Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Egioleta Berri

Egioleta Berri baserria Igeldo eta Usurbil arteko mugan dago, Egioleta Handi baserriaren aldamenean. Amara auzoko Errotatxo baserriko Jose Mari Odriozola Isasa eta Oiartzungo Ergoien auzoko Bixenta Manterola Arbelaitz senar-emazteek eraiki zuten, 1975. urtean.
Ezkon-berritan, Donostiako Miramon Zahar baserrian jarri ziren bizitzen, apopilo, ganadu-buru asko zutela. Han bizi ziren bitartean, hiru seme izan zituzten: Jose Manuel, Jose Mari eta Bernardo Odriozola Manterola.

Gero, 1963an, Egioleta Txikira aldatu ziren, apopilo. Han bizi izan ziren bitartean, Bixentaren ama ere, Faustina Arbelaitz, beraiekin egon zen. Garai hartan bi seme-alaba jaio ziren: Bixenta eta Moises Odriozola Manterola. Gerora Egioleta Txikin urte batzuk pasa ondoren, Egioleta Handiko familiari lur zati bat erosi eta bertan eraiki zuten Egioleta Berri baserria.
Ukuiluan, zortzi bat behi eta beste hainbeste txekor izaten zituzten, eta ahari bat; baratza ere lantzen zuten. Bixenta Manterola baserriko lanetan aritzen zen; Jose Mari, berriz, kamioi batekin, txofer, bere kontura. Azken urteetan, Usurbilgo Ingemar lantegian aritu zen, kamioilari. Jose Marik etxean esku-soinua jotzeko ohitura handia zuen; igandero izaten zuten bazkaria inguruko jendearekin, eta ondoren esku-soinua jotzen zuen.
Baserri honek harreman zuzena izan du beti Igeldoko herriarekin. Jose Manuelek harria jasotzen zuen, eta behin baino gehiagotan aritu izan da Igeldoko plazan, herriko festetan. Moises eta Bernardo anaiak, gazte-denboran, korrika ibili ziren; Igeldoko igoeran hainbat urtez parte hartu zuten, Moisesek irabazi ere bai urteren batean. Bixentak, berriz, lokotxak biltzen parte hartu izan zuen, herriko jaietan.
Gaur egun, Bixenta ama eta Moises semea bizi dira bertan beren familiarekin.
Iturria: Bizenta Odriozola Manterola