Edukira joan

Euskal ontzi arkitektura/XIV. mendeko ontziak

Wikibookstik


Kokak


Hansako koka

XIV. mendeko euskal ontziak nolakoak ziren jabetzeko, usteetan oinarritu behar dugu beste behin ere. Beste leku batzuetan aurkitutako ontzien aztarnetan eta bertan ditugun datu apurretan bermatzen dira uste horiek. Jakin badakigu, besteak beste Winchelseako borrokan parte hartu zutela eta Mediterraneoan piraterian jardun zirela.

Ia egile guztiek jakintzat ematen dute mende horretan ontzi batek, Hansako kokak, agindu zuela Europa iparraldeko itsasoetan.

Ezaugarriak

Ontziak:

- zabalera handia zuen,

- karel altuak,

- eta alboak tingladillo eran forratuak.

Aise ezagutzen zen; izan ere, bereizgarri hauek zituen:

- bular zuzena, oso tentea eta luzea,

- korasta ardatz-lemarekin.

Erabateko belaontziak ziren.

Edukiera handiko ontzia zen koka; batez ere Hansako Ligako edo Hansa Teutonikoko marinelek erabiltzen zuten. Eraikitzaileek arrazionalizatu egin zuten ontziaren diseinua eta batez ere iparraldeko itsasoetan merkataritzan jarduteko erabili zen, baina Mediterraneora ere heldu zen Hansako koka.

Garaiko ontzi handi guztien moduan, kokak merkataritza-ontziak eta gerraontziak ziren aldi berean eta, horrenbestez, merkataritzarako edo gerra-helburuetarako erabiltzen ziren, edo bietarako aldi berean, egokierak eskatutakoaren arabera.

Mediterraneoan, planteamendua bestelakoa zen; izan ere, Mediterraneoan galerak erabiltzen ziren eta galerak arraun bidez eraginda mugitzen ziren gerra-ekintzetarako, eta ez belen bidez. Eta beste ontzi batzuk, erabateko belaontziak, garraiorako baliatzen ziren; nao lodi esaten zitzaien belaontzi horiei. Horrek ez du esan nahi galerek zamak eramaten ez zituztenik eta naoek kanoirik eramaten ez zutenik; Mediterraneoan, ordea, ontzi-mota bakoitzak eginkizun zehatzagoa zuen, eta iparraldeko itsasoetan ez zen horrela gertatzen.


Gazteluak

Kokan baziren bi eraikuntza aurreko mendeko ontzitik edo «nef» zeritzonetik zetozenak: gazteluak. Kokan askoz garatuagoak zeuden, baina oraindik ere ez ziren kroskoaren zati, eranskinak baizik. Ontzigileek aparteko elementutzat jotzen zuten kroskoa, bereizi egiten zuten zuredi-gainetik; hau da, ez zuten ontzia osotasun moduan hartzen.

Gazteluak plataformaz osatuta zeuden. Bularraren eta korastaren gainetik goratzen ziren bi plataforma horiek, bata popan eta bestea brankan. Popakoa askoz zabalagoa zen. Bi gazteluak karel almenadunez babestuta zeuden, lehorreko gazteluen moduan. Aintzat hartu behar da itsasoko borroketan lehorrekoen antzera jokatzen zutela, eta ontzi bat bestera hurbiltzen zutela ontziratutako soldaduek aurkarien ontzia inbaditu eta konkista zezaten.


Belak

Kokan, mugimendua eragiteko bitarteko hauek erabiltzen ziren:

- Lau ertzeko oihal bat belazurrun luze eta astun batetik zintzilikatuta; bizkarrean, zehazki popan, kokatutako jiragora batez bidez altxatzen zen bela hori.

- Maspreza oso goratua aurtzakekin lan egiteko.


Trapa

Mastak, belazurrunari eta belari eusteaz gain, trapa karratu edo kono-formako bat eramaten zuen goiko muturrean. Gaztelu zirkular txiki baten antza zuen trapa horrek, eta almenaduna zen normalean. Bertan behar beste leku izaten zen zelatarientzat edo barrandarientzat, eta borrokatu behar zenean, era guztietako dardoak eta jaurtigaiak (suzkoak, min ematekoak…) gordetzen ziren, aurkarien ontzien bizkarrera eta gazteluetara jaurtitzeko. Traparen babesa metro eta erdi baino txikiagoa zen, eta hiru metro edo gehiagoko diametroa zuen.


Bremengo koka

Hansako koka oso argi azaltzen da XIV. mendeko zigiluetan; Stralsun (1329) eta Elbing (1350) hirietako zigiluetan, esaterako. Baina ontzi horiek zer forma eta egitura zuten ondo jakin ahal izan da Bremengo aurkikuntzari esker. Alemaniako hiri horretan nahikoa ondo kontserbatutako koka baten kroskoa aurkitu zen 1962an. 1380-1400 urte bitartekoa da ontzia. Bremengo ontzi horren ezaugarriak erabat bat datoz aipatutako zigiluetan agertzen diren ontziekin.

Bremengo kokak, besteak beste, ezaugarri hauek ditu:

- erdi-beheko aldean oltzadurak zoru ez oso zabalak eratzen ditu; erdi-beheko alde horretan oltzadura hori ez dago tingladillo eran bata bestearen gainean jarrita, alboetakoa dagoen moduan, baizik eta egurrezko kabilaz jobaltei edo barneko oholei finkatuta; jobalta horietan oinarritzen ziren zuakerrak;

- gila arin bat du erantsita.

- brankan eta popan ontziaren muturrak zorrotzak dira, ura ondo ebakitzeko brankan, eta lemari uraren irteera ona emateko popan;

- kalkulatu da ontziaren desplazamendua 120-140 bat tonakoa izango zela,

- eta 12 eta 20 gizon bitarteko eskifaia erabiltzen zuela.

Ontziaren neurri nagusiak hauek ziren:

- Luzera 23,50 m

- Zabalera 7,60 m

- Gila 16,00 m

- Karelaren altuera erdian 4,60 m

- Bizkarraren altuera gorena 7,50 m

- Ilara-kopurua albo bakoitzean 12.

Zabalera-Gila-Luzera erlazioa 1-2,105-3,092. Erdi Aroan ontzien kroskoa eraikitzeko formula bera da ia: 1-2-3.


Euskal koka

Hansako kokari buruzko aurreko ikerketa osoaren helburua izan da garai hartako alturako euskal ontziak nolakoak ziren hobeto ulertzea; izan ere, oso datu gutxi ditugu haien gainean (arkeologia-daturik, batere ez) eta apenas aipatzen diren nabigazioaren historian. Alabaina, isiltasun orokor horrek dena estaltzen badu ere, euskal kokak Hansakoaren parekoak ez ezik, askotan hobeak ere izan ziren, XIV. mendean izandako gertaera historikoek adierazten duten moduan. Halakorik ez zen gertatuko non eta euskaldunek ontzidi handiak eta kalitate hobeagokoak izan ez balituzte.


Atlantiko eta Mediterraneoaren arteko elkar eragina

Euskaldunek mende askotako eskarmentua zuten ozeanoetan nabigatzen, merkataritzan eta balearen arrantzan, eta euskaldunek eraman zituzten beren ontzien berrikuntzak Mediterraneoko portuetara; bereziki korasta-lema. Fernandez Durok esaldi hauekin azaltzen du:

«Euskaldunek eskarmentuaren eskarmentuz eta itsaso arriskutsuetan borroka eginez beren mastadian eta beletan egindako hobekuntzak sartu zituzten Mediterraneoan. Horiei esker, maniobrak erraztu, horiek egiteko behar ziren besoak murriztu eta kroskoa egiteko moduari esker, egonkortasuna eta sendotasuna lortu zuten ontziek. Eta, noski, arestian hain maiz gertatzen ziren istripuak gutxitu egin ziren (...)». (1).

Garaitsu horretan, honela zion Giovanni Villani kronistak:



Forratua topera

Ordainean, bidezkoa da esatea, Mediterraneoko nabigatzaileen aurrerapenak hartu zituzten euskaldunek; itsas kartak eta nabigazioko tresnak, batez ere. Era berean, egurra lantzeko beste modu batzuk ikasi zituzten eta, batik bat, kroskoa topera forratzeko teknika, zuaker eta habez osatutako armazoi sendoen gainean. Teknika horri esker, ontziak era tradizionalean baino azkarrago eta merkeago egiten ikasi zuten euskal arotzek, erabilitako egurra hobeto aprobetxatuta. Izan ere, iparraldeko kroskoa, tingladillo eran eraikia, sendoa zen arrazoi hauengatik:

- Ilarak bata bestearen gainean jarrita zeuden, luzeran sendo errematxatuta,

- gilan eta bularrean irmo ahokatuta zeuden (edo gilan eta korastan, ardatz-lema bazeraman);

- zuakerrak bigarren mailako elementuak ziren finkatze lanetarako. Zatika egiten zen finkatze hori, elkarren artean tarte handiko zatiak eginez, jobaltak solte zirela, gilari finkatu gabe.

Bai jobalten buruak eta bai zuakerren jenol deritzenak, kanpoko aldetik tailatzen ziren, zerra-hortzen moduan, ilaretan ahokatzeko eta haietan erabat bermatuta geratzeko.

Mediterraneoko kroskoa, aldiz, bestelakoa zen: estalkia topera eraikitzen zen, eta ilarak ohol solteekin muntatzen ziren, ohol horiek ertz bat bestearen kontra lotuta eta iltzeen bidez ilaretara gogor tinkatuta. Ilara horietan finkatzen ziren zuzenean eta erabat. Ilara horien jobaltak, berriz, alderik aldeko bernoen bidez bermatzen ziren gilara.


Korasta-lema euskal koketan

Euskal ikonografian bi euskal kokaren irudiak ditugu. Bat, Gasteizko antzinako katedralaren ezkerreko portalean dago zizelkatuta; XIII. mendearen amaieran eraikitakoa da portale hori. Bestea, XIV. mende hasierakoa da; Baionako katedralean dago, eskuineko gurutzearen aldare-aldetik hurbilen dagoen gangaren giltzarrian. Badira aldeak bi koken artean. Alabaina, bi ontzien kroskoak desberdinak dira Hansako koken kroskoen aldean, funtsean bularrarengatik. Bular hori,

- Hansakoetan okerra edo kakotua da eta,

- euskal ontzietan, berriz, zuzena eta aurrerantz botatakoa.

Euskal ontziek ezin dute ukatu normandiarren oinordetza.

Gasteizko kokarena da, orain arte, korasta-lema duen euskal ontzi baten lehen irudia. Gasteizko San Pedro elizan marraztutako bi txalupek zalantza ere sortzen dute, ontzi txiki horiek ardatz-lemarik izan ote zuten ala ez. Ikus irudiak.

Baionakoa, handiagoa, ahaltsuagoa eta gerra-helburuetarako armatua, Mediterraneoan sartu ziren eta hainbesteko harridura sortu zuten ontzietako bat izan bide zen, Giovanni Viliani berriemailearen arabera. Koka horrek ere korasta-lema zuen.


Korasta-lema

Korasta-lemari garai haietan «lema baionesa» eta «lema nafarra» esaten zitzaion. Ozeanoetako nabigazioan arraun-lema ordezkatu zuen; istriborreko hegatsean kokatzen zen arraun-lema, bikingo-normandiarren tradizioari jarraituz. Korasta-lemak, berriz, goitik behera aldatu zuen ontzien arkitektura. Eta gaur egun ere, indarrean jarraitzen du lema-mota horrek.

Gaiari buruzko ikerketa ia gehienen arabera, korasta-lema Baltikoan agertu zen lehenbizikoz. Eta ikerlari batzuen irudiko, euskal ontziek zabaldu eta hedatu zuten batera eta bestera.

Banus eta Agirrek («Glosas euskaras», 139., 140. eta 141. orrialdeak) hauxe dio lema horri buruz:

Lekukotza horretan islatzen da, Banus eta Agirrek historiaren eta arrazoiaren ikuspegitik azalduta, zergatik esaten zaion korasta-lemari edo ardatz-lemari baionesa edo nafarra. Eta, aldi berean, antzematen da funtsezko asmakizun hori euskaldunek egin ez arren, berehala hartu eta zabaldu zutela itsaso guztietan barna, ontzigintzan zuten indar gero eta handiagoarekin bat.


Korasta-lemaren jatorria eta antzinatasuna. Irudien analisia

Adituak ez dira ados jartzen korasta-lemaren jatorria eta antzinatasuna dela eta ez dela. Egia esan, gaur arte oso datu gutxi dago eztabaida horri konponbiderik emateko. Ikus dezagun.

Winchesterko katedralean, Ingalaterran, bataiarriaren parean bada 1180. urteko grabatu bat ontzi baten irudiarekin; bikingoen ontzien antza du irudikoak, aurpegitzarrak ditu bularrean, baina gaztelurik ez. Grabatuan popako lematzat hartu litekeen zerbait agertzen da; nolanahi ere, ontzi-mota hori oso antzinakoa da, eta popako bularra –kasu honetan, korasta– okerra izateak ez dirudi egokiena lema-mota horretarako.

Suediako Gotland konderrian, Fide herriko elizaren horma batean, berriz, XIII. mendeko marrazki bat dago. Ontzi bat agertzen da irudian, aurpegitzarrarekin eta gaztelurik gabe, baina korasta-lema ondo zehaztuta duela. Lema-kanak kurba horizontal bat dauka, korastarekin estropezu egin gabe bira eman ahal izateko. Fideko elizako marrazki horrek, ordea, ez du lema-mota horren antzinatasuna bermatzen; izan ere, eliza bera XIII. mendean eraikia izan arren, marrazkia edo margoa izan daiteke beranduagokoa edo modernoagoa horma bera baino.

Euskal Herrian, Azkonako ermita dugu, XII. mendekoa, Lizarratik gertu. Barruan, harlanduzko hormetako baten gainean, zuzenean fresko bat dago margotua, eta, irudian, besteak beste, hiru mastako karraka bat azaltzen da. Margoa oso zartatuta dago eta oso aspaldikoa izateko itxura du. XII. mendean Euskal Herrian hiru mastako karrakak bazirela esan nahi ote du horrek? Ezta gutxiago ere. Karraka hori XV. mendean margotu bide zuten edo, ziurrago, XVI. mendearen hasieran. Beraz, hari berari tiraka dator beste galdera hau: Noiz egin ote zen Fideko elizako marrazkia?

Korasta-lemaren jatorriak aurkitzeko datu ziurrenen bila jo behar da.


Zigiluak

Elbing-eko zigiluak (Polonia) Hansako koka bat du irudi, guztiz osatu gabeko ontzia. 1242. urtekoa da zigilua. Ontziak maspreza eta masta nagusia ditu baina gaztelurik ez bizkarreko brankan eta popan. Aldiz, korasta-lema, bai, badu, hiru gontzetan bermatuta. Zigiluaren data segurutzat eman daitekeenez, hor agertzen da, duda izpirik gabe, popako lemaren, korasta- edo ardatz-lemaren lehen albistea irudi batean. Arestian esan dugunez, lema horrek iraultza ekarri zuen ontzigintzara eta, horren adierazgarri, gaur egun ere erabiltzen da oraindik. Zigiluan agertzen den ontzia antzinakoa da, garai haietako ontzigintzaren bilakaeran kokatzeko bezain antzinakoa.

Elbingeko ontziaz gain, garai hartako beste antzeko batzuk ere agertzen dira Wismar eta Harderwoijk-eko zigiluetan. Horiek ere popan dute lema, erdian masta, maspreza eta obenga-multzoa.

Stralsundeko zigilua, Pomerania, herri hartako lehenbizikoa, 1267. urtekoa da. Irudian aurrez aipatutakoak baino ontzi askoz soilagoa agertzen da. Albo altuko gabarra moduko bat da; ez du mastarik eta aparailurik, bularra zuzena eta inklinatua du, Hansako ontziek ohi zuten moduan, eta lema korastan.

Stralsundeko bigarren zigilua 1278. urtekoa da. Irudian ontzi-mota bera agertzen da eta Elbingeko zigiluan (1242) agertzen den ontziaren nahiko antzekoa. Bigarren zigilu horretakoak ere korastan du lema.


Gasteizko koka

XIII. mendearen amaierakoa da Gasteizko katedraleko irudian agertzen den koka. Ditugun irudien arabera, lehen euskal ontzia da lema korastan duena (lema «baionesa» edo «nafarra», inoiz baino zehatzago esanda), eta, horrez gain, euskal ontzi batean aurreneko aldiz agertzen da lema-kana popako gazteluaren edo toldaren azpian sartuta; hala, toki horretan lemazainak eguraldi txarretik babestuta goberna zezakeen lema (halere, gogoan izan behar da San Pedro elizako irudien helburua ez zela deskribapen zehatzak egitea, eta haietan irudikatutakoa ez duela zertan erabat fidela izan). Aurrez aipatutako ontzi guztietan, lemazainak beti aire librean maneiatu behar zuen lema-kana, txalupa batean egin beharko zukeen moduan.


Ipswicheko zigilua

Jada XIV. mendean, 1306. urtean zehazki, Stralsundeko hirugarren zigilua agertu zen. Hirugarren horretan askoz hobeto grabatutako ontzi baten irudia agertzen da, apainduraz betea, baina 1278ko hiri bereko zigiluan agertzen den ontziarekin ez da alde handirik antzematen. Zigilu batetik bestera igarotako 30 urte haietan irudietako ontziak ez ziren askorik garatu.

Dammeko zigilua (Flandes) 1309koa da, eta bertan agertzen den kokan lema-kana toldaren azpian sartzen da. Horixe bera gertatzen zen beste koka hauetan ere: Baionako katedralekoan (irudia XIV. mendearen hasierakoa zen); Stralsundeko laugarren zigiluko kokan (1329); Elbingeko bigarren zigilukoan (1350), eta Kieleko zigiluko ontzian (1365).

Baina ingelesek, korasta-lemari dagokionez, Ipswicheko zigiluko irudian agertzen den koka lehenesten dute, 1200. urtean datatzen baitute. Eta hor gorabehera bitxia antzematen da: zigiluan agertzen den ontziak ezin du izan data horretakoa, mende oso bat geroagokoa baizik. Ipswicheko zigiluko ontziak antza handiegia du-eta XIV. mendeko zigiluen irudietan agertzen direnekin.

Afera are deigarriagoa egiten da aintzat hartuta zer ontzi-mota erabiltzen zen garai haietan Ingalaterrako portuetan.

XII. mendearen hasieratik bost portuk osatutako federazio bat izan zen Ingalaterran. Egiaz, ordea, zazpi ziren portuak: Dover, Sandwich, Romney, Winchelsea, Hastings, Hythe eta Rye. Portu horiek Ingalaterrako kostaldeko garrantzitsuenak ziren garai hartan eta zenbait pribilegio eta merkataritzarako abantailen truke Ingalaterrako koroari gerrarako ontzi armatuak eta eskifai prestatuak ematera behartuta zeuden.

XIII. mendearen bukaeran 57 ontzik eta 1.000 eskifaia-kide baino gehiagok osatutako guardia iraunkorrari eusten zioten, erregeak edozein zerbitzu behar zuela ere. Ontzi haiek Ingalaterrako hoberenak eta indartsuenak ziren. Ezaugarri aldetik oso antzekoak ziren denak; Winchelsea, Hastings, Sandwich, Dover eta Hytheko zigiluetako irudiek behintzat hori erakusten dute. «Nef-ak» ziren ingelesen ontziak edo naoak, Donostiako zigilukoa baino zertxobait garatuagoak. Baina guztiek arraun-lema zeramaten hegatsean eta bizkarreko brankan eta popan paratutako gazteluak orain jarri eta orain kentzen ziren horietakoak ziren. Ontzi horiek, beraz, garapen eta denbora aldetik oso urrun dauden Ipswicheko zigiluko irudian (1200. urtekoa, gogora dezagun) agertzen den koka-motatik.


Gasteizko kokaren ezaugarriak

Gasteizko katedraleko koka zaharragoa zen Ipswicheko zigilukoa baino. Ezaugarri aldetik itxura gehiago zuen XIII. mendeko Donostiako ontziaren oinordeko zuzena izateko, baina popako korasta zela eta –korasta-lema, alegia– ontzi askoz landuagoa zen forma aldetik, askoz prestatuagoa itsaso zabalean nabigatzeko eta aukera handiagoa ematen zuen zamak garraiatzeko eta beste ontzi batzuen erasoetatik babesteko.


Bularra

Lema istriborreko hegatsetik poparen ardatzera eraman zenez, lema horri zegokion bularra zuzena egin behar izan zuten, lema egokitzeko eta, hartara, gontzen gainean jokoa aske egiteko. Horrenbestez, popako bularra korasta bihurtu zen, brankako bularraren aldean oso bestelakoa. Normandiar tradizioko ontzietan –euskal ontzietan, esaterako– brankakoak jarraitu zuen okerra izaten; aldiz, Hansako tradizioa zuten koketan, zuzena, luzea eta aurrerantz botatakoa zen bularra.


Kroskoa

Gasteizko kokaren kroskoak ontzi zaharragoen aztarnak zituen; «nef» ontzienak, hain zuzen. Izan ere, bizkarrari eusten zioten habeetako batzuk sendotzen zuten zeharka eta habe horien buruek ilarak zeharkatzen zituzten eta kono formako falka luzeen bidez finkatzen ziren, edo zuaker sendogarrien bidez. Zaila da zehaztea zeren bidez.

Tingladillo eran forratutako kroskoa zen, erdiko sekzioa «U» erakoa eta oso zabala eta altuera handikoa, popa borobila eta branka lerro betekoa, giladuna eta bular sendokoa.

Tolda zabala zuen; brankan ia mastaraino iristen zen, eta popan korastaren gainetik botatzen zen. Baina ez zuen popako estalkirik, ezta almenarik ere. Eta traparik ere ez mastaren muturrean. Horrek esan nahi zuen ez zegoela armatuta, edo garai horretan bakea zela ontzi hori ibiltzen zen itsasoetan.


Belak

Brankan, bularraren muturra inguratuz, gaztelu txiki bat zuen. Ohikoa zen gaztelu txiki hori antzinako koketan, maspreza finkatzeko eta haren zerbitzurako. Aurtzakekin lan egiteko eta estaia finkatzeko bestetarako ez zuen balio masprezak. Estaiak, berriz, brankatik eusten zion mastari. Belazurrunaren triza toldatik bizkarrera jaisten zen eta aurkestai lanak egiten zituen popa aldetik masta eusteko.

Masta alboetatik eusteko obengak eta haien goarnizio-mahaiak baliatzen ziren. (Gasteizko katedraleko kokan ez da agertzen istribor aldeko ez obengarik ez eta goarnizio-mahairik; bistan da, artistak eroso jokatu zuela eta erdiko pertsonaia ikusgarriago egiteko kendu zituela iruditik).

Tailan ababor aldeko obenga-multzoaren zati bat antzematen da, obenga horien zehar-sokak barne direla.

Gasteizko kokak masta handi bat zeukan, seguru asko tximelgaz sendotua; izan ere, sokaz korapilatuta dago, nabarmen.


Baionako koka

Baionako katedraleko kokak tingladillo eran forratutako kroskoa zeukan, Hansako koken kroskoen aldean oso bestelakoa.

Ontziak bular oso kakotua zuen eta, horren eraginez, oso altua eta betea zuen branka. Horri eskerrak, berriz, haize gogorrak bela handia puztu eta ontzia bultzatzen zuenean uretan gehiegi hondoratu gabe eusten zion kokak bultzada horri.

Korasta zuzena zuen, baina oso inklinatua. Korasta horretan ahokatzen ziren popa biribileko ilarak. Galibo zabalekoa zen popa hori, bolumen handiko gazteluaren zama zela-eta ontziak hobeki flota zezan.

Zabalera eta garaiera handikoa zen, saihetsetan «U» formako plano zabalekin, eta behean gila indartsu baten bidez errematatuta. Behealde horretan sartzen ziren luzeka aparadurako trazak.

XIV. mende osoan zehar Hansako marinelek, britainiarrek, kantabriarrek eta euskaldunek esperientziak eta teknikak trukatu zituzten Mediterraneoko portuetako marinelekin, eta elkar eragin zuten ontzigintza-tradizioan. Valentziako Kontsuletxeko liburuan, esaterako, XV. mendearen hasierako koka bat agertzen da eta hor antzematen da garbi eragin hori. Mende bat lehenagoko Gasteizko kokaren antzeko eredua da, baina zertxobait garatuagoa.


Tamaina

Ez da erraza ontzi haiek zer tamaina zuten zehaztea; izan ere, artista baten irudia eta interpretazioa baino ez dugu neurri horiek jakiteko; Baionako kokaren kasuan, esaterako. Hori dela eta, bai kasu honetan eta bai aurrez deskribatutakoetan, uste eta susmoen bidez iritsi behar da ondorioetara. Eta, bistan da, usteen orpotik beti etor daiteke zuzenketa zorrotzen bat, datu berriak agertu ahala, edo arrazoiak beste balizko batzuetatik abiatu ahala.

Baionako ontziolei dagokionez, jakina da 1336. urtean ezin zela besterik gabe merkataritzan jarduteko ontziak eraiki; gerra-ekintzetarako ere balio behar zuten ontziek. Ondorioz, ontzien edukierak 100 upel sartzeko adinakoa izan behar zuen gutxienez, txikiagoa ez. Bizkaiko upelak baziren (Bizkaiko golkoan neurri hori zen ohikoena edukiera kalkulatzeko), 100 upel gaur egungo 168,60 tona metrikoren pare ziren. Datu gehigarri moduan, aipatu beharrekoa da 1308an, Ingalaterrako Eduardo II.ak 300 tonako ontzi bat eraikiarazi zuela Baionan.

Tingladillo eran eraikitzeak mugatu egiten zituen kroskoaren neurriak. Muga horren baitakoa zen ontziaren segurtasuna, bai zama astunak garraiatzeko eta bai itsasoan zerbitzu gogorrak egiteko. Barnean armazoi onik ez zutenez –buxardaz eta giltzez lotutako armazoirik, alegia–, tingladilloa eraikitzeko ilarak oso lodiak izanagatik ere, kroskoa ahuldu egiten zen neurriak handitu ahala. Muga 30 metroko luzera zen.

Baionako kokaren masta, ordea, oso zutoin sendoa zen, eta luzera osoan tximelgaz eta sokaz sendotuta zegoen; horrek argi adierazten du ontzi handia eta astuna zela.


Popako eta brankako gazteluak

Ontziaren tolda edo popako gaztelua oso handia zen; goiko bizkarraren eta plataforma almenadunaren artean ganbera zabal bat ere hartzen zuen. Ganbera horretan paratzen zuten, hain zuzen, lema-kana.

Brankariaren aurrealdean ganberako zorua kanpoaldera zabaltzen zen balkoi jarraitu eta almenadun batean. Mastatik hurbil iristen zen balkoi hori. Popako gazteluaren multzo osoa zutabetan eta korastaren burualdean finkatzen zen sendo.

Brankako gaztelua plataforma almenadun soil bat zen; zutabeen gainean eta bularraren burualdean bermatzen zen. Bularraren burualde hori buxarda baten bidez indartuta zegoen.

Bi gazteluen plataforma almenadunak maila bertsuan geratzen ziren. Zuaker sendogarri batzuek babesten eta indartzen zituzten goiko ilarak. Indartze horiek, logikaz, bat etorri behar zuten txarrantxen posizioarekin. Ziur asko, ilaren bidez eta bernoekin loturik egongo ziren txarrantxak eta aipatutako zuaker sendogarriak.


Belak

Eragiteko aparailua Donostiako zigiluko ontziaren eta Gasteizko kokaren ia berbera zen. Masta bakar batek eta belazurrun batetik zintzilikatutako lau ertzeko oihal bakarrak ez dute gehiagorako ematen. Sistema hori, gainera, denbora asko zen erabiltzen zela, eta mugaraino hobetuta zegoen jada.


Neurriak

Baionako kokaren gutxi gorabeherako neurriak hauek izan zitezkeen:

- Luzera 28 m

- Zabalera 8 m

- Gila 18 m

- Karelen altuera erdian 5 m

- Bularraren altuera gorena 8 m

- Korastaren altuera gorena 6 m

- Ilara-kopurua albo bakoitzean 12

- Zabalera-Gila-Luzera erlazioa: 1-2,25-3,50


Oharrak

(1) FER NÁNDEZ DURO, Cesáreo: Aipatutako obra, 55. or.

(2) BANUS ETA AGUIRRE, José Luis: «GLOSAS EUSKARAS», 139, 140 eta 141. or. Gipuz koako Aurrez ki Ku txaren argitalpena. Donostia, 1975.