Sukaldaritza liburua/Errezetak/Trufazko txokolate tarta

Wikibookstik

Errezeta-liburuaren parte.

Pausoak[aldatu]

1. Lehenik, bizkotxoa egiteko, labea berotzen jarri, 180 gradutan.[1]

2. 2 ontzi hartu. Batean, arrautza gorringoak jarri; eta bestean, zuringoak. Gorringoetan, 4 koilarakada azukre gehitu; eta 5 minutuz etengabe irabiatu, eskuz edo makinaren laguntzaz.

3. Ondoren, arrautza zuringoak harrotzen hasiko gara. Horretarako, indartsu eta etengabe irabiatu, eta, gogortzen hastean, 2 koilarakada azukre gehitu; segi eragiten.

4. Erabat gogorra dagoenean, zuringoak gorringoetara gehitu, poliki. Koilara handi batekin, bi osagai horiek poliki-poliki nahastu.

5. Ondoren, 4 koilarakada irin gehitu, banan-banan, ahalik eta polikien nahastu dena, harrotasuna erabat galdu ez dezan.

6. Bizkotxorako labeko molde laukiluze bat hartu, eta gurinarekin ongi igurtzi gero, itsats ez dadin.

7. Ondoren, irin pixka bat gehitu, eta soberakina ongi kendu. Bizkotxo masa horra bota. Labean sartu, 25 bat minutuz. Labetik atera, eta hozten utzi.

8. Txokolatezko moussea prestatzeko, esne gainaren kantitate erdia erabiliko dugu lehenik. Lapiko batera isuri, eta sutan irakiten jarri.

9. Bitartean, txokolate beltza, azukre kantitate erdia eta gurina katilu batean jarri, estali, eta mikrouhinean minutu batez berotu. Adi: ez berotu denbora gehiagoz, erre egingo zaizu eta! Esne gainak irakiten duenean, katilu horretara gehitu, eta dena ongi nahastuz trufa masa lortuko dugu.

10. Hozten utzi, baina hozkailuan sartu gabe, 6 bat orduz.

11. Orain, erretilu bat hartu, eta oraindik erabili gabe dugun esnegaina isuri hara, eta ongi irabiatu azukrearekin. Horri, berriz, hoztua dugun trufaren masa erdia gehituko diogu. Guztia ongi nahasi.

12. Bizkotxoa erditik moztu, eta moussearekin bete; ondoren, gaineko estalkian ere moussea zabaldu; eta azkenik, gainean lehen gorde dugun trufa masaren erdia ipini, dena ongi estaliz.

Erreferentziak[aldatu]