Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Galdutako baserriak/Amezti Zahar - Felixene

Wikibookstik
Amezti Zahar - Felixene baserriaren ikuspegi orokorra

Baserri honen inguruko datu ziurrik ez dugu aurkitu. Amezti Azpikoa baserriko Maritxu Azurza eta Felix Isasa oiartzuarrak osatutako bikotea bizi izan zen baserrian. Amezti Azpikoa aspaldiko baserria zen. Felix Enea izenez ere ezagutua. Baserria orain dela urte asko erori zen eta, gerora, leku hartan etxebizitzak eraiki zituzten.

Txulotxo iturriko gobada egiteko harria.

Felix eta Maritxuk bi alaba izan zituzten: Ines eta Rita Isasa Azurza. Felix Igeldoko auzo-alkatea izan zen hainbat urtez. Igeldon bi autobus-linea izan ziren; haietako bat eramaten zuen Felixek, eta Txoxa baserriko Emeterio Iraola ibiltzen zen hari laguntzen kobratzaile moduan.

Felixek apustu bat egin omen zuen Gure Izardiako Martin Etxeberriaren aurka: Leku Eder-etik Ondarretara nor lehenago jaitsi, Etxeberria patinete- karro txiki batean eta Felix bere autobusean. Etxeberria iritsi zen aurrena. Lasterketan Etxeberria metro batzuen aldearekin aurretik zihoala, Txapaldegiko bihurgunea pasatu ondoreneko zuzen-gunearen erdi parean, autobusa bidetik atera eta behera amildu zen. Felixen laguntzaile zihoan Emeterio Iraolak buruan kolpe handia hartu zuen; eta soldaduska egitera joan zenean, Afrikara, burutik operatu zuten hango ospitale militarrean.