Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Lazkuako behatokia

Wikibookstik
Lazkuako behatokia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Lazkuako behatokia, Eraulgo mendatea, Eraul
Distantzia 3,6 km. Ordubete eta 20 mn.
Ingurunea Itsasoko sedimentuetan du jatorria, eta, ondorioz, erraza da horiek osatzen dituzten fosilak ikustea.
Abiapuntua Eraul (Deierri)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Itsasoko sedimentuetan du jatorria, eta, ondorioz, erraza da horiek osatzen dituzten fosilak ikustea. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Ibilbide honek Nafarroako behatoki ikusgarrienetako batera eramango gaitu. Urederra haranaren talaia paregabea da leku hau, kareharrizko hormatzar natural batean zizelkatutako balkoi luze bat. Malkorrak Eozenoko kareharriz osatuta daude (58-37 milioi urte). Jatorria itsasoko sedimentuetan dute, eta, ondorioz, erraza da horiek osatzen dituzten fosilak ikustea. Bertigoa dutenentzat oso egokia ez izan arren, ez dago zailtasun berezirik bertaratzeko. Jatorrizko ibilbidea kolore horiz balizatuta dago. Baina gaur egun apenas dagoen markarik, eta soilik egurrezko hesolek erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Jende gehienak zuzeneko bidea hartzen du, Eraulgo mendateraino; eta, handik, behatokira igotzen dira. Guk, berriz, jatorrizko bidetik egingo dugu ibilaldia.

Deierri udalerrikoa den Eraul kontzejuan emango diogu hasiera ibilaldiari. Herriaren goiko aldean, XIII. mendean eraiki eta XVI. eta XVIII. mendeetan zaharberritu zuten Done Mikelen eliza ikusiko dugu. Herriaren amaieran dagoen ikuztegi ederraren ondotik abiatuko gara. Lizarratik datorren errepidetik metro gutxi batzuk bete eta berehala, eskuinaldetik jaisten den bide balizatua hartuko dugu, egurrezko informazio panelaren ondotik.

Salbidea errekastoaren ondotik jaitsiko gara berriztatutako Oligariaren ikuztegiraino. Bidera itzuli eta berehala, egurrezko hesola batek erakutsiko digu jarraitu beharreko bidea. Ataka pasatu, eta artadian marrazten den xendatik altuera hartzen hasiko gara. Basoaren itzalean erraz egingo dugu aurrera, eta denbora gutxi beharko dugu Erauldik datorren pista zabalarekin bat egiteko. Lurrezko pista zabal honek Eraulgo mendateraino eramango gaitu. Hara ailegatzean, bide zabala utzi, eta egurrezko hesolak xenda estua hartu eta artadian murgiltzera gonbidatuko gaitu. Hasieran kokatuta dagoen egurrezko informazio panelean, zenbait datu irakurri ahal izango ditugu inguru honen geologiaz, landaretzaz, faunaz eta gizakiaren presentziaz. Basotik ateratzean, xendak harkaitz artera eramango gaitu, eta, pareta bertikalen artetik igaro ondoren, aurkituko dugun zailtasun bakarra gainditzen lagunduko digute lau mailek. Goiko terrazan, Lazkuako behatoki naturala aurrez aurre zabalduko zaigu, eta, haren amaieran, gurutze handi bat. Gure mendean dauden hormetan ohikoa da jendea eskalatzen ikustea.

Informazio paneletan jartzen duenez, inguru horietan hainbat herrixka gotortu ziren Brontze Aroan. Haitzen defentsak eta ibarrarekiko zuen kokaleku pribilegiatuak ematen zizkioten aukerez baliatuz, lehen gotorleku txikia Bargagorriako haitzean egon omen zen K. a. VII. mendetik IV. mendera arte; ondoren, Altikogañako haitzera lekualdatu zen.

https://commons.m.wikimedia.org/wiki/File:Lazkuako_behatokia_(Eraul,_Nafarroa).jpg

[1]

[2]



Buelta bide beretik

[aldatu]

Biztanleak, ziurrenik, baskoiak ziren. Terrazaka mailakaturik zegoen, eta kanpo perimetroa gotortua zuen. Erromatarrek suntsitu zuten herrixka. Inguruan, hilobi gisa erabilitako kobazulo bat dago. Behatoki paregabe horretatik dagoen panoramika ikusgarriaz gozatu eta gero, herrira itzuliko gara. Etorritako bidetik atzera egin, eta Eraulgo mendatetik beherantz egingo dugu, herriguneraino jaisteko. Herritik kilometro erdira dagoen Eraulgo artea ezagutzea merezi du. Monumentu natural izendatuta dagoen zuhaitz horrek, enborra zabalduta eta adakera alde batera etzanda, zutik dirau oraindik.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua