Igeldoko historia eta istorioak/Galdutako baserriak/Belabieta Txiki

1893. urtean Belabieta Chiqui izenarekin azaltzen da. Baserria itsasoaren ondoan eta zelai maldatsu batean zegoen kokatuta, paraje ederrean. Inguruan lursail batzuk ere bazituen. Aurreneko jabearen aipamenik ez dago.


Zankardegi baserriko Jose Mari Mendiluze Agirrezabalaga Bizkaiko harrobi batera joan zen lanera, Iturrietako Joxe Arrillagarekin batera (eta beste igeldoar bat ere bai), eta hainbat urtez Leioan aritu ziren lanean. Laukiz herrian, Anastasia Azkue Bilbao ezagutu eta harekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Katalina, Manuel, Maria Luisa eta Pilar Mendiluze Azkue. Laukiztik Igeldora bizitzera etorri eta Benta Berri Azpi baserrian jarri ziren. Bertan urte batzuk emanda, Zapatari Berrira jo zuten eta, 1945ean Belabieta Txiki erosi zuten. Jose Marik Jaungoikoa zuen goitizena, eta haren emazteari Ama Birjina deitzen zioten. Laukiztik Igeldora etorri zirenetik eta Belabieta Txiki baserria erosi zuten bitarte horretan, beste hamar seme-alaba izan zituzten, baina bizirik zazpi: Juanillo, Jose Luis, Maria Anjeles, Justiniano, Jose, Ramon eta Jose Mari. Manuel, Laukizetik etorritako seme zaharrena, seminarioa altxatzeko lanetan ibili zen; obretan sute bat piztu eta, suak harrapatuta, erreta hil zen.
Jose Mari Mendiluze aita bizitza guztian harrobiko lanean aritu zen, 69 urterekin hil zen arte. Baserrian izan zituzten esne-behi batzuk, eta baratzean ere denetik egiten zuten, etxerako eta saltzeko.
Arroketan ibili ere bai, lanpernak eta lapak biltzen, gero saltzeko. Anastasia Azkue plazara joaten zen barazkiak eta esnea saltzera, etxez etxe ere ibiltzen zen. Loreak eta landareak ere saltzen zituzten: garoa, kurmitxa, bazaratza, gorostia... Anastasiak, Iturrietako autobus geltokira bitarteko tartean, buru gainean eramaten zuen plazarako guztia.

Baserriaren goialdeko errekaren alboan iturri bat zegoen. Aska handi bat zeukan eta gobada egiteko harri handi bat ere bai. Han dirudun jendearen arropa asko garbitzen zuten, eta baita plantxatu ere.
Seme-alaba guztiak sakabanatu zirenean, Anastasia Jose Mari semearekin bakarrik gelditu zen baserrian; eta 1971. urtean, saldu egin zuten. Eta ama-semeak Lasartera joan ziren bizitzera.
Jose Mari gogoratzen da 1956. urteko otsailean elurte eta izozte izugarri handia eta luzea izan zela; berak zazpi urte zituela orduan, eta ehizean ibiltzen zela zepo edo tranpekin, zozoak, birigarroak eta hegaberak harrapatzen. Egun guztian mendian ibilita, eskuak izoztuta etxeratzen zela.
Iturria: Jose Mari Mendiluze Azkue