Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Astoak eta igeldoarrak

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Igeldo asto-herria izan da, eta hala deitu izan zaio aspalditik. Koldo Izagirre idazle altzatarrak ondo jaso zuen garai bateko donostiar koxkeroen trufa, norbaiten ergelkeria edo kaikukeria agerian uzteko: “Ez daude asto guztiak Igeldon”. Kaxkarinen mespretxuari hauspoa emateko asmorik ez dugun arren, ukaezina da astoen eta igeldoarren arteko lotura.

Inongo oinarri sendorik izan ez arren, izan da Igeldo izenaren jatorria astoa bero-bero edo iel egotearekin lotu duena: “Astoa iel d(ag)o”. Izaera beroa Igeldoko gazte astakiloek ere erakusten zuten, XX. mende hasieran, kanpoko mutilak Igeldoko neskak laguntzera etorrita, harrika hartzen zituztenean. Baina astakeria bat bereziki aipatzekotan, Mugitza baserrikoena: Baserrian bazuten zahartu eta itsututako asto bat. Ez zekiten aberea nola akabatu eta, azkenik, begiak zapi batez estali eta baserritik gertu zegoen Txubillo mendiko labar handi batetik behera amildu zuten, itsasertzeko arroken artera.

Igeldoko baserritarren bizimoduan garrantzi handia izan zuten lau hankako astoek. Igeldoko baserri gehienetan zegoen asto bat; eta ezinbestekoak ziren baratzako uzta, esnea edota gobadako arropa garraiatzeko. Animalia azkarrak ziren, eta fidatzeko modukoak: 6-8 urteko haurrak berak bakarrik bidaltzen zituzten astoarekin, esnea Donostian etxez etxe banatzera, astoak bai baitzekien zer etxetan geratu behar zuen. Hala ere, astoa izatea kalterako ere izan zitekeen noiz edo noiz: Erauntzeta Handiko Miren Landa astarrarekin Donostian esne partiketan zebilela, astoa arrantzaka hasi eta zeladore batek (garaiko udaltzainak) isuna jarri zion.

Igeldoko astoek lan gutxi ez eta, gainera, Igeldoko dema-plazan harriari tiraka jarri zituzten herriko bost asto. Usurbilgo Artikula Handiko Juan Jose Alkain Iruretagoiena Udarregi bertsolariaren bertso sorta honetan ederki azaltzen da bost astoen eta behi pare baten arteko dema.


ASTO-DEMAREN BERTSOAK

Astiarte eguna
señaladamente,
dema bat jokatzia
disponitu dute;
ikustera juan giñan
makiña bat jente,
gorputzak mesedeik ez,
patrikadak kalte.


Dema bat jokatu da
Igeldoko erriyan,
lau asto eme aurrian,
ta ar bat erdiyan;
orlako funtziyorik
juan dan aspaldiyan
apenas izandu dan
gure alderdiyan.


Bei pariaren kontra
bost ziran astuak,
kargetan ez pizkorrak,
jeniyoz bastuak;
aurrera biarrian iztingan listuak,
ez dituzte eragin algara gaiztuak.


Markos argiña eta
Maraita bestia,
desiatzen zan oiek
plazan ikustia;
nai zuten marka on bat
an erakustia,
asto diabru aiek
portatu eztia.

Markos ori da gizon
ikaragarriya,
ekarri zuan ugal bat
izugarriya;
sorbaldatik lepora
zedukan jarriya,
tiratzen ziyon baña
geldirik arriya.


Ikusgarri ederra
or digute jarri,
batzuetan iso ta
bestietan arri;
akullu motz banarekin
zirikatu sarri,
latigo eder asko
etzuten ekarri.


Jende asko giñaden
dema orri begira,
makiñatxo bat gizon
gustatubak dira;
aurrera biarrian
atzera salida,
indarrik asko bazan
portatu balira.


Astuak dadukate
ejerziziyo gutxitxo,
dema kontu oietan
daude atzetatxo;
arrieruak berriz
nekatubak geitxo,
batek esaten ziyon
«Arri, txiki potxo!»

Oso egoki ziran
astuak jarriyak,
alanbre ta kollare
txit gustagarriyak;
oiez gañera berriz
bildots-zintzarriyak,
Belabietatikan
zakuz ekarriyak.


Lau asto eme aurrian
ta ar bat atzian,
arto-burubak janez
noizik bakoitzian;
dema ori jokatu
balitz Maiatzian,
panderubaren billa
saiatuko zian.


Berriri portatu da
iriyaren gisa,
Boletiñian bialdu
biar det Parisa;
beiak egin zituzten
bi arroa txixa,
aien gañian marka
ondu dute aixa.


Orra zer pasatu dan
Igeldoko erriyan,
esplikatu nai nuke
euskera garbiyan;
arriya eraman dute
bost oiñ da erdiyan,
larri ibilli dira
salbo-ta epurdiyan.