Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Eskola

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Eskola zaharra Igeldoko plazako eraikin nagusia da. Ignazio Iurramendik eraiki zuen 1887an eta hasiera hartan bi solairu zituen: behekoa eta lehena. Behealdean, gaur egun ezagutzen dugun arkupea eta eskola zeuden. Lehen solairuan berriz, plaza aldera, eskolarako gela handi bat eta alkatearentzako bulegoa egokitu ziren; eraikinaren atzealdean berriz, bi logela eta sukaldea jarri ziren, maisua bertan bizi zedin.

Biorretako eskolako arbela

Eskola urte gutxian txiki geratu zen eta 1911n eraikina handitu egin behar izan zen, bigarren solairua eta teilatu azpikoa gehituz. Lan garrantzitsu hori Juan Rafael Aldai arkitektoaren zuzendaritzapean egin zen eta eraikina berrantolatu egin zen. Behealdean arkupea bere horretan mantendu zen eta eraikin barruan, sorostetxea, alkatearen bulegoa eta suaren aurkako materiala gordetzeko gela zeuden; lehen solairuan, aldagela, neskentzako gela eta komunak zeuden; bigarrenean, aldagela, mutilentzako gela eta komunak, eta teilatu azpikoan guardarentzako etxebizitza eraiki zen: sukaldea, komuna eta sei gelarekin.

1965ean, eraikin azpiko gunean jangela eraiki zen eskolako haurrek bertan bazkal zezaten.

Eraikin honek eskola hartu zuen 2008ra arte. Gaur egun, hutsik dago.

Hiru guarda eta beren familiak bizi izan ziren teilatu azpiko etxean: lehendabizi Alejandro Martiarena eta Manuela Zendoia senar-emazteak, ondoren Iparragirre eta Maria senar-emazteak, Jesus, Kontxi eta Maria Jesus seme-alabekin; eta azkenik Gonzalo Encina eta Tere Sasiain senar-emazteak, Wladimiro, Maite, Efren, Delfin eta Monica seme-alabekin. Azken hauek erlojua zaintzeko ardura izan zuten.

Igeldoko eskoletan eraberritze proiektua.

Eskolako eraikinean ziega edo kalabozo txiki bat egokitu zen delitu txikiak edota liskarrak sortzen zituztenak giltzapean sartzeko.

Guardak zuen horren ardura eta lapurreta txikiren bat edota iskanbilaren bat sortzen zutenak bertan edukitzen zituzten bizpahiru egunez.

Igeldoko plazakoa ez zen izan Igeldoko eskola bakarra. 1951n Burgosko Martinez abizeneko gizon bat Biorretara joan zen morroi lanak egitera. Gizon ikasia zenez, eskola ematen hasi zen inguruko haurrei baserrian goizetan (Egioletakoei, Mutegikoei, Arratzainekoei eta Biorretakoei, besteak beste). Belabieta Txikiko Jose Mari Mendiluzek gogoan du dakizkien matematikak harekin ikasi zituela. Biorretakoa eskola xumea zen oso; gela bateko ohe-buru bat erabiltzen zuten arbela gisa.

Frankismo garaiko eskolan, euskaraz hitz egitea guztiz debekatuta zegoen eta zigor gogorrak pairatzen zituzten euskaraz hitz egiten zuten Igeldoko ikasleek: eraztunaren trikimailua, erregelaren zigorra, eta abar.

Espainiako bandera zintzilik egon zen urte askoan eskola zaharrean. 1938ko martxoaren 9an ikuskaritza probintzialak emandako agindu baten ondorioz, egunero bandera igo eta jaitsi egin behar izaten zen eta, hori egiten zen bitartean, haurrek ‘Cara al sol’ ereserki frankista abestu behar izaten zuten.

Aurretik, XIX. mende hasieran, Manuel de Arregi bikarioaren ekimenez sortu zen Igeldoko lehen eskola. Apaizaren esanetan, premia handia zegoen, 12 pertsonak bakarrik baitzekiten irakurtzen eta sinatzen Igeldon eskola jarri aurretik.

Eskola zaharra.

Irudi galeria

[aldatu]