Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Galdutako baserriak/Etume

Wikibookstik
Etume baserriaren ikuspegi orokorra

Gaur egun Etume moduan ezagutzen dugun inguruneko lurrak garai batean Ibaetakoak ziren. 1890. urtean, Juan Olasagasti Irigoien izeneko jauntxo batek 32 hektarea erosi zituen inguru horretan. Olasagasti Donostian jaio zen 1848-05-06an, maila altuko familia batean. Bere aita, Tomas Olasagasti, Donostiako udaleko zinegotzia izan zen hainbat aldiz. Ezaguna zen nekazaritzaren munduan, alor horretan egindako aurrerapen eta berrikuntzengatik. Nekazaritzarako zuen jakin-mina aitagandik zetorkion. Igeldon erosi zituen lurretan gauzatu zituen bere ezagupenak, bere esperimentuak.

Erositako lurrak ez ziren oso egokiak, topografiaren nahiz geologiaren aldetik, baina lanketa handi baten ostean nekazaritzarako lur bilakatu zituen, eremu eredugarri. Nekazaritza garatzeko asmotan, zenbait azterketa eta lanketa eginez, aurrerapauso sendoak eman zituen, ‘Etume Baserri Eredua’ sortuz.

Gizon garrantzitsua izan zen, hala diote idatzi zaharrek: goraipamen ugari agertzen dira berak sortutako baserri eredugarri haren inguruan. Olasagastiren lana aitortua izan zen Gipuzkoan zein Espainian; eta bere lanketak eta aurrerapausoak oso baliagarriak izan ziren Igeldoko nekazarientzat. 1907. urtean hil zen; eta hileta-elizkizunak Igeldoko San Pedro elizan egin ziren. Jende ezagun asko inguratu zen.

1 Juana Arzallus. 2 Maria Arzallus. 3 Jose Agustin Arzallus. 4 Jose Maria Arzallus. 5 Juan Asensio Arzallus. 6 Maria Martina Lizaso Gamendia. 7 Luisa Arzallus.

Ondoren, Tolosaldetik etorritako familia bat bizi izan zen Etumen, Juan Asentsio Arzalluz Azpeitia errezildar eta Maria Lizaso Garmendia albizturtar senar-emazteak eta haien zazpi seme-alabak: Jose Agustin, Maria, Luisa, Juana eta Jose Mari Arzallus Lizaso, eta umetan hildako beste bi. Juana moja joan zen, beste anai-arrebak inguruko baserrietakoekin ezkondu ziren: Jose Agustin, Ekogor baserriko Paulina Lizarralde Berridirekin; Maria, Erauntzetako Jose Mari Landarekin; Luisa, Ansotegiko Manuel Lopetegirekin; eta Jose Mari, Tolaretxeko Pantxika Mitxelena Mendizabalekin. Azken familia horren garaian, lore asko izaten zuten baserriaren inguruan, eta gurdia lorez beteta eramaten zuten Donostiara saltzeko. Gero, Etumetik Errenteriako Bordondora joan ziren bizitzera.

Geroago, 1916. urtearen inguruan, Dionisio Aldanondok erosi zuen baserria eta bere familiarekin etorri zen bertara bizitzera. Muntozabal eta Balentziagako terrenoak haienak ziren. Baserrian behiak eta bost idi-pare ere izan zituzten; Muntozabaleko soroak goldetu egiten zituzten, eta bertan alpapa eta babarrun asko erein. Jose Mari Kruz eta Manuel Oiarbide (Benito Oiarbideren anaia) berarekin ‘itulean’ makina bat ordu pasatakoak dira. Egindako lanaren truke merienda ematen zieten, tarteka propinaren bat ere bai. Metak ere asko egiten zituzten, bai belarrarekin eta baita garoarekin ere. Eta Etume aldeko maldan sagar arbola asko zituzten.

1940. urte inguruan seme batek ganadu-hiltegi bat jarri zuen martxan. Ziur ez dakigu zer urtetan, baina badakigu 1940-50 urteetan han lanean aritu zirela. Bretxako merkatuko Aldanondo harakinen familiartekoak ziren. Bertan hainbat abelburu hiltzen zuten (behiak, txekorrak, txerriak…), eta haien haragia eta txerrikiak (txorizoak, odolkiak…) Gipuzkoa osoan saldu. Iturrietako Beltxora Etxebeste txarkuteria-lanetan aritu zen; eta senarra, Benito Oiarbide, banatzaile eta komertzial-lanetan. Etumek zenbait eraikin zituen: batetik, Etume etxea; eta, inguruan, beste eraikin batzuk: ukuilua, hiltegia, elaboraziorako gunea, hotz-kamerak…

Etume baserria

Hiltegia martxan egon zen bitartean, Etume etxearen ondoan zegoen dorrean, Jose Ramon Galparsoro (‘Don Jose medikua’ gisa zen ezaguna herrian) eta bere familia bizi izan ziren. 1942an etorri ziren Goierri aldetik Igeldora. Bertan fama handiko medikua izan zen. Igeldo eta Antiguatik etortzen zitzaizkion gaixoak sendatzen zituen. Mediku-lan desberdin asko egiten zituen, baita emaginarena ere. Hiruzpalau urtez bizi izan ziren Igeldon, gero Antiguara jaitsi eta Matia kaleko etxean kontsultak pasatzen jarraitu zuen. Gaur egun Ameztin bizi diren galparsorotarren senidea zen.

Ondoren, beste familia batzuk ere bizi izan ziren Etumeko etxean.

Gaur egun inguru hartan ez dago baserririk. Etume izenez ezagutzen den eremuan urbanizazio bat dago; 1970. urtean eraiki zen etxe-multzo hori eta Joxe Azurmendi izan zen haren promotorea, beste batzuen laguntzarekin.