Soziologiara sarrera/Pierre Bourdieu
Pierre Bourdieu (Denguin, Pirinio Atlantikoak, Frantzia, 1930ko abuztuaren 1a - Paris, Frantzia, 2002ko urtarrilaren 23a) soziologoa izan zen. Frantziako egungo pentsalari ospetsu eta polemikoenetakoa izateaz gain, antiglobalizazio eta altermundialismo mugimenduen inspiratzaile intelektualetako bat ere izan zen. Bere ekarpenak garrantzia handikoak izan dira hainbat arlotan, hala nola etnografian, artean, literaturan, hezkuntzan eta politikan. Bere libururik ezagunena La Distinction, critique sociale du jugement (1979, Bereizketa, epaiaren kritika soziala), XX. mendeko soziologia lan garrantzitsuenetakoa izango da Nazioarteko Soziologia Elkartearen (ISA) arabera[1]. Soziologiako irakasle izan zen Collège de France-n, ikasketa zuzendari École des hautes études en sciences sociales|École des Hautes Études en Sciences Sociales-en eta Zientzien eta Arteen Europako Akademiako kidea. Actes de la recherche en sciences sociales aldizkariko zuzendaria izan zen[2].
Bizitza
[aldatu]Pierre Bourdieu 1930ean jaio zen Denguin Biarnoko herrixkan. Bere aita, lehenik, soldatapeko nekazaria izan zen, eta postaria ondoren, beti ere jatorrizko herrixkatik mugitu gabe. Ama, aldiz, Lasseubeko jabegoa zuen nekazari familia batetik zetorren. Bikotearen seme bakarra izan zen.
Goi-mailako eskolako ikasle izan zen, filosofiako agregatu ondoren eta 1982. urteaz geroztik soziologiako irakasle Frantziako Eskolan. Jean-Claude Passeronekin erreprodukzio sozialaren inguruko eskola-mekanismoei buruz egin dituen lanengatik da batez ere ospetsu: Les Héritiers (1966, Oinordekoak), La Reproduction: éléments d'une théorie du système d'enseignement (1970, Ugalketa: hezkuntza-sistemaren teoria baten osagaiak).
Lan ugari idatzi ditu, zeinetan gogoeta teorikoa eta ikerketa-lana lotzen dituen: Un art moyen, les usages sociaux de la photographie (1965, Erdi-mailako arte bat, argazkilaritzaren erabilera sozialak), La Distinction, critique sociale du jugement (1979, Bereizketa, epaiaren kritika soziala), Les Règles de l'art: genèse et structure du champ littéraire (1992, Artearen arauak: literatura-alorraren sorrera eta egitura).
Soziologian, Bourdieuren lanek oinarrizko bi kontzeptu nabarmendu dituzte: alorra (edo saila), bizitza sozialaren mailan gertatzen den eta era objektiboan erakundeen bitartez mamitzen dena (eskola, esate baterako); eta habitusa, egitura sozialek gizarte-eragileen izaerak eta portaerak egituratzen duena. Alorraren eta habitusaren arteko harreman dialektikoaren bitartez uler daiteke Bourdieuk gizarte-errealitatearen eraikuntza prozesuaren teoria.
Teoria soziologikoa
[aldatu]Bourdieuren asmorik nagusiena soziologian nagusitu diren objektibismoaren eta subjektibismoaren arteko eztabaida gainditzea zen. Haren ustez, bi ikusmolde horien arteko eztabaida faltsua zen eta hori guztia gainditzeko teoria soziologiko propio bat garatu zuen, berak “estrukturalismo konstruktibista” (edo “konstruktibismo estrukturalista”) deituko zuena[3].
Objektibismoaren alorrean, Bourdieuk egile eta korronte hauek kokatzen ditu: Émile Durkheim eta bere egitate sozialen azterketa; Ferdinand de Saussure-ren estrukturalismoa; eta Lévi-Strauss eta marxista estrukturalak. Ikusmolde horiek egitura objektiboetan zentratzen dira eta ez dute aintzat hartzen egitura horien eraikuntzan aktoreen pentsamenduen eta sentimenduen zeregina; agenteak eta ekintzak baztertzen ditu.
Subjektibismoaren alorrean, aldiz, Alfred Schützen fenomenologia; Herbert Blumerren elkarrekintza sinbolikoa eta Harold Garfinkelen etnometodologia ordezkari adierazgarrienak dira. Ikusmolde honetan agenteen ekintza aztertzen dira eta ez dira egiturak aintzat hartzen[3].
Batetik, egitura objektiboak oinarri dira bizitzaren errepresentazioa egiteko eta elkarrekintzan eragiten duten funtsezko mugatzaile estrukturalak dira; baina, bestetik, bizitzaren errepresentazio hauek ere aintzat hartu behar ditugu, egitura horiek aldatzen eta mantentzen dituzten eguneroko borroka indibidual eta kolektiboak ulertzeko.[4]
Objektibismoaren eta subjektibismoaren arteko dilema hori askatzeko, Bourdieuk praktikak aztertzea proposatzen du, sozialak zein kulturalak, izan ere, hori baita bere uztez ekintza-egitura arteko dialektikaren emaitza. Praktikak ez daude objektiboki determinatuak baina ez dira ere norberaren aukeramenaren esku geratzen.
Egitura eta gizarte-eraikitze prozesuaren arteko dialektika horren inguruko kezkaren ondorioz, Bourdieuk ikusmolde berri bat proposatuko du, gorago aipatu “estruktural konstruktibismoa” [5]. Ikusmolde horren arabera, Bourdieuk onartzen du egitura objektiboek agenteen kontzientziatik eta borondatetik aparte bizi direla. Alta, egitura horiek ez dira erabat determinatzaileak. Neurri batean baino ez dituzte mugatzen agenteen ekintzak. Era berean, jarrera konstruktibista berea egiten du pentsamendurako, pertzepziorako eta ekintzarako eskemen sorkuntza aztertzeko garaian.
Estrukturalismoaren eta konstruktibismoaren arteko lotura egiten saiatu arren, zenbait egilek estrukturalismorako joera nagusiagoa erakusten duela adierazten dute [3]. Horregatik, Michel Foucault-ekin batera, bera ikuspegia “postestrukturalistatzat” hartu izan da. Nolanahi ere, Bourdieuren lanetan aktore aktibo bat topatu daiteke, “borondatezko aldaketak” eragiteko gaitasuna duena araututako bat-batekotasun egoera batean. [6]
Oinarrizko kontzeptuak
[aldatu]Habitusa
[aldatu]Txantiloi:Sakontzeko Habitus[oh 1] kontzeptuaren bitartez Bourdieuk sozializazioa eta gizabanakoen ekintzen arteko lotura azaldu nahi du. Habitusa gizabanakoak bere gizarte-esperientzia osoan zehar bereganatzen duen disposizio eta ekintza- zein pertzepzio-eskemen multzoa da. Sozializazioaren bitartez, lehenik, eta ibilbide sozial osoaren bitartez, bigarrenik, gizabanako orok apika pentsatzeko, sentitzeko eta egiteko modu multzo bat barneratzen du, denboran zehar egonkor gertatuko dena. Bourdieuk uste du disposizio hauek gizabanakoen etorkizuneko jardunaren iturburu direla.
Alta, habitusa ez da besterik gabe errepikatzen eta bikoizten den baldintzapen soil edo ohitura bat. Berez, disposizio horiek antza gehiago dute ama hizkuntza baten gramatikarekin. Sozializazioaren bitartez barneratutako gramatika horri esker, gizabanakoak gai izango da egoera guztiei aurre egiteko egokiak izango diren esaldiak sortzeko. Ez ditu buruz ikasitako esaldiak behin eta berriro errepikatzen. Bada, habitusaren disposizioak tankera horretakoak dira: pertzepzio- eta ekintza-eskemak dira gizabanakoari mundu sozialerako egokiak izango zaizkion praktika berriak sortzeko ahalmena emango diotenak.
Habitusak badu beraz “sormen indarra”[7]: badu hastapenetik zentzu praktikoa. Hala, Bourdieuk habitusa honela definitzen du: “egitura egituratzaile bezala funtzionatzeko prest dauden egiturak egituratuak”[8]. Hitz soilez, habitusa egitura egituratuak dira sozializazioak sortzen dituelako; baina, era berean, egitura egituratzaileak ere badira praktika berrien sortzaile ere badelako. Bistan denez, Bourdieuk hainbat ideia kontrajartzen ditu (kanpokoa eta barnekoa, objektiboa eta subjektiboa, emana dena eta berrikuntza dena) beraien arteko harreman dialektikoa azaltzeko. Erakutsi nahi du egitura egonkorrak izan arren, barneratutako egiturak ez direla determinatzaileak eta gizabanakoak baduela gizarte aldaketarako aukera. Berez, habitusa eta mundu sozialaren arteko harreman dialektikoaren bitartez, errealitate soziala etengabe ari da aldatzen. Izatez, habitusa, antzinako praktika esanguratsuen emaitza izateaz gain, etorkizuneko praktika esanguratsuen sortzaile ere bada. [9]
Habitusa kontzientzia eta hizkuntza maila azpitik gertatzen da eta borondatearen kontrolaz harantzago dago. Habitusaren funtzionamenduaren kontzientzia ez izan arren, egiten diren jarduera praktiko gehienetan agertzen da, adibidez, jateko, ibiltzeko, hitz egiteko edo mukiak kentzeko moduan ere [3].
Alorra
[aldatu]Bourdieuk gizartea alor ezberdinen arteko inbrikazioa bezala definitu zuen: alor ekonomikoa, politikoa, kulturala, artistikoa, kirolekoa, erlijiosoa, eta abar. Alor bakoitza bere logika propioaz horniturik dago eta logika hori indarrean jarri nahi diren alorraren berezko erronken eta ahalmenen menpean dago. Elkarrekintzak, beraz, agente bakoitzak bideratzen dituen ahalmenen eta baliabideen arabera egituratzen dira, hau da, Bourdieuren kategoriak erabiliz, bere kapitalaren arabera, ekonomikoa, kulturala, soziala eta sinbolikoa delarik ere.
Alorra kokapen sozialaren espazioa da. Bertan, parte hartzaile guztiek gutxi gora behera interes berdinak izan ditzakete baina bakoitzak badu alorraren barruan duen kokapenari buruzko interes propio bat ere. Alor bakoitzak bere arau espezifikoak dituen arren, guztientzat baliagarriak diren arau orokorrak ere topa ditzakegu: berrien eta zaharren arteko borroka; eta borroka hori alor guztietan gertatzen da nahiz eta partaide guztiak alorraren erronkak onartu eta haren biziraupena desiratu.
Bourdieuk alorra gerra eremua baten antzera ikusten du. Alorraren egiturak partaideen estrategiak indartzen ditu, indibidualki zein kolektiboki, norbere kokapena mantentzeko edo hobetzeko, eta beren ekoizpentzat, hierarkizazio printzipio abantailatsuagoak ezartzeko[3].
Kapitala
[aldatu]Bourdieuren arabera, kapitala, gizabanakoei gizartetik abantailak lortzea ahalbidetzen dien metaketa batetik sortutako baliabide sozial guztiak dira. Haren ustez, kapital ekonomikoa eta kulturala dira gure gizarteko kapital formarik garrantzitsuenak. Halere, badago berarentzat, gizartearen alor bakoitzean kapital bat, haien egitura eta borroken zioa determinatzen dituena.
Kapital motak
[aldatu]Pierre Bourdieuk oinarriko lau kapital mota berezitu zituen:
- Kapital ekonomikoa: gizabanakoaren baliabide ekonomikoen multzoa neurtzen du, diru-sarrerak eta ondarea barne.
- Kapital kulturala: gizabanakoak eskura dituen baliabide kulturalak neurtzen du. Hiru eratakoak izan daitezke: erantsiak (ezagutzak, trebetasunak, gaitasunak, elokuzio formak...), objektibatuak (objektu kulturalen jabetza) eta instituzionalizatuak (eskola-tituluak eta diplomak).
- Kapital soziala: "elkar ezagutza eta aintzatespen harreman-sare iraunkorrekin"[10] lotua dauden baliabideak neurtzen du.
- Kapital sinbolikoa, gizartean errekonozimendu berezia duten kapital forma guztiak (kulturala, ekonomikoa edo soziala) izendatzeko erabiltzen da.
Espazio sozialaren teoria
[aldatu]Pierre Bourdieuk espazio sozialaren teoria eratu zuen, batez ere La distinction lanean[12], eta horretarako marxismoaren eta weberismoaren tradizioak gurutzatu zituen. Teoria honek nagusiki zera azaldu nahi du:
- Talde sozialen eraketa-logika gizarteen hierarkizazio moduak oinarri hartuta.
- Bizitza estiloak eta talde sozial hauen arteko borrokak.
- Gizarte-hierarkien eta talde sozialen erreprodukzio moduak.
Hierarkizazio eta talde sozialen eraketa
[aldatu]Bourdieuk espazio sozialaren hierarkizazioaren jatorrizko teoria bat proposatzen du Max Weberren berrirakurketan oinarrituko dena. Teoria hau teoria marxistari kontrajarriko zaio. Izatez, teoria marxistaren ustetan, gizarteak ekoizpen ekonomikoaren arabera egituratzen dira. Hala, marxistek deitzen duten ekoizpen modu kapitalistan, ekoizpen ekonomikoa ekoizpen harreman kontrajarrien artean ematen da, hots, ekoizle zuzenak (proletargoa) eta ekoizpen bitartekoen jabeak (kapitalistak). Horrela kapitalismoak bi gizarte-klase sortuko ditu, proletarioak eta kapitalistak. Bi klase hauek borrokan egongo lirateke, kapitalistek, marxisten arabera, proletarioak esplotatzen dituztelarik. Era honetan ekoizpen ekonomikoak gizartea egituratzen du aurkakoak diren gizarte-klaseak sortuz.
Bourdieu espazioaren teoria horren kontra egongo da. Bere iritziz, Max Weberri jarraituz, gizarteak ez dira egituratzen soilik logika ekonomikoen arabera. Hala, Bourdieuk kapital ekonomikoari, analogia berdina erabiliz, kapital kulturala eranstea proposatzen du. Izan ere, iruditzen zaio gizarte modernoetan, agente sozialek duten baliabide kultural kantitateak ezinbesteko zerikusia duela beraien kokapen sozialean. Adibidez, gizabanako baten kokapen sozialean, Bourdieurentzat, bera oinordeko den aberastasun ekonomikoak eta eskuratu duen titulazio akademikoak determinazio pisu berdina dute.
Bourdieuk honela espazio sozialaren bi dimentsioko teoria eratzen du, marxisten dimentsio bakarreko teoriari kontrajarriz. Lehen dimentsioa kapital ekonomikoak osatzen du, eta bigarrena, kapital kulturalak. Gizabanakoak espazio sozialean kokatuko da bi faktoreen arabera: lehenik, bi kapitalen baturatik ateratzen den kopuru osoaren arabera, eta bigarrenik, bi kapital mota bakoitzak kopuru osoan duen garrantzia erlatiboaren arabera. Adibidez, kapital kantitate handia dutenen artean eta gizarte bateko klase dominante osatzen dutenen artean, Bourdieuk bereizketa egiten du kapital ekonomiko handia baina kapital kultural txikiago dutenen artean (funtsean, burgesia industriala), ondoko eskeman goian eta eskuinean kokatuak, eta kapital kultural handia baina kapital ekonomiko txikiagoa dutenen artean, eskemaren ezkerrean kokatuak (unibertsitateko irakasleak, esaterako).
Bourdieuk azpimarratuko du bere espazio sozialaren ikuskera erlaziozkoa dela: norberaren posizioa ez da berez existitzen besteek duten kapital kopuruarekin konparatuz ez bada. Bestalde, nahiz eta Bourdieuk pentsatu kapital kulturala eta ekonomikoa gaur egungo gizarteak gehien egituratzen duten bi baliabide nagusienak direla, lekua uzten die ere beste era bateko baliabideei, izan ere, azken hauek, gizarte bakoitzaren arabera, toki garrantzitsu bat izan baitezakete hierarkia sozialen eraketan.
Bourdieuk, gizartearen hierarkizazio teoria hori oinarri hartuta, talde sozialen sorkuntza prozesuak ezagutzen saiatuko da. Marxistak ez bezala, Bourdieuk ez du este gizarte-klaseak berez existitzen direnik, objektiboki, "errealista" deritzon kokapen baten arabera. Aitzitik, soziologoa gai bada, esaterako, gizarte-portaera desberdinetatik abiaturik, gizarte-klaseak "paperean" eraikitzeko, horrek ez du esan nahi gizabanakoak klase horien partaide kontsideratzen direnik. Ikerketak askok demostratu dute "klase ertaineko" bezala bere burua ikusten duten gizabanakoak askoz gehiago direla "objektiboki" ematen zaion definizioari dagozkionak baino. Hala ere, Bourdieuk ez du ere uste gizarte-klaseek inongo errealitaterik ez dutenik, gizabanakoen taldekatze arbitrarioa direnik, hots, jarrera "nominalista" hutsa direnik. Bourdieuk pentsatzen du lan politikoaren funtsezko zati bat agente sozialak mobilizatzea dela, sinbolikoki batzearena, talde partaidetza sentimendua sortzeko, eta hala, gizarte-klase "mobilizatuak" sortzeko. Baina horrek arrakastarako aukerak handiagoak ditu biltzeko tentatu nahi diren gizabanakoak espazio sozialean objektiboki gertu badaude[13].
Bizitza estiloen eta borroka sinbolikoen espazioa
[aldatu]Bourdieurentzat, gizabanakoen bizitza estiloak beren kokapen sozialaren isla dira. Horrela, Bourdieu saiatzen da korrelazio bat ezartzen gizabanakoen bizitzeko, sentitzeko eta egiteko moduen artean, beren gustuak eta gorrotoak bereziki, eta gizarte-hierarkietan betetzen duten kokapenaren artean. Gizarte-kokapen eta gizarte-praktiken arteko korrelazio horren erakusle irudiko diagrama da. Bertan, gizarte-posizioen espazioa eta praktika kultural, sozial eta politikoen espazioak uztartzen dira.
Habitusa korrelazio horren bideratzaile nagusietakoa da. Gizabanakoek, gizarte-bizitza mota jakin bat biziz, era berean disposizio kultural jakin batzuk ere bereganatzen dituzte. Horrela, langileak, behar ekonomikoa gailentzen den bizitzara kondenaturik, elikaduraren ikuspuntu funtzionala dute, lehenik eta behin elikagarria izan behar dena, baita artearen ikuspuntua ere, halabeharrez errealista izan behar duena. Gauza bere gertatzen da beren gorputzarekin: taxutu beharreko tresna bat bezala ikusten da, eta horrela, kirola bezalako praktikatik indar fisiko handiagoa baino ez da espero.
Hala ere, Bourdieuk uste zuen bizitza estiloen espazio honetan gertatzen zela funtsean gizarte-ordenaren legitimazioa. Horrela, gizarte-praktikak hierarkizatuak diren neurrian eta hierarkia hauek azpian dauden gizarte-hierarkien isla diren neurrian, bizitza estiloek bereizketan (distinction) eta legitimazioan izugarrizko eraginak dituzte. Adibidez, talde sozial dominanteak sozialki gehien baloratuagoak diren musikak maite dituzten bitartean, talde sozial dominatuak musika horiengan gustuaren araberako bereizketa bat antzematen dute. Baina bereizketa hori legitimazioa da ere: talde sozial dominanteak berezituak edo apartekoak dira musika bereziak maite dituztelako.
Pierre Bourdieuren ustez, talde sozialen arteko borrokaren zati batek borroka sinbolikoaren itxura hartzen du. Menpeko talde sozialetako gizabanakoak, hala, talde sozial dominanteen praktika kulturalak imitatzen saiatzen dira sozialki baloratuagoak izateko. Alta, talde sozial menderatzaileetako gizabanakoek, imitazio joera horren jakitun, gizarte-praktika horiek aldatzeko joera dute: geroz eta arraroagoak bilatzen dituzte, hots, bereizketa sinbolikoa berrezartzeko egokiak direnak. Zabalkundearen, imitazioaren eta bereizketaren bilaketaren arteko harreman dialektiko horretan gertatzen da, Bourdieren ustez, kultura praktiken transformazioa.
Hala ere, borroka sinboliko honetan, menpeko klaseak galtzaile irteten dira beti: klase dominanteak imitatuz, bereizketa kulturala onartzen dute, inoiz egokiro erreproduzitzera iritsi gabe. "Berez, asmoak ustelak dira jatorrian, izan ere, lasterketaren helmuga inposatzen uztea ez ezik, berdindu nahi duen hori desabantaila egoeratik abiatzea ere onartzen baitu".[14]
Esan bezala, Bourdieurentzat espazio soziala erlaziozkoa da. Ez legoke berez gustu zakarrik: hala izatekotan, berezitzat hartzen diren beste batzuekin erkatzen direlako izango dira. Golfa ezingo litzateke berezia izan ez balira gainerako kirolak existituko, futbola bezalaxe, zeinarekin kontrajarri dezakegun[oh 2]. Berez, bereizketaren gizarte-praktikak denboran zehar aldatuz doaz klase baxuenak bereizketa praktika horiek bereganatzen doazen heinean.
Goiko diagramak, beraz, kokapen sozialen eta kultura- eta gizarte-praktiken arteko loturaren momentu jakin bat baino ez du irudikatzen. Lotura hori aldatuz doa bereizketa borroka sozialen arabera. Horrela, tenisa gaur egun ez da inkestak egin ziren garaian (1960ko hamarkada) bezain berezia, grafikoak adierazten duen bezala[15]. Izatez, tenisaren praktika asko zabaldu da burgesia txikiaren baitan.
Bizitza estiloak hala objektiboki bereizten dira: habitusaren bitartez adierazten diren baldintzapen sozialak islatzen dituzte. Baina, era berean, bereizketa estrategien ondorio ere badira. Estrategi hauen bitartez, gizabanakoek beren praktika eta gustu kulturalen balio sinbolikoaren berrezarpena bilatuko dute, talde sozial azpiratuek praktika horiek berdintzera joko duten neurrian.
Gizarte-hierarkien erreprodukzioa
[aldatu]Gizarte-ordenaren erreprodukzioak, Bourdieuren iritziz, bi baldintza izan behar ditu era berean: gizarte-hierarkien erreprodukzioa eta erreprodukzio horren legitimazioa. Bourdieuk usten du ikaskuntza sistemak zeregin garrantzitsua duela erreprodukzioan gaur egungo gizarteetan. Horrela, Bourdieuk ikaskuntza sistemen teoria bat eratuko du eta zera erakutsiko du:
- Gizarte-ordena berritzen duela, klase gainartzaileko kideen seme-alabak ahal duten eskola-diplomarik hoberena lortzera bultzatuz, eta hala dagokienean, kokapen sozial gainartzaileak beraientzat eskuratuz.
- Gizabanakoen eskola-sailkapena legitimatzen duela, beren jatorri soziala estaliz, edo aitzitik, "dohainaren teoriarekin" loturik, gizabanakoen berezko ezaugarrien emaitza bezala aurkeztuz.
Bereizketa lanean[16], Pierre Bourdieuk, Jean-Claude Passeron-ekin batera, erakusten saiatzen da ikaskuntza sistemak "biolentzia sinbolikozko botere" bat egikaritzen duela , eta horrek, gizarte-hierarkien jatorrizko indar-harremanak legitimatzen laguntzen duela. Hori posible da, lehenik eta behin, hezkuntza sistemak klase dominatzailetik gertuago dauden ezagutzak transmititzen dituelako. Hala, klase menderatzaleko haurrak, etxetik jaso duten kapital kulturalari esker, errazago egokitzen dira eskolako beharretara, eta ondorioz, arrakasta handiagoa izaten dute beren ikasketetan. Horrek, Bourdieuren iritziz, erreprodukzio sozialaren legitimazioa bizkortzen du[oh 3].
Klase menderatzailearen kideen eskola-arrakastaren kausak ezkutuan geratzen dira beren diplomei esker, izan ere, diploma hauek kokapen sozial menderatzaileak legitimatzen dituzte. Bourdieuk dioen bezala, "eskola tribunalaren epaiak erabakigarriak dira batez ere kondenarekin batera, kondena beraren kontuan hartuzkoak ahazten dituelako"[17]. Bestela esanda, Bordieuren ustez, hezkuntza sistema eta klase dominatzailearen kulturaren arteko gertutasunari esker klase horretako kideek eskola-arrakasta ezkutuan geratzen da, eta horrek, eskolak erreprodukzio sozialaren legitimazioa posible egiten du.
Bourdieuren ustez, legitimazioa prozesu hau bi oinarrizko sinesmenei esker gertatzen da. Batetik, eskola neutroa bezala eta bere ezagutzak ere erabat independenteak bezala kontsideratzen dira. Eskola ez da ikusia, beraz, burgesiatik gertu dagoen arbitrario kultural baten erakusle gisa. Bestetik, eskola-porrota ala arrakasta, gizabanakoen berezko "dohain naturalekin" lotzen da. Eskola-porrota jasaten duen horrek, funtsean soziala den prozesua, porrot pertsonal baten gisa biziko du, bere ez gaitasunari porrotaren arrazoia eragotziz (esaterako, bere adimen falta). "Dohainaren ideologia" horrek ezinbesteko rola jokatzen du gizabanakoen eskola-patuaren, eta hortik eratortzen den gizarte-patuaren, onarpenean.
Biolentzia sinbolikoa
[aldatu]Bourdieurentzat, biolentzia sinbolikoa alor edo kokapen sozial jakin bati halabeharrez loturik dagoen gizarte-dominazioa agenteek barneratzea da. Dominazio hau kontzientziaren azpitik dago eta ez da oinarritzen subjektuarteko dominazio batean (gizabanako batek beste baten gain) baizik egiturazko dominazio batean (kokapen bat beste baten gain). Egitura hau, agenteek duten kapitalaren arabera egiten da, eta biolentoa da, zeren agenteek ez baitute antzematen. Biolentzia hau, beraz, gutxiagotasun-uste edo ezdeus sentimendu iturri izan daiteke: sufritua baino ezin daiteke izan; inolaz ere ez objektibatua. Biolentzia sinbolikoak bere oinarria talde sozialen hierarkizazioari loturik dagoen sailkapen-eskemen legitimazioan aurkitzen da.
Lan nagusienak
[aldatu]- Jean-Claude Passeroneki batera, Les héritiers : les étudiants et la culture, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Grands documents » (18.zbk), 1964, 183 orr.
- Alain Dardelekin batera, L'amour de l'art : Les musées et leur public, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1966.
- Zuzendari moduan, Robert Castelekin, Luc Boltanskirekin eta Jean-Claude Chamboredonekin (aurr. Philippe de Vendeuvre) batera, Un art moyen : Essai sur les usages sociaux de la photographie, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1965, 368 orr. (ISBN 9782707300294)
- Jean-Claude Chamboredon eta Jean-Claude Passeronekin batera, Le métier de sociologue : Préalables épistémologiques, Paris, Mouton de Gruyter, 1968, 357 or. (ISBN 3110174294)
- Jean-Claude Passeronekin batera, La reproduction : Éléments d’une théorie du système d’enseignement, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1970, 284 or. (ISBN 2707302260 eta 9782707302267)
- Esquisse d'une théorie de la pratique précédé de Trois études d'ethnologie kabyle, Geneva, Droz, 1972, 269 or.
- La Distinction. Critique sociale du jugement, Les Éditions de Minuit, 1979, 670 or. (ISBN 2707302759)
- Le Sens pratique, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1980, 475 or. (ISBN 2707302988)
- Questions de sociologie, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Documents », 1980, 268 or. (ISBN 2707303259)
- Ce que parler veut dire : l'économie des échanges linguistiques, Paris, Fayard, 1982, 244 or. (ISBN 2213012164)
- Homo academicus, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1984, 302 or. (ISBN 2707306967)
- Choses dites, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1987, 229 or. (ISBN 2707311227)
- La noblesse d'État : grandes écoles et esprit de corps, Paris, Les Éditions de Minuit, coll. « Le sens commun », 1989, 568 or. (ISBN 2707312789)
- La domination masculine (artikulua), in Actes de la recherche en sciences sociales, 84 zbk, 1990 iraila, 2-31 or.
- Les règles de l'art : genèse et structure du champ littéraire, Seuil, 1992.
- Loïc Wacquantekin batera, Réponses : pour une anthropologie réflexive, Paris, Seuil, 1992, 267 or. (ISBN 2020146754)
- Zuzendari gisa, La misère du monde, Seuil, coll. « Points essais », 2007 (1. arg. 1993), 460 or. (ISBN 2020920921 eta 978-2020920926)
- Raisons pratiques : sur la théorie de l'action, Paris, Seuil, 1994, 251 or. (ISBN 2020300265)
- Sur la télévision suivi de L'emprise du journalisme, Paris, Liber, coll. « Raisons d'agir », 1996, 95 or. (ISBN 2912107008)
- Méditations pascaliennes, Paris, Seuil, coll. « Liber », 1997, 316 or. (ISBN 2020320029)
- La domination masculine, Paris, Seuil, coll. « Liber », 1998, 142 or. (ISBN 2020352516)
- Les structures sociales de l'économie, Paris, Seuil, coll. « Liber », 2000, 289 or. (ISBN 2020412950)
- Science de la science et Réflexivité, Raisons d’agir, coll. « Cours et travaux », 2001, 200 or. (ISBN 9782912107145)
- Le Bal des célibataires. Crise de la société paysanne en Béarn, Seuil, coll. « Points Essais », 2002, 266 or. (ISBN 9782020525701)
- Esquisse pour une auto-analyse, Paris, Raisons d’agir, 2004.
- Sur l'État : Cours au Collège de France (1989-1992), Paris, Seuil, 2012, 656 or. (ISBN 9782020662246), Patrick Champagne, Rémi Lenoir, Franck Poupeau eta Marie-Christine Rivière-k argitaratutako lana Pierre Bourdieuren ikastarotik ateratako noten arabera.
- Sur Manet : Une révolution symbolique, Seuil/Raisons d'agir, coll. « Cours et travaux », 2013, 778 or. Pascale Casanova, Patrick Champagne, Christophe Charle, Franck Poupeau eta Marie-Christine Rivière-k argitaratutako lana.
Sariak eta ohoreak
[aldatu]- 1993 : CNRSren Urrezko Medaila
- 1995 : Honoris causa irakasle HEC[18]
- 1996 : Goffman Prize (Kaliforniako Unibertsitatea)
- 1997 : Ludwigshafen hiriko 5. Ernst Bloch saria
- 2000 : Huxley Medal (Royal Anthropological Institute)
- 2001 : British Academy-ko Corresponding Fellow
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ International Sociological Association (http://www.isa-sociology.org/)
- ↑ Actes de la recherche en sciences sociales
- ↑ 3,0 3,1 3,2 3,3 3,4 Ritzer, G. (1993): Teoría sociológica contemporánea. McGraw-Hill. Madril. 501 or.
- ↑ Bourdieu, P. (1989). Social Space and Symbolic Power. Sociological Theory 7: 14-25 in Ritzer, G. (1993): Teoría sociológica contemporánea. McGraw-Hill. Madril. 501 or.
- ↑ Choses dites. Minuit, 1987. 147. or.
- ↑ Bourdieu, P. (1977): Outline of a Theory of Practice. Londres. Cambridge University Press. In Ritzer, G. (1993): Teoría sociológica contemporánea. McGraw-Hill. Madril. 502 or.
- ↑ Questions de sociologie, Minuit, 134.or.
- ↑ Le Sens pratique, Minuit, 1980, 88.or.
- ↑ Fleury, L.: Sociologie de la culture et des practiques culturelles. Armand Colin. Paris. 2011. 60. or.
- ↑ Pierre Bourdieu, Le capital social, Actes de la recherche en sciences sociales, 31. zbk, 1980, 2. or.
- ↑ Raisons pratiques, Seuil, coll. Points, 1996, 21. orritik ateratako eskema sinplifikatua
- ↑ La distinction. Critique sociale du jugement, Minuit, 1979
- ↑ Ikusi, bereziki, Espace social et genèse des classes, Actes de la recherche en sciences sociales, 52-53 zbk., 1984.
- ↑ Question de sociologie, Minuit, 1984, 201. or.
- ↑ Raisons pratiques, op.cit., 19. or.
- ↑ Pierre Bourdieu eta Jean-Claude Passeron, La reproduction, Minuit, 1970.
- ↑ Ibid., 249. or.
- ↑ YouTube - Pierre Bourdieu à HEC 27/11/1995 Honoris Causa. Les sciences sociales et la démocratie (I)
Oharrak
[aldatu]- ↑ Ideia hau ez da Bourdieuk sortua, baizik eta berak berpiztu duen aitzineko ideia filosofiko batetik dator. Kontzeptuaren jatorria Tomas Akinokoaren pentsaera eskolastikoan dago, izan ere, Tomas Akinokoak habitus nozioa Aristotelesen hexis itzultzeko erabili baitzuen.
- ↑ Zenbait intelektualek gustuko izaten dute modelo hauek haustea futbola edo zezenketak gustuko dituztela adieraziz. Frantziako adibide bat Bernard Pivot-ena izan daiteke
- ↑ Alain Accardo soziologoak, Bourdieuren lanetan oinarrituta, honela idazten du: "eskolako ekarpenak balioan jartzearen azpian, Eskolak balioan jartzen du batez ere bera emateko gai ez dena (oinordean hartutako edo barneratutako kapital kulturala)" (Le petit-bourgeois gentilhomme. Sur les prétentions hégémoniques des classes moyennes, Agone, coll. « Contre-feux », 2009, 75. or.)
Ikus, gainera
[aldatu]- Soziologia
- Kapital soziala
- Erving Goffman
- Luc Boltanski
- Jean-Claude Passeron
Kanpo loturak
[aldatu]- Pierre Bourdieu, un hommage. Bourdieuren omenezko blog kolektiboa, 2007an Gilbert Quélennec-ek sortua.
- Pierre Bourdieu et le champ médiatique : repères bibliographiques. Acrimed, 2005/2/18.
- hyperbourdieu Bibiografia hainbat hizkuntzatan