Euskal literatura/Errepublika garaira arte

Wikibookstik

Mende bukaerako mugimenduak, besteak beste, literaturaren berrikuntza, nobelaren agerpena eta gaien laikotze mailakatua ekarri zituen, eta, horrekin batera, aztoramen ideologiko handiko garai historikoa izan zen, mende amaierako prosazko literaturaren ildo ideologiko eta estilistikoak markatu zituen errealitatearen eta euskal gizartearen ikuskera idilikoari bidea emanez.

«Gure artean, joan den mendearen azken hamarkadako zenbait aitzindarik jada erakutsitako espiritu berri baten lehenengo arrasto nabarmenak agertu ziren, eta alderdi askotan literaturaren ezaugarriak eraldatu zituen» idatzi zuen Koldo Mitxelenak mendearen aldaketak euskal historian izan zuen garrantzia nabarmentzeko (Mitxelena, 1960, 141).

Mende amaierako mugimenduak literaturaren berrikuntza, nobelaren agerpena eta gaien laikotze mailakatua ekarri zituen, eta, bestalde, aztoramen ideologiko handiko garai historikoa izan zen. Horien ondorio izango dira euskal ideologia nazionalistaren sorrera, Sabino Aranaren eskutik, eta mende amaierako errealitatearen eta euskal gizartearen ikuskera idilikoa, erreferentzia idealizatu gisa gizarte landatarren balizko Arkadia moldeko eredu bat zuena, mende amaierako literatur prosaren ildo ideologiko eta estilistikoak markaturik.

Euskal gizartea garai historiko bereziki larri batean bizi zen. Hirietan industrializazio prozesu bizkorra burutzen ari delarik, ideologia liberala, sozialista eta nazionalista elkarrengandik aparte garatu ziren. Euskarazko literatura karlismo berantiar eta foruzalearen aldekoek landu zuten gehien, horientzat hizkuntza eta euskarazko literaturgintza nazio ideiaren euskarri gisa baliagarri zirelako. Horrek literaturari kutsu atzerakoi eta klerikala eman zion –Sarasolak (1976, 80) adierazi zuen. Literaturak modernotasuna nekez ulertzen du. Ideologia kontserbadore horren fruitu izan zen euskarazko lehenengo eleberria, Jon Juaristik (Literatura..., 1987, 94) ondorengo laburpenean deskribatzen duena: «Mendearen hasierako laurdenean narratiba euskaldunaren ezaugarriak hauek dira: eredu kostunbrista eta historizistekiko mendekotasuna… gai eta giro nagusiki landatarrak, amodio eztirako joera edo, nahiago bada, moral tradizional bati jarraiki errealitatearen alderdi gatazkatsu eta lohiak… baztertzen dituen errealismo “selektiboa”».

Ohitura nobela: Agirre[aldatu]

Euskal narratiba kostunbrista testuinguru horretan jaio zen, Txomin Agirre (Ondarroa, 1864Zumaia, 1920) apaizaren eskutik. Ideologiaz karlista, Agirreren ibilbidea Auñemendiko lorea nobela historikoarekin hasi zen, eta gero kostunbrismoari lotu zitzaion, bere eleberri ospetsuenekin: Kresala, 1906koa eta Garoa,1912koa.

Literatur testuingurua. Ana Toledoren ikerlanek (1989), Agirreren nobelagintza ernarazi zuen testuingurua hobeto ezagutarazi zigun. Txomin Agirreren nobelagintza Donostiako Lore Jokoetara aurkeztutako ohiturazko narrazio laburren, literatura aszetikoaren eta hagiografien inguruan garatu zen.

Egileak badaki, ordea, bestelako irakurle bati zuzendu behar zaiola, ideologiaz kontserbadorea baina gune hiritarretan bizi dena. Ana Toledoren lanean (1991, 2429) irakurleria hori ere aztergai izan da.

Kostunbrismoa. Agirreren ohitura nobelak amodio eztiaren aurreko eleberri-generoan sartzen dira. Nobelei batasuna ematen dien maitasunezko bilbe ahulak euskal arrantzale eta artzainen bizimodu patriarkal eta idilikoa erakusteko aitzakiak baino ez dira. Euskal kritikak egile honen eta Peredaren arteko alderaketa topikoa egiten duelarik, Juan Olezak eleberri idilikoa definitzeko baliatutako ezaugarriak Txomin Agirrerentzat ere baliagarriak dira: «Bizimodu patriarkal eta bukolikoaren apologia, katolikotasun ortodoxoan eta autoritarismo paternalistan, gizarteari leinu-klan gisa begiratzen dion ikuspegian oinarritua, zibilizazioarengatik izadi hezigaitz batek babestuko landako oasi zoragarrietan kokatua» (Oleza, 1984, 42).

Teknika narratiboak. Agirreren eleberria goitik behera zeharkatzen duen mundu-ikuskera horren teknika narratiboak sinpleak dira. Errealismo ahul bat baliatzen da ekintza garatzen deneko guneetako hizkera –itxura batean hitzez hitzekoa– jasotzeko. Nobelagile honek erabiltzen dituen beste teknika batzuk dira argumentuaren konbentzio melodramatikoa, kronologiaren eta denboraren tratamendu nahasia, zenbaitetan esaera estereotipatuez eta beste zenbaitetan akats kronologiko larriez ebatzia, pertsonaien azterketa psikologikorik eza, –hori dela-eta, ia beti narratzailearen txotxongilo direlarik, eta narratzaile horren etengabeko presentzia testuan, nobelaren doktrina-funtzio gogoraraziz.

Antzinako erregimenarekiko nostalgia. Manikeismoa da, mundua eta gizartea euskaldun zintzo eta atzerritar gaiztoetan (gaztelaniara bihurturiko euskaldunak barne, egilearen arabera) banatzeko tresna betiereko horrek argiro agertzen du eleberri hauen ahuldaderik handiena, eta egileak bere pertsonaien bitartez jada desagertutako mundu batenganako –iraultza liberalek suntsitutako Antzinako Erregimena– begirada nostalgikoa, gero eta itxiago, berrikuntzekiko beldurtiago den mundu horren idealizazioa (Oleza,1984, 22). Bere eleberrietan funtsezkoa euskal gizartea zatitu duten bi aldeetako bat defendatzea da: gizarte tradizional, eterno, ez-historiko, euskaradun eta erabat kristaua, baliorik gabeko gizarte burges modernoaren aldean. Bi mundu horiek zorrozki ikusten dira, baina egileak elkarren arteko talka eragotzi zuen.

Prosa. Txomin Agirre, bere obraren tradizionalismo hori gorabehera, euskal idazle garrantzitsutzat hartua bada, bere prosaren estiloagatik da, eta aitzindari izateagatik. Txomin Agirreren heziketa erretorikoa nabarmentzen da bere eleberrietako mintzairan eta esaera hanpatu, ederzale eta progresio eskasekoan. Nolanahi ere, bere idazketak tonu arin eta bizia agertzen du, zenbaitetan, “Kresalaren Ekaitza” kapituluan kasu, dramatikotasun handiz jantzia.

Diskurtso narratiboa. Sebastián García Trujilloren azterlanean adierazten da Agirrek oratoriatik narraziora etorritako diskurtso bat duela, eta, bestalde, ezaugarri nagusi gisa nabarmentzen dira didaktikotasuna, kontalari orojakilea, oratoriaren eragina eta prosaren erritmoa. Agirreren eleberrietan erritmoa deskribapen laburrez, aurrez definitutako mundu bati dagokion moduan, eta musika efektuen metaketaz lortzen da, hala nola, onomatopeia, esaldi paralelo, barneko erritmo, alborakuntza eta aliterazio bidez. Horren guztiaren emaitza da prosa agian nahikoa landuegi bat, ez narratiboa, baina aurreko eredu eskasak gainditzen zituen estilo bat sortzeko eraginkorra.

Ohitura nobelatik abentura nobelara[aldatu]

Azkue[aldatu]

Resurrección Maria Azkuek (Lekeitio,1864 - Bilbo, 1951) euskal gaien ikerkuntzaren bilakaeran berebiziko eragina izan zuen, batez ere bere lan filologikoengatik.

Bere obra erraldoia –Diccionario VascoEspañolFrancés (19051906), Morfología Vasca (1923), Cancionero Vasco (1922) eta Euskalerriaren Yakintza. Literatura Popular del País Vasco (19351947) bilduma etnografikoak– etnografia edo filologiaren zientzietarako funtsezko gertatu ziren, halaber, hizkuntza arautzeko eta batzeko –jakina denez, Azkuek nagusiki gipuzkeran oinarritutako euskara batu bat proposatzen zuen. Horregatik esan daiteke «ez litzatekeela zuzena izango euskal literaturan duen eragina bere jatorrizko obraren arabera neurtzea» (Mitxelena, 1960).

Filologia eta etnografia lanek bere sorkuntzarako gaitasuna estali zuten. Hala ere, euskal literaturan Azkueren nobelagintza berritzailea gerta daiteke, bi arrazoirengatik: eleberrien teknikenganako interesagatik –jauzi kronologikoak, antzerkirako, genero epistolarrerako hurbilketa– eta bere errealismo herabeagatik.

Azkueren lehenengo nobela, Behin ta betiko (1983), kondaira herrikoi batean oinarritu zen arren eta, ondorioz, korronte posterromantiko tradizionalistari atxikia agertu zelarik ere, Ardi galdua (1919) lanean giza harremanetan sortzen diren tirabirak jorratu zituen, kasu honetan katolikotasuna eta protestantismoaren artean hautatu beharra. Testu honek ekarri zuen berrikuntza, espero zitekeenez tradizionala, ez zen irtenbideen ingurukoa izan; izan ere, berria bi jarrera kontrajarrien arteko eztabaida bera da. Gaiaren inguruko kezka horrez gainera, literaturari dagokionez nobelaren egitura aipa daiteke, gutun sorta modura moldatua, zeren eta pertsonaiek beren bizipenak lehenengo pertsonan kontatzen baitituzte.

Latsibi bere lan argitaragabea duela zenbait urte argitaratu zen, 1989an. Baina ez dakigu noiz idatzi zen, horri buruz bi iritzi nagusi daude. Ardi Galdua nobelaren ondoren idatzia izan zela defendatzen du Lino Akesolok, baina beste zenbaitek ekintza garatu zeneko urtean, 1890ean, idatzi zela uste du, eskuizkribuan aurkitutako zantzu txiki batzuei jarraituz. Nolanahi ere, testuak 1890ean Bizkaiko herri baserritar batean burutzen diren hauteskunde politikoak, karlistek irabaziak, jasotzen ditu. Gaiak berak Resurrección Maria Azkuek bere mundutik hurbileko auziei buruz agertzen zuen interesa egiaztatzen du.

Etxeita[aldatu]

Jose Manuel Etxeita (Mundaka, 1842-1915) merkataritza-ontzien kapitain eta Manilako azkenaurreko alkate kolonialaren obrak folletoi eta abentura nobelak dira.

Josetxo (1909) eta Jaioterri maitea (1910) nobeletan bidaien kontakizunak uztartzen dira, hala nola: bigarrenenean, Ameriketarako emigrazioaren gaia, Euskal Herriko gizartean hain garrantzitsua; liburuxken ezaugarriak –Josetxo nobela familia apal batean hazitako jatorri ezezaguneko gaztea aberastasunera daraman hazkunde soziala kontatzen da, eta testuaren azken lerroetan gazte horrek bere gurasoak ezagutuko ditu– eta iniziaziozko osagaiak.

Estiloa orain arte aipatu egileek bezainbat menderatzen ez duen arren, bere obraren alderdirik interesgarriena akaso bilbaduraren desideologizazio politikoan datza –nobela idealizatuaren funtzio kontsolagarria eta kristau-ikuspegia agertzen badira ere–, pertsonaien ekintzetan asmo zentzagarria nabari baita. Jose Manuel Etxeitari eskertu egin behar zaio munduaren banaketa moralari gizartearen zatiketa politikoa gaineratu ez izana, nobela tradizionalistez bestela. Merkataritzaren mundutik zetorrela, eta joera liberalak izaki, Etxeitak ez ditu landako eta hiriko esparruak ideologizatzen, eta, ondorioz, Josetxo nobelan deskribatzen den Bilbo hiria ez dago aurrez kondenatua.

Errealismoaren hastapenak: Jean Etxepare[aldatu]

Jean Etxepare (Mar Chiquita, Argentina 1877 - Kanbo, 1935), lanbidez mediku eta Nietzscheren irakurle finak kazetaritza kronikak saio bihurtu zituen, eta prosa narratiboaren egiazko harribitxi. Aldi berean humanista eta zientziarako joeraduna, haren prosa literarioa bi liburukitan jasota dago: Buruxkak (1910) eta Beribilez (1914).

Behatzaile jarrera agertzen duelarik, bere mintzaira narratiboa errealismoaren eta naturalismoaren artekoa da. Behaketa inpartziala, eztabaidagai baten inguruan ikuspegi eta ahots ezberdinak adieraztea ahalbidetzen duen baliabide literario gisa eta nolabaiteko jarrera fisiologikoak ahaztu beharko ez litzatekeen izaera narratiboa ematen diete bere obrei, egun saio gisa onartuak.

Subjektibismo erromantikotik aldentzen da lehen pertsonan egindako kontaketa, eta errealismora gerturatzen. Nahita harturiko jarrera objektibo horretan Haeckel eta Nietzscheren irakurketak antzeman daitezke hedapen eskasa izan zuen eta zentsura ekarri zion bere lehen liburuak.

Bere planteamendu teknikoak klasikoak dira: kontaketa linealak, anekdotaren funtsezko garrantzia, narratzailearen deskribapenen eta pertsonaien ekintzen arteko kontrasteak, esparru horretan garatzen dira bere prosaren bi ezaugarri nagusiak: deskribaturiko errealitatearen irakurketa beti sinboliko, asmoz unibertsala, eta prosaren erabilera aparta.

Prosa zerk bihurtzen duen arte jakitea beti da zaila. Jean Etxepareri dagokionez, bere hizkuntz baliabideek lengoaiaren tratamenduarekiko jarrera kontzeptual bat agertzen dute. Egileak erritmo sintaktikoa zaintzen du, aldi luze eta laburrak tartekatuz, eta hiperbatona, hitzjokoak eta pentsamenduari lotutako beste hainbat baliabide, bere prosa adimenari zuzendutako erronka bihurturik.

Adjektiboen ugaritasunak orekatzen du metaforen urritasun ia erabatekoa (Iturbide, 1991). Laburbilduz, deskribapen errealista gailentzen zaio kostunbristen subjektibotasun ideologizatuari.

Piarrres Charritonek Jean Etxepareren lan guztiak bildu ditu. Hegats aldizkarian (1991, 3144) bere obraren sarrera orokor bat irakur daiteke, bere obraren argitalpenen hitzaurreak baino osoagoa (Charriton, 19841985).

Kontakizun laburra[aldatu]

Euskal prosa narratiboaren funtsezko ezaugarrietako bat hizkuntzarekiko kezka da. Nobelak irakurleak hezteko funtzioa bereganatu zuen, eta garaiko idazle askok euskararen mesedetan idazten zuela adierazi zen. Gehiegi esatea litzateke, ordea, literaturaren funtzio linguistikoa funtzio literarioa bera baino garrantzitsua denik. Hala ere, egia da literatura-molde horren bereizgarrietako bat euskarazko irakurleria bat sortzeko kezka dela. Egilearen asmo nagusia literatura ulerterraza egitea zenean, beste genero bat garatu zen, kontakizun labur, ohiturazko eta umorezkoa, XX. mendean barrena jarraitzaile ugari izango dituena.

Urruzuno eta Mujika[aldatu]

Mende hasieran Pedro Migel Urruzuno (1844-1923) Ipuiak (1930) bildumaren egilea eta Gregorio Mujika (1882-1931) Pernando Amezketarra (1927) liburuaren egilea nabarmendu ziren.

Kirikiño[aldatu]

Alabaina, egunkarietan argitaratzen hasia zen azpigenero horretan kalitate handienetariko idazlea Ebaristo Bustinza «Kirikiño» izan zen, bi obraren egile: Abarrak (1918) eta Bigarrengo abarrak (1930).

Kirikiñok helburu apalak zituen, azpigenero horretan burubelarri sarturik. Ahalik eta irakurle gehien erakartzeko nahiak eraman zuen kostunbrismoa neurrigabe erabiltzera, bilbe soilegiak moldatzera eta pertsonaiak eskematikoki lantzera; baina hizkera-motaren hautaketan ere izan zuen eragina, eguneroko komunikazio arruntaren hain antzekoa, hizkuntzaren ahozko erabileraren hain hurbilekoa, eta, hizkeragatik, garaiko idazle irakurrienetako bat. Koldo Mitxelenaren iritziz, generoaren hutsuneak gorabehera, ez genuke ahaztu behar «narratzaile gisa dohain apartak» (1960,155) zituela, dohain horiek ahozko kontakizunen berezko narrazio-teknika antzinakoak eta umorearen zerbitzuan erabilitako baliabide ugariak uztartuz erakusten zituela.

Jesus Mari Agirrek (1981, 921) ahozko adierazkortasunaren baliabideak oparo erabiltzen dituen lengoaia horren tresna nagusiak argiro azaldu ditu: pertsonaien arteko kontrastea, ironia, gehiegikeria, begien bistakoa agertzea, ondorio neurrigabe edo ustekabekoak, karikatura ironikoak.

Aldizkako agerkariak[aldatu]

Bigarren Errepublika bitartean, euskal literaturaren egoera deskribatzeko esan dezagun, oro har, nobela eta prosa narratiboa genero narratibo tradizionalistek ezarritako ildo ideologiko eta estetikoei lotuko zaizkiela. Zehazki, munduikuskera tradizionalista, gero eta baitara bilduago horren euskarri estetikoak dira tesi-nobela, nobela historikoa eta amodio eztiko nobela.

Iraganeko moldeetan errotutako nobelaren lotsaren aldean, ikerlan filologikoek susperraldi bat bizi zuten, R.M. Azkueren –egin zuen lan eskergari buruz lehen hitz egin dugu– eta Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkariaren sortzaile eta bultzatzaile Julio Urkijoren eskutik. Ikerlan filologiko zehatzen garrantzia, mende hasieran ernatzen baino ari ez zena, hizkuntza batuaren bila eta, behar bezala argitaratu gabea izanik, gaizki ezagutzen zen literatur tradizio bat berreskuratu nahian zebilen euskal literaturaren testuinguruan neurtu behar da. Helburu horien betetzeko, Julio Urkijok testu klasikoak argitaratzeari ekin zion: Etxepareren poemak, Axularren obra handia, Tartasena edo Oihenartena. Horiek guztiak bere aldizkarian eman ziren argitara.

Jarrera literarioago batez, Euskalerriaren Alde aldizkariak ernatzen ari zen literaturari bide egitea zuen xede. Aldizkariak eskaintzen zituen kultur lanen artean euskal kondairagileen zenbait argitaratu ziren.

Euskal Esnalea aldizkariak Lore Jokoetan saritutako lanak eta horien babesean eskainitako hitzaldiak argitaratu zituen.

Eskualduna aldizkaria, euskal kazetaritzaren jaioleku, ideologia kontserbadore bat ezartzeko ahaleginen emaitza izan zen, eta horri 1921ean Baionan sortutako Eskual Herria jarraitu zitzaion. Jean Etxepareren lanak Iparraldeko poesia lanak erakarri zituen bere ingurura eta aldizkari horretan argitaratu ziren.

Lirika[aldatu]

Arrese[aldatu]

XX. mendearen hasierako lirika, bestalde, formula posterromantikoen mende zegoen. Garai hartako poeta nagusia Emeterio Arrese (1869-1954) izan zen, eta honek poesia narratibo eta sentikor baten arau guztiak betetzen zituen Nere Bidean (1915) eta Txindor (1928) lanetan.

Bere testuan agertzen den fantasia mundua sentsibilitate samur, lasai batena, txikitasunaren poesiarena da eta erromantizismoak berezko dituen naturaren xehetasunak atzemateko nahiari lotua agertzen da. Gai nagusiak landareen gorespena, sorterriaren aipamen etengabeak eta afektibitatezkotzat hartzen diren haiek dira: ama, haurra, zahartzaroa. Azkenik, adierazpide gisa bertsolaritzako neurtitzen erabilera nabarmendu behar da, bertsolaria eztabaidazko poemen, poema narratiboen, umorezkoenen... inprobisatzailea baita. Bigarren liburuan, Arrese modernismora hurbilduko da.

Oxobi[aldatu]

Pirinioez bestaldeko zenbait poeta ere poesia posterromantiko izenekoari lotuko zaio, hala nola, Jean Moulier «Oxobi» (1888-1958). Honen tradizio erromantikoa, ordea, erromantizismo frantsesaren tankerakoa da; epiko eta deskribatzailea, handizaleagoa eta, beraz, Emetrio Arreseren ez bezalakoa.

Jautarkol[aldatu]

Ez litzateke zuzena izango Koldobika Jauregi, «Jautarkol» (1896-1971) idazlearen lana aipatu gabe uztea. Biozkadak lanaz, Becqueren erromantizismoa euskal literaturara ekarri zuen egile honek, eta lirika neurritsu eta finagoa idazten hasi zen, horretaz baliatu zirelarik Jautarkol eredu zuten hurrengo belaunaldiko poeta lirikoak. Alabaina, liburuak, egilearen lan-bilduma kasik kronologikoa dena, Bécqueren eraginpean idatzitako poemez gain Campoamor eta Gabriel y Galánen poesia gogorarazten duten asmo zentzagarriko beste zenbait jasotzen ditu, multzo paradoxikoa eskainiz, Errepublika garaian garatzen hasiko den euskal lirikaren barruan.