Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Egioleta Handi

Baserria Igeldo eta Usurbilen arteko mugan dago, Arratzain baserriaren eta Mendizorrotz muinoaren arteko mendi magalean, Etxebeste baserri aldera doan errekaren alboan. Lapur erreka eta Lasa erreka pasatzen dira baserriaren ingurutik. Egioleta Handiren lehen aipamenak 1864. urtekoak dira.
Egioleta baserriko familia Aia eta Usurbil aldetik etorri zen. Pedro Alkortak eta Maria Lertxundik osatu zuten familia, bederatzi seme-alaba izan zituzten: Eustakio, Agustina, Txomin, Juana, Antonio, Joxe, Ignazio, Balentin eta Sabino Alkorta Lertxundi. Anaietako bat, Txomin, Ameriketara joan zen lanera, 1954ko abuztuan.

Ignazio Alkortak joera handia zuen jendea herri-kiroletara bultzatzeko. Eustakio eta Balentin anaiak idi-deman askotan ibili ziren Igeldoko festetan; ahari-talka apustuetan eta oilar-borrokan ere bai. Balentin aizkoran ibili zen urte askoan Txomin ilobarekin, baita apusturen bat jokatu ere. Antzina gertatzen zen moduan, baserrian maiorazkoa gelditu zen etxean, Eustakio Alkorta Lertxundi. Altzako Josefa Sarriegirekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Txomin, Pedro Mari eta Lourdes Alkorta Sarriegi. Beren bizimodua baserriarekin lotua izan zuten erabat: fruta asko biltzen zuten eta baratzeko lana ere egiten zuten. Ukuiluan hogei bat ganadu-buru izatera iritsi ziren. Barazkiak eta esnea saltzera Donostiara jaisten ziren; horretarako, lehenbizi idi-parearekin edo astoarekin Iturrietako plazatxora igotzen ziren, eta gero autobusean Donostiara. San Martin plazara joaten ziren euren produktuak saltzera. Amona Mariak postu bat zuen San Martin azokan, gerora ere mantendu zutena. Garai hartan, Igeldo inguruko beste zenbait baserritatik ere etortzen ziren Iturrietako autobus-geltokira, Donostiara beren produktuak saltzera joateko: Orio aldetik, Lusarbekoak eta Muniotakoak; Aginagatik, Aintzi Berri baserriko Joakina; Usurbildik, Egioletakoak...

Eustakio Alkortaren anaia Ignaziok joera handia zuen herri-kiroletarako; ez berak jokatzeko, baizik eta ingurukoak tentatu eta gauza batean edo bestean parte hartzera bultzatzeko. Eustakio eta Balentin anaiak askotan ibili ziren idi-deman Igeldoko festetan; ahari-talka apustuetan eta oilar borrokan ere bai. Balentin, Txomin ilobarekin, aizkoran ere ibili zen herriko festetan urte askoan, eta apusturen bat jokatu ere egin zuten.
Ondorengo belaunaldiko Txomin eta Pedro Mari Alkorta Sarriegi anaiak ere idi-deman sarritan ibili ziren. Pedro Mari, harri-jasotzen ere bai; eta Txomin, segan. Txominek Euskadiko txapelketan (garai hartan Espainiako txapelketa deitzen zitzaion) parte hartu izan zuen. 1973an irabazi egin zuen, eta 1974an bigarren gelditu zen. Sega kontuan familian badira orain ere horretan segitzen dutenak: Mikel Alkorta, Ignazioren semea eta Txominen lehengusua, eta Mikelen seme gaztea.
Gaur egun Txomin Alkorta Sarriegi eta Izaskun Etxeberria Zubizarreta bizi dira baserrian bere familiarekin. Sagarrondo asko daukatenez, urte askoan egin izan dute sagardoa; sagardotegi moduan ere aritu izan dira. Orain ere segitzen dute sagardoa egiten, baina etxerako; gainera, ardiak ere badituzte.
Iturria: Txomin Alkorta Sarriegi