearen eredu; goieneko baoak ere kareldunak dira, burdinazko barandak dituztela. Beheko solairuan atea erdi‑erdian du.
- Valdespinako Markesaren jauregia. Ermua.
Bizkaiko arkitekturako altxorretako bat da. Andres Orbe eta Larreategi artzapezpikuak bere jaioterrian eraiki behar zen jauregi baten diseinua Loiolako santutegiko eraikuntza‑lanetan itzal handiko maisu nagusi gisa aurkituko dugun Sebastian Lekuona arkitektoari eskatu zion, berehala Elgoibarko udaletxearen diseinugile modura ere gogoratu beharko dugun honi, alegia. Loiolako lanetan buru‑belarri ari zelarik Orbe gotzainak (1729) deitu zion bere jauregiaren eta Ermuko elizaren dorrea eraiki zitzan. Egitasmo honetan, 1733ko abenduan zendu zen arte jardun zuen Lekuonak, ardura honetan bere koinatua zen Jose Zuaznabarrek ordezkatu zuelarik.
Ermuko jauregia, jauregi solte handi bat da, oinplano karratua eta hiru solairutako altxaera, ganbara gainean duela. Paramentuak hondar‑harri errez egina ditu, bere fatxada nagusian ia dena harlandu isodomoz eta gainerako fatxadak harlangaitz zarpeatuz, ertzetan kuxinduriko harlanduak dituztela. Lau isurialdeko teilatuz eta linternadun kupulaz estaltzen da. Fatxada nagusiari ate burudun bat ikusten zaio, lerronahasizko baketoiez apaindua eta saihetsetan molduraturiko bi leiho; goieneko bi solairuetako bost kaleetan moldurez, girnaldaz eta oxkar zatituz zoragarriro apainduriko ukondoetan eskoratuta daude balkoiak. Fatxada honen ertzetan Orbe eta Larreategitarren bi armarri berdin‑berdin daude. Harrizko erlaitzetan landare gaiak dituzten harburuak ditu.
- Zubietatarren jauregia.
Lekeitiok baditu hainbat jauregi. Barroko aldiko garrantzizkoenetako bat Migel Velez Larrea eta Josefa Jazinta Adan Iartza anderearen Zubieta izeneko jauregia 1716an eraiki zela gogora dezagun. Honek badu etxarte bat barruan, eta fatxada nagusiaren alboetan bi dorre azaltzen zaizkio. Honen erdian, Lazkaotarren antzera, armarriaren ordez nitxo bat kokatu zuten San Migelen irudia, barroko apaingarriz josia duela. Trazatzailea anonimatuan gelditu da. Jakin badakigu, Domingo Abaria maisua izan zela egin zuena.
Araba
[aldatu]Erdi Aroan hainbeste dorre eraiki zituzten lurralde hau jauregietan ere aberatsak da, bertako noblezia azkar egokitu baitzen monarkia gaztelarraren bizimodu eta erregimenaren moldeetara. Hauetariko garrantzizkoenak berpizkunde aldikoak dira eta aurreko kapituluetan aipatuak ditugu.
Araban ez da gauza samurra barroko ereduzko jauregirik aurkitzen. Bereziki barrokoak ez izan arren, deigarriak irizten ditugun eraikin zenbait gogoratzea besterik ez dugu egingo, izan ere, kapitulu honetan aipatzen ari garen garaia baino zertxobait lehenagokoak dira, orokorrean.
- Felix Mª Samaniegoren oinetxea.
Guardian, San Joan parrokiaren ondoan Felix Mª Samaniego alegilariaren oinetxea aurkituko dugu. Eraikin trinkoa da, hiru solairuduna, fatxada nagusian ataria‑balkoia‑armarria ardatza erdian dituela. Bere atari buruduna zutabe dorikoak saihetsetan dituena da. Solairuen bereizketa fatxadan horizontalki doan inposta lerro baten bidez nabarmentzen da. Baoetan inguruak harlandu nabarmenduz eginak daude.
- Lazarragatarren jauregia. Zalduondo.
Deigarriena Lazarragatarren jauregia dugu, oinplano angeluzuzen gainean eraikia dagoena. Ekialdeko fatxadan, honen erdigunean areagotu egiten den ardatz bertikala, alde bakoitzean bi zutabe jonikoz inguraturik, ate burudun handi bat duela azaltzen da. Gerrariak alboetan dituen neurriz kanpoko armarri batez koroaturik dago, fatxadaren inolako proportziorik gabe altueran eta garbitasunean, hemen armarriaren maila berean bi bao balkoidun baino ez baitira ireki. Orekatuagoa den hegoaldeko fatxadari goieneko solairuan dinteldun galeria ala bost zutabe jonikoen gainean harlanduzko karel batez eusten zaion behatoki bat agertzen zaio eta oso irtena duen hegala.
- Andoi‑Luzuriagatarren jauregia.
Zalduondon bertan dagoen beste jauregi eder bat da hau, 1683an bukaturik zena, data hau grabaturik gelditu baita iparraldeko alboko fatxada tolesten duen inposta batean. Bere bi solairuak eta aurrealdeko fatxada nagusian ongi orekaturiko hiru ardatzekin, hegoaldean galeria duela berpizkundeko lan dela esan daiteke. Jauregi barrokotzat izendatu behar bada datagatik, berehalakoan aipatu beharrezkoa da bere egituren soiltasuna; aukeraketa egitean harlangaitza eta harlanduskoak nahiago izan ziren hormen barrurako eta harlanduak berriz, bao eskantzuen, inposten eta goieneko erlaitzen ertzetan kokatzeko.
- Zurbanotarren jauregia. Zurbano.
Barroko izendapena emateko goiztiarregia den eraikinetako bat dugu Zurbanotarren jauregia eta izen bereko hirian 1621ean eraiki zen hau landa-jauregi dotore baten adibide on bat da. Pedro eta Joan Eginoak eginiko lana.
- Otazutarren jauregia.
Zurbanon bertan dago jauregi hau ere, baina Mikaela Portillok, Torres y Casas Fuertes en Álava bere liburuan aztertu duenaren arabera, Erdi Aroko Basterra dorrea izana zen toki berean eraiki zen Otazutarren jauregi dotore hau, 1696an hain zuzen ere. Zalduondokoaren antzera paramentu orokorra harlangaitzez egina da, baoak inguratzeko harlanduak gordeaz. Baditu erlaitz lodi batez bereizirik dauden bi solairu. Atariak eta honi dagokion goieneko armarriak fatxada nagusiko ardatza markatzen dute. Beheko solairuko ezkaratzean arku burudunak dira atariak, uztaidurako harlanduak molduraz eta belarriez nabarmenduak eta edertuak dituela lau angeluetan, horrela eraikinari benetako osagai barroko bat erantsirik. Bestea bezain barrokoa den osagaia, eta deigarria gainera, hegalkin zabaleko teilatu‑hegala da, alboetan bolutaz eta aurrealdean kordoitxoz oso dotore apainduriko mentsula bikoitzez jarria. Gorputz nagusi honi erantsita, hegoaldeko pabiloiak badu bost toskanar zutabetan ezarritako lau arku karnapelez osatutako galeria edo egutera bat ere.
- Eskibel‑Garibay‑tarren etxea. Ilarraza.
Eraikin trinko hau 1673koa da, hiru solairu eta ganbara dituena, hormak berriz, harlangaitzez eginak eta baoak harlanduz inguratuak.
- Mendibil‑Jauregi etxea. Foronda.
Eraikuntza oso soila eta XVIII. mendekoa da, harlangaitzez egina da nagusiki. Larrako jauregia. Lezama. Halako indar eta sendotasun zirrara eragiten duenez ez genuen Lezamako Larreko jauregira azaldu gabe gelditu nahi. Hiru solairutako prisma izugarri honek baditu bakoitzean bost bao eta bost arkuko ataripe zoragarri bat beheko solairuan; gainerakoan ez du edergarririk, bi solairuak bereizten dituen erlaitza izan ezik.
Ez gara zerrenda honekin gehiago luzatuko, zeren eta erantsi genezakeen guztia ez bailitzateke atal honetakoa izango; Ana de Begoñak idatzi zuenaren arabera, “Arabako etxe‑arkitekturatik isilean igaro da barroko estiloa”.12
Nafarroa
[aldatu]Aurrez ohartarazia dugun bezala, Barroko aldiko arte-historia batek ezin ahantzi dezake arkitektura zibila, eta,Nafarroari dagozkionez, ahanztura hau barkaezina bailitzateke, non oinplano berriko jauregi-eraikinak, erlijio-eraikinak baino ugariagoak diren. Inon baino hobeto froga daiteke Nafarroan jauregien eraikuntzak hirigintzarekin harreman estuak dituela, Barroko alditik hasita, batik bat. Bestalde, bistakoa da Nafarroan ematen dela mota aldetik ugaritasunik handiena ere, ezagunak diren hiru alderdi geografikoen arabera: Ebro ibaiertza, mendialdea eta erdialdea.13
Erribera
[aldatu]Erribera edo ibaiertzetik hasten bagara, garai honetan jauregi, jauretxe eta beste monumentu zibil ugari eraiki zela esan behar da, garrantzizko gehientsuenak Tutera eta Corellan daude kokaturik eta, besteak beste, halakoxe garrantzi apur bat duten Zentroniko eta Alesbesen.
Berpizkundekoen antzera, Barrokoaren mendeetan bi gorputzetako adreiluzko multzoak dituzten eraikinak sortu ziren, amaieran arkutxoz eginiko galeria bat dutela; harlanduak, inoizka, beheko solairuetarako eta halakoxe garrantzia duten atarientzako gorde izan dira.
Fatxadak dotoreak izan ohi dira, balkoi jarraikiak, burdin forjatu eta burdin sareak dituztela. Teilatu‑hegalez errematatzen dira, forma desberdineko adreiluz –karratuak, zakur‑hortz erakoak ala molduratuak– edo baita edergarri geometriko ala landare irudiak zurean taillaturiko mentsulez ere.
Etxe handi dotore barrokoetako fatxada eta dorreetan ikusten diren adreiluzko lan geometrikoek harrizko ala alabastrozko armarri deigarriak izaten dituzte irudi geometrikoz eta hostotzaz bikain apainduak.
- Bobadilla jauregia. Alesbes.
Tutera aldeko eskualdean asko dira sustrai mudejarreko adreiluzko jauregiak, lehen ere esan dugu, XVIII. mendeko indarberritze ekonomikoaren egoeraz baliatuz eraiki zirenak. Garapen honen lehen ildo edo arrastoa Alesbesko Bobadilla jauregi monumentala da, parrokiako dorrearen antzekoa denez, 1700 aldeko data izan dezakeena. Adreiluzko gorputz handi bat da: horizontalki nabarmentzen da. Lau fatxada ditu, bakoitzean bi gorputz eta atikoa dituela. Fatxada nagusiari, mendebaldekoari, baoetan eta trinkoetan antolamendu simetriko atsegin bat agertzen zaio.
- Kateen etxea. Corella.
Monumentalagoa gertatzen da Corellako “Kateen etxea” deiritzona eta Felipe V.ari eta bere familiari ostatu eman ziona. Eraikuntza-lanak 1700an hasiak izango ziren eta 1710erako amaituak ziren jada. Berea duen garrantzia arkitektonikoari, goieneko bi solairuetan, bao inguruetan eta paramentu desberdinetan txertaturiko pilastratan edergarri geometrikoak erantsi zaizkio; hau dena adreiluz egina da. Ertz bat harrizko armarri deigarri batez ederturik dago.
- Vito de Veratarren etxea. Corella.
Beste eraikin ospetsu bat Vito de Veratarren etxea da, gaur egun eskualdeko Epaitegia izan eta hiriaren erdigune den Foruen Plazaren alde batean buru dena; hemen badira etxe armarridun batzuk. Adreiluzkoa eta XVIII. mendeko lehen erdikoa den multzo monumental hau, hiru gorputz eta atiko bat dituen kubo bat da, bao eta trinkotasunaren antolaketa orekatuak: sarrerako arku handi bat, hiru balkoi bigarren solairuan, bi hirugarrenean eta erdi‑puntuko bost arku atikoko galerian. Barruan, angeluzuzeneko eskailera kaxak duen berezitasuna, elkarzutak diren eskailera mailak hiru ataletan emanak izatea.14
- Gomaratarren jauregia. Balterra.
Besteekin badu zerikusirik Balterrako Gomaratarren antzinako jauregiak, XVIII. mendearen erdialdera Jose Argosek eraiki zuen honek.15 Jauregi arranditsu honetatik adreiluzko fatxada besterik ez du gaur egunera arte gorde, bi solairuetako aurpegia eta saihetsetan dorreak dituela azaltzen delarik; goieneko solairuan hiru kaleetako multzo bat osatuz, balkoia eta lau leiho (alde bakoitzean bina) eta bao bakarra (atariarena) beheko solairuan; den‑dena erabateko simetriaz antolaturik. Barrokotasun guztiz soil eta klasizista da. Taulamendu jarrai batek, zeinaren frisoak triflifoak agertzen dituen, hiru kaleak bereizten dituen erliebe gutxiko lau pilastra txertaturikoen gainetan ezarria dagoenaren plantak egiten ditu, eta beste biek ataria inguratzen dute; goieneko solairuan leihoak frontoi triangeluar batez koroaturik daude eta arkitrabaturiko erdiko balkoia baketoi hautsi baten mendelez apaindua.
Jauregietako eskailerak. Oro har, Nafarroako Erriberan etxe handi dotore barrokoetan ugari dira diseinu korapilatsua duten eskailera monumentalak, aipaturiko Vito de Vera etxeko estalkiaren antzekoak.
- San Adrian Markesen Jauregi‑Gaztelua. Monteagudo.
Zentzu honetan, ikusgarria da San Adriango Markesen Jauregi‑Gazteluko eskailera, Monteagudon, antzinako Beaumont‑arren gaztelua izana eta XVIII. mendean jauregi bilakatu zen honetan.
- Uharteko Markesen Jauregia. Tutera.
Bestea bezain aipagarria iruditzen zaigu garai bateko eskailera Uharteko Markesen Jauregia izan eta gaur egun Tuteran Epaitegiaren egoitza dena. Hemen, tarte elkarzuten bidez gurutzatzen diren bi eskailera inperial ipintzen dira ondoan, bere kaxa garaia erribera aldeko ganga barrokorik ausartenaz estaltzen delarik, erdian ertz‑gangatxo batzuk eta kerubinak zintzilika dituen laranjaerdi-formako eliptiko bat duela.
- Olibako abade-etxe jauregia. Oliba.
Rococo aldiko eraikinetatik Olibako abade-etxe jauregiak aipatzea merezia du, 1780ko data duenez. Monasterio honen elizaren aurrean hainbat fatxada dituen plaza zabal bat eraturik dago; aurpegi hauetako batek bi gorputz ditu, harrizkoa lehenengoa eta adreiluzkoa bigarrena, arku itsu bat inguratzen duten pilareen bidez antolaturik dena, arkuarteetan arrokaia dutelarik. Beraren barruan, alboetan tribunak dituen eskailera konolexu bat garatzen da, antzoki kutsua emanez.
Erdialdea
[aldatu]Nafarroako erdialdea dei dezakegun honetan, Lizarra, Erriberri, Zangoza eta Iruñeko merindadeak barne direla jauregi barrokoen zerrenda oso batean aipamena mereziko luketen zenbatu ezin halako jauregi multzoa topa dezakegu. Hauetako gehienak harriz eta adreiluz konbinatuak dira, azken hauetakoak ugariago badira ere Erribera inguruko alderdietan, Andosilla, Carcar eta San Adrianen, esate baterako.
- Hiriguneak.
Bistakoa denez, hirigune garrantzizkoenetan –Lizarra, Viana eta Urantzia– azaltzen dira eraikinik arranditsuenak; hauetan sarritan ematen dira Tuterako eskualdean gogorarazi ditugun eskailera inperialak. Nafarroako Monumentuen Katalogoan 25 orrialde betetzen dira, alajaina, Lizarran gorde diren hainbat motatako jauregi, etxe handi, eta mota askotako jauretxeetatik barrena egindako ibilbidearekin –adreilua eta harlanduak konbinatuz egindako eraikuntza nobleak orokorrean– eta hasi plateresko alditik eta neoklasikora arterainoko arkitektura zibilaz arduratzen den edonork bisitatu beharrezkoak dira.16
- Landa-inguruak.
Baina badira landa-inguruetan antzinako historia luzea duten herrietan –besteak beste Santzol, Solanako Muniain, Lodosa, Armañantzas, Acedo, Bargota, Mañeru eta abarretan– jauregi bikainak, ongi landutako armarriak erakutsiz, ia denak.
Harlandu onez egindako fatxadak dituzte Barasoain, Erriberri, Tafalla, Miranda, Artaxona, Mendigorria eta abarretan ikusten diren etxe handi dotoreek.
Adreiluzko paramentua da nagusi beste batzuetan eta arkutxodun galeriez errematatzen dira; eta sarritan leiho eta teilatu‑hegaletan adreiluzkoak edo zurezkoak izan ohi diren edergarriez apaindurik azaltzen dira.
- Kolomotarren jauregia.
Mirandako Kolomotarren jauregia forma berezia duena da, Mirandarra zen Joan Bizkainok Santiagoren Ordenako zalduna zenak eraikiarazi zuen, baina ez zen, Bizkaino beraren diseinuren arabera, 1695an eraikitzen hasi eta ez zen bukatu XVIII. mendea aurreratu samarrera arte. Harlanduz eta adreiluz egina da paramentua. Gaur egun garaieran gutxiagora egiten duten hiru gorputz ditu, angeluetan txertaturiko pilastrak dituen dorre prismatiko bikainak alboetan dituela. Hiru gorputzak erlaitz irten bidez bereiziak daude, eta erdiko zatia bere hiru garaieratan bi salomondar zutabe parez mugaturik dago.
Adreiluzko jauregien ale ederrak Gares, Erriberri, Faltzes, Milagro, Azkoien eta Funesen ere aurkitzen dira. Feria Markesaren jauregia. Tafallan Feria Markesaren jauregia azpimarra daiteke, XVIII. mende aurreratuko eskailera monumentala bere baitan duena.
- Jauregizahar jauregia. Biguria.
Landa-etxetan, etxe dotore handien eredu dira, edergarriak atari eta baoen inguruetan besterik ez dutenak: halakoa da Bigurian Jauregizaharra edo Monternosoko Markesaren jauregia.
- Zangoza.
Zangozako merindadean Barrokoa, arkitektura zibilean baino oparoago azaldu zen erlijiozkoan, eta Aragoikoarekin parekatuagoa ikus daiteke, gainera. Armarri polit eta arranditsuak dituzten XVIII.go etxe bikainak ikus daitezke Irunberri, Erronkari, Agoitz eta abarretan. Zangozan, errenazimendu aldekoak direnak, batez ere Granada de Ega Dukeen jauregia eta Gendulaindarren jauregiaz gainera, XVII. mendearen azken aldeko Vallesantoro jauregia –gaur egun kultur etxea dena– azpimarratzea ezinbestekoa dela besterik ez dugu esango.
- Vallesantoro jauregia. Zangoza.
Bere ataria da benetan barrokoena; kapitel korintoarrak dituzten salomondar zutabeak alboan dituela, familiaren armarri handi bat erakusten du fatxadan. Hau, zurezko teilatu‑hegal batez koroaturik dago, hau da, amerikar arte-gaietan inspiraturiko edergarriak dituen teilatu‑hegalez. Barrua patio baten inguruan antolaturik dago, bere lau alderdietan hiru ordenatako zutabeetan finkaturiko eskailera baten biran egituratzen delarik.
- Iruñea.
Iruñean XVIII. mendea hirigintza mailako eraberritze sakon baten unea izan zen, Nafarrerian aurreko eraikin askoren eraitsi beharra eragin zuelarik.
- Ezpeleta jauregia.
Gorde direnetan Ezpeleta jauregia nabarmenduko genuke, zeinaren eraikuntza Espainia Berrian Leongo Erreinu Berriko Kapitain Jeneralak sustatuko zuen, eta Pedro Arriaran harginak eta Domingo Gaztelu eskulturagileak egina izan zen. Bere fatxada kuxinduriko harri zakarrez eginiko gorputz handiz, balkoidun adreiluzko solairu nagusi batez eta amaieran idi-begiz osaturik dago. Harri zuriz prestaturiko atari handia nabarmena da bere edergarri ugariengatik.
Era berean, atariko barrokotasunak ematen die izaera:
- Estafeta kaleko Goienetxetarren jauregi ederrari eta
- Artzapezpikuaren Jauregi‑egoitza monumentalari.
Mendialdea Nafarroan
[aldatu]Nafarroan, mendialdeko paisaia hiritar zabalean arkitektura barrokoaren nolabaiteko ugaritasun bat suma badaiteke ere, Otsagin gertatzen den moduan, hainbat lekutan zenbait berezitasun zantzuak dituela gainera, Baztanen aurkituko ditugu benetako arte balioa duten etxe dotore barrokoen adibide tipiko ederrenak. Hemengo eraikin nobleen berezitasuna, harlandu gorriztez eginak izatearena da.
- Jarola jauregia.
Elbeten, Jarola jauregia gailenduko da, Migel Bergara novohispaniako militar eta merkatari aberats baten eskuzabaltasunari esker eraiki zena. Harlanduzko gorputz kubiko bat dugu, inposta lauez hiru mailatan antolaturiko fatxada duena. Eskualde honetan ohikoa da, atea buruduna eta molduraduna izatea, pilastra eta toskanar zutabe aurreratuen artean dagoena, zeinaren gainetik erronbozko eta triflifoen taulamendu bat zamalkatzen den; honi erantsi diezaiogun baoen inguruetan eskaintzen den edergarrian aberastasuna eta ertzetako harlanduen nabarmentzeak. Multzo osoa lau isurialdeko teilatuz estalia dago eta berekin du zurezko teilatu‑hegal bikoitza.
- Joanderrenea Jauregia.
Lesakako Joanderrenea edo Urdanibia jauregia antzeko eskema bati jarraitzen zaio; XVIII. mendeko lehen erdiko jauregi-mota dugun honek gogoan hartzeko moduko garaiera du gorputz kubiko moduan, eta xingola lauez bereizitako hiru solairuetan egituratzen da, ertzetan harlanduak dituela.
- Jauregi dorredunak.
Jauregi dorredunak XVIII. mendean azaldu ziren, fatxadan, bera baino handiagoko bi dorre lirainekin, hiru mailatako erdiguneko paramentua apur bat atzerago ekarria du. Eskema honi dagozkionak dira beste eraikin batzuk, esate baterako:
- Oieregiko Erreparatz Jauregia.
Patiorik gabea da, harlangaitzezko paramentua, zarpeatu eta zuritua –XVIII. mendaren azken aldera Gipuzkoatik gertu dagoen alderdi honetan ohikoa bihurturik.
- Gaston Iriarteren jauregia.
Iruritan, Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarreko On Migel Gaston, beste indiano eskuzabal batek ordaindutakoa da jauregi hau.
- Arizkunenea jauregia.
Elizondon Arizkunenea jauregi azpimarragarria da bai bere zabaleragatik bai gorputz nagusia albokoekiko atzerago ekarria izateagatik.
- Sagardia jauregia.
Iturengo Sagardia jauregia ere bikaina da, hiru solairuetan eta atikoan harlandu artikulatuak dituen bloke prismatikoa, dena ere zurezko teilatu‑hegal bikoitz batez amaitzen delarik.
- Arrarboa jauregia.
Yrizarren iritziz garrantzirik badu Amaiurko Arrarboa jauregiak, harlandu onak, harburutxo bikoitzak dituen teilatu‑hegal zoragarria, eta Erdi Aroko dorreetan itsasten zirenen jatorrizko eskailera bitxi bat kanpo aldetik dituela.
Udaletxeak
[aldatu]Kontzeju erakundea
[aldatu]Agirietan ziurtaturik dago hiribilduen aurretik egiten zirela Kontzejuko batzarrak. Ibarretako Goiz Erdi Aroko erakundeek, Unibertsitate zeritzotenak, nahiz berant Erdi Aroko udalbatza nagusiek bazuten jadanik kontzeju irekiko antolamendu bat, auzotar eta bizilagun guztiak biltzen zituena eta gerora “gizon zintzoak” izena emango zitzaiena.17
Antzinako ohitura hau sendoturik eta sagaraturik geratuko zen lehen aipatu ditugun beharrak zirela-eta hiribilduak sortzeko errege edo “jaunak” hiri‑gutunak ematen hasi zirenean. Hasiera batean kontzejuak udal bizimodua kudeatzeko eginkizuna zuelarik, “kontzeju irekiak” izan behar zuten, hots, “kanpai hotsera” ala pregoilariaren ahotsera, klase berezitasunik gabe, iritzi batekoak nahiz bestekoak, herriko biztanle guztiak bilduko zituztenak eta udalaren eginbeharretan guztiek esku hartu zezaketenak. Biltokia, zelai bat ala harizti bai izan zitekeen, baina ohikoagoa zen eliza bat edo bere ataripea edo kanposantua izatea, horrela “elizate” izena bera, udal-bilkura esanahia izatera iritsi zen. Manuel Lekuonaren iritziz, ohitura horrekin kontzejuko agintariak beharturik gertatzen ziren Euskaldunon elizetan hain ohikoak diren arkupeak ireki behar izatera. Pirinioez gaindi iparraldera dagoen Baskonian ere ohiturazkoa zen Kontzejua eliz aurrean ospatzea. Aiherreko familiatako ordezkariak 1743an beren elizako arkupe berezian bildu ziren igande batez, beren erretauletako urreztaketaren tratuari buruzkoa idazteko.18
Gauza jakina denez, hiribilduak Ermandadetan antolatzeko beharra sumatu zuten, segurtasunaren izenean eta beren interesen defendatzeko, nobleen gehiegikerien, ordainarazteen eta injustizien aurrean. Arrazoizkoa denez, ermandadetako nagusi edo buruak, eta gerora Probintzietako eta Batzar Nagusietakoak, halaber, udal Kontzejuetan bildutako lagunen arteko eskubideetatik sortu ohi ziren. Udalerrietan zegoen probintziaren boterea, Karmelo Etxegarai‑ek esan zuen bezala.19
Ermandadeentzat probintzia “udalerrien elkartasun gisa hartzen zuten, beren pribilejioak eta, aldi berean, inguruan zituzten eskualdeen segurtasuna defendatuko zituztelarik, eta zenbait aldetan “unibertsitate” izenez ezagutzen ziren”.
Udalerrietako Ermandadeek beren kabuz erabakitzeko eskubidearen kontzientzia finkatu zuten, hiribildu beraren sorreratik zutelarik arrazoibidearen kontzientzia, alegia, auzotarren elkarte modura eraturik gelditu zen Udal Foruan. Kontzientzia honek Euskal Herriari tinkotasun berezi bat eman zion bere Foruak defendatzeko.
Kontzejuaren ekimena, auzotarren ongizate eta aurrerabideari garrantzizko zitzaizkion zenbait arazoetara iritsi zitekeen: administrazio ekonomikoa, justizia zibil eta kriminala, zaintza eta ordena eta abar. Ekimen honek, aldian behin eta arauen bidez zenbait kargu izendatzeko beharra ekarri zuen. Gorosabelek dioenez, hasiera batean Alkatea eta Burua besterik ez zen izan. Gerora beste kargu batzuk izendatzeko komenientzia sumatu zen: Alkateordea, Erregidore ahaldunak, Eskribaua, Sindikoa edo Prokuradorea, Etxezainak, Epaimahaia, Aguazila, eta abar.20 Legez, kargu horietarako gai izateko beharrezkoa zen aitoren seme izatea eta errenta batzuk edukitzea.
Denbora joan ahala, elkarte osoaren antzinako batzarrak desagertu ez baziren ere, horietarako deialdia kasu berezietarako utzi zen eta gai arruntak erabakitzea zuzendaritza batzordearen esku gelditu zen. Delako sistema hau izango da Kontzeju itxia deritzona.
Hiribilduen gobernamenduaz hitz egitean, Larramendik honela azpimarratu zuen: gobernu orokorraz gainera –Probintzietako Batzarrarena eta Batzar Nagusietakoa eta errege Korrejidoreen autoritatearena– hiribildu bakoitzak dituen ordenantzetan oinarritzen zen gobernu partikularra zegoela, oso aspaldiko ohituretan eta pribilejioetan eta erregeek berretsiak: mendeetan zehar, beharren arabera, aldatuz joan ziren ordenantzetan. “Ez dira berdinak herri guztietan, eta gorabeherak badira berauetan, hiribilduen berezitasunaren arabera. Denek badute beren alkatea, justizia eta erregimentua, erregidore, sindiko, zerga-biltzaileak, diruzainak, udal eskribauak, epaimahaiak eta udaltzainak”.21
Bestalde, frogaturik dago Kontzeju irekien ezarpenak ez zuela inolako demokrazia alderako joerarik ekarri, gaur egun hitz honi ematen diogun adieran, bederen. Erakundeak, bai udal mailan bai zentral mailan (Batzarrena), pixkanaka “aristokrazia” prozedura baten mendekotasunean sartu ziren.22 Udalerri bateko biztanle guztiak ez zeukaten ohorezko eta autoritatezko karguetarako sarbiderik euskal errepublikan; noblea edo aitoren seme izatea beharrezkoa zen.23 Honi dagokionez, A. Larramendik oroitaraziko digu XVIII. mendean kargu horietara aurkeztu ahal izateko “milakoak” behar zirela, fidantzapeko balioa zuen etxaldea, “kargudunen” aldetik kalterik gertatuta ere. Hiribilduan onibarrak edo lur‑ondasunak eduki behar ziren, ez gutxi gainera eta gora egin zutenak, karguaren garrantziaren arabera, ez hautagaiek soilik, baita hautatzaileek ere; bazterrera uzten zirelarik maizterrak, artisauak eta ezer gutxiren jabe ziren pertsonak.
Udal kontuak eta arazoak gehitzen eta zailagotzen ari zirelako sumatuko zen ziur asko Kontzeju itxien beharra, hau da, pertsona adituen esku utzi beharra. Handik aurrera oso beharrezko ikusi zen ofizialen bilerak ateak itxita egitea, delako zeregin hauetarako bereziki pentsaturiko eraikinetan.
Errege Katolikoen Ordenamendu batek, 1480an, Kontzeju guztiak “ad hoc” eraikitako etxeetan ospa zitezela agintzen zuen, eta ez elizetan edo aire zabalean. Baina eraikin itxietan Kontzejuak egitearen sistema hauetarako behin betirako urratsa Baskonian XVIII. mendera arte ez zen sartu.
Kontzejurako eraikinak
[aldatu]Bestalde, Kontzejuak bereak zituen arazoak kudeaketa ona izateko beharrezkoak ziren eraikinak eratzea komunitate osoaren esku ez zegoen eginkizun ekonomiko bat zen. Euskal Herrian ulertu egiten da, Udalbatzek zuten garrantzia eta inork ere alde batera utzi nahi ez zuen foru izaerako tradizio luzearen zama izanda ere, Udaletxeen eraikuntza hainbeste denboraz luzatu izana; XVII. mendera arte ia‑ia, eta eraikitzen hasi zirenean, arazo korapilatsu bat gertatzea eta patua alde izandako pertsona partikularrek (indianoak sarritan) beren jaioterriaren beharrekin bat eginda sentitu eta beren dirutzaz elizen eta udaletxeen hobekuntzetan lagundu zutenean baizik ez konpondu izana ere. Garai honetako jauregi gehientsuenak Ameriketatik zetorren diruari esker eginak zirela baieztatzen du Vargas Poncek. Gerora, ikerlariek eskuraturiko dokumentuek badirudi berretsi egiten dutela honako adierazpen hau.
Eraikuntzak hasi zirenean gure Herrian bazen tradizio luzea zuen eraikuntza sistematiko bat. Ez da, beraz, inola ere harritzekoa egituretan eta teknikan ahaidetasun bat sumatzea Udaletxe berrien eta aurreko mendeko baserri‑etxe eta jauregien artean. Euskal Udaletxe tipoa ez da arranditsua, Linazasororen iritziz, ezta funtzionala ere, eta ez da horrexegatik arbuiagarria. Lamperezek bere iritzian zenbait Euskal Udaletxe oso bikainak direla dio. Hauetako batzuetan Luis XVI.aren frantses estiloaren eragina ikusten da.24
Arkitekturaren garapena
[aldatu]Uste izatekoa da, lurralde historikoetako hiriburu izandako hirietako Udalbatzek eskain zezaketela eredua, udalen zereginetarako udal-egoitza modura. Baina euskal hiriburuetako antzinako Udaletxeak, barrualdeko hiribilduetan eraikitakoen erreferentziatzat balio zezaketenak desagertuak ziren XVIII. eta XIX. mendeetako eraikuntzez ordezkatuak izateko; uholde batek suntsitu zuen Bilboko Udaletxea XVI. mendearen azken aldera; Donostiakoa 1813ko sutean galdu zen; Gasteizkoak ez zuen “leku berezirik” Olagibelgo Plaza Berrian biltzea erabaki zenean; Iruñekoa, XVI. mendean altxa zena, egungoa den beste honek hartu zion lekua “XVIII. mendearen erdialdera hondamendiaren arriskuan zegoenez”.
Arkitektonikoki aurreko mendeko ereduak imitatu zituzten XVIII. mendean eraiki ziren Udaletxeak. Ezaugarririk ohikoenak hauexek dira:
- solairu aglomeratua, - arkuak fatxadan, - lehenengo hormarte guztia betetzen duen ataripea, - batzar aretoa argiztatzen duten leihoak kanpoaldera, - tokian tokiko armak erakusten dituen armarria.
Eskema hau aberastua eta edertua gertatu zen Argien Mendean zehar, berrikuntza batzuk medio.
Saiatuko gara, euskal lurralde historiko bakoitzaren mugen barruan, nolabaiteko kronologia bati jarraiki aurrerabide honi jarraitzen, arkitekto eta bere bezeroen aldetiko halako zentzu estetiko bat agertzen duten xehetasun eta berrikuntzak azpimarratzen.
Dokumentuen ikerkuntza eraikuntza bikain hauetako batzuen egileak zeintzuk izan ziren oraindik jakitera iritsi ez bada ere, ez dugu uste aipamenik egin gabe utzi behar direnik. Enblematiko modura ikusi behar ditu historialariak, mendeetako bizimoduaren alderdi sozial eta politikoen erakusle plastiko eta agerikoak. Alderdi honi buruz Leon Bautista Alberdi humanistarekin batera esan daiteke: “Arkitekturaren handitasuna hiriarekin loturik dago, eta bere erakundeen sendotasuna honen baitan babesten dituen hormen sendotasunez neur daiteke”.25 Hara hemen, euskal arkitekturaren atal honi eskaintzen diogun arreta zuritzen duen arrazoia.
Gipuzkoako udaletxeak
[aldatu]Zutik dirauten Gipuzkoako ia Udaletxe guztiak ez dira XVII. mendea baino lehenagokoak.
XVII. mendea
[aldatu]Usurbilgo Udaletxea. Usurbilgo Udaletxea, bere kokalekuari26 buruz eztabaida ugari izan ondoren, XVII. mendearen bigarren erdialdera eraiki zen, baina, gerora sute batean erre eta suntsiturik gelditu zen.
Zestoako Udaletxea. Hiribildu honek, gainerakoak baino premia handiagoa sumatu zuen XVI. mendean jada, udaletxe bat eraikitzeko, besteak beste, Batzar Nagusiak ospatzen zireneko hiribildua izateagatik. Karmelo Etxegaray‑ek espresuki arrazoitzen du esanaz: “Udaletxe handiak XVI. mendetik aurrera hasi ziren eraikitzen, Batzar Nagusiak biltzen ziren tokietan bereziki; zeinak, prokuradoreak zenbat eta nolakoak ziren ikusita areto handi eta zabala izatea eskatzen baitzuen.
Eraikina 1601ean hasi zen eraikitzen eta zenbait arrazoi tarteko, ez zen hurrengo mendera arte amaitutzat eman. Zestoako Udaletxeak ez zuen eskaini gerora Gipuzkoan egingo ziren udaletxeen eredua; baina hartan ikus daiteke jada, gerora osagai amankomuna izango zen balkoi jarraikia. Monumentu historiko eta artistiko izendapena jaso du, Batzar Nagusiak ospatzen zireneko aretoa gorde duelako, batez ere. Ez du edergarririk, 1973an jarri zitzaion armarri alakatu bat besterik, XVIII. mendeko Udaletxe berrietan egiten zena imitatuz seguruenik.
Tolosa, Bergara eta Oiartzungo Udaletxeak. Tolosa, Bergara eta Oiartzungo Udaletxeak urte beretan eginak dira, 1660 eta 1680 urte bitartean. Eraikin sendoak dira, hiru solairutakoak, beren fatxadetan balkoi jarraikiak dituztela; edergarri soilak hiribilduaren armarrietan, bat bestearen atzetik zetozen hargin maisuen esku hartzeen bitartez eraikiak izan ziren, eta betiere larritasun ekonomikoen zamapean eraiki ere, aurrezte handienaren irizpideari eta arte mailako soiltasun handienari jarraiki.
Bergarako Udaletxea. Bergarako Udaletxe berria, Zestoakoarekin batera, Batzar Nagusien hiribildua izateagatik, txikiegia gertatzen zitzaiela-eta, antzinako Kontzejua aldatu beharrean gertatu zenean, beronen gainean eraiki zuten berria eta 1680an ez zegoen oraindik amaiturik. Bere diseinuaren arduradun nagusia zein izan zen ez badakigu ere, 1680ko azaroko tratuan Jose Zaldua eta Joseph Sarasua hargin maisuak aipatzen dira.
Plaza nagusian Lagundiaren antzinako ikastetxea eta gerora Errege Mintegia izango zenaren aurrez aurre dago kokaturik; angeluzuzeneko oinplanoa eta hiru solairu dituen eraikina da, Udaletxeetarako sortzen ari zen eta behin betirako izaera izango zuen motaren araberakoa. Bere fatxada harlanduz egina da, eta harlangaitzez alboetakoak.
Beheko solairua arkupeduna da, pilare sendo lodiez eusten zaien erdi‑puntuko sei arkuz egina. Harridura sortzen du bere itxurak, Udaletxearen eskuin aldean, eskala berari eusten dion eta lau arku gehiagorekin arkupea luzatzen duen etxebizitzen eraikin bat itsatsirik dagoelako. “Lehenengo solairuan bost balkoi irten irekitzen dira, kalostra xume bidez eginiko burdineria dutela”. Fatxada nagusiari dagokion zatia hiru armarri ederrez apaindurik dago: Gaztelakoa, Gipuzkoakoa eta Bergarakoa. “Barrualdean, erdigunea, eskailerari, sarrerari eta gelei dagokiena eraberritua izan da, eta erdiko eskailera bidez solairu batean banatzen da, bertan udaletxeko gelak banatzen direlarik.
XVIII. mendea
[aldatu]Lanaren balio estetikoari arreta berezia eskaini, eta beren eredu arkitektonikoarekin ospea lortu zuten arkitektoek diseinaturiko eraikin-mota horretan sartuko gara XVIII. mendean altxaturiko Udaletxeekin. Amerikatik etorritako diruak eta tokian tokiko auzotarren elkartasunak lagundu zuen eraikin garrantzitsu hauek eraikitzen.
Elgoibarko Udaletxea. Arte-ikuspegi horretatik gure arreta erakarri behar duen lehengo udaletxea Elgoibarkoa da. Gudiol Alcolea eta Kluber‑en iritzien aurka, hauek Frantzisko Iberok egina dela uste baitute, badirudi Udaletxe honen benetako egilea Sebastian Lekuona izan zela.27
Aurreko kontzeju‑etxe txiki baten ordezkoa egiteko Felipe V.a erregeak emandako baimena 1728ko maiatzaren 22koa da. Lur‑sail askeak erosi ziren elizaren ondoan eta maisu bat kontratatu zen, Antonio Labranza; honek eraikuntzarako diseinua eman eta 1731n zimentarriak jartzen hasi ziren. Labranza berehala hil eta beste diseinu batzuk aurkeztu ziren, eta Loiolako maisu nagusia Inazio Ibero etorrarazi zuten berauei buruz eta gastuei buruz iritzia eman zezan (1734ko otsaila). Ibero maisuak, bi hilabete lehenago hil zen Sebastian Lekuonak aurkeztu zuen diseinuaren aldeko iritzia eman zuen. Tomas Labranza, lehen trazatzailearen semea arduratu zen, denbora joan ahala hainbat aldaketa izango zituen eraikin-lanak bukatzeaz, baina, betiere funtsean Sebastian Lekuonaren jatorrizko diseinuari begirune zitzaiolarik. Inazio Iberok arkupea eta eskailera handiagotu zitzaten egindako gomendioagatik eta eraikitze aldian izandako beste moldaketak zirela-eta, eraginik izan zuen zenbait historialarik maisu horrek egina dela eraikin hau esatera iristeko. Eraikuntza 1737 aldera eman zen amaitutzat, baina, ondorengo urteetan erantsi zitzaizkion apaingarri batzuk, armarria, esate baterako, 1753an Inazioren seme Frantzisko Iberok eginikoa.
Oso xumea da Elgoibarko Udaletxea: oinplano angeluzuzena eta bi solairu dituena da; behekoa bi hormarteetan zatitua dago, lehenengoak, barrura sartzeko, hiru atetako ataripe handi bat okupatzen du; atzean, eskailera zabal batek, bigarren hormartea bitan banatzen du, bata kartzelatarako eta bestea alondegi eta zalditegirako. Goieneko solairua ere bi zatitan banatuta gelditzen da: bata batzar aretoa da eta bestea lau areto Fatxada nagusiak, iparraldera begira dagoenak bere beheko solairuan ataripera irekitako erdi‑puntuko bost arku agertzen ditu, eta goieneko solairuan, ataripeko arku gainetan egokitzen diren mentsuletan ezarrita hiru balkoi. Frontoi triangeluar batek errematatzen du eraikina. Diseinugileak proportzioetan izan zuen arreta solairuetako neurriak txikiagotuz, alboetako beste bien kontrastean frontoi erdiko armarriaren handitasun bidez ardatz bertikala indartuz, baranda amankomun batez elkartutako ertzetako bi balkoien eta erdiko hiruren arteko biribiltasunak, balkoien uztaitzeetan eta mentsuletan harrizko edergarriak, armonia bare eta duintasunezko baten inpresioa ematen dute, barroko hasberri baten halakoxe alaitasun baten barruan.
Azkoitiko Udaletxea. Azkoitiko Udaletxe berri bat eraikitzeko lehen diseinu bat bazen XVI. mendean jada. Dena gogo hutsean geratu zen, harik eta 1730eko urtarrilean udal‑gizon batzuk hiriko plazan kontzejuaren egoitza berria, gastu handirik gabe, eraiki beharra mahai gainean jarri zuten arte. Tratua Jose Lizardi arkitektoarekin egin zen; eta Inazio Ibero maisuak Lizardiren diseinuari 1736 hasieran bere aditu iritzia eman ziezaiokeen.28
Hiru solairutakoa da. Oinplanoz angeluzuzena eta 24 m ditu aurrealdeko fatxadan eta 18 m sakonean, bi hormarte paraleloz zatituta. Beheko solairuan, arkupearen ondoren bi esparru bereizten ditu eskailera zabal batek; beste bi solairuetan eskailerak bereizten ditu geletarako hango esparruak, lehenengo hormartea (ataripearen gainekoa) batzarrak egiteko aretoa da. Teilatu‑hegal sendoa duen teilatu‑zurajea hiru isurialde dituena da, hauetako bi, alboetara erortzen dira eta hirugarrena fatxada nagusi aldera makurtzen da.
Fatxada nagusian bost bao ditu lehen solairuan eta lau goienekoan, ardiko tartea hiriko armarriarentzat geratzen delarik. Balkoi jarraikiak elkartzen dituzte erdiko hiru baoek, batzar-aretoa nabarmen utziz. Herreratar soiltasuna duena da apainketa: bi troxa jarrai paralelo besterik ez, solairuak eta beheko arkuteriaren inposta baxuak bereizteko. Leihoen inguruetan ez da inolako edergarririk ikusten. Esteten atseginerako opari bakarra da eraikinaren biran teilatu‑hegal irteneko zurgin‑lana eta ezin dezakegu jakin Lizardik eginak diren ala ez.
Legazpiko Udaletxea. Azkoitikoarekin antza duen udaletxea dugu Legazpikoa; ulergarria den kointzidentzia bestalde, bi udaletxe hauen eraikuntza ia‑ia garaikidea izan baitzen, Legazpiko honetan Jose Lizardiren esku hartze batzuk dokumentuetan jarrita baitaude. Ziurtasunez ez da azaltzen dokumentuetan diseinatzailearen izenik baina oso litekeena da Pedro Karrerarena izatea. Kontua da, eraikuntza lanak behereneko solairuko arkuetara iritsi zirenean, Asteasuko maisuak “aldaketa batzuk” proposatu zituela, “oso funtsezkoak agian”, agerian utziz “bere berrikuntzak Udaletxearen goieneko bi gorputzei eragin ziotela, zein neurritan gertatu zen ez badakigu ere”.29
Oinplanoz angeluzuzena da Azkoitikoaren antzera; eta honek bezala baditu hiru solairu eta arkupea; goieneko bi solairuek plangintza berdin‑berdin bera dute. Baina Legazpiko udaletxea oinplanoz luzeagoa da, ia‑ia karratua; nahiz eta oso litekeena den atzealdeko zatia jatorrizko diseinuaren araberakoa ez izatea, gerora egindako eranskinena baizik. Hemen arkupea ez da bost arkuz egina, hirutan baizik. Teilatu‑hegala ez dago Azkoitikoan bezain tailla‑lan ederrez jantzia. Garaiaren banaketa, eraikina inguratzen duten inposta lan beraren bidez markatzen da berriro; inpresio orokorra, Azkoitikoak eragiten duena bezain herrerarra da oraindik ere.
Hondarribiko Udaletxea. Blanka Sañudok Hondarribiko Udaletxe berriaz (1731‑35) egiten duen kontaketa xehe eta dokumentatuan, eraikina, oso gorabehera bitxiak eta ez ezusteko handiak izan gabe eraiki zuten hargin eta arotz maisuen izenak jarrita ekartzen ditu; baina ez da bere diseinatzailearen inolako aipamenik agertzen.
Antzuolako Udaletxea. Gauza bera gertatzen da Antzuola hiribilduko Udaletxearekin, Felipe IV. Erregearengandik Bergararen eskumenetik aske geratzea lortu, eta 1743an udaletxe berriaren egitasmoa onartu baitzuen; mehelin arteko eraikina da eta tipologia mailan Euskal Udaletxeen artean kokatuko litzatekeena. Historia honen helburuen artean oso esanguratsutzat azpimarratu nahi dugu Blanka Sañudoren oharrari buruzkoa “Hemen ikusten diren Udaletxeen handitasunak eta kalitateak agerian uzten baitute, besteak beste, baita biztanleria ugaria ez duen Antzuolan ere, Euskal Herrian tradizio mailan kontzeju erakundeek izan duten garrantzia”.30
Asteasuko Udaletxea. Bertan ezin bizia gertatu zen Kontzeju baten ordezkoa egiteko lurrak erosi eta 1752an, hiriko semea zen Jose Lizardiren traza baten arabera abiatu ziren eraikin lanak, trazatzaile hau bera zendu ondoren. Baina, Asteasun ez zen inolako arazorik gabe eraikitzen jardungo zuen hargin‑maisu onik falta, eta 1749an zenbait enkanteren ondoren Usandizaga maisuak eskuratu zuen egitekoa; baina lanen hasiera urte batzuetara atzeratu zen. Eraikin lanak 1754an hasita ere, zenbait alditan eten beharra gertatu zen, arazo batzuen kontsulta bideratzeko: aurreikusitako harlangaitzaren ordez mutxardaturiko harlandua hautatu zen, zenbait puntutako okerdurak zuzendu beharra izan zen eta abar. Bukatutzat eman zen eraikin lana 1760an, teilatuetako arotz‑lanak, eskailera eta zoladurakoak barne.
Asteasuko Udaletxeak barroko kutsu handitxoagoa du Lizardik trazaturiko beste kontzeju eraikuntzek baino. Frontoi triangeluarra hartuko du, profil berezia duena, Elgoibarko Udaletxeari Sebastian Lekuonak eman zion eta honek, aldi berean, Hercules Torrelli italiarrak trazaturiko Donostiako Udaletxetik (gaur desagertua dena) hartu zuena bera.32 Baina, bestalde, eutsi egingo zaio Asteasun hiru arku besterik ez duen arkupeari, alboetan leiho soilak dituela, Legazpikoaren antzera.
Eskubanden batasuna deigarria gertatzen da, lehenengo solairuan erdiko hiru balkoiak eta goieneko solairuko bostak elkartzen dituena. Baoak uztaitzen dituzten plakak, zura taillatua duen teilatu‑hegal zabalaren azpiko erlaitz molduratuak eta hormapikoaren ardatz bertikala azpimarratzen duen armarriaren erliebe handiak alaitzen dute gainazala.
Astigarragako Udaletxea. Asteasuko Udaletxeak Astigarragakoarekin alderatze bat eskatzen du, fatxada izan ere, oso baita antzekoa. Trazaren egileari buruzko inongo bermerik ez dute eskaintzen agiriek. Bere eraikitzailea Joan Bautista Intxaurrandiaga izan zela eta arkitekto honi 1744an Jose Lizardik Donostiako Santa Maria elizaren eraikuntzarako hautatutako harriak eman zizkiola dakigun gauza da. Horrela beraz, harreman onak zituztela eta ez litzateke harritzekoa izango data horretan zenbait Udaletxetako trazatzailea zen Asteasuko maisua Astigarragakoaren egilea bera izatea ere.
Pasai Donibaneko Udaletxea. Elkarrekin jardun zuten Jose Lizardik eta Joan Bautista Intxaurrandiagak Pasai Donibaneko Udaletxe berrirako hargin-lana tasatzen, Jose Lizardik diseinaturiko obratzat hartu behar delarik.33 Ez da azaltzen oinplano berriko eraikuntza ala berreraikitako eraikuntza den. Ez da solte dagoen eraikuntza bat, plazara ematen duten bi etxeen tartean sartutakoa baizik. Bere fatxada gora egiten duen angeluzuzen estu bat da, lau solairutakoa, harlanduzko paramentua duena, eta saihetsetan dituen etxeetatik erraz bereizten dena. Bere leiho eta balkoi zabalek (hirugarren solairukoak eraikinaren zabalera osoa du) bereizten dute udaletxe mota hau, Lizardik diseinaturiko beste eraikinen kontrajarrian.
Debako Udaletxea. Deban XVIII. mendean eraiki zen Udaletxea, antzinako Kontzejuaren eta azpeitiar Inazio Ibero34 maisuak trazaturiko eraikin berriaren bateratze baten ondorioa da, zeinari 1747an hiribilduko zati honen moldatzearen ardura ere erantsiko zitzaion. Horrez gainera, Zestoako Udaletxe zaharrean eta bere lankide eta adiskide zuen Sebastian Lekuonak Elgoibarrerako trazaturikoan esku hartu zuelako, estimazio handitan hartu zen.
Debako Udaletxe berriaren oinplanoak irregularra izan behar zuen nahitaez. Beheko solairuak hiru arkudun arkupe sakon bat agertzen du, hauetan eskuinaldekoak kalerako irteera erakusten duelarik. Beheko solairuko hurrengo hormartea bigarren solairura iristen den lau ataletako eskaileraz osatua dago; hemen batzar aretoak betetzen du arkupeari dagokion hormartea. Hirugarren eta azkeneko solairua gela partikularretarako erabiltzen da.
Eraikinaren atzeko alde guztia, oinplano berrian eraiki eta udal-bulegoetarako erabiltzen dena, eta bere lehengo solairu mailan plazara ematen duen aurreko gorputzarekin bat egiten duena alde batera uzten badugu, aurreko honen itxura estetikoaren berri emateko, fatxadako harlandu onez eginiko paramentua, estalkiaren teilatu‑hegal eder taillatua, lehen solairuko hiru baoak elkartzen dituen kalostra jarraituak eta edergarri ezak, hiru solairuak bereizten dituzten molduren salbuespenez, eta solairu garaiaren erdiko tartea estaltzen duten hiru armarriak aipatu beharko ditugu. Honen guztiaren emaitza, hartzen duen soiltasun eta nobleziaren inpresioa litzateke.
Arrasateko Udaletxea. Udaletxea prestatu ala handiagotzeko erabakia Arrasaten 1749. azaroan Udalak hartutakoa da. Hasiera batean, lehendik baziren etxe batzuk bildu eta hauek prestatzea pentsatu bazen ere, orduan Zegaman bizi eta Ataungo parrokiaz arduratzen zen eta euskal Udaletxeetako trazatzaileen artean osperik handieneko maisu izateko bidean zihoan Martin Karrera arkitektoari eskatzea erabaki zen 1755ean. Materialak ateratze eta garraiatzearen esleipenean eta kostuen eztabaidan sortutako tirabirengatik, 1758ra arte atzeratuko zen eraikin lanen hasiera; baina eraikina, 1764 aldera amaitutzat eman daiteke, bere egiturari dagokionean behintzat.35
Arrasateko Udaletxea Euskal Herriko ederren eta adierazgarrienetako bat da. Ia angeluzuzen bat da oinplanoz, fatxadak plazara ematen duen horretan bost karnapel arkudun arkupea eta bana alboetako aurpegietan dituela. Arkupe honen sakontasunak solairuaren heren bat iristen du, eta hurrengo hormartearen erdian eskailera abiatzen da, esparrua bi zatitan bereizten duelarik. Goieneko solairuan areto handia, arkupeko erdiko hiru arkuen gainean, fatxadaren paraleloan doa. Baina aretoaren bi aldetan oinplano hau bi solairutan bihurtzen da, etxebizitzatarako erabiliko direlarik; barruko eskailera bidez komunikatzen diren bi etxebizitza dira.
Fatxadari dagokionez berriz, lehen begirada batean, Elgoibarko Udaletxea gogoarazten badu ere, sei pilastra erraldoiez markaturik geratzen da biribiltasuna, ezarriak eta etenik gabeak diren pilastrak, bertikaltasuna azpimarratuz arkuak eta balkoiak bereizten dituztelarik, arkitektoaren seme Manuel Martin Karrerak taillaturiko hiriaren armarri handia kokatua deneko frontoi triangeluarrak areagotua gertatuko da. Udaletxe berrietan jada finkaturiko ereduaren arabera, mentsuletan zurgin lan fina duen teilatu‑hegal zabala eta erdiko hiru balkoiak elkartzen dituen baranda jarraika nabarmentzen dira. Churrigueresko kutsua, kanpo aldera sabelduak diren goieneko balkoien kareletako kurba eta kontra‑kurbatan, erdiko leihoak uztaitzen dituzten frontoi hautsietan, eta orokorrean, ertilariak berariaz fatxadan argi‑ilunen kontraste bizian, hainbat koska (marko, ukondo, mentsua eta abar.) kontrajarriz bilatu dituen horietan dago.
Burdineriaren diseinu estetikoa balkoietan, azalerako barrokotasunarekin armonian dagoenak osatzen du multzo osoaren dotoretasuna, inolako zalantzarik gabe, XVIII. mendeko gure Herriko eraikinik ederrenetako bat bilakatuz.
Oñatiko Udaletxea. Oñatik eskaintzen duen multzo monumental ederraren barruan eta bere plaza zabal eta ederretik Udaletxea gailentzen da, zeinaren eraikuntza 1758an erabakitakoa izango zen, Gaztelako Kontseiluari baimena eskatu eta beharrezko lurrak erosi ondoren. Martin Karrerari zor zaio bere traza eta eraikuntza lanak 1764an hasi ziren. Eraikinaren funtsezko egitura 1771n amaituta, barrukoari helduko zitzaion.36
Kanpotik begira jarrita Oñatiko Udaletxeak Arrasatekoaren oroimena ekarriko digu gogora, baina berehalakoan adieraziko zaigu biribiltasuna ere, zeren eta bere alderdirik txikiena plazara ematen duen fatxada nagusia baita, eta bere hiru arkutako arkupe eta guzti, altxaeran, karratutik gertuan dabilen azalera erakusten baitu. Hiru solairu ditu eraikinak, baina eskaileraren hormartean lau altxatzen dira. Bigarren solairuan, aurrealdeko fatxadan zehar batzar areto nagusia dago, sarrerako hiru ate dituela.
Hemen gehien axola zaigun estetikako ikuspuntutik, fatxadak Arrasateko Udaletxearen eredua jarraitzen du, bere pilastrak, bere balkoiak, bere kalostra jarrai forjatuak, edergarri barrokoz apaindutako bao uztaituak, frontoi triangeluarrez koroaturiko armarri handia eta abar. dituela.
Oñatiko Udaletxea, Euskal Herriko multzo solte ederrenetariko bat da, hiri kokapen ezin hobeago batean dagoena. Martin Karreraren eraikuntzei buruz, XVIII. mendeko gipuzkoar arkitektura gaietan aditu handia den Mª Isabel Astiazarainek bere irizpide kritikoa laburbilduz, Arrasateko eta Oñatiko Udaletxeak “rococotzat jotzen ditu, frantses eragin garbia dutenak, biak ere oinarrizkoenetan Martin Karrerak eginak; bietan, hala ere, apainketari dagozkionez, Arrasatekoa soilagoa eta apalgoa da”.37 Alegiako Udaletxea. Bere bizitzako azken urteetan Martin Karreraren talentuaz baliatu behar izan zeneko beste udaletxe bat Alegiakoa da. Maisuaren trazaren arabera ziur asko ere, izaera soltea izango zuela alde batera utzita38 gaur egun bere eskuin aldetik etxebizitza bloke bati itsatsita gelditu den hau, Beasaingo maisu famatuak aurretiaz diseinaturiko beste udaletxeen imitazio erraz bat da.
Haiengandik, fatxadako arkupean lau arku dituelako bereizten da, horrela erdiko altxaeraren ardatza baoetatik ez delarik igaroko. Gainera, angeluetako ertzetan kuxinduriko troxak jarriko dira, horrela plastikotasun efektu eder bat lortuz; baita armoniazkoa ere, bi troxa horien bertikaltasunaren kontrastean horizontaltasuna azpimarratuz, moldura lauen, balkoi jarraituen, baoetan lerrokako simetriaren, teilatu‑hegal irten sendoen eta frontoia goratzearen bidez. Maisua hil ondoren, bere seme Manuel Martin Karrerak zuzendu zituen eraikin lanak eta horma‑pikoa koroatzen duen armarri handi bat egin zuen. Albizturko Udaletxea. Albizturren ere maisu bikainenaren sona zuen Martin Karrerari deitu zitzaion Udaletxe berria eraikitzeko, ordurako (1767) honelako ekimenetan ezaguna baitzen. Baina arkitektoak aurkeztutako egitasmoan aurreikusi ziren kostuak eta “obra zaharra ez eraisteko” baldintzarekin, aurreko eraikinaren zatia aprobetxatu beharrak, alegia,39 egitasmoa oso modu nabarian murriztera behartuko zuten maisua.
Hiru solairutako eraikina da. Eta bere fatxada nagusian arkupeak hiru arku ditu; arkupe honen gainaldean tailla oneko balkoi azpiak eta burdinazko kalostra soilak dituzten bi balkoi daude. Fatxada honen simetria gabeziak, gorputz honen beste aldean balkoirik ez izateak eta ia erabateko apaingarri plastikoen urritasunak susmo bat sortzen dute, eraikinaren aurrealdea aurreko Udaletxeari zegokiona izan litekeela.
Beste alde batetik, aurrekontuan arkitektoari jarritako baldintzak, eta agian tarteko osasun arazoren batzuk zirela eta (oso gazterik hil zen 1768ko abuztuaren 31ean) behartuko zuten arkitektoa gehiegizko soiltasun eta biluztasuna zuen diseinu baten mugetan ibiltzera, soiltasun neoklasiko alderako gustu hasberri batek baino gehiago.
Bizkaiko udaletxeak
[aldatu]Baskonian udal mailako bizimoduak nolako garrantzia izan duen kontuan hartuta, Udaletxeen ikerketa deskribatzaile bat egin daitekeen gauza da, Bizkaian saiatu direlarik, tipologia arkitektonikoa hartuz irizpide ordenamenduetan.40 Guk, geure aldetik, artean bizitzaren ispilua eta espirituaren garapena ikustearen printzipioari leialki jarraikiz, ahal den neurrian bederen, kronologia irizpideari ematen diogu lehentasuna.
Lehendik esana dugu, lehenengo kontzeju irekiak toki sagaratuen inguruan egiten hasi zirela: elizan, sakristian, ala bere arkupean edo “zimitorioan”. Honek erraz ulertarazten du leku bakarti eta erosoago bat bilatzeko beharra etorri zenean, eliza berari itsatsita eraikitzea pentsatuko zela, arkupearen gainean bere hormari batzarrak egiteko nahiko zabalera izango zuen esparru bat itxiz.
Ez gara eraikin hauen deskribapena egiten geldituko, zeren eta, eraikitzaileek, eskaintzen zitzaien lan egitarau xaloaren ala baldintzatzen zituzten baliabide ekonomiko apurren aurrean, baserri‑etxeen antzeko eraikin xume ala beren eginkizunetarako baizik behar ez zituzten gelak sortzearen irtenbidea hautatzen baitzuten.
Gure ikuspuntu estetikoaren aldetik gehien axolako litzaizkigukeen eta barrokoaren mende horretan kokatu beharrezko Bizkaia aldeko Udaletxeak, Jaurerriko hiribilduetakoak dira. Beren egitura arkitektonikoan deskribatu berri ditugun Gipuzkoako udaletxeetatik ez dira gehiegi saihesten, baina hauen aldean, fatxadetan soiltasunera joko dute, apaingarri barrokoetatik itzuriz. Bikainenak aipatzera goaz.
Elorrioko Udaletxea. Merezia du Elorriokoak aipamenen bat, XVIII. mendeko Udaletxeei heldu aurretik, zeren eta, ustekabean XVII. mendeko eraikina dela azaltzen baita dokumentuetan, 1666koa, hain justu.41 Eraikinaren osaketan esku hartu zuten eskulangile batzuen izenak ezagutzen dira. Fatxada alaitzen duten bi armarrietako baten egiletasuna, Borboiena alegia, izenpetuta dagoenez, (Año de 1775. Fecit Capelastegui) XVIII. mendeko Gabriel Kapelastegi maisuari eman behar zaio.
Igartzako jauregi bikainaren ahaidetasunean, Elorrioko Udaletxea, garrantzia estetiko nagusia bere fatxadan daukan eraikina da, ongi landutako harearrizko harlanduz prestaturikoa, azalera laua bistaratuz, oso balio mugatua duten osagai apur batzuen bidez jantzia: aipaturiko bi armarriak, eguzki‑erloju bat eta bi esaera zentzatzaile.
Lekeitioko Udaletxea. Bizkaian, XVIII. mendean sartzen bagara, lehen Udaletxe bikaina, gogoraraztea merezi duen Lekeitiokoa da. Zorionez, eraikin honen jatorrizko trazatik gorde direnak fatxada (1706) eta lehenbiziko hartan zeukan banaketa bera du bi solairuetan, gaur egun dituen hiruen kontrastean. Eraikinari, bertako maisu Martin Malaxbeitiak eman zion amaiera.42
Fatxadak erdi‑puntuko lau arku dituen ohiko arkupea du. Gaur egun, inposta lau batek bereizten ditu arkupe hau eta batzar aretoa den solairu nagusia, 1732an Antonio Elortza, gipuzkoar burdin saregile ospetsuaren lana zen balkoi tradizionalaz ongi markaturik. Fatxadan Gaztela, Bizkaia eta Lekeitioko hiru armarri erakusten ditu, eta azken honek badu Lekeitioren itsasoko eta lurreko boterea goraipatzen duen idazkun bat daraman ertza. Geroztik, eraldaketa nabariak jasan ditu eraikinak XIX eta XX. mendeetan.
Bermeoko Udaletxea. Bermeon, XVII. mendeko Udaletxea, hiribilduak 1722an jasan zuen sutean desegina geratu zen eta gaurko hau izan zen haren ordezkoa; trazaren egileak Joan Bautista Ybarra eta Tomas Retes maisuak izan ziren. Hiriko plazan du kokapena, baina ez oso aldeko baldintzatan bere fatxadaren arte balioa erakusteko, auzotarren etxebizitza lerrokada berean baitago, izan ere. Elizaren kontra ezarrita, antza denez, bolumen horizontal baten itxura eskaintzen omen zuen jatorrizko trazaren kontrastean, bertikaltasuna areagotzen zaio gaur egun.
Hareharrizko harlanduz egindako eraikina da. Beheko solairuan erdi‑puntuko lau arku dituen ataripea du. Hurrengoa, forjazko korapilodun karelez babesturik gelditzen diren hiru balkoi bere baitan hartzeko harrizko mentsula handitan ezarritako xafla lau etenezko inposta batez zehaztua geratzen da. Erdiko ardatzean Bermeoko armarria ikusten da, agirietan Andres Uribe (1731) gernikar maisuaren obra dela azaltzen delarik. Hirugarren gorputza, molderaturiko erlaitz baten bidez zehazten da, bere garaian eraikinaren orokorrena zelarik. Angeluan lehoi formako xurrutarri polit bat erakusten du.
“Azken solairua, 1928an Atanasio Izpizua udal arkitektoak altxatutakoak beste hizkera bat hartzen du, barroko jatorriko eklektizismoa, neoeuskal historizismo arrasto batzuk nahasturik dituena”. 43
Otxandioko Udaletxea. Otxandioko Udaletxea Bizkaian ikus daitekeen ederrenetako bat da. Ez da trazaren egilearen izenik azaldu. Eraikina 1733 eta 1737 bitartean egina izan zen, udal zereginetarako eskas gelditu zen beste aurreko baten orubean bertan. Gipuzkoako Udaletxeetan ikusi dugun ohiko eskemari jarraitzen zaio. Bi solairuetako paralelepipedo bat da, lau isurialdeko teilatuaz estaltzen dena. Oinplanoa angeluzuzen zabal bat da, 25 m x 15 m-takoa, bi hormarte antzekoetan banatua. Fatxada nagusia hareharri erre bikainez prestaturikoa (gainerakoak harlangaitzezkoak dira), beheko solairuan erdi‑puntuko bost arku dituen arkupe bat azaltzen du; bere bigarrengo hormartean eskailera hartzen du erdian, bi saihetsetan biltegitarako eta beste erabileretarako bi esparru utziz. Goieneko solairuan lau balkoi: erdiko biak karel jarrai batez elkartuak. Lau balkoien tartetan hiru armarri sartuak dira, Bizkaikoa, Gaztelakoa eta Otxandiokoa.
Estilistikoki lortu zuen trazagileak, saihestu ez zezakeen simetria gabezia eskergaitza leuntzea, lau balkoi zituen solairu bat, bost arkutako arkupe baten gainean eraikiz; Legazpiko Udaletxearen trazagileak, aldiz, ederki konpondu zuen arazoa, arkuen, leihoen eta balkoien ardatz bertikalak parekatuz eta erdiko goieneko baoa armarriarentzat gordeaz.
Gipuzkoako Udaletxeekiko ahaidetasun estilistikoa une honetan nabarmen azalduko da. Bere teilatu‑hegal zabal eta irtenak, bere balkoi jarraikiak, ertzetan platabanda bertikalak, solairu nagusiko bere bao burudunen uztaitze zentzudunak eta edergarrietan soiltasun duinaren itxura horrek ez digute, bada, Jose Lizardik Azkoitirako eta Legazpirako diseinatu zituen Udaletxeak gogoratu baizik egiten, 1730. hamarkada berekoak baitira, izan ere.
Balmasedako Udaletxea. Balmasedako Udaletxea ere, XVI. mendeko beste baten ordezkoa da. Berau eraikitzeko Marcos de Vierna y Pellón mendietako arkitektoari eskatu zitzaion diseinua, Otxandioko Udaletxea egin zuen data bertsuan.
Herriko plazari, bere alderdi motz batetik aurre ematen dion bloke bat da, eta ongi antolatzen da parrokia‑eliza puskarekin, zeinarekin mintzaera barroko bera jokatzen duen. Oinplanoa lauangeluarra da, zortzialdeko elementu bat duena, orain berriki eraikinaren oinetan itsatsirikoa eta orain eskailera kokatua daukana.44
Antonio Goikoetxea arkitektoak 1854an burutu zuen berrikuntza batean funtsetik aldatu zuen aurreko eraikinaren aurrez aurreko itxura, erdiko gorputza, izan ere, Marcos de Viernaren erakinean lehendik bazituen bi dorreen parera altxa baitzuen eta berrikuntza batzuk ere egin ziren azken honetan, besteak beste, moldura lerronahasiak eta arku karnapelak jartzea.
Orozkoko Udaletxea. Orozkoko Udaletxe honetarako (1750‑54) Miraballesekoa zen Joan Bautista Ybarraren trazari jarraitu zitzaion, izaera ofizialeko eraikinetan (Bermeo) eskarmentua zuena baitzen. Zubiaur auzoan herriko plazan begiarentzat erreferentzia nagusia da Udaletxea, izan ere, honi alderdi bat ixten baitio. Fatxada nagusian hormak kareharri grisez prestaturik daude, harlangaitzez gainerakoak, nahiz eta ertzetako molduretan eta leiho markoetan harlandu onez horniturik egon.
Gorputz bikain eta sendo bat da, ohiko eskemari leial jarraikiz, hiru mailatako fatxada duena. Beheko solairuan, erdi‑puntuko hiru bao dituen betiko ataripea. Solairu nagusian balkoi jarrai aparta burdin forjatuzko karela duela. Hiriko armen armarri bikain batek apaintzen du azken solairua, Bilboko Andres Monasterio eta Queto‑k 1752an egina. Goieneko erlaitzak erdian kordoitxoak dituen kiribildurazko harburuz osatutako teilatu‑hegal irten bati eusten dio.
Urduñako Udaletxea. Urduñako Udaletxeak bere jatorria XVI. mendean altxatzen ziren udaletxe‑dorre motatako eraikinean du. Gaur egungo eraikina XVIII. mendean (1771‑73) aurreratu samarrean jasan zituen berrikuntzen ondorioa da, dorrearen egitura eta paramentuko zenbait material bere horretan utzi baziren ere.
Egilea, Urduñan bizi zen Tomas Peña arkitektoa izan zen. Bere kokamena Foruen Plazako ertz batean egoteak eta beste etxebizitzen lerro berean egoteak, begiarentzat bat‑bateko erreferentzia ez badu errazten ere, dorre eta udaletxe izate berezi horrek presentzia lirain eta bitxia ematen dio.
Gorputz nagusiko bere hiru solairuetako hareharrizko harlanduen eta laugarren eta azkeneko solairuko ageriko adreiluaren arteko kontrasteak, Bizkaiko eraikin bakun bihurtzen dute Udaletxea hau. Lehen begirada betean gorputz nagusiaren hormetako trinkotasuna eta bere bao zabalen aniztasunak harridura sortzen du: Arkupeko hiru karnapel arku handik ematen diote sarbidea ataripeari; eta eskuinekoa atzeko kale batera irekitzen da sakonetik; bigarren solairuan karel jarraitu batek elkartzen ditu hiru balkoiak; hirugarrenean, beren neurri murritzak dorrearen hormen trinkotasuna areagotzen duten hiru leiho; eta goieneko solairuak, zeinetan armarri izugarri batek erdi‑puntuko bost arku dituen bi galeria bereizten ditu.
Bizkaian XVIII. mendean hiri eta elizetan eraiki ziren beste Udaletxe batzuk deskribatzeari ez diogu helduko, desagertuak baitira, izan ere, eta hauen ordez neoklasiko eta estilo modernoko beste batzuk eraiki baitziren.
Arabako udaletxeak
[aldatu]Guardiako Udaletxea. Arabako lurraldean, oraindik ere ikus daiteke Guardiak 1574an eraiki zen Udaletxe bat, geroztikako zaharberritzeak izan dituela eta eraldatu samarra badago ere. “Moldura jarraikia duen erdi‑puntuko ate bat gorde du, baita burudun bao beheratuak gorputz nagusietan eta Martin Otalora arkitekto eta taillagileak landua izan zen eta txanbrena modura triangeluar edikulu erremate bidez babesturiko enperadorearen buru‑biko arranoa duen armarri inperiala ere”.45
Bastidako Udaletxea. Aipamena merezi duena da Bastidako Udaletxea ere, zeinaren eraikitzeko erabakia Kontzejuan hartua izan baitzen 1733an. Agustin Azkarragak egina izan zen traza, baina eraikitze lanak atzeratuz joan ziren, eta azkenik 1740an eman zitzaion bukaera eraikinari.
“Honen sendotasun eta berezitasun estetikoa fatxada nagusian oinarritzen da, erdi‑puntuko arku hirukoitza duen garaipen arku modura pentsatua. Erraldoi ordenako lau pilastra handik zeharkatzen dute fatxada goitik behera, beren ibilbidean bi solairuak elkartuz. Ertzetako pilastrak bikoitzak dira, erdiko biak berriz, soilak dira, ildaskaturiko fusteak dituztela. Eraikinaren behereneko solairua ikusi dugu erdi‑puntuko arku hirukoitz batez irekitzen dela, zeinaren baoak goiko solairuko balkoiei dagozkien erdi‑puntuko arku itsuetan sartuta geratzen diren. Koskaz apaindurikoa du erdiko balkoiak burua eta belarrietan ukondotua dago. Alboetako biak molduretan xumeagoak dira eta idi-begiak daramatzate beren buru gainetan. Kalostra airosoz errematatzen da fatxada goieneko aldetik.46
Arabako beste Udaletxe batzuk ekar ditzakegu gogora, baina egon ziur delako tipologia errepikatzen dela: - arkupedun solairua behean; - Batzar‑aretoa solairu nagusian, baita kartzela eta gainerako bulegoak ere; - baoen inguruan kokaturiko edergarriak eta - aglomeratu erako antolaketa barruan.
Nafarroako udaletxeak
[aldatu]Vianako Udaletxea. Barroko aldiko nafar Udaletxeei lotzen bagatzaizkio, bereziki eta besterik gabe, Vianakoa da monumentuzkoena, historia luzea eta udal ondasun nabarmen eta handiak dituena baita herri hau, bere harresi zaharretatik hasi eta gaur arterainokoetan.
Bere Udaletxea, Logroñoko Lodosako Joan Ramón maisuaren eskuz 1685ean eraikitzen hasi eta harlanduzko bloke soil eta izugarri bat da, horizontaltasun nabarmena duena, bederatzi arku agertzen baititu, izan ere, bere bi gorputzetan, beheko solairuan arkupe moduan eta goieneko solairuan bederatzi galeria egutera balkoi modura.
Fatxada honek, barroko aldiko betelanezko zintzilikario ederrak eta mentsula taillatuz jantzitako zurezko teilatu‑hegal hirukoitz batez amaitzen du. Bigarren gorputzeko ertz arkuen gainean fatxada osoa uztaitzeko balio duten dorre xumeak altxatzen dira eta arku zirkuluerdi-formako bao xume bat agertzen dute. Eraikinaren alboetako aurpegiak estuak dira eta estilo berekoak.
Hegoaldeko fatxada aldiz, XVIII. mendekoa izan litekeena, alboetan bi dorre dituen bi gorputzetan garatzen da baita ere, baina hemen beheko solairuak zazpi arkutako ataripea erakusten du, zeinari solairu nagusi itxi bat dagokion belarridun markoz hesituriko zazpi bao dituela.
Larragako Udaletxea. Larragako hau ere bikaina da, bi alderdi arkupedunak angeluetan dituen Foruen Plazan kokatua dago, ebaketa angeluzuzeneko pilastra lodi gainetan erdi‑puntuko zortzi arku alde batean eta zazpi bestean dituen plaza angeluzuzen honetan, hain zuzen. Udaletxea zazpi arkutako bigarren arkupe honi dagokio eta beronen gainean gorputz bat altxatzen da burudun balkoiak dituena, erdikoa hiriko armarriak koroatzen duelarik. Eraikuntza osoa adreiluzkoa da. Bi erlaitzek bereziko dute solairu nagusia, behekotik eta atikotik. Hiri‑esparru atseginaren barruan eraikin honek eragiten duen inpresioa, gutxiengo adierazpenera ekarritako barroko batena du.
Urantziako Udaletxea. Mende hauetako jauregiak badiren Urantzia honetan, Foruen Plazaren ondoan dago zutik hiri honetako Herriko Etxea, Frantzisko Ibarra harginaren zuzendaritzapean 1724an eraiki zen, agi danean. Eraikin monumental bat da, baina xumea, arkuperik gabe horizontalki eraiki zenak, baditu bi gorputz eta atikoa ere, eta nabarmen azaltzen da pilastra arteko lerronahasizko baketa handiz dintelduriko ate handiagatik eta herriko armarria gainean duela, dintelduriko hiru bao garaien aurreko balkoi jarrai handiagatik.
Lesakako Udaletxea. Garai hauetako jauregi asko eta onak gorde diren Baztan alde honetan Udaletxe bikain batzuk ere ikus daitezke. Lesakakoa, esate baterako, 1668an altxa bazen ere, XVIII. mende honetako estiloan eraberritua izan zen, hiru solairuetan egituratzen den blokearen horizontaltasuna apur bat areagotuz, pilare gainetan erdi‑puntuko bost arku dituen arkupe bat beherenekoa irekiz eta bigarren eta hirugarren solairua harrizko mentsula gainetan balkoi jarraien bidez nabarmenduz eta bere garaiera zurezko teilatu‑hegal bikoitz batez itxiz. Orain berriki (1987) egindako zaharberritze batean kupulaz estalitako zurezko barru‑eskailera bat kokatu zitzaion.
Iruñeko Udaletxea. Nafarroako Udaletxeen ibilbide labur hau Iruñeko Herriko Etxe ezagunarekin amaituko dugu, 1753 eta 1759 bitartean burututako eraikina, hondora etortzeko zorian zegoenaren ordez eraiki behar izan zena.
Joan Migel Goyeneta arkitektoaren planoak jarraitu ziren, baina bere fatxada berezirako Jose Zay eta Lorkak diseinaturiko traza nahiago izan zen azkenean , koroatzearen eremurako Joan Jose Catalan maisuaren diseinu klasikoagoa hautatuko zelarik, zeinak Jose Jimenezek landutako harrizko estatua sail bat sartzea erabakiko zuen.
Arrazoi funtzionalak zirela eta, 1952an guztiz birmoldatu beharra gertatu zen eraikinaren barrunbea, bere fatxada errespetatuz. Harlanduz prestatua eta proportzio egokiak dituen hau da agian barroko kutsuarekin ondoen datorren nafar hiriburuko eraikin zibiletako bat.
Altxaeran hiru gorputz garatzen ditu, baita atikoa ere, zeinaren ertzak frontoi gakotu eten batez uztaiturik dauden, erlojuaren gorputzaren bidez erremataturik gelditzen den triangeluarrarekin kontrajarriz. Solairuak balkoiez bereizita daude, jarraikiaz erdikoa eta bakarkakoz hirugarrena, horrez gainera, baita triglifo eta metopadun taulamenduz lehenengoan ere eta mentsulaz bigarrengoan; atikorako urratsa harrizko kalostra bidez azpimarraturik dago.
Bertikalean, bao zuzenetako hiru kale daude, alboetan solte dauden zutabe pareak dituztela, solairuen arabera fuste desberdinak eta hiru ordena klasikoak jarraituz.
Beste elementu bereizgarriak alegiazko bi estatuak dira –Zuhurtzia eta Justizia– idulki gainetara igota eraikinaren sarbidea zaintzen, baita mitologiako –Herkules eta Fama– ere atikoa koroatuz.
Sarrera erdi‑puntuko arku azpiko ate bat handi bat da, Nafarroako kateen mendelak dituela eta bai arku‑arteetan nahiz baoen uztaitzeetan edergarri anitzez apaindurik dagoena. Ongi elkartu eta orekaturiko osagai plastiko multzo osoak, fatxada hau, Euskal Herriko arkitektura zibilaren erakusle adierazkor bihurtzen du.
Leitzako Udaletxea. Antzinako Udaletxe batzuk eraistea eta desegitea deitoragarri zaigu, Leitzakoa (1739‑1745) esate baterako, izan ere, antza denez Martin Karrerak Gipuzkoan ospetsu bihurtu zuen eredua imitatzen baitzen, zeinaren diseinua gaurko trazan nolabaiteko eklektizismoz jarraitzen saiatuko zen Tolosarra zen Gillermo Eizagirre (1915) arkitektoa, gerora Jose Arraras Iruñearrak amaituko zuelarik 1917an.
Laburpena
[aldatu]Zaharberritzaile eta arkitekto bikaina, eta gure herriko arkitekturaren historialari ospetsua den aldetik Fernando Chueca Goitiaren XVIII. mendeko euskal jauregienganako miresmena ezin gordean eduki halakoa da, “Baskoniari Hemezortzia oso neurrira datorkiola” esatera iritsi zelarik. Berak sakoneko kidetasun bat ikusten du Euskal Herriko barru sakoneko espiritu eta “bere harrizko jauregi handi eta udal plazetako udaletxe jatorren artean”.47 Geu ez gaude ziur horrela denik, eta historialari ospetsua egiatik gertuago dagoela iruditzen zaigu, ama lurrari lotutako herri batez oroitzen denean, usain trinko gozoak eta “bere lurreko ukuilu eta baserriko lurrunak maitetsuki harrapaturik gertatzen dela dioenean.
Nolanahi ere, euskaldunen mendeetako arte jarduera azaltzerakoan ezin ditzakegu, euskaldunen inguruneak berezkoak zituen zenbait ezaugarri zehatz aipatu gabe utzi, laburki bederen, familia nahiz gizarte mailan bere izaera, pentsamolde eta bizimoduaren zantzu batzuen lekuko liratekeenak.
Urte horietan Euskal Herria bisitatu zuten kanpotar ospetsuek beren bidaietako oroitzapenetan ez zuten adierazi gabe utzi nekazari-populazioak familian nahiz gizartean bizitzeko estiloak berauei sortzen zien miresmena, hauentzat askatasun-garra zen, beti ongizatearen ezaugarri eta baldintza den askatasun-garra.
Asturiar sonatua den Jovellanosek miresmena eta bekaitza zien euskaldunei beren lege zaharrengatik, komunikazio-bide egokiengatik eta aurrerapenagatik. “Asturias dohakabea, frankizietatik halako ongizatea iritsi zuten probintzien auzo!”.48 Burujabea zen erregimen administratiboaren eta antzinako ohitura jakintsuen indarrez onurak jaso zituen euskal probintziak, Jean Sarrailh‑ek49 esango zuenez, edenen antzera azaltzen direlarik atzerritarren begietan.
Nekazarien eta industriaren aberastasunak banan‑banan eta kontu handiz aipatu ondoren, Bowles‑ek goraipamen honekin bukatzen du: “Herri haietan barrena ibiliz Homerok deskribatzen dituen mende eta ohitura haietara itzuli nintzela iruditzen zitzaidan. Eta xalotasun, sendotasun eta benetako poztasunaren bila dabilenak mendi haietan aurkituko ditu eta jakingo, orokorrean bertako biztanleak oparotasunean ez badira ere, sakonean zoriontsuenak, herri maitaleenak eta ahaltsuenen azpian bizi ez direnetakoak direla”.50
Jovellanosek, bere aldetik, bideen egoera ona azpimarratzen du, eta herrietako garbitasuna, biztanleen erosotasuna –Ordizian jauregi ugari, baserri‑etxeak nonahi, jatekoa erruz ematen duten jatetxeak, ohe eta altzairuak garbitasun ederrean– eta Tolosarako feriara abiatzen diren baserritarren alkandorak oso garbiak. Miresmenez gelditzen da arta‑soro guztiz egoki ereindakoen aurrean, “modu bikainean zaindutako eta normalean gazteak diren mendien aurrean”, lurrari eta mendiei eskaintzen zaien arretaren aurrean: “Beste hauek ere ikusi nituen –zioen– lurra arretu eta zokorrak hausten, harriak bildu eta arreta handiz garbitzen neguan ganadua elikatzeko arbiak ereiteko”.51
Inorentzat ez zen, bada, harrigarri gertatuko, egunoroko familia-bizitzaren kalitate ona eta garbitasuna horrela zainduta, euskaldunak arreta guztia beren Udaletxearen dotoretasunean ere jartzen bazuen. Udaletxearen eta plazaren edertasuna, non sarritan islatzen zen bizimodu osasuntsu eta gozoa, agian inkontzienteki, baina, edertasunaz maiteminduarena.
Sarrilh hispanistak, herrietako udal eta hiri-egituren eta bertako biztanleriaren bizimodu osasuntsu eta gozoaren artean dagoen harreman zuzena ikusi egiten zuen, eta Euskal Herriari buruzkoetan, Jovellanosen bihotzondokoak komentatuz, horrela idazten zuen: “Zoriontsua da eskualde hori. Zein izan liteke jai egunetan arratsaldez lehertzen den herri-poztasun hori baino lekuko hoberik, gure bidaiariaren arima sentikorra samurtzen duen hau baino? Bergarara iritsi berria zen eta berehalakoan sumatu zuen bertan hiri txiki horren poza: erromeria plazan! Hura buila! Hura poza! Ikusteak berak atseginez bete nau. Txistua eta atabala, poz eta festa oihuak, suziriak, irrintziak eta iskanbila xaloa entzun eta ikusten da alde guztietan, bihotzik gogorrena ere samurtzekoa”.
Artea, zehatzago esanda, arkitektura espirituaren lekuko da. Arkitektura eta hirigintza, aldi berean, gizarte eta bizimodu politiko jakin baten efektu eta ondorio dira. Euskal Udaletxeen arkitektura sendoa ez dago mendeetan zehar euskal herriak bere autonomia defendatu duen indar eta iraunkortasunetik aparte eta galdua ala gutxiagotua ikusteaz ez du etsi.
Fernando VII.a absolutistaren Errege Zelula batek, 1824ko urriaren 17koak, honako hau agintzen zuen: “Espainiako lurraldetik betirako desagertu zedila subiranotasuna bere Erregearengan ez beste nonbait zegoelako burutapen txikiena ere, osperako joera izan zezakeenetik ihes eginez”.
Udalbatzak gogor egin zuen kontzejuetako hauteskundeetan independentziak bere horretan “ohitura zaharren arabera” jarrai zezan eta lortu egin zuten.
Oharrak
[aldatu]1. Las Casas Vascas. (Bilbo, 1980), 16. or. 2. “Euskal Herriko arkitekturaren gauzarik interesgarriena, –ausarditsu dio Yrizarrek– tipikoena eta jatorrena baserria da. Baserritarrak artelan bat egitea inoiz bere helburu izan ez zuen bezala, halaxe sortu zuen xaloki eraikinetan arte hain berezia, mendietako sagarrondoek sortzen duten zuku gazi‑gezaren berezkotasunarekin”. O.c. 95. or. 3. Honela eransten du Larramendik: “Kea dario tximiniari eta etxearen zirrikitu guztiei, eta horrela zurezko paretak hobeto gordetzen direla diote”. Coreografía de Guipúzcoa (Donostia, 1969), 82. or. 4. Yrizar arkitektoak xehetasunezko deskribapen bat egina du, zazpi probintzietako baserri‑etxeen arteko desberdintasunak azalduz. O.c. 90‑121. 5. O.c., 113. or. 6. Yrizarren aipamena, O.c. 70. or. 7. Lesakako (Nafarroa) etxe baten leihoa eta balkoi bat marrazterakoan Yrizarrek honela eransten du, “Felipe IV.aren gorteko arkitekto famatuek berentzat nahiko lituzkete, inolako gutxiespenik gabe” O.c. 81. or. 8. J. J. AZANZA, El Palacio y la Casa señorial. Historia del Arte en Navarra‑n. Diario de Navarra Argit. 28. znb., 434. or. 9. J. YRIZAR, O.c. 53‑54. or. 10. F. CHUECA GOITIA, El palacio Insausti (Madril, 1995) 28. or. Zaharberritzeak, Modernidad de la casas‑ei buruzko diskurtsoan inspiraturikoa behar du izan, bere Distribución exterior e Interior lanaren aurrekoan, alegia, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteari hain estuki lotutako horretan. 11. M.N.E., III. libk., Vizcaya, 149‑ 155. or. Ale honetan Casajara eta Tola jauregien deskribapena xehetasunez egina dator. Ikusi, halaber, Iñigo AGIRREren, Elorrio, Aproximación a una monografía local (Bilbo, 1992), 128. or. 12. Ana de BEGOÑA, El explendor del barroco y sus manifestaciones artísticas. Álava en sus manos‑en, IV. libk., 142. or. 13. J. J. AZANZA, El Palacio y la Casa señorial. Historia del Arte en Navarra‑n. Diario de Navarra Argit. 28. znb., 435. or. 14. Eraikin honek baditu beste xehetasun garrantzizko batzuk, hala nola, barruko kaxa estaltzen duen ertz‑ganga: troxaz markaturiko hiru ertz‑tarte bikoitzetatik zintzilik dagoen ganga, zeinaren giltzarrietatik taulamendu zati modura bi zintzilikario baitaude esekita. C.M.N., I, 143. or. 15. P. L. ETXEBERRIA eta R. FERNANDEZ GRACIA, Arquitectura y Urbanismo en la Navarra del barroco. Ibaiak eta haranak‑en. Guía del patrimonio histórico‑artístico y paisajístico. 8. libk. (Donostia, 1991). 16. C.M.N. II., 1. libk. 361‑487. 17. J. L. ORELLA, Régimen municipal en Guipúzcoa en los siglos XIII y XIV. Lurralde, 2.ean (Donostia, 1979), 13‑269. or. 18. O. RIBETON eta R. POUPEL, Notes et documents concernat le décor intérieur des églises de Byonne et du Pays Basque aux XVII et XVIII siècle. Revue d´Histoire de Bayonne, 145. znb‑an (1989), 145. or. 19. Compendio de las instituciones forales de Guipúzcoa (Donostia, 1924). 20. Udaleko ofizialek burututako zereginen deskribapen xehe bat ikus daiteke J. L. ORELLA, O.c., 195‑203. or. 21. Coreografía de Guipúzcoa (Donostia, 1969). 22. I. GURRUTXAGA, La matxinada de 1766 en Azpeitia. Yakintza. 2. znb., iraila‑urria (1933), 374. or. 23. I. ZUMALDE, Historia de Oñate, 222. or. 24. Historia de la Arquitectura Esapañola (1922), 129. or. 25. F. CHUECA GOITIA, Breve Historia del Urbanismo, 171. or. 26. B. SAÑUDO, Estudio histórico ..., 95‑103. or. 27. Ikusi, halaber, B. SAÑUDO‑ren ikerketa dokumentatua, La Casa Consistorial de Elgoibar. M.N.E. II, 215‑217. or.; Ikusi, halaber, M.I. ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos I, 207‑217. or. 28. Ibid., 298‑303. or. 29. Ibid., 306‑311. or. 30. B. SAÑUDO, O.c. 200‑ or. 31. Ibid., 210‑223. or.; M. I. ASTIAZARAIN, O.c., 326‑336. or. 32. J. M. AGIRREBALZATEGI, La plaza nueva de San Sebastián. B.E.H.S.S.‑n, 11. znb., 31. or. 33. M. I. ASTIAZARAIN, O.c. 341‑344. or. 34. Id., II, 79‑86. or. 35. M.N.E., II, Gipuzkoa 3‑11. or.; M. I. ASTIAZARAIN, O.c. III, 48‑71. or. 36. M. I. Astiazarainen liburu bikainean (III, 158‑170) kontu handiz kontatzen du Udaletxearen eraikuntza-prozesu osoa. Azalpen laburragoa eta dokumentu grafikoak dituena M.N.E., II‑n ikus daiteke. 341‑349. or. 37. M.N.E., II, 10. or. 38. B. SAÑUDO, Estudio Histórico. 225‑266. or. 39. M. I. ASTIAZARAIN, O. c. III, 1992. 40. A. I. LEIS ÁLAVA, Las casas Consistoriales en Bizkaia durante el Barroco. ONDARE 19, (Donostia, 2000), 381‑395. or. 41. Ibid., 385. or. 42. J. A. BARRIO LOZA, El paisaje construido (Lekeitio, 1992), 117. or. 43. Beste itxura bat hartzen du, 1928an Atanasio Ispizua Udal arkitektoak altxatako azken solairuak, barroko jatorriko eklektizismo batena, euskal neohistorizismo batzuen zantzuz elkarturik. A. I. LEIS, O.c. 387. or. 44. Atartea 1900-1939 urteetako emaitza da, hipostila areto moduko arkupe‑saltoki bat izatera etorri zen, non Balmasedako Udaletxeari itxura berezia ematen dion; horregatik “Balmasedako meskita” ere deitu ohi zaio herri mailan. A. I. LEIS, O.c. 388. or. 45. P. L. ETXEBERRI GOÑI, Las artes en el renacimiento. Álava en sus manos, IV‑ean, 117. or. 46. Ana de BEGOÑA, El esplendor del barroco y sus manifestaciones artísticas. Álava en sus manos, IV‑ean, 136. or. 47. F. CHUECA GOITIA, El palacio Insausti, 7‑8. or. 48. JOVELLANOS, Diarios Intimos (1790‑1801), (Madril, 1915), 35. or. 49. La España ilustrada, Fondo de Cultura Económica de Oviedo (BAE, I, 446‑447. or. Ikusi, halaber, BOURGOING, Tableau de l´Espagne moderne, I. Libk., 19 eta 21‑22. or. 50. Introducción a la historia natural y a la geografía física de España, 320‑329. or. Idatzi hau Jovellanosek aipatzen du bere Discurso a la Sociedad Económica de Oviedo lanean, (BAE. I, 446‑447. or.). Ikusi, halaber, BOURGOING, Tableau de ´Espagne moderne, I.go libk., 19 eta 21‑22. or. 51. JOVELLANOS, Diarios Intimos, 23. or. Bibliografia ALDABALDETRECU, R.: Torres y palacios del País Vasco (Madril, 1981). ALDABALDETRECU, R.: Casas solaren de Guipúzcoa (Donostia, 1979). AZPIAZU, R. M.: Arquitectura civil doméstica de Gipuzkoa. Ibaiak eta Haranak, 2. libk. (Donostia, 1990) 28. or. ASTIAZARAIN, M. I.: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII, 3 libk. (Donostia, 1988). ASTIAZARAIN, M. I.: El Ayuntamiento de Hernani: un proyecto trazado y llevado a cabo por Joan de Lizarraga. B.E.H.S.S., 22. znb., 1988, 219‑134. or. ASTIAZARAIN, M. I.: El Ayuntamiento de Antzuola: Instalaciones deportivas compartidas con el hospital de pobres de la Magdalena. A.E.A., 244. znb., (1988), 422‑429. or. AZANZA LÓPEZ, J. J.: El palacio y la casa señorial. V. V.‑n. El arte en Navarra, 28. znb., (Iruñea, 1995). BAESCHLIN, A.: La arquitectura del caserío vasco. (Bartzelona, 1930); (2. argit., Bilbo, 1980). BALLESTEROS IZQUIERDO, T. Y VALVERDE, R.: Aportaciones al estudio de la Casa Consistorial del siglo XVII EN EL País Vasco. Dos ejemplos alaveses: Vitoria y Elciego”. V.V. II Congreso Mundial Vasco, III (Donostia, 1988), 395‑411. or. BARRIO LOZA, J.A.: (Zuzend.): Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. 3 libk. (Bilbo 1989‑1991). BARRIO LOZA, J.A.: La arquitectura señorial en Euskadi. RAMALLO ASENSIO‑n (Argit.), Arquitectura señorial del norte de España. (Oviedo, 1993), 161‑203. or. BARRIO LOZA, J.A.: (Zuzend.): Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 libk. (Bilbo, 1985). BARRIO LOZA, J.A. y PALACIOS MENDOZA, V.: Inventario de arquitectura rural alavesa / Arabako Nekazal Arkitekturaren Inbentarioa (Gasteiz, 1985). BARRIO LOZA, J.A.: El paisaje construido. V.V. Lekeitio (Erakusketaren katalogoa), (Bilbo, 1992) 175‑204. or. BEGOÑA AZKARRAGA, A.: Las casas en la Llanada alavesa. V.V. (1978), 15‑19. or. BEGOÑA AZKARRAGA, A.: Arquitectura civil en Vitoria. Evolución y características generales. V.V.‑en. Vitoria 800 años. 7. znb. (Gasteiz, 1981). BEGOÑA AZKARRAGA, A.: Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI al XVIII (Gasteiz, 1986). ECHEGARAY, C. de.: Monumentos civiles de Guipúzcoa. (Bartzelona, 1921). ECHEGARAY, J. M.: La actualidad de la casa blasonada en el País Vasco. Merindad de Durango (Bilbo, 1980). ECHEGARAY, J.M.: La actualidad de la casa blasonada en el País Vasco. Merindades de Uribe y Busturia. (Bilbo, 1981). GIL MASSA, J.: La Casa Consitorial de Bergara. Estudio histórico‑artístico. V.V.‑en. La Casa Consistorial de Bergara (arkitektura eta historia). (Donostia, 1996), 63‑115. or. GOROSABEL, Pablo de: Noticia de la Casas Menorables de Guipúzcoa (Tolosa, 1899) I.go libk. KORTADI, E. eta AGIRRE, J.: Las casas consistoriales de Guipúzcoa. (Aproximación histórico‑artística).V.V.‑en. La casa consistorial de Bergara (arkitectura eta historia). (Donostia, 1995), 43‑66. or. LABEAGA, J.C: La Casa Consistorial y los balcones de toros de la ciudad de Viana (Navarra). P.V., 154‑155. znb., (1979), 101‑176. or. LARRACOECHEA, J.M. de: La casa consistorial Cuadernos de Historia duranguesa. 1. znb., (1981), 55‑57. or. LEIS ÁLAVA, A.I.: Noticias sobre las Casas Consistoriales de Bizkaia durante el Renacimiento. ONDARE 17, 263‑275. or. LEIS ÁLAVA, A.I.: Las Casas Consistoriales en Bizkaia durante el barroco. ONDARE 19, 381‑395. or. LINAZASORO, J.I. eta ARRONDO, E.: La actualidad de la casa blasonada en el País Vasco, III (Partidos judiciales de Azpeitia y San Sebastián). (Bilbo, 1982). MARTINEZ DE SALINAS OCIO, F.: Arquitectura civil y doméstica en la Rioja alavesa: El caso de Laguardia. V.V.‑en. Ibaiak eta Haranak, 6. libk. (Donostia, 1990), 166‑167. or. ORELLA, J. L. eta ESTEVEZ, X.: (Koord.): Casa‑Torre y Palacios de Guipúzcoa. (Donostia, 1996). RIVAS CARMONA, J.: El palacio barroco en la Ribera de Navarra. V.V.‑en El arte barroco en Aragón. Actas del III Coloquio de Arte Aragonés. (Huesca, 1983), 195‑205. or. RINCÓN GARCIA, W.: Ayuntamientos de España (Madril, 1988). RUIZ DEL CASTILLO, C.: Casas Consistoriales de España (Madril, 1963). SANTANA EZQUERRA, A.: Arquitectura popular. Tipologías históricas del caserío, técnicas constructivas y perspectivas arqueológicas. M.M. URTEAGA ARTIGAS‑en (Zuzd.): Hiri arkeologiako heziketa ikastaroa gazteentzat / Curso de formación de jóvenes en arqueología urbana. (Donostia, 1989). 71‑82. or. SAÑUDO‑LASAGABASTER, B.: Estudio histórico y arquitectónico de las casas cosistoriales guipuzcoanas de los siglos XVII y XVIII (Donostia, 1985). SARRAILH, J.: Voyageurs français au XVIII siècle. Bulletin Hispanique, 36. libk. (1934), 29‑70. or. SARRAILH, J.: La España Ilustrada. (Fondo de Cultura Económica 1957). URABAYEN, L.: De arquitectura popular: La casa navarra (Madril, 1929). URTEAGA ARTIGAS, M.M.: Guía histórico‑monumental de Guipúzcoa (Donostia, 1992). VEYRIN, P.: La maison Louis XIV et la maison de ville de Saint‑Jean‑de‑Luz. G.H. (1959), 261‑285. or. V.V. Casas Consistoriales de Navarra (Iruñea, 1988). V.V. Monumentos de Bizkaia, 4 ale. (Bilbo, 1987). YBARRA Y BERGE, J. de: Catálogo de monumentos de Vizcaya. 2 ale. (Bilbo, 1958). YRIZAR, J.: Las Casas Vascas (Bilbo, 1980).