Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Etxebeste

Wikibookstik
Etxebeste baserriaren ikuspegi orokorra

Baserri honen lehen aipamena 1811koa da, Donostiako toponimian; Echebeste izenez azaltzen da. 1824an Echeveste eta Echeeste moduan ere aurkitu dugu. Mendi malda baten behealdean kokaturik dago, eta terreno dexente du. Baserriaren ondotik erreka pasatzen da.

1 Mari Karmen. 2 Ignazio. 3 Joakina. 4 Jesus Etxebeste. 5 Emeteria Amundarain

Bertan bizi izan den sendiak baserriaren izena du abizen. Lau anai-arreba bizi izan ziren han: Josepa, Emili, Ignazio Ignazio eta Migel Etxebeste. Neskak baserritik joan eta bi mutilak gelditu ziren bertan bizitzen. Inaziok Antiguako Lizarriturri lantegian egin zuen lan; Migel, berriz, baserriko lanean aritu zen.

Emeteria Amundarain Agirre behorrarekin

Baserrian idiak zituzten; eta Ignazio eta Migel Etxebeste anaiak idi-deman ibili ziren. Behin baino gehiagotan lehiatu ziren Igeldon. Hango dema-plaza 1963ko abenduaren 5ean inauguratu zen. Egun hartan bost idi-parek eta behi-pare batek parte hartu zuten deman. Etxebesteko anaiak izan ziren garaile, 61 plaza eginda.

Ignazio Etxebeste, Joxe Uranga eta Ramon Balerdik ohitura zuten urtero Ernioko mendi-puntan zegoen Igeldoko gurutzea txukuntzera joateko. Urte askoan arduratu ziren hura pintatu eta txukun mantentzeaz.

Emeteria Amundarain eta Migel Etxebeste

Migel Etxebeste Erauntzeta baserriko Emeteria Amundarainekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten: Jesus Mari, Mari Karmen, Joakina eta Ignazio Etxebeste Amundarain. Garai hartan, ukuiluan, dozena bat behi zeukaten, eta idiak. Idiekin goldean aritzen ziren, baita deman ere. Migel ahariekin korrika ibiltzen zen mendian, haiek jokorako prestatzen. Baratza ere egiten zuten, gehiena etxerako. Emeteria zalgurdian Antiguara joaten zen, etxez etxe esnea eta barazkiak saltzera. Alabek ere laguntzen zioten tarteka. Migelek aingirak harrapatzen zituen etxe ondoko errekan.

Ignazio semea gelditu zen baserrian. Tolosako Bedaio auzoko Juana Zubillaga Zubillagarekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Karmele eta Mikel Etxebeste Zubillaga.

Gaur egun ere etxebestetarrek segitzen dute baserrian bizitzen.

Iturria: Karmele Etxebeste Zubillaga