Euskal Herriko itsas espazioko historia/Geografia eta historia Euskal Herriko itsas eremuan: Goiz Erdi Aroa (V-XII. mendeak)

Wikibookstik

Egilea: Juan Jose Bikandi

Saint-Sever abadiako dohatsuko mapamundi zatia, Baskonia ageri duela.
Baskoien arrantzako sarearen kontrapisua.
Baskoien katilua.

Sarritan, gure iragana aztertzerakoan, itsasoa ez dugu kontuan hartzen edo izan duen baliorik ez diogu aitortzen. Horregatik egokia izan daiteke galdera: zenbateraino izan da isolatzaile eta zenbateraino komunikatzaile?

Kostaldean ez ezik, izan al du eraginik barrualdean?

Nola baldintzatu ditu gizakiaren ekintzak, espazioaren banaketa eta populatzea?

Itsasoari begira edo bizkar emanda bizi izan da euskal herritarra?

Galdera horien ildotik joango gara aro luzeetan zehar bidea eginez, hasi erromatarren garaitik (K. a. I. mendea) eta Goiz Erdi Arora (XII. mendea) bitartean. Gure herrian eragina izan duen gertakizun-kate bat aztertuko dugu:

  • erromatarren ondarea, aberastasunen ustiapenean, kostaldeko kokalekuetan eta itsasoko nahiz lehorreko bide-sare zabalean oinarriturikoa;
  • Erdi Aroko lehen mende ilun eta itxuraz lozorroko haietan, itsaslapurretak zirela medio, kokalekuak itsasadarretatik barnealdera lekualdatu zirenekoa;
  • XII. mendearen amaierako loraldia, berriro kostaldera itzultze geldia baina atzeraezina ekarri zuena, oinarri berrien gainean finkaturikoa: hiri-gutunen bidez hiribilduak fundatu ziren eta urte horietan ontzigintzan lortutako teknikei esker arrantza eta merkataritza jardueren gorakada; funtsezkoa izan zen normandiarren herentzia teknika horietan.

Ezer baino lehen, gauza bat jakin behar dugu, ez direla asko aldi luze horri buruzko aipamenak; eta horietatik, itsasoarekin zerikusia dutenak are gutxiago. Gaiak helduleku berezia baduela-eta, behar-beharrezkoa izango dugu datuak berriro irakurtzea, itxuraz batzuk hutsalak diruditen arren, ustekabeko bat baino gehiago emango baitigute, ikusiko dugun bezala.

Gertakari zehatzetan zehar ibiliko gara eta itsasoarekin zerikusiren bat duten garapen luzeagoko fenomeno historikoetan barrena. Horrek azalduko ditu esparru horretan egin diren mugaketak, bertako atzerritarrek nolako erabilera eman zioten, bertakoek zer funtzioa eman zioten, eta historiaren ikuspegitik izan zituzten esanahiak.

V. mendean gertakari nagusia, lehen esan bezala, barbaroen etorrera izan zen, inperioan sartu ziren eta, luze baino lehen, inperioaren zatikatzea eta hark antolaturik zuen batasuna suntsitzea ekarri zuen.

Europa mendebaldea, oro har, eta gure kostaldea, bereziki, hortik aurrerako mendeetan anonimatuan murgildurik bizi izan zen kasik, edozein alorretan dugun aipamen-eskasiak adierazten duenez.

Baina, gertakari horiek berriro irakurrita, prestaturik gaude Goiz Erdi Aroko zortzi mendeetan nagusi izango diren gertakarien berri jakiteko.

Testuingurua[aldatu]

Arabiarren, barbaroen eta Karlomagnoren sartu-irtenak.

Segurtasun eza kostaldean[aldatu]

Herri germaniarraren sarrera ezaguna eta barruko beste faktoreak zirela medio, Erromatarren Inperioa zatikatzearekin, desagertu egin zen gure kostaldean erroturik zegoen erromatarren «pax» baketsua eta itsaslapurretak ugaritu. Arriskutsua bilakatu zen kostaldea eta itsasertzeko kokalekuak bertan behera uzten hasi ziren; itsasadarretan gora, barrualdean bildu zen biztanleria, arriskuetatik babestuago egongo ziren kokalekuetan finkatuta, itsasoarekiko harremanik eten gabe.

Harrapari-jarduera hau izango da mendeetan zehar ezaugarri nagusia, batez ere IX. mendean normandiarrak iritsi zirenetik aurrera.

Itsaslapurreta. Herri barbaroak[aldatu]

V. mendetik gugana iritsitako aipamenek Kontinenteko leinu germaniarrak Penintsulan zehar igarotzeez hitz egiten digute. Zalantzarik ez, gure kostaldea izango zen igarotze horiena ez ezik, agian baita lapurreta eta harrapaketen lekuko ere.

Europako erdialdetik etorri ziren herri horiek ez ziren marinelak, lehorrekoak baizik. Dena den, beren irteera luzeetan, itsasontziak erabiliko zituzten zenbait unetan.

Horri dagokionez, litekeena da gure itsasertza, 408 aldera Galiatik Galiziara itsasoz iritsi zen suebo talde baten lekuko izatea ere. (1)

Harrapaketari dagokionez, merezi du itsasotik iritsi zen bat azpimarratzea: Idazioren arabera (2), 456an, heruloek ekialdetik 7 ontzitan nabigatuz, barduliarren kostaldea arpilatu zuten:

Hala, kostaldeko kokalekuak ahultzen hasi ziren; itsasertzak ez zuen lehengo segurtasunik, horregatik, itsasadarretan gorantz joan ziren biztanleak.

Arabiarren presioa[aldatu]

Une horretan gure herriaren egoera soziopolitikoak ere izan zuen eragina. Tentsio politikoak sortu zizkioten, 711n Penintsulan barrena sartu ziren arabiarren inbasioek, mendebaldetik Astur erresuma auzoa izateak eta iparraldetik Frankoen erresumak, eta horien ondoriorik bistakoenak militarren espedizioak izan ziren, besteak beste, aipatuko dugun itsas armada batena.

Erromesaldia Donejakuera[aldatu]

Donejakue bidea, Euskal Herrian.

Bestalde, sustrai sakoneko tradizio bati jarraituz, Santiagoren hilobia aurkitu omen zela-eta, Europatik aldraka etorri zen jendearen erromes-gune bilakatu zen Galizia; erromesekin batera erraza izan zen beste ideia, arkitektura-estilo (erromanikoa) eta arte berriak sartzea; bideetan zehar aberastasuna sortu ziren, hiribilduak fundatu ziren... baina, baita piratak –normandiarrak eta arabiarrak– eta gaixotasunak ere iritsi ziren, legenarra eta antzekoak.

Zenbait alditan, oinez ibili beharko zuten unean uneko egoerak behartuta kostaldeko bide zailetatik, nahiz eta boteretsuenak itsasontziz ere ibil zitezkeen, bidezko zela uste zutenean portuetara erretiratuz.

Kostaldeko hiribilduen fundazioa[aldatu]

Azkenik, aldi horren amaieran, eta itsaslapurreta pixkanaka ahulduz joan zen heinean, kostaldeko defentsa militarren eraikuntzek esparru geografiko seguruago bat sortu eta kostaldean populatze atzeraezin bat sustatu zuten, baina oraingoan oinarri berrien gainean: kostaldeko hiribildu harresidunak, defentsa onekoak, jarduera nagusia arrantza eta merkataritza zutenak.

Bi baliabide: balea eta kabotajea[aldatu]

Alabaina, harrapaketak traumatikoak baziren ere, itsasoa komunikazio-baliabide zen, isolamendu baino gehiago. Nabigazioan eta ontzigintzan iritsitako maila teknikoari esker zen posible hori.

Balea-harrapaketak ere garrantzia izan zuen. Zetazeo horri buruzko lehen erreferentziak VII. mendeko data baldin badu ere, harrapaketa ez zen egiaztaturik gelditu XI. mendera arte. Dena den, balearen gantz- edo olio-salerosketa antzinatik egiten zen jarduera zela frogaturik dago.

Maila tekniko altu horri esker agian, gure arrantzaleak VII. menderako aritzen ziren balearen arrantzan. Halaxe da, guganaino iritsi den 670eko faktura moduko batek adierazten duenez, arrantzale euskal herritarrek egindako 40 moyo (10 tona, gutxi gorabehera) balea-olio bidali ziren Sena ibaiaren ondoan, Erroma eta Habre artean zegoen Jumieges abadiara (3).

Errezibo hori, Joseph Garat-en iritziz (4), eskaeraren kopuruagatik eta abadiaren urruntasunagatik, merkataritza finko eta kokatu bat izan zela euskal herritarrek balearen arrantzan zuten sonak erakusten du; kostan lehorreratutako baleak aprobetxatuz edo, are gehiago, noizean behin harrapatutakoekin soilik ezin baitzitekeen sonarik mantendu. Honerainokoa da Garat-en iritzia.

Ez da zehazten dokumentuan zein izan zen garraio-bidea, baina pentsa daiteke itsasoz egin zela beharbada. Hamar tonako zama hori behingoan eraman bazen eta ontzi bakar batean, ontzigile euskal herritarrak gai izan ziren hartarainoko zama garraia zezaketen ontziak egiteko, eta hori gogoangarria da garai hartarako.

Kabotaje-bidaia komertzialak[aldatu]

Erdi Aroko lehen mendeetan badira Galiziako eta Frantziako kostaldeen arteko itsas merkataritzaren zenbait erreferentzia. Badirudi aipamen horiek kabotaje-nabigazio baten isla izan nahi dutela, eta horien euste-puntu, tarteko hainbat portu. Gregorio Tours-ekoak, Leovigildo (K. o. 567tik 586ra errege) godoaren garaian, itsasoz Galiakoen eta Galiziarren artean egiten zen merkataritza aipatzen du. (5)

Frogatu daitekeen bezala, itsaslapurreten ondorioz segurtasunik ez bazen ere, eutsi egiten zitzaion erromatarren ondareari: ontzigintzan, nabigazioan eta itsasbideetan.

Elezaharretako aipamenak[aldatu]

Penintsulako kostaldean, berriro ere itsaslapurretekin zerikusi zuen gertakari batek eten zuen VIII. mendean albiste-urritasun hura. Iturrizaren arabera, elezaharrak dio Froom Bizkaiko Prestamero Nagusiak, bere seme Fortun Fruiz eta bere aldekoak lagun hartuta, Santurtziko haitz tartetan lehorreratu zen kortsario multzo handi baten kontra egin eta garaipen izugarri bat lortu zutela. (6) Izenak eta ekintzaren garaia egiazkoak ote diren aztertzen hasi gabe, elezaharrak agerian jartzen du itsaslapurretak praktikan jarraitzen zuela, eta horixe da kontuan hartu behar duguna.

Aipatu Froom horren eta Bizkaino Jaunen jatorriari dagokionez, Pedro Barcelos Portugaleko kondeak 1323 eta 1344 bitartean idatzitako Livro dos Linhagens-en arabera, jatorri hori Ingalaterrako erregearen anaia Froom-en eta bere semearengan kokatzen da. Aita-seme horiek erresumatik bota egin zituen erregeak eta Bizkaiko kostaldera iritsi ziren, beren zerbitzuak eta errege-odolaren izen ona eskaintzera, eta garaiz iritsi ere, ezinbesteko baldintza baitzen altxamenduan buru izateko, hain zuzen ere, halako zerga bat abere-espezietan (zaldi bat, idi bat eta behi bat) eskatzen zien Moninho izeneko konde asturiar baten kontra altxatzeko. Enpresa hori 860 eta 870 bitartean kokatzen da. (7)

Mende bat beranduago, Bizkaino Jaunen jatorriaz Lope Gartzea Salazarrek 1454ko bere Cronicas de Vizcaya lanean, eta gerora bere Bienandanzas e Fortunas obran berriro bildutako kontakizunean baditu XIV. mendeko noble portugaldarraren antzeko nahikoa gauza, uste izateko iturri berak ilustratu zituela bi kronikariak (Don Pedro, Gaztelan atzerriratua, Don Joan Nuñez Lara Bizkaiko Jaunaren adiskide egin zen). Hauek dira desberdintasunak: bat, Zuria Eskoziako erregearen biloba zen, Froom Ingalaterrako erregearen anaia. Bi, Leongo erregearen semeari aurre egin zion eta ez konde asturiar bati.

Esandakoa berretsiz, horri dagokionez, Caro Barojak ziurtatu egiten du Jaun Zuria jatorriz eskoziarra zela, Lope Gartzea Salazarren arabera. Itsas gaietan tradizio handia izan ezean, ezin esplika daiteke Erdi Aroaren bukaeran gauza ziur gisa onar zitekeenik Bizkaiko lehen Jauna, Jaun Zuria, Eskoziako halako errege baten biloba izatea, emakume ezkongabe baten semea eta bere aitak horregatik atzerriratua. (8)

Baldintza geopolitikoak[aldatu]

VIII. mendean eta ondorengoetan, ingurune geopolitikoak zuzenean eragin zion gure kostaldeari. Ildo horretatik, kontuan hartzekoak dira:

  • Penintsulan musulmanen presentzia 711tik aurrera eta Baskonian, berriz, 714tik aurrera,
  • mendebaldean erresuma godo-asturiar hasberri bat,
  • Frankoen Erresuma Akitania iparraldean; 771tik aurrera han nabarmendu zen Karlomagno.

Gure herria Historian, aipatu indar horiekin muga eginez, bi dukerri —Baskonia eta Akitania— gisa azaltzen da, eta gehienetan duke baten mendean elkarturik:

  • Eudon Handia (710etik aurrera),
  • Hunaldo I.a (735etik aurrera),
  • Waifre (744tik aurrera),
  • Lupo II.a (768tik aurrera) eta
  • Lupo Santzio I.a (778tik aurrera), nahiz eta hau Baskoniakoa baino ez zen izan, 768an Karlomagnok Akitania zapaldu eta bere erresumaren mendeko egin zuenetik.

Ahaztutako gertakari bat[aldatu]

Karolinjioak lehorreratzeko saiakera[aldatu]

Mende horretan itsasoarekin zerikusia duen gertakari interesgarri bat gertatu zen; historialari gehienek inoiz serioski kontuan hartu ez duten gertakaria: Karlomagno gure kostaldean lehorreratzen saiatu zen —Orreagako hartan (778) baino lehen—, Fernán Gonzálezen olerkian jasota ikus daitekeenez. (9)

Olerki horrek Gaztelako Bernardo del Carpio heroiaren elezaharra jaso zuen, hau da, Orreagako gertakarien bertsio espainolista bat, Errolanen Kantorea goraipatzeko frantsesek zuten joeraren aurrean emandako erantzun patriotikoa. Aipatu elezaharra gorpuztua zegoen XIII. mendearen hasierarako, eta Don Juan Lucas de Tuy (¿-1249) kalonje eta kronikagileak (10) Chronicon Mundi (1236) lanean jaso zuen eta Don Rodrigo Jiménez de Rada (11) Toledoko historialari eta artzapezpikuak (1170-1247), berriz, bere De rebus hispaniae lanean.

Testu honen interpretazioa egin zuen Banus Agirreren iritziz, Arlanzako monjeak, Fernán Gozálezen Olerkia (1250. aldera) idatzi zuenak, frankoen bi inbasio aipatzen ditu, Don Lucas de Tuy-k bezalaxe; baina, honek biak Orreagan jartzen dituen bezala, Arlanzakoak dio, gerora ikusiko dugun bezala, lehena itsasotik egiten saiatu zirela, non garbi azaltzen den kontakizunaren zati horretan Tuy-ren Chronicon hark ez bezalako iturri bat erabili zuela: ziur asko gaur egun galdua den gesta kantaren bat izango zen, Gipuzkoako kostaldean lehorreratzen saiatu zirenekoa kontatzen duen kanta. (12)

Konta diezagula olerkiak berak gertakaria:

Testuaren azalpenak hasi aurretik, esan dezagun:

  • Bernald del Carpyo izenaren azpian Lupo Santzio I.a ezkutatuko zela;
  • 135. ahapaldiko Marsylla portua ez zela Mediterraneoko Marseillari dagokiona, gaur egun Arroxelatik iparraldera, 8 km-tara, Re uhartearen babesean dagoen Marsilly-i dagokiona baizik;
  • 137. ahapaldiko Gitarea-ko portua, gaur egungo Getariari dagokiona izango litzateke eta, Banus-en ustez, monjeak Getaria eta Aspako portuak (mendateak) identifikatzearekin egiten duena ez da lehorreko gizon hark gaztelaniazko portu hitzaren bi esanahiak nahastea besterik: mendatea, mendien arteko pasabidea baita, eta portua, kostako babeslekua. (13)

Oroitarria[aldatu]

Lehorreratzeko saiakera hura Pasai Donibaneko santutxo edo guruztokian dagoen oroitarriak egiaztatuko luke, alegia, Bidasoako uretan gora, hegoaldera jo eta antzinako bidea Tarraco-Pompaelo-Oeasso jarraituz, Iruñeraino iristea beste xederik izan ez zuena. Honela dio Orreagako guduan izan ziren pasaiatarren aipamenak:

Egungo oroitarriak, 1580an Joanes Esquioz Ubillak eraikitakoak, aurreko beste oroitarri bat ordezkatu eta faltsutuko luke, hots, itsasotiko eraso-saiakera hura oroitarazten zuena; dena den, Banusen hitzetan, «zorionez, hartatik (testua) zerbait gelditu da ukitu gabe, eta oso da baliosoa: dataren aipamena, hain zuzen ere, «era octingentésima décima quarta» 814. aroa zen, 776. urtea alegia. Horri esker, gertakari hura Orreagako gudu sonatua baino bi urte lehenago koka dezakegu». (15)

Bigarren espedizioa[aldatu]

Olerkiarekin jarraituta, azalpena ematen zaigu: indarberritu zirenean «al puerto de Gitarea fyzieron luego tornada», itsasoko bigarren espedizio bat egin zela salatuz eta, oraingoan, Getariara onik iristea lortu zutela adieraziz. Lehen espedizioak pasaitarren artean oroitzapena utzi zuen bezala, gerora oroitarri batean islatu zuten oroitzapena alegia, bigarren honek ere halaxe utzi zuen getariarren artean, Zestoako Hiri-gutunean (1383) adierazita gelditu zen bezala; biztanleek honako hau zioten:

Bitxia da paragrafo horretan Zestoa mugakide gisa azaltzea Gaskoiniarekin; baina ez da harritzekoa, izan ere, gerrarik baldin bazen, agerikoa da itsasoz eta Getariako portuan zehar zirela auzoak, VIII. mendetik nahikoa frogaturik gelditu zen bezala.

Santiagoren hilobia[aldatu]

Bestalde, kontuan hartu behar da errege asturiarrek Frankoen Erresumarekin izandako harremanak etengabekoak izan zirela mendean zehar, eta horrek frogatzen du itsasertzetik eusten zitzaiola auzotasun horri. Gainera, harreman horiek are helduagoak eta iraunkorragoak bihurtu ziren VIII. mendearen azkenean eta IX.aren hasieran, Alfontso II.a Asturiasko errege eta Karlomagno Frantziako errege zirelarik, Lurraren muturreko alde haietan, Finisterrae-n, Mare Tenebrosum hasten zen lekuan, Santiagoren hilobia azaldu zeneko albistea zabaldu zenean. Gertakari horren oihartzuna oso baliosoa izan zen hurrengo mendeetan gure kostaldearentzat, aurrerago ikusiko dugun bezala.

Itsasoak erabaki zituen, hein handi batean, IX. mendeko gertakariak, itsasoak eta haren bidez gure kostaldera iritsi zen herriak: normandiarrek.

Normandiarrak[aldatu]

Eskandinaviako ontziak.
Bikingoen ontzigintzako eszena.
Bayeux-eko tapizaren eszenak, normandiarren ontzigintza eta ontzidiaren irteera, Ingalaterra inbaditzeko prestaturik.

Normandiarren berriak baino lehen iristen ziren sarrazenoenak, IX mendean Yeu uharteraino tamaina handiko ontziekin Noirmoutier-eko monasterioa olioz hornitzera heltzen zirenekoak. Alabaina, merkataritza hori ezerezturik gelditu zen normandiarrak iritsi zirenean.

Gizon normandiar horiek gure kostaldera, 844 aldera iritsi, eta Aturriren bokalean kokatu ziren, Baionaz jabetu ondoren. Kokaleku hori operazio-base moduan hartuta, 100 urte baino gehiagotan kostalde kantauriarrean zehar ibili ziren sartu-irtenak eginez, eta haien eragina handia izan zen.

Normandiarren presentziaren ondorioak[aldatu]

Zer esan dezakegu normandiarrez? Esan ohi den bezain suntsitzaileak al ziren? Zer ondare utzi zuten gure kostaldean?

VIII. mendearen azken aldera Eskandinaviako biztanleak, euren buruari bikingo deitzen ziotenak, itsas espedizioak egiten hasi ziren bi norabideetan:

  • mendebaldera —antza denez, Islandiatik (IX. mendearen bukaeran) eta Groenlandiatik (981-985) etorriak ziren gaurko Eskoziara edo Vinlandiara (XI. mendearen hasieran)—
  • hegoaldera; azken horiei normandiarrak deitzen zitzaien (iparreko gizonak).

Irteera haren arrazoiak eztabaidagai badira ere —baldintza klimatiko txarrak, populazio handiegia, etab.— denak ados jartzen dira, espedizioak egin bazituzten, nabigazioan eta ontzigintzan zuten teknologia aurreratuari esker izan zela onartzerakoan.

Nabigatzaileak itsaso eta ibaietan[aldatu]

Argizagiak zituzten gidari eta bazekiten itsasoak zeharkatzen; beren ontziek «snekkjur», «drakkar» eta «knörr» haiek 40tik 100era gizon eraman zitzaketen; estali gabeak ziren, eta arraunak eta belak uztartuz erabiltzen zituzten, eta zingo edo kalatu txikia zutenez —90 cm aski ziren nabigatzeko— ibaietan ere erabilgarriak ziren.

Normandiarrek, hasieran, arrantza ugari zegoen kostaldeak eta lurralde hutsak bilatzen zituzten kolonizatzeko. Beranduago hasi ziren kristau-herrialdeekin eta musulmanekin tratuan. Hiriak nahiz eskualde osoak zeharkatzen zituzten lapurretan.

Kolonizazioa eta merkataritza[aldatu]

Azken jarduera hori izango da beharbada ezagunena, baina beste biak azpimarratu beharko genituzke, kolonizazioa eta merkataritza alegia, gure herriari zer ondare utzi zioten hobeto ulertzeko.

Europa mailan merkataritzan izan zuten egitekoaz, jakin badakigu iparreko gizon haiek bitarteko izan zirela Ekialde eta Mendebaldearen artean, VIII-XI. mendeetan Mediterraneoa itsaslapur musulmanez josia zegoen garaian; Bizantziori eta Turkestani larruak eta armak saldu zizkioten, Ingalaterrari eta Frantziari zetak eta espezieak. Portu suediar eta daniarretatik irten eta Baltikoko kostaldean eraikitako kolonietan lehorreratzen ziren; Itsaso Beltza eta Kaspiar itsasora iristen ziren ondoren, ibaietatik.

Halaxe da, egoki mugitzen ziren ibaietan, haien itsasontziak arinak eta zingo txikikoak baitziren. Ur-laster edo ur-jauziren bat aurkitzen bazuten, ertzetik herrestan eramaten zituzten edo enbor gainetan biraka.

Espedizio militarretan, ibaien bokaleak hartzen zituzten operazio-base gisa eta udaberrietan barnealdeko lurraldeetara sartzen ziren eta dena lapurtzen zuten; halakoetan, zaldiak itsasontzietan garraiatzen zituzten.

Normandiarren ibilerak Euskal Herrian[aldatu]

Baina, arretaz begira dezagun gure kostaldetik hurbilen dagoen esparru geografikoa, ba al dugu normandiarren ibileren berririk? Badakigu gure herrian oso barruraino sartzen zirela Baionan zuten Aturriko kokalekutik; baina, IX. mendearen erdialdekoa izango da agian sonatuena, Iruñeko atarian agertu zirenekoa...

Halaxe da, garai hartan errege zen hirian Gartzea Enekoez, 851etik bere aitaren oinordeko zena. Sánchez Albornozek idatzitakoaren arabera (17), hirian ziren aberastasunek erakarrita ziur asko, normandiarrak Kantauriko itsasadar batetik sartuko ziren, Bidasoak zituen beharbada aukera handienak horretarako, eta Iruñean azaldu ziren. Han bataila bat sortu zuten eta, Gartzea Enekoez harrapatzea lortuta, hura askatzearen truke erreskate handi bat eskuratu zuten.

Zalantzarik gabe, aurreko mendeko itsaslapurreta eta harrapaketa guztiak txiki geratu ziren normandiarren ekintza horien aurrean. Horien ondorioz, ia biztanlerik gabe gelditu zen kostaldea eta, itsasadarretan gora babestutako kokalekuak kondenatuak, atzera egin behar geografiko horretan.

Leskarreko kartularioak eta antzeko beste batzuek aipatzen dutenez, IX. menderako normandiarrek Gaskoniako hiri guztiak suntsitu zituzten, besteak beste, hauek aipatzen ditu: Akize, Leskarre, Olorue, Vasats eta Lapurdum, hau da, Baiona. (18)

X. mendean artean normandiarrak bertan jarraitzen zuten, baina jada zenbait ohartarazpen egin beharko litzateke. Hala, IX. mendearen erdialdera Baionara iritsitakoak pixkanaka bertan kokatzen hasi ziren, eta X. mendeko lapurretak Europa iparraldetik etorritako jende-saldoek eginak izaten ziren.

Normandiarren ondarea[aldatu]

Normandiarrek gure kostaldean —Aturriren bokalean 844an kokatu zirenetik, Gilen Antsok, Akitaniako dukeak, 1032an bota zituen arte— ondare baliosoa ez ezik zeharkako zenbait ondorio interesgarri ere utzi zituzten.

Normandiarren ondarerik agerikoenak izan ziren: ontzigintzako teknikak, merkataritza-ibilbideak sendotzea eta Ingalaterra eta Europa iparraldera beste bide berri batzuk sortzea; batez ere, Lapurdiko eskualdea Ingalaterrako administrazioan parte izatera iritsi zenean, 1155ean (Leonor Akitaniako dukesa Enrique Plantagenet, gerora Ingalaterrako Enrique II.arekin ezkontzean). Ez dezagun ahantz normandiarren ontzigintza-tradizioaren gertuko oinordeko zirela bai lapurtarrak bai ingelesak.

Era askotakoak dira haien presentziak gure kostaldean utzitako ondorioak. Akaso, arabiarrei eragozpen izan zitzaien haiek gure kostaldean izatea, Mediterraneoko nabigazioan tradizio handiko herria izanik ere, jarduera handirik ez baitzuten izan Kantauriko itsasertzean. Atentzioa ematen du, ontzidia bazutela jakinda, gure herriarekin zituzten harremanak beti hegoaldetik eginak izateak.

Normandiarrek Penintsula osoko itsaslapurreta handienak 3 kanpainetan burutu zituzten: 844an, 858an eta 966-971n.

Lehen bi erasoak nozituta, nola arabiarrek hala asturiarrek eta galaikoek gotorlekuak eraiki zituzten, euren kostaldeak militarki defendatzeko; ezagunak zaizkigu lehenengoen rabitak eta bigarren horien harresia, Oviedoko San Salbatore eliza inguratzen duena, baita Asturias eta Galiziako beste zenbait gotorleku ere. (19)

Asturiarrek eta galaikoek euren kostaldean harresiak eraiki bazituzten, zer esan liteke gure itsasertzaz? Kontua da ez dugula horri buruzko daturik, nahiz eta oker handirik gabe esan dezakegun Donostiako Mota Gaztelua, Getariko San Anton eta Gaztelugatxeko San Joan, hiru adibide jartzearren, puntu estrategiko horiek ez zirela defentsarako erabili, zelatarako postu gisa baizik. Getaria —edo Gurthary, Lapurdin— toponimoak «wahta» (zelata, zaintza) hitzetik eratorritako «wahtari» (zentinela) izen gotikoarekin zerikusia duenak agerian jartzen duen bezala. (20)

Itsaslapurren oihartzunak[aldatu]

Lope Isastik dioenez, X. mendeko tradizio baten arabera, bazen Bizkaia izeneko familia bat mende horretan Pasaian finkatu zena; eta Antso Abarkaren kapitaina zen Don Pedro Bizkaikoak mairuen errege Muley atxilotu zuen, Pasaiatik Gipuzkoara sartzera zihoala. Tradizioa horretan, besteak beste, lehorreratze, itsaslapurreta eta abarren oihartzunak aurki daitezke.

Kristautasunaren sarrera[aldatu]

Wikipediak honi buruzko artikulua du: Kristautasuna Euskal Herrian sartzea.
Erromatarren galtzadak Euskal Herrian.
Erromatarren galtzadak Europan.

Testuinguru horretan, 950 aldera iritsi zen Donejakuera, idatzirik gelditu den lehen erromesa: Godescalco, Le Puy-ko gotzaina. Baina, oso litekeena da anonimoki erromesaldien fenomenoa data hori baino askozaz lehenagokoa izatea.

Baina, Donejakueko erromesaldiari heldu aurretik, kristautasunaren sarrerari buruzko gai zabalari ekingo diogu. Halako munta duen fenomeno honek atal zabalago bat eskatzen digu. Izan ere, hedadura zabaleko, iraupen handiko eta, giza nahiz kultura mailako eragin itzela izan duen fenomenoa da.

Galdera sortuko zaio agian irakurleari: baina, Euskal Herriko kristautasunak zerikusirik ba al du itsasoarekin? Ba ote du itsasoarekin lotzen duen alderdiren bat?

Saiatuko gara kristautasunaren sarrerako prozesuak azaltzen, nabigazioarekin ez ezik, Atlantiko nahiz Mediterraneoarekin zer zerikusi zuen adierazten.

Gure historiako beste alor askotan bezala, ez dira asko kristautasunaz ditugun datuak. Horregatik, oso zaila da ebanjelizazioaren hasiera gure herrian noizkoa den markatzen saiatzea, nahiz eta, horretaz ditugun datuak aztertuta, gutxi gorabehera data hori markatzeko gai izango garen.

Hala ere, kristautasunaren sarrerako bideak markatzeko ez dugu zailtasunik. Jakina da ideiak, merkantziak bezalaxe, erromatarren bideetatik hedatzen zirela, horregatik, gure herriaren ebanjelizazioaren geografia lehenengoz irakurtzean, bi ibilbide finka ditzakegu sarrera moduan: bata, mediterraneoa, hegoaldetik datorrena; eta bestea, atlantikoa, iparraldetik eta itsasaldetik datorrena.

Mediterraneoko bidea[aldatu]

Bide mediterraneoa, Estrabonek aipatzen duen Tarraco-Oiasson bidea da. Tarragonan apostoluen garaian Ebanjelioa predikatzen zela gauza ziurra da; hortaz, kristautasuna oso goiz sartu zen gure herrian eta Zaragozatik eta Iruñetik barrena sartu ere.

Hala, San Ziprianok Leongo eta Astorgako kristauei idatzi zien eskutitzetik dakigu Zaragozan 254an bazirela kristauak, gotzain eta guzti. Astorgan —antzinako Astorga-Bordeleko XXXIV. bide nagusian— kristauak bazirela jakiteak eramaten gaitu erlijio berria Novempopulaniarantz azkar hedatuko zela pentsatzera, III. mendearen erdialderako jada iritsia ez bazen.

Bestalde, jakin badakigu III. mendearen hasieran eta IV.aren bukaeran Kalagorrin, baskoien hirian, kristautasuna bazela, zeren eta, Emeterio eta Zeledon ezagunak hil zituzten Dioklezianoren pertsekuzioan.

Atlantikoko bidea[aldatu]

Euskal Herriko Pirinioetan barrena hiru ibilbidetan zati dezakegu:

  • Tolosatik eta Oloruetik barrena, Somport-etik igaroz, Jaka eta Huescara zihoan bidea. Euskaldunen bideak ziren horiek, Ptolomeok II. mendean Jakaz baskoien «oppida» gisa hitz egiteak frogatzen duen bezala.
  • XXXIV. bidea, Bordeletik abiatuta, Akizetik, Orreagatik eta Iruñetik igarota Astorga aldera zihoana. Bide hori Nafarroako tradizio zahar batek egiaztatzen du; tradizio horren arabera, iparreko kristautasuna onartua zela antzinako bi santutan oinarritzen da: Saturdi (San Saturdino, Tolosako martiria, 250ean) eta haren ikasle San Fermin, Iruñeko lehen gotzaina izan zitekeena (Dioklezianoren pertsekuzioan martiri hil zena, 303 aldera).
  • Akitaniako kostaldetik jaisten zen bidea. Lehen aroko datu askorik ez bada ere, beranduago Donejakueko erromesek sarritan baliatzen zuten bidea da.

Zehaztuz, jakin badakigu lehen aldi batean San Paulino Nolakoak IV. mendean Bordele eta bere maisu Ausonio utzi eta baskoien artera etorri zela predikuan jardutera, eta, Mañarikuaren iritziz, Erdi Aroan barra-barra erabili zen Bordele-Hondarribia-San Adriango zubian barrena zihoan ibilbidetik ibiliko zen.

Hiriaren garrantzia[aldatu]

Erromatarren bideen antzera, hiriguneen antolamendua izan zen kristautasunaren hedapena erraztuko zuen beste alderdi bat: bai haietatik bideak igarotzen zirelako, bai hirietako biztanleek kultur maila jasoagoa zutelako eta, beren ohiturei lotuagoak zeuden inguruetako artzain eta nekazariek ez bezala, ideologia-korronte berriak onartzeko irekitasuna zutelako.

Ziurtasun osoz ezin esan badezakegu ere, Europa mendebaldean oso zabaldua dagoen iritzia da hiriak ebanjelizatu duela landa-ingurunea. Hala, hirian bizi ez zenaren izena (pagus-etik paganus) ez-kristauaren pareko izatera iritsi zen.

Bestalde, Ptolomeok ematen dituen datuek oso garbi markatzen dute II. mendean Euskal Herriko hirien banaketan itsasoak izan zuen eragina: kostaldeko hiriak, zentzu hertsian esanda, 3 ziren: Flaviobriga, Tritium eta Oiarso; barnealdekoak, berriz, guztira 32. Uste izatekoa da eragin handia izan zuela horrek kristautasunaren sarreran.

Sarrerako datu positiboak[aldatu]

Kristautasunaren datu positiboak baditugu, nola Mediterraneotik hala Atlantikotik sartu zela ziurtatzen dutenak.

Mendebaldeko bideari aipamen egiten dion ahapaldi bat dugu, Kalagorriko Prudentziorena (348-405), Emetrio eta Zeledon martiriez, honela dio bere Peristephanon-en:

«Sinesten al duk orain, baskoien antzinako paganotasun zakar horrek, zein odol sagaratua zen erru ankerrak sakrifikatu zuena? Hire ustez, Jainkoagana joan al dituk biktimen espirituak».

Mañarikuaren iritziz (21), baskoien paganismoa iraganeko gauza zela ez zuen aditzera ematen Prudentziok erabilitako iturri gutxi-asko fidagarri batek, baizik eta horren garaiko gertakari publiko batek frogatzen zuen. Jakina da egongo zirela ebanjelizatu gabeko leku apartatuak, baina, IV. menderako, funtsezkoan kristautua zen Euskal Herria.

Iparraldeko bideaz Eauze-ko gotzain San Mamertinok egindako aipamenak ditugu, 314koak eta 333koak. IV. mendearen azken aldekoak, berriz, ezagunak zaizkigu Burdingalako Ausonio eta San Paulino de Nolaren, baskoien artera predikatzera etorria zen honen arteko eskutitzak.

Baina, Kristautasuna Euskal Herri kontinentalean sartua zeneko aipamen berreslea 506an Agdeko Kontziliora etorritako gotzain-aldra izango da.

Augustoren garaiko Akitania zaharra (Akize, Vasats, Auch, Lecture eta Comminges), Dioclecianoren garaian, beste 4 elkartuta (Boiates, Eauze, Bigorre eta Consorani) Novempopulania bilakatu zen, eta, Teodosio I.arekin, beste batzuk batu ziren Aire, Biarno eta Olorue. Orduan, 506ko Kontzilioan 12 civitate horietatik denak bildu ziren, Vasats eta Boiates izan ezik. Apur bat beranduago, 511n, Arlesko Kontzilioan agertu zen Vatseko gotzaina.

Datu horiek guztiak alderatuta, Mañarikuaren iritziz, Kristautasunaren sarrera Euskal Herrian III. mendean hasi zen eta Europako gainerako beste herri auzoekin paraleloan garatu.

Asimilazioaren datu linguistikoak[aldatu]

Kristautasunaren asimilazioak berezitasun batzuk izan ditu gure herriko jendearengan; asimilazio horiexek maisuki aztertu zituen Manuel Lekuonak (22). Gaur egungo hizkuntzaren hots batzuk garai bateko kulturen lekuko direla abiapuntu hartuta, Lekuonak zerrenda bat aztertu zuen kristautasunak euskaran duen eraginaren antzinatasuna jakiteko:

  • Hala, bedeinkatu eta madarikatu aipatzen ditu benedicatus eta maledicatus arkaizanteen zuzeneko oinordeko direlakoan, delako benedictus eta maledictus klasiko haien arbaso, hain zuzen ere.
  • Inperioaren garaian itazismoaren fenomenoa hasi zen, hau da, latineko «e» zenbait «i» balira bezala hasi zen esaten Erdi Aroan aurrera samar sartu arte. Garai horren lekuko lirateke hots hauek, hala nola, pastikun (pax tecum), doministiku (dominis tecum), ipiatiku (episcopu), eta horiez gain, eliza (ecclesia) garizuma (quadragessima), izpiritu (espiritu), Ixteben (Esteban), Ingraxi (Engrazia), Xixili (Zezilia), Xixario (Zesareo), zimitorio (cementerio), Bixintxo (Bizente) eta zerrenda luze bat.
  • Erromantzeak sortu aurreko garaikoak –Gaztelaniaren aurrekoak alegia– Goiz Erdi Aroko data dutenak eta diptongazioagatik, besteak beste, «e» bokala «ie» eratorri zitzaien batzuk bereizgarri dira: zeru (caelum), infernu (infernum), intzentsu eta ez intzientsu, Abendu eta ez Abiendu, etab.
  • Garai bereko, Goiz Erdi Aroko, erromantzeen sorrerako data du Cruz hitzak izan zuen aldaketa, hots hasierako «u» hura, forma berriko «o» eratorri zen (Cruce-Croce, Croix, Cross...). Eraldatze hori euskaran ere agerian gelditu da bi modutako honako hitz hauetan:

Gurutze, Gurutzeaga, Bidagurutzeta, Gurrutxaga, Krutxaga, Gurrutxarri, Gorozarri, Gorozika, Gorospe, Gorosgarai, Gorosgarate eta Gorrotxategi eta euskal-errioxarrak: Crocibirio (Gurutzebide-ren baliokidea) Gorcicolato (baliakide garbi bat gabea), Gorciga (Gurutziaga-ren baliokidea).

Datu zerrenda hau, Mañarikuak emandakoen osagarri bikaina dena, Lekuonak biribildu zuen gure Santutegiko izenen hainbat formen azterketa egin ondoren; horien artean lau fase bereizten ditu hurrenez hurren:

  • Aldi prerromanikoa: «zero» egite batez, hau da Santuaren izenak ez darama inolako santutasuna adierazteko gehigarririk: Bixintxo, Vicentejo (San Bizente), Sacernin (San Saturnino), Zipirio (San Zipriano), etab.
  • Aldi erromanikoa: «Done» forma dutenak: Donamaria —horren baliokidea Bizkaian Andra Maria da—, Donostia (San Sebastian), Donibane (San Juan), etab.
  • Aldi gotikoa: «Santi» forma dutenak: Santi Mamiñe, Santi Kurutz, Santillana, etab.
  • Aldi errenazentista: «San» forma dutenak.

Hitz kristau hauek: Aingeru, Gurutze, Meza, Zeru, eta abar, S. Marinerrek dioenez, ez dira V. mendea baino geroagokoak, ezta III. mendea baino lehenagokoak ere, hortaz argi eta garbi gelditzen da bazela kristau-eragin bat euskal herritarren artean. (23)

Lehen kristauen eremutar-biziera[aldatu]

Baina, zer esan dezakegu gure Euskal Herriko lehen kristauen bizimoduaz? Hegoaldeko bideek eta iparraldekoek Euskal Herriari bi isurialdeetan desberdintasunak erantsi al zizkioten? Eta, hala bada, zer eginkizun izan zuen itsasoak horretan?

Lekuonaren iritziz, Euskal Herriko lehen kristauek eremutar-biziera egin zuten, Egiptoko Tebaida edo ekialdeko Kapadoziako eremutarren antzera.

Gure Herriko erlijiosoen haitzuloen ikerketek San Benito eta San Bernardoren monakotza baino lehenagoko garaietara eramaten gaituzte atzera, V. eta IV. mendeetara alegia.

Hala, IV. mendearen bigarren erdian harpetako habitatera itzultze bat ikus daiteke, Santimamiñera, esaterako. Harpeetara itzultze horren funtsa, oso gutxi asimilatu zen erromanizazioaren aurrean sumatutako ziurtasun eza eta ukapen gisa interpretatu izan da.

Alabaina, harpeetara itzultze horrek sendotasuna hartzen du, oinarrian kristau-trogloditasun izaera bat ikustean.

Euskal Herriaren hego isurialdea[aldatu]

San Juan de la Peñako erlijio-gune ezagunak dira troglodita-bizimodu horren erakusgarri egokiak (harkaizpean kokatuak, hasierako elizaren gunea gaur egungo elizan aurkitzen den lekuan) eta Donemiliaga Kukulla (beste harkaizpe bat da, VI. mendean San Emiliano —gaztelaniaturik «Millán»— eremutarra mezak emanez eta salmoak errezatuz bizi izan zen lekua). Eta gai hau atera badugu, eredu izateaz gain, bi monasterioak kokatuak daudeneko eskualdea mende haietan, bai kulturaz bai hizkuntzaz, Euskal Herria zelako da.

Trebiñoko Izkiz mendikateko haitzuloak gaur egungo Euskal Herriaren mugen barruan daude. Hare-harrian aztarrika eginak dira eta VII. eta VI. mendekotzat har daitezke, edo nork jakin V. mendekoak ez ote diren —bertakoek «piedra franca» deitzen diote—.

Bisigodoen arteari dagozkionak dira, bere garaian On Joxe Migel Barandiaranek berretsi zuen bezala:

«Halaxe da, 87 haitzulo daude, eta 13 edo 14 dira tenplu edo kaperak, bisigodoen eliza askoren antzeko oinplanoa dutenak. Badaude ferra-arkuaren forman oinplanoa duten absideak, erlikiak gordetzeko tarteak dituzten irtengunezko aldareak, beti haitzuloaren ekialdera kokatuak daudenak... Ekintza horiek denak, zalantzarik gabe, bisigodoen garaiko data izan behar dute; eta agian Arabako eskualde zabal batean, Arluzeatik Tobillas bitartean, herri bat edo zenobita taldeak izan ziren garai horretan, edo lehenago». (24)

Horiek denak Euskal Herriaren hego isurialdean daude, ikusi dugun bezala, kristautasunaren sarrerari mesedegarri izan zitzaizkion erromatarren hiri eta bide asko zeuden tokian.

Ipar isurialdea[aldatu]

Baina, zer esan dezakegu Euskal Herriaren ipar isurialdeaz, funtsean hiru baino ez baziren hiriak eta galtzadak ez baziren barrualdekoak bezain garrantzizkoak?

Hasiera batean, ez dugu ahaztu behar euskaldunek funtsean artzaintzan jarraitzen zutela, erromatarren presentzia eta herentzia zituzten arren. Hortaz, mendietako banalerroak bereizi baino gehiago elkartu egiten zituen bi isurialdeak, logikoa denez desberdinak izanagatik.

Hegoaldeko harpe artifizialen fenomenoak iparrean bere ordaina haitzulo naturaletan izan zuen. Atlantiko isurialdeko eraketa geologikoak kareharrizko haitzuloak eskaintzen zituen, eta eremutarrek bertan bizitu zuten ebanjeliozko bikaintasun bizimodua, Izkizeko eremutarren antzera.

Bi isurialdeek dituzte bai antzekotasunak bai desberdintasunak; antzekotasunak lehen kristauen bizimodu eremutarrean eta desberdintasunak bizitokiaren izaeran: hare-harria edo «piedra franca» deritzonak aukera badu artistikoki aztarrikatzeko, kareharri gogorrak, ordea, zailtasuna du aukeran.

Dena sen, Lekuonak diferentzien gaineko elkartasun-zubi bat finkatzen du santuen deitura hagiografikoen gainetik —Erdi Aroko santuena, hain zuzen ere—, hala nola, Sandrati (Zegaman), Sandraili (Araotzen), Santi Mamin (Kortezubin), Zipirio (Tolosan) edo San Valerio (Arrasaten).

Hau da, Izkizeko arpe artifizialetan bezalaxe, isurialde atlantikoko haitzulo naturaletan ere izan ziren eremutarrak, agian gaur egun haitzuloek duten izena bera zutenak: Erroman, Tirso, Quirico, Julita, Adrian, Mamin, Zipriano eta abar.

X-XI. mendeetatik, Donejakuera bidean zihoazen erromes askoren igarobide ezinbestekoa izan zen Euskal Herria. Erromes-olde horrek erlijio-guneak ugaldu zituen eta neurri berean baita Kristautasunaren finkapena erraztu ere.

Alabaina, Kristautasunaren sarreraren eta Donejakueko erromesaldien arteko aldi horretaz, aipatu dugunaz kanpo, ez dakigu beste ezer asko.

Dena den, orientabide modura bada ere, har dezagun kontuan lehen aldi horretakoak direla «zero» eraketa duten izenak, esate baterako:

  • Bixintxo (Gipuzkoa), Vicentejo (Araba) eta Bikendi (Bizkaia) San Bizenterentzat.
  • Saturdi (Zaldibia), Sacernin (Iruñea), Saturde (Araba), Santurtzi (Bizkaia), Saturraran («Saturren ibar» edo «San Saturnino» gisa, Gipuzkoan), denak ere San Saturninok hartzen dituen moldeak.
  • Zipirio (Tolosa, Gipuzkoa) San Ziprianorentzat.
  • Magadalena (Euskal Herri osoan, oro har), Santa Magdalenarentzat.
  • Ibañeta (Nafarroa) San Joanentzat.
  • Salbatore (Euskal Herri osoan, oro har), Sauveterre (Biarno frantsesean), Salvatierra (Araba) Salbatorerentzat.

Elizbarrutien sorrera[aldatu]

Erlijio-gune horiek ez ziren gelditzen isolaturik, etengabeko harremanean baizik, eta sendotze-prozesuan elizbarrutien sorrera bultzatu zuen horrek.

Eliz erakunde horren banaketa geografikoak —Mañarikuak maisuki aztertuak (25)— baditu aztertzea merezi duten hainbat ezaugarri.

XI. mendearen bukaeran elizbarrutiaren eskumeneko Euskal Herriko lurraldeak izan ziren Valpuesta, Araba, Iruñea eta Baiona.

Elizbarrutiak eremu mediterraneoan[aldatu]

Elizbarrutien banaketa geografikoaren lehen begiradan, atentzioa ematen du, Baionak izan ezik, gainerako guztiek izatea beren egoitza isurialde mediterraneoan: Valpuestan, Armentian eta Iruñean, hurrenez hurren.

Elizbarrutiak, bestalde, berezko batasuna eta nortasuna zuten lurraldeetan eratzen zirela jakinik, eta horiek biztanleen artean ohiko harreman eta mugimendurik gabe ez zirela gertatuko ikusirik, bitxia da konturatzea delako elizbarruti horientzat isurialdeen banalerroak ez zirela inolako muga, bai ordea, kostaldeko ibaiak. Ez da kasualitatea ibai horiek berak erromatarren garaian euskal leinuen arteko bereizketa-muga izatea, horregatik, nahiz eta mendeak igaro, euskalduna beste ezeren gainetik artzain zela frogatzen da, eta antzinako transhumantzia-bideei ez ezik, negualdiak eta udaldiak igarotzeko guneei ere eutsi egiten zietela.

Beraz, elizbarrutiak, Baionakoa salbu, Euskal Herriko hego isurialdean egoteak antzinako sustraiak ditu. Bertan zeuden erromatarren garaian sortutako hiri gehienak eta bertan zeuden biderik onenak eta antzinako «ager» eremuko nekazaritza-aberastasunak, eta horiexek izan ziren elizbarrutien egoitza nagusia eremu mediterraneoan finkatzeko arrazoiak.

Eremu atlantikoko elizbarruti bat[aldatu]

Elizbarruti atlantiko bakarra, Baionakoa, kostaldetik barrena hedatu zen, Iruñeko elizbarrutiarekin bere muga Oiartzun ibaian finkatzeraino, Baztango ibarra ere bere baitan biltzen zuelarik.

Euskal Herrian, penintsulako kostaldeak barnealdearekin zituen harreman natural horiek egiazkoak zirela, kostaldeak hegoaldeko beste monasterio nagusiagoei, dohaintzan emandako ermita eta monasterio zerrenda luze batek ziurtatuko du. Hauek dira dohaintzak: San Salvador de Oña, San Juan de la Peña, Donemiliaga Kukulla, Leireko San Salbatore, Iratxeko Santa Maria La Real, Iruñeko Santa Maria eta Naiarako Santa Maria La Real.

Erromesaldien ondorioak bi isurialdeetan[aldatu]

Euskal Herrian erromesaldien ondorioak bi isurialdeetan antzerakoak izan baziren ere, izan zituzten desberdintasunak.

Normandiarrek berriro eraso zuten Kantauriko kostaldea 966tik 971rako bitarte horretan, eta nabarmentzekoa da 968an Santiago hartu eta bertan eman zituztela bi urte. Beldurra eragin zuen ekintza horrek erromesen artean eta, ondorioz, kasik erabat gelditu zuen erlijio-zentro horretarako jende-etorria.

Hegoaldetik iritsi zen arriskua 997an: Almanzorrek Santiagon razzia izugarri bat egin eta erromesbide guztiak eten zituen eta hala mantendu.

Hurrengo mendearen hasieran, normandiarren eta arabiarren arriskuak desagertu zirenean, hasi ziren erromesaldiak berriro, eta jendetsuak izan ziren oso.

Hegoaldetik arabiarren arriskua desagertuta, kostaldeko bide nekosoa gutxi-asko alde batera utzi eta hegoaldekoa hartu zen haren ordezko. Hasiera-hasieran bide horrek antzinako XXXIV. bidearen trazatua bera jarraitu zuen; Antso Nagusia nafar erregearen agintealdian, XI. mendean, desbideratu zen Iruñetik Lizarrara eta Logroño aldera.

Bide ertzetan eliza erromaniko ikusgarriak eraiki ziren eta hiribildu asko fundatu, erregeak emandako Jakako (1063), Logroño (1095) eta Tuterako (1119) hiri-gutunen babesean.

Euskal Herriaren isurialde atlantikoaz ez dugu datu handirik. Kostaldeko bideak hegoaldekoak baino zailtasun handiagoak izan arren, ez zen horregatik baztertua gelditu.

Erromesaldiaren hasiera eta Goiz Erdi Aroaren bukaera bitartean, Euskal Herriaren isurialde atlantikoak hegoaldekoak baino prozesu geldiagoa eta atzeratuagoa izan zuen. Horiek horrela, XII. mendean hasi ziren hiribilduak fundatzen.

Datu falta sumatzen den arren, orientazio moduan, kontuan har dezagun aldi erromaniko horretakoak direla Domine (Jauna) hitzaren «Done» laburduraz osatzen diren deiturak, adibidez:

Donamaria, bizkaieraren eragin-eremuan Andra Mari duena baliokidea.

Donibane (San Joan), Doneztebe (San Esteban), Donostia (San Sebastian).

Eta Araba aldeko lekuko-zerrenda luze bat, hala nola:

Donabares (Egileta), Donabira (Done Bikendi Arana), Donakua (Villafranca), Donatxeri (Salvatierra/Agurain), Donaletxira (Lagran), Donapalayoa (Aberasturi), Donapaulo (Erroitegi), Donastebia (Arluzea), Donela (Iruña), Donesti (Gamarra), Donimedia (Alda), Donikendi (Dulantzi), Donospide (Gamarra), Donoste (Gauna), Doñine (Antezana), etab.

Lehen esan dugun bezala, erromesen sarrera jendetsuak kostaldeari ez zion berehalakoan lagundu hiribilduak sortzen, bai ordea, erlijio-eraikuntzak ugaritzen, ermitak batez ere.

Agian, isurialde atlantikoaren pobretasuna zela-eta —beti ere, mediterraneoarekin alderatuz—, erlijiozko eraikuntza gehienak azkar hondatzen ziren materialez egin ziren, zurez alegia, horregatik gaur eguneraino iritsi diren eraikuntza erromanikoak ez dira Euskal Herriaren hegoaldekoak bezain ugariak.

Hala ere, erromaniko bizkaitarrari antzeko ezaugarriak ikusten zaizkio: absidea ez da arrauzkara, laua baizik. Arabako eta Nafarroako erromanikoa ez bezalakoa da, bitxia bada ere, irlandarraren itxurakoa. Gaya Nuño ikasiaren iritziz, moda hori hargin-maisu irlandarrek ekarria da XII. mende aldera. Horien adibide ditugu: Abrisketakoa, Zumetxagakoa eta Bakiokoa.

Gipuzkoan ez da abside bat bera ere gorde.

Horrez gainera, kostaldeko ermita gehienen diseinua funtzio anitzekoa da, harrizko eraikinei ahal zen probetxurik gehiena ateratzeko. Erlijio-betebeharretarako esparruaz gain, eraikin horiek —tenpluen zimitorioa— erromesen ostatu moduko zerbitzuetan erabiltzen ziren, eta bideen eta kostaldearen zelata-postu nahiz defentsa militar ere baziren, besteak beste, Gaztelugatxeko San Joan, Saturraran, Mutrikuko Santa Barbara, Getariko San Anton eta abarren antzekoak.

Halako erromes ugariren ondorioz, Euskal Herriaren gain eskumena zuten elizbarrutiek aldaketa txiki batzuk nozitu zituzten, funtsezkoa ukitu ez bazitzaien ere. Hala, Valpuestako elizbarrutia Burgoskoan sartu zuten —eta horrekin batera Enkarterriak eta Arabaren zati bat—; Arabako elizbarrutia Kalagorrikoan sartu zuten eta Iruñekoak eta Baionakoak berdin samar jarraitu zuten, guri dagokigunez.

Nahiz itsasoarekiko eraketa perpendikularrean nahiz kostaldeko ibai mugen eraketan, elizbarrutiek ez zuten aldaketarik nozitu erromesaldien fenomenoagatik. Are gehiago, kostaldeko monasterioen aurreko dohaintzek jarraitu egin zuten Ibañetako (Orreaga) San Salbatoren, Tenplarioen, Jerusalemeko San Joanen Ordenako Nafarroako Prioretza Nagusian, Irantzuko Santa Marian eta abarretan.

Gorabeherak eta motibazioak Donejakuerako erromesaldietan[aldatu]

Baina, zer esan dezakegu erromesaldien fenomeno hain berezi horren inguruan? Zerk bultzatzen du jendea halako distantzia luzeak oinez egitera?

Bidazti gehientsuenek penitentzia moduan egiten zuten erromesaldia, nahiz eta tartean izaten ziren erlijioarekin zerikusirik ez zuten motibazioak, turismoa, beste hizkuntzak eta kulturak ezagutzea eta beste.

Santiago, Erroma eta Jerusalemen mailan jarria zenez, X. mendetik aurrera erromesak erakartzen hasi zen, eta Europa osotik etortzen ziren. Monjeen Ordenek (klunitarrak eta agustindarrak) sustatu egin zuten erlijio-korronte hori, eta erromesek zeharkatzen zuten erresuma bakoitzeko erregeak babesa ematen zieten.

Bide-ertz guztietan bidaztiei aterpea ematen zieten monasterioak eta ospitaleak sortu ziren han-hemenka, eta ordena militarrek (monje eta bide-poliziak ziren, aldi berean), bereziki tenplarioek, bide-ertzetan euren etxeak izan zituzten haiek defendatzeko.

Erromesaldia arauturik eta kodifikaturik gelditu zen «Liber Sancti lacobi» edo Kalisto II.a Aita Santuarena omen zen «Códice Calixtino» deiturikoan, berez, Poitou-ko apaiz Aymeric Picaud deritzonak bilduma aztertu eta hein handi batean berak idatzia zen arren; XII. mendeko obra hau 1172rako iritsia zen Donejakuera.

Europarekin zuen harremanean, Penintsulak ohiz kanpoko oparotasuna izan zuen kultur eta arte mailan, Donejakueko Bidearen bitartez, elkartrukeagatik eta bidazti ertilarien ekarpenengatik; estilo erromanikoaren sarrera da horren lekukoa.

Erromesaldiek biziberritu egin zuten penintsularen iparraldea, gizarte mailan eta birpopulatze-fenomenoaren bidez, erregeen oniritziz hiribilduak sortuz.

Europa osoko jendearen emana, X. mendean hasi eta XVI. mendera arte iraun zuena, gainbehera hasi zen apurka-apurka, eta XVIII. mendean ia erabat desagertu zen.

Ondorioak Euskal Herrian[aldatu]

Lehen mendeetatik hasi ziren erromesak igarotzen gure herritik, X. mendean itsasertzekoak segurtasunik ez zuela-eta, soilik kostako erromatarren antzinako galtzadatik (edo gelditzen zenetik) iristen baitziren Galiziara, hain zuzen ere, Peutinger-en taulak (III edo IV. m.) Ossaron-etik (Oiartzun) hasi eta Bricantia (Coruña) bitartean markatzen duen bidetik.

Normandiarren eta arabiarren arriskuak desagertu zirenean, bi bide berri ireki ziren:

  • bata, hego isurialdetik, Nafarroatik eta Errioxatik barrena, Nafarroako Antso III.a Nagusiak ireki zuena;
  • bestea, itsasoz, kabotaje-nabigazioaren bidez egiten zena.

Ontzigintzak azpiegitura bat bazuela datu batek bistaratzen du, 999an Euskal Herriko eskuadra batek militar-kanpainetan Oportoko Gonzalo Moniz jaunari lagundu zioneko datuak alegia.

Donejakuerako erromesaldien fenomenoak ez zituen garai ederrak izan XI. mendera bitartean. Hegoaldeko arabiarren arriskuak erromesak kostaldeko bideetara bultzatzen zituen eta normandiarren erasoek itsasertzetik ihes eginarazten zieten. Arriskuak arrisku, erromesaldiak ez ziren bukatu; eta haiekin ideia berriak eta hizkuntza nahiz pentsaera desberdinak sartu ziren.

XI. mendea[aldatu]

Balea-harrapaketa eta meatzaritza[aldatu]

Milurteko berria iristean, bere horretan mantendu ziren zenbait gauza, aldatu gabe, baina beste zenbait berri ere azaldu ziren. Azken horietan azpimarratzeko bat, balearen ehiza praktikatzen dela egiaztatzen duen dokumentua da.

Baionak 1059an balearen produktuak saltzeko pribilegioa iritsi zuen, eta horrek agerian jartzen du balearen harrapaketa eta horrek zekarrena: itsasontzi egokiak, nabigazioko teknika onak, tresneria aproposa, etab.

Joseph Garat-en iritziaren arabera, gure arrantzaleek ehiza hori VII. mendetik praktikatu izan balu, dokumentu horrek berretsiko luke denbora tarte horretan guztian aritu zirela ehizan. Hala ez balitz, ontzigintzarako normandiarren herentzia ezinbestekoa izango zuten, halako lantegi baterako behar zen maila teknikoa iristeko.

Penintsulako arrantzaleek baleak harrapaketaz hitz egiten duen lehen dokumentua dezentez beranduagokoa da, 1200 urteko data baitu; baina, horrek ez liguke pentsarazi behar baionarrek harrapatzen bazuten, gainerakoak praktikatzen ez zutenik, auzo-harremanak izanda.

Mea[aldatu]

Aldatzen ez zirenen artean legoke mearen esportazioa, XI. mendean Somorrostrotik Gipuzkoako eta Frantziako portuetara egiten zena.(26)

Kantauri itsasoa itsas ibilbideetan[aldatu]

Donejakuerako itsas ibilbideak[aldatu]

Idrisiren ibilbidea[aldatu]

Donejakuerako erromesaldiek, bestalde, beren goien gradua iritsi zuten XII. mendean. Itsasoko ibilbideak nahiz lehorrekoak erromesez gainezka izaten ziren; horixe da, behinik behin, Al Idrisi (1099 1166) geografo arabiarrak, Libro de Roger (27) izenez ezagutzen den munduaren deskribapena egin zuenak, esaten duena.

Kostaldeko ibilbidea kontatzerakoan, Idrisik dio, Al-Farun-en (Coruñan) hasten dela eta itsasertzetik Baionaraino iristen; batzuetan kostatik egun bateko bidean aldenduz, eta besteetan 15 miliatara hurbilduz, hala, etenik gabeko 9 egun eginez, eta bakoitzean 30 milia. (28)

Itsasoko ibilbidea, aldiz, luzeagoa da denboraz, 13 egun ere irauten baitu. Horretaz, esan dezagun eskas samarra dela Idrisik Bizkaiko Golkoaz ematen digun informazioa.

Normandiarren ibilbideak[aldatu]

Dena den, normandiarrak izan ziren itsas ibilbide horietan sartu ziren lehenak. 1026an Kanuto I.a Handia, Eskandinaviako errege gorena, erromesaldi batean abiatu zen Erromara eta Galizian porturatu zen hornidura egiteko. Izan ere, herri zeltentzat Donejakuek lehentasuna zuen bezala, eskandinaviarrak sarritan joaten ziren Erromara eta Lurralde Santura.

Garai horretan, Olaf Haraldson «Santuaren» (1030) espedizio bati buruzko aipamenak daude, alegia, Frantzia hegoaldetik eta Kantauriko itsasertzetik Galiziaraino egitekoa zen bati buruzkoak.

Sigurd Jorsalfar Norvegiako erregeak, 1108-10an, 60 itsasontziko eta 100 gizoneko gurutzada bat antolatu zuen Lurralde Santurantz. Ingalaterran igaro zuten 1108-09ko negualdia eta Galizian 1109-10ekoa.

Haakon Pallsson, Orkadak uharteetako gobernadorea, 1115ean Erromara abiatu zen erromes eta Galiziatik igaro zen.

Galiziako erreferentzia-puntua Farum Brigantium-a da, horrelaxe ezagutzen baitzuten iparraldeko bidaztiek gaur egungo Coruña.

Bikingoen itsasontziak erromesaldi eta gurutzadetan[aldatu]

Gurutzatuen bidea.

Bikingoengan aldaketa sakon bat gertatu zen XII. mendeko lehen hamarrekoetan, orduan euren paganismoa utzi, eta kristautasunean sartu ziren: lehen itsaslapurrak garraiatzeko baliatzen ziren ontziak erromesak eramateko erabili ziren handik aurrera (Donejakuera, Erromara edo Jerusalemera), eta Iberiar Penintsulan nahiz Lurralde Santuan sinesgabeen aurka borrokatzera zihoazen Eskandinaviako gurutzatuak eramateko. (29)

1147an, Palestinarantz zihoazen gurutzatu ingeles, flandestar eta fisioak, eguraldi gaiztoarengatik, Dueroren bokalean babestu ziren. Han Alfontso Enríquez, Portugalen independentzia aldarrikatu berria zuen Portugaleko Kondearekin, jarri ziren harremanetan. Hark gurutzatuak konbentzitu zituen Lisboa hartzen lagundu ziezaioten.

Kanpaina amaitu zenean, gurutzatu batzuk Ekialderanzko bidean jarraitu zuten, baina beste asko kolono gisa geratu ziren portugaldarren koroapean.

Badira gure kostaldetik igaro zireneko zenbait datu kontuan hartzekoak. (30)

Itsasontzi horiek Pirinioak ikustetik Donejakueraino joateko 11 edo 12 egun behar izaten zituzten; bestalde, badakigu —eta hau bereziki interesgarri zaigu— Pirinioetatik Oviedorako tartea (350-400 km) 3 egunetan egin zutela, agian Golkoko haizearen indarrez, horrekin argi adieraziz, zenbatekoak ziren urte horietan egin zitzaketen distantziak: egunean 100 km inguru.

Zenbait urte beranduago, 1190ean, Rikardo I.a Lehoi-bihotzak Lurralde Santura nabigatu zuen ontzidi handi batekin, Hirugarren Gurutzada zela-eta. Ordurako Ingalaterrako erregea zen, eta, beharbada Akitania ere bere eskumenean zuelako, Lapurdiko itsasontziak sartu zituen bere espedizioan.

Elizbarrutien banaketa eta itsasoko auzotasuna[aldatu]

Astigarribia[aldatu]

Badugu XII. mende horretako beste datu interesagarri bat, 1108an, Baionako gotzainak Astigarribian San Andres eliza sagaratu zuenekoa da. Honako hauxe da testua:

Dokumentuak Bizkaiko muturrean kokatzen du Astigarribia, bere garaian Ptolomeok barduliarren eta karistiarren muga finkatu zuen lekuan, eta mende horretan Iruñeko eta Kalagorriko elizbarrutien arteko muga egiten zen lekuan.

Baina, baldin Astigarribia, Deba ibaiaren ezker ertzean egonik, Kalagorriko elizbarrutikoa bazen, zergatik sagaratu zuen Lapurdiko gotzainak?

Beharbada galdera horren erantzuna ez da Baionako Gotzaindegiaren eskumeneko lurretan bilatu behar, baizik auzotasunean, hurbiltasun geografikoan. Kalagorria, egoitza, 200 km-ra zegoen eta Baionako Gotzaindegia, hurbilago zegoenez, bi egun nabigatuz gerturatu zitekeen; horrek azalduko luke haren presentzia Astigarribian. Berriro ere, itsasoa geografikoki auzo zirenen arteko komunikazio-eragilea zen.

Politika itsas esparruaren historian[aldatu]

Arrazoi politikoak ere itsasoari buruzko albiste-iturri dira mende horretan. Hala, dakiguna da, 1130ean, Alfontso I.a Borrokalariak, Aragoi eta Nafarroako erregeak, Baionako Gazteluari eraso egin ziola Euskal Herriko eskuadra baten laguntzaz.

Urte batzuk igarota, 1180an, Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Donostia hiribildua fundatu zuen, eta bere erresumari itsasorako irtenbide seguru bat eman nahiez eta bere Hiri-gutunen abantailek erakarrita, inguruetako biztanleak ekarri zituen, baina bereziki, Baiona eskualdeko merkatari gaskoiak.

Hiribilduen fundazioa: Baiona[aldatu]

Donostia hiribildu fundatzea ekintza esanguratsua, hain zuzen ere, ongi bereizitako bi etapen arteko muga izanik ere, Baionako hiribilduaren sorrera lehenagokoa da.

Nahiz eta Joan Lurgabeak, errege ingelesak 1215ean emanak izan Udal Foruak (Hiribilduko ohiturak) badaude lehenagokoak ere:

  • Akitaniako dukeak, Gillen IX.a Trobalariak lehen frankizia-gutuna eman zion Baionari, 1125. urte aldera.

Hazten zihoan hiribildua, Baionak monopolioa bidegabeki lortuta, itsas merkataritzako beharrei erantzuteko beste herrien arteko komunikazioak biderkatuta. Hala eraiki ziren bi zubiak, Aturriren gainean bata eta Errobiren gainean bestea, hiribildua harremanetan jartzeko, Landes, Biarno, Lapurdi eta Nafarroako merkatariekin.

Hiribilduaren gorakada itsas merkataritzarekin hasi zen. Kabotaje-nabigazioaren bizigarri ziren material erretxinadunak, ardoak edo balearen ekoizpenak, Iberiar Penintsulan, Bretainian eta Norvegian barrena joanez.

Esportazioko salgaiak % 5az kargatzen zituen Droit de coutumea indargabetzean, merkatari asko etorri ziren hiribilduan finkatzera eta bertan hasi ziren ingelesen okupazioarekin ezagutu zuen garapena prestatzen.

  • 1130ean, Gillen X.a Teologoa, Baskoniako eta Akitaniako duke berriaren eta Alfontso I.a Borrokalaria, Nafarroako erregearen artean, mugen edo eskumen feudalei buruzko auzi bat bitarteko zelarik, azken horrek eraso egin zion Baionari eta, behin atzeman ondoren, 1131ean, erretiratu zen.

Baionan ingelesen administrazioa[aldatu]

  • Ingelesen administrazioaren aldia izan zen 1155etik 1451ra. Leonorrek zuen titulua Rikardo Lehoi-bihotzaren (Akitaniako dukea: 1169-1199) eskuetara pasa zen.

Aldaketa horrek Ingalaterrako erresumako portu eta azoketako bidea zabaldu zien baionarren itsasontziei. Hiru mende horietan Baionak gorakada handi bat izan zuen, nahiz eta XII. mendean Aturriren bokalea Capbreton aldera aldatu.

Enrike II.ak, Leonorren senarrak, Aturriko pleiten monopolioa eman zien baionarrei eta Ingalaterran jasotzen ziren Gaskoniako ardoen gaineko inportazio-eskubideetan murrizketak egin zituen, Baionako baliabide nagusiaren gain, alegia.

  • 1169tik 1199ra arte Rikardo Lehoi-bihotzak administratu zuen Lapurdi. Besteak beste, Gillen IX.a Trobalariak 1125 aldera emandako Forua berretsi zuen, erreforma txiki batzuk eginda.

Foru horrek, 1174an emandakoak, merkatari baionarrei, Poitou-n, Akitanian eta Gaskonian ordaintzen zuten merkataritza-pasabideen betirako frankizia ekarri zien.

Herri gaskoien presentzia kostaldeko toponimoetan gelditu zen egiaztaturik, Donostiatik Hondarribira bitartean: Urgull, Gros, Aiete, Polloe, Molinao (Pasaia), Higer eta abarretan. Gauza jakina da, horrez gain, Pasaian gaskoia hitz egin zela XVIII. mendearen bukaera arte.

Hiribilduen fundazioa: Donostia[aldatu]

Artzain-populazioak Donostia fundatu zen garaian (urdinez). Goiz Erdi Aroko gotorlekuak itsasertzean.

Baina, zein testuingurutan fundatu zen Donostia hiribildu? Manuel Lekuonaren iritsiz:

«horren guztiaren aurretik (hiribilduaren fundazioa) ingurune horretan zegoen guztia, Hernani zen, haren eskumenekoa zen Buruntzatik itsasora bitartekoa. Donostia historian lehen aldiz Hernanirekin loturik azaldu zen: «Sanctum Sebastianum de Hernani» deitzen dio Fernán Gonzálezen 939ko «votos de San Millán» dokumentu eztabaidatuak, eta «in finibus Ernani ad litus maris» kokamena ematen dio «donación a Leire» (32) 1014ko dokumentu famatuak.

Artzaintza du lanbide Hernaniko herriak XII. mendearen bukaeran eta baldintza egokiak ditu: kostaldetik hurbil samar dago, baina itsasertzak dituen segurtasun ezagatik, apur bat barrualderantz kokaturik.

Donejakuera kostaldetik zihoazen erromesak ugari zirenez, legenarraz eta izurriaz kutsaturik zetozenei laguntzeko, Hernani inguruan Lazareto (ospitale) bat sortu zen San Sebastian izurriaren aurkako babesle nagusiaren izenpean. Lazareto hori, Leire monasterioko monje baten agindupean zegoena, gerora parroki bilakatu zen, ordura arte eliz eginkizunetara Hernaniraino joan behar zuten inguruko artzain eta baserritarrentzat.

San Sebastian Antiguoa izena ematen hasi zitzaion donostiarren lurraldean eliza berri bat sortu zenetik aurrera. Eliza hori, Lekuonaren iritziz, Santa Maria zen, eta geroagokoa da San Bizente elizaren sorrera: lehena nafarrentzat, eta bigarrena, gaskoien izen garbikoa, Baiona aldetik zetozenentzat.

San Sebastian hiribildua fundatzeak, kostaldera hurbilagotze horretan urrats handi bat izan zenak, artean segurtasun erabatekorik ez bazen ere, itsasoarekin zerikusi handiko bi helburu nagusi zituen: batetik, kostaldea zaintzea, eta bestetik, Baionarekin merkataritza indartzea.

Lehen helburuan, defentsarakoan, funtsezkoa izan zuen Mota gazteluaren zeregina eta baita Santa Maria eta San Bizente elizetako hormek ere.

Bigarren helburuan, Baionarekiko merkataritzan, funtsezko osagaiak izan ziren merkatari gaskoiak, beren esperientzia eta ezaguerekin.

Kostaldera itzultzea[aldatu]

Donostia fundatzeak, azkenik, kostaldera itzultzea ekarri zuen, itzulera geldoa baina segurua; erregeek sustatutako itzulera izan zen, erromatarren garaiko egoera berreskuratzea helburu hartuta, baina, bistakoa denez, oraingoan oinarri berrien gainean.

Hala ere, Donostia hiribilduaren ingurunea urteekin ez zen gehiegi aldatu. Hitz gutxitan deskribatzen digu García de Cortazarrek:

«...baso trinkoa du alderdi horrek (Iparra) eta biomasa indartsua sortzen duenez, nekazaritza-jarduerak eragotziko lituzke, abeltzaintzarako egokia izanez, baina eremu horretako aukera demografikoa mugatuz, ziur asko, kilometro karratuko bost biztanletik behera mantenduko bailituzke». (33)

«Aldiz, gune horietako (bizkaitarrak) marinelen eta baita arrantzaleen bultzada ere, gertuan zituzten Laredo eta Colindres-koak baino apalagoa izango zen XII. mendearen erdialdera. Votos de San Millan haiek Bizkaitik idiak eskatzen zituzten bitartean \[ ...de unaquaque alfoce (Bizkaikoak) singulos boves 84. or.\], beste herri horietan, agian, etxe bakoitzean, eskuratu nahi zituzten singulus utres olei horiek pentsarazten digute ordurako itsas animalia handien gantza aprobetxatzen zutela, beleena bera agian». (34)

Kostaldeko esparru geografikoa[aldatu]

Laburbilduz, Goiz Erdi Aroko zortzi mende haiek geografian kokalekuen atzera-biltze bat eragin zuten itsaslapurreten ondorioz; normandiarrak agertzeak atzera-biltze hura irmoagoa baldin bazen ere, ez zen horregatik nabigaziorik eta itsasbiderik desagertu.

Erromatarrek kostaldean sortu zuten esparru geografikoak, kabotaje-ibilbideetan oinarrituak, itxuraz geldirik jarraitu zuen mende horietan zehar, baina hedatu ere egin ziren Ingalaterrara eta Europa iparralderantz, normandiarren ekarpena ziren itsasbide berrietatik.

Ezkutuko egoeratik irteteko unea izango da Donostiaren fundazioarekin hasitako kostalderako hurbilpena, hain zuzen ere; baina mugimendu horrek ekarri zuen dinamika, aurrekoa bezain edo are interesgarriagoa izanik ere, beste aldi historiko batekoa da, eta ezaugarriak kontuan hartuta, aparteko azterketa bat egitea merezi du.

Erreferentziak eta oharrak[aldatu]

(1) GARCÍA DE CORTÁZAR, J. Historia General de la Alta Edad Media. Madril, 1970. LACARRA, J. Historia de la Edad Media. Bartzelona, 1978. MARTIN, J. La Península en la Edad Media. Bartzelona 1979.

(2) IDACIO. Chronicon, ad olump. CCCIX; MOMMSEM. MGH Argit. AA. 11 (MAÑARIKUA. II Semana...).

(3) LABURU, M. Jalones en la historia de la arquitectura naval vasca. Itsasoa 1. Etor Argit. Donostia-San Sebastián, 1986.

(4) LABURU, M. Op. cit.

(5) CARO BAROJA, J. Los vascos y el mar. Txertoa Argit, 19. or.

(6) ITURRIZA Y ZABALA, J.R. Historia General de Vizcaya y Epítome de las Encartaciones. Fuentes para la historia de Vizcaya. Bilbo, 1967.

(7) MAÑARIKUA, A.E. Historiografía de Vizcaya, 149 150. or. MATTOSO. As fontes do nobiliario. 42 46. or.

(8) CARO BAROJA, J. Los vascos y el mar, Txertoa Argit., 22 23. or.

(9) Fernán González.en olerkia. Clásicos castellanos, 128. Espasa Calpe, 1978.

(10) DE TUY, L. El Tudense. BERENGUELA, Gaztela eta Leongo erreginaren aginduz (1171-1246) idatzi zuen Chronicon Mundi (1236), munduaren sorreratik 1236. urtera bitarteko aipamenen bilduma, guztiz kritikarik gabea eta batzuetan berariaz guztiz alegiazkoa. BERNARDO DEL CARPIOren elezaharraren kronika jaso duen kronika da.

(11) JIMÉNEZ DE RADA, R. Idazle honek idatzi zuen De rebus Hispaniae edo Historia gótica, Crónica del Toledano izenez ere ezagutzen dena; hemen ere jasoa dago lehen aipatu dugun BERNARDO DEL CARPIOren elezaharra.

(12) BANUS Y AGUIRRE, J.L. Glosas Euskaras. La Voz de España.

(13) BANUS Y AGURRE, J.L. Op. cit.

(14) Oroitarriak dio: In gratiarum actione pro victoria obtenta et cumplimiento voti facti Deo et Beate Marie semper virgini Era octingentesima decima quarta quando irimus ad Orierriagam et saltum pirinei, nunc de Roncos valles, preliaturi contra exercitum Caroli Magni, Francorum Regis, cum nostro. Basconie populo pro se et socüs suis De Pasaxe victoribus. loannes de Ubila Me fecit.

(15) BANUS y AGUIRRE, J.L. Op. cit.

(16) Zestoako Hiri-gutuna. GOROSABEL, P. Diccionario de los Pueblos de Guipúzcoa.

(17) SÁNCHEZ ALBORNOZ, C. Vascos y navarros en su primera historia. Ediciones del Centro. Madril, 1974.

(18) CARO BAROJA, J. Los vascos y el mar. Txertoa Argit, 21. or.

(19) SÁNCHEZ ALBORNOZ, C. Op. cit.

(20) LEKUONA, M. Op. cit., 214. or.

(21) MAÑARIKUA, A.E. Introducción del Cristianismo en el País Vasco. Euskal Herria Historia y Sociedad. Euskadiko Kutxa, 1985.

(22) LEKUONA, M. Antigüedad de nuestro Cristianismo. Kardaberaz bilduma, 28.

(23) SAYAS ABENGOECHEA, J. J. Op. cit. 47 48. or.

(24) BARANDIARAN, J.M. Excavaciones delante de unas grutas artificiales en «El Montico» de Charratu y en Sarracho (Izkiz Álava). Bol. de la Inst. Sancho el Sabio, 10. Vitoria-Gasteiz 1966. 173 184. or.

(25) MAÑARIKUA, A.E. Obispados en Álava, Guipúzcoa y Vizcaya hasta el siglo XI. Vitoria-Gasteiz, 1963.

(26) UGALDE, M. Síntesis de la Historia del País Vasco. Sendoa Argit.

(27) DUBLER, C.E. Los Caminos a Compostela en IDRISI. Al Andalus Aldizkaria, XIV. libk.

(28) DUBLER, C.E. Op. cit., 71. or.

(29) GONZÁLEZ LÓPEZ, E. Las fronteras marítimas atlánticas de Galicia: de la Prehistoria a la Baja Edad Media. Ediciós do Castro, 82 94. or.

(30) DUBLER, C.E. Op. cit.

(31) MARTÍNEZ DÍEZ, Guipúzcoa en los albores de su Historia. Siglos X XII. Dokumentu eranskina 16. zk.

(32) LEKUONA, M. Las parroquias de San Sebastián. Aspectos históricoarqueológicos. Kardaberaz bilduma, 25. or.

(33) GARCÍA DE CORTÁZAR, J. eta beste batzuk. Vizcaya en la Edad Media. 1. libk., 33 34. or.

(34) GARCÍA DE CORTÁZAR, J.A. eta beste batzuk. Op. cit., 86. or.