Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Galdutako baserriak/Artikula Txiki

Wikibookstik
Artikula Txiki baserriaren ikuspegi orokorra

Artikula Txiki baserria Usurbilgo lurretan dago, Igeldorekiko mugan. Haren lehenengo aipamen idatzia 1864. urtekoa da, Articola Nuevo moduan azaltzen da. 1972. urtean, Bilbo-Behobia autopista egiteko, desjabetu egin zuten baserria, autopistak erdi-erdian harrapatzen baitzuen.

Artikula Txiki baserria

Baserria Sagardia familiak eraiki zuen. Antonio Sagardia eta Maria Josefa Gurrutxaga senar-emazteak dira paperetan topatu ditugun lehenengo jabeak. Zizurkildik etorriak ziren. Hainbat seme-alaba izan zituzten. Martin Antonio Sagardia Gurrutxaga izan zen maiorazkoa. Usurbilgo Josefa Urkiarekin ezkondu zen. Hamar seme-alaba izan zituzten. Balentin Sagardia Urkia semea gelditu zen baserrian. Egiluze Txiki baserriko Maria Dolores Salsamendirekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Jose Mari, Maddalena, Mateo, Antonio eta Elias Sagardia Salsamendi.

Ezker eskubi: Antonio Sagardia, Jose Mari Sagardia, Dolores Salsamendi, Maddalena Sagardia, Mateo Sagardia eta Elias Sagardia.

Baserrian 20 bat behi, idi parea eta 50 bat ardiko artaldea zuten. Lursail asko zuten, haietako batzuk Igeldoko lurretan. Anai-arreba guztiak batera eta bestera joan ziren bizitzera, eta Jose Mari gelditu zen baserrian bizitzen.

Mateo Sagardia Salsamendi Aginagako Dranba baserriko Manuela Lizaso Olasagastirekin ezkonduta, hasiera batean, Igeldoko Iturrieta Berri baserrian jarri ziren bizitzen. Geroago, Zingieta baserrira aldatu ziren.