Euskal artearen historia (IV): XX. mendea/XXI. mendeari begira

Wikibookstik
Hona jauzi: nabigazioa, bilatu

Testuingurua[aldatu]

Gaur egungo gizartearen fenomenologia-aztertzaileek uste dute mundua aro berri batean sartzera doala eta gizarte berri bat azaleratzen ari dela. Badira egiatan horrela pentsatzera bultzatzen duten sintomak. Gure aurrean ikusten dugun honek iraganeko pentsamenduaren eta zibilizazioetako iraultza handien antza guztia dauka. Eztanda demografikoak, teknikaren hedapen harrigarriak, energia iturri berriak, materiaren azken osagaiak ezagutzeak, giza genomaren argitzeak, automatizazioen eta zibernetikaren parametroak plazaratzeak, konputagailuaren ahalbideak, planeta arte guztiko komunikabidetan muga guztiak gainditzeak, erlijioaren eta soziologiaren hainbat alderdietatik kanporatzen den kontzientzia-mutazioa bera –New Age baten berri ematen dute batzuk, Ebanjelizatze Berria eskatzen du Joan Paulo II.ak–, osoko ikuspegi berri baten itxura du, kultura berria, gizarte berri batean. Arteak nola islatuko du aldaketa harrigarri hau? Iraultza horretan zein mailatan eragingo dio arkitekturak zein espazio eta ikonoen sormen jarduerak, gizarte eta kultura hau taxutzen, ikus arte berriek eta teknologia aurreratuek gaur egun eskaintzen dizkion mugagabeko birtualtasunak kontutan hartuta? Mahaigaineratzen diren galderak, baina eztabaidarik gabeko erantzunik onartzen ez dutenak dira. Gatozen geure esparrura, Euskal Herriko artera.

Euskal Herriko artea, bizibide eta karisma[aldatu]

Ugaritasuna arte jardueran[aldatu]

Euskal Herriko artearen erakusketa honen azkenera iritsita, gertakizun garrantzizko eta bistako baten gogoeta ezin daiteke ahantzita utzi: azken ehun urte hauetan arte jardueran eman den ugalketa. Ez dago zalantzarik gertakari hau ez dela Euskal Herriarena soilik, baina merezi du gure aldetik hausnarketa bat; izan ere, historialarien iritziz, herri honen gertatua da aurreko bi mendeetan arte gaietan eskas samar ibili izana. Oteiza 1950ean arte-lantegien eskola bat sortu nahirik, Madrilera, Arte Ederretako Zuzendari Orokorra zen Lozoyako Markesarekin hitz egitera joan zenean, erantzuna lehorra jaso zuen harengandik: «Zuek, euskal herritarrok ez duzue arte-tradiziorik, Eskolarik ez daukazue eta eduki ere ez duzue edukiko». Iritzi hori arrunta da, baita Euskal Herriko jende askoren artean ere:[1] garaiak aldatu egin ziren zinez.

Nire iritziz, ondorioek izango duten garrantziagatik, azken 30 urteetan Euskal Herrian arteak bizitu duen indarberritze horren guztiaren hiru alderdi azpimarratzea interesatzen zaigu: ertilarien arteko talde-mugimendua, arte irakasteko zentroak, maila gorenetan batez ere, gaur egun duten loraldi ikusgarria, eta bizitza artistiko horrek gizartean eta erakunde ofizialetan aurkitzen duen babesa.

Baskonian, bizitza artistikoaren «eztanda» XX. mendeaz geroztik ematen hasi zen, Paristik igaro ziren ertilariek sortutako lanetatik abiatuta, alegia. Orduantxe hasi zen Euskal Herriko margogintza Eskola mintzagai izaten. Gertakari hau, oraingo hau markatzen duen beste baten ondoan gertatu zen. Elkarteen fenomenoa dugu.

Elkarte artistikoen mugimendua[aldatu]

Historia honetako azken ataletan behin eta berriz aipatu dugun Euskal Herriko Artisten Elkartea 1911n eratu zen. Elkarte artistikoen mugimendu hau erarik ustekabekoenean zabaldu zen. Maria Jose Arribasek idatzi duen liburuan, gertakari honen dokumentazioa, XX. mendeko jarduera artistikoaren garapenari dagozkion beste batzuetarako ezinbestekoa den horretan, aipatu baizik egingo ez ditugun datuak eman ditu.[2] Gerrak eta haren ondorioek desegin egin zuten Euskal Herriko Artisten Elkartea.

Baina, urte gutxiren buruan, Bilbon sortu zen Bizkaiko Artisten Elkartea, ertilari plastikoen arteko laguntasuna sustatu eta haien interesak babestu nahi zituena. Ertilari mordoxka bildu zuen elkarte horrek, Arte-Batasuna zeritzona, sortu zen urtean bertan, Probintziako Arte Ederretako Lehen Erakusketa antolatu zuena; 60 ertilari baino gehiago bildu zituen.

Antzeko helburuak zituen Gipuzkoako Artisten Elkartea sortu zen 1947an Donostian, margolari, eskulturagile, grabatzaile eta Arte Ederren adiskideez osaturikoa; San Inazio Zirkuluan sartu zen eta baita Bergarako Errege Mintegian eta Oñatiko Unibertsitateko erakusketak antolatu ere, inolako abangoardia zaletasunik gabe eta joera guztiz errealistak zituztela.

Aipatzen ari garen Elkarte hauen xedea ez zen ertilarien bizimodua eta eginkizuna erraztea baino, eta beren artelanen erakusketak sustatzea, kalitatearen nolabaiteko zaintzea eginez, baina modernizatzearen aldeko asmo kontzienterik eta estilistikako inolako eskakizunik gabe.

Gaurko Artea zeritzana sortu zen Bizkaian 1964an eta egiten zituen erakusketetan 60ren bat ertilari biltzen zituen. UR Taldea, berriz, ondorengo urtean Gipuzkoan, «Bidasoako Eskola» ere esaten zitzaiona, eta lau margolari bildu zituen: Arozena, Tapia, Bizkarrondo eta Grazenea.

Elkarte-mugimenduak edo, taldeetan antolatzearenak besterik gabe, 1966tik aurrera Euskal Herrian indar izugarri eta eztabaidatu bat hartu zuen. Ordurako Oteizak argitaratua zuen Quousque tandem liburua, askoren ustez, euskal herriaren identitateari buruz bizitzen zen sorgortasunari ohartarazpen-astindua eman ziona, bere identitatearen arabera adierazpen-gaitasunari, alegia, eta liburuaren egileak nahi bezala benetako Euskal Herriko Eskola sortzeko ahalmenari, hain zuzen.

Urte horretako apirilean, Barandiaranen galeria donostiarrean erakusketa bat bazela eta GAUR Taldea jaio zen.

Gainerako probintzietan antzeko taldeen antolaketa sustatu zen:

  • Urte horretan bertan, uztailean Bizkaiko EMEN taldea ere eratu zen, oso joera desberdineko hogei-hogeita hamar ertilarik adierazpen-askatasunaren aldeko manifestu bat sinatu zuten;
  • gerora osatu zen Arabako ORAIN taldea, bost lagunekin,
  • jarraian, Nafarroako DANOK taldea.
  • Urte apur batzuk beranduago, 1975ean, Enkoari taldea sortu zen Iparraldean, abangoardiako fronte bat osatu nahirik.

Laster desadostasunak sortu ziren talde hauetan guztietan, bai estetika mailan nahiz gizarte eta politikako irizpideetan, horrela talde izaera apurka-apurka ezabatuz. Porrot hau ez zen, dena dela, eragozpen gertatu gerora estilistikako joera nabarmena eta zenbaitetan baita politikoa ere zuten taldexkak sortzeko:

  • Bilbo Taldea,
  • Abstrakzio Berria Taldea,
  • Zue Taldea,
  • Indar, Ikutze eta abar.

Denak ere iraupen gutxiko taldeak izan ziren normalean.

Abangoardien aurrean Nafarroa zuhur azaldu bazen ere, berehala ezagutu zuen indar harrigarrizko gertakari bera:

  • Triunfo aldizkarian Moreno Galván kritikariak eman zion izenaren ondoren jaio zen 1970ean «Iruñeko Eskola».
  • Interes berdintsuek eraginda sortutako elkarteak baino, estilistikoki iritzi berdinak zituzten familia mailako bilerak egiten zituzten beste talde batzuk jarraitu zuten: Baztango ertilariak (1970), Guk (1977) eta abar.

Mendearen azken aldera arte luzatu zen korrontea:

  • Pintamonas taldea, (1980),
  • Artea (1984),
  • El Punto (1988),
  • Alfredo Sada (1994)
  • Joan-etorriko bidaia (1993),
  • Defigurazioa (1994).[3]

Ondorengo urteetan Iruñeak halakoxe ospe bat lortu zuen 1972an sanferminetan, ikusleriak esku hartzea nahiko zuketen Topaketa famatuengatik. Populazioa mobilizatzea bazen kontua, Topaketak espero ez bezalako esku hartze arrakastatsua lortu zuen, baina herria, arteaz benetan arduratzea eta arte garaikidea zertan zen ideia argi eta garbi bat hartzea nahi bazen: porrota bikaina.[4]

Ospe handiagoa zuten taldeez ez dugu deus esango, abangoardiako artearen eragile izan eta Euskal Herriko mugetatik kanpo jaio eta bere baitan Euskal Herriko ertilariak hartu zituzten taldeez, esate baterako:

  • «Abstrakzioko lau eskulturagile», Oteizak ere esku hartu zuenekoa.
  • «Ekipo 57», Oteiza, Basterretxea eta Ibarrolaren partaidetzarekin.

Arte irakaspenerako zentroak[aldatu]

Azken hogeita hamar urteetako Euskal Herriko artearen aurrerapenerako garrantzi handiko bigarren gertakaria, goi-mailako Arte Irakaspeneko Zentroak dira, gizarteko kultur garapenaren eta Europa aldera irekitzeak berez emandako fruitu zirenak.

Gauza jakina da Erdi Eroan Europako arte-sorkuntza gremio famatu haietako batean bildurik geratzen zela. Eta bai ekonomian nahiz estimazioaren aldetik, eskulangintza-jarduerarekin, ez zegoela ofizialki ezagutzen zen alderik.

Errenazimentuak arte plastikoak arte liberalen barruan sartzea ekarri zuen, eta horren ondorioz, baita gaur egun arte-sormena esaten diogun horren balio bereziaren kontzientzia gero eta handiagoa ere. Lanbide horretarako jantziak ziren gazteak, herri mailako estimazioak emandako ospea zuten maisuen lantegietan prestatzen ziren ofizialki.

Arrazoi politikoak zirela eta, hurrengo mendeetako monarkia absolutistetan, jarduera horren zaintza burutzera iritsi ziren Akademiak, aldi berean irakaskintzako sistema bati kokamena eman zitzaion, delako zaintza zuritzen zuelarik. Horrela sortuz joan ziren Arte eta Lanbide Eskolak.

Ikusia dugu jada Eskola eta Akademia ofizialetan prestatzen zirela Euskal Herriko ertilari gehienak. Historiak argi azaltzen du, delako zentroetan, baliabide espresiboen menperatze teknikoa baino askoz gehiago ez zela irakasten, hala irakatsi ere, non gerora benetako sormen-izaera zutenak ordura arte jasotako eraginetik askatu beharrean gertatzen baitziren, horrela sortu zen akademikotasun deritzonaren esanahi gutxiesgarria.

Behar-beharrezko zen halako zentroetan, bai barruko arautegian nola programazioan eta ikasleei emandako adierazpen ahalmenetan, autonomia handiagoa edukitzea. Hau lortu ahal izateko ordea, Unibertsitate modernoetan autonomia zuten zentroetatik abiatu beharra zegoen

Behin Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zenetik aurrera, eta arte-elkarteek egina zuten garapena kontutan harturik, naturala zen goi-mailako irakaskintzaren mailan, Arte Ederretako Eskolen beharra sumatzea, batez ere, gerra zela eta Bilboko Arte eta Lanbide Eskola desagertuak izateagatik. Donostiako Arte eta Lanbide Eskola 1960an desagertu zen.

Jorge Oteizak urteak zeramatzan Estetika, Ikerkuntza eta Arte Irakaspeneko eskola baten fundazioa aldarrikatzen, Euskal Herriko Eskola baten errealitatea oroitaraziz; baina, Franko bizi izan zen bitartean autoritate ofizialak baztertu egin zituen bere ahalegin guztiak.

Azkenean, fundazio pribatu bati esker sortu zen bi urte besterik iraun ez zuen Debako Eskola. Handik gutxira (1977) Xabier Laka iritsi zen Aiako San Pedrora eskultura lantzera Reinaldorekin –Euskal Herrian sustraituriko gailegoa–, eta laster osatu zen lantegia osatuko zuen taldea –Aiako Lantegia, bederatzi lagunez osatua–, ustezko arte maila eta euskal gizartearen errealitate zehatzaren artean zegoen desfasea berdintzea helburu harturik.

Ordurako sortua zen (1969-70) Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretako Eskola, nahiz eta badirudien horrekin indargabetu nahi zirela modernitatearen ahaleginak eta irizpideak, zeinaren bidez euskal herritarrek beren irakaspeneko zentroak ireki nahi baitzituzten. Oso sinesgarria gertatzen dena bestalde, bere lehenengo zuzendarien kudeaketa garaian Eskolako arautegiak eragin zuen eztabaida gogoratuz gero, erregimen politikoaren bitartez, Eskolak beharrezkoa zuen autonomia iritsi zuen arte.

Iruñean ere fundatu zen (1969) Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskola.

Donostian, arte mailan sustapen eta hezkuntzari buruzko jarduera artistikorik garrantzizkoena Artelekun kokatua zen.

Erakunde ofizialen eragina[aldatu]

Jarduera artistikoa gizarteko gertakari garrantzizko bihurturik, erregimen politikoa aldaturik eta autonomia-estatua sortuz gero, ondorio naturala izan zen erakunde ofizial berrien aldetik jaso zuen laguntza. Bi autonomi erkidegoetako –Euskadi eta Nafarroa– gobernuetan bertan eta lurraldeko Diputazioetan bakoitzari dagozkion kultura-sailek beren gain hartu zuten erantzukizuna eta oso modu eraginkorrean lagundu zuten Euskal Herriko artearen garapenean, erabaki praktikoak hartuz.

Euskadiko Gobernuaren aldetik, Komunitateko arte galerien proiektuetarako ematen dituen subentzioetan eta Bilboko Arte Ederretako Museoarentzat urtero ematen duen laguntzaz gain, bere ekimenik arranditsuen, ikusgarrien eta diru parrastagarriena Guggenheim Museoaren eraikuntza eta sorkuntza izan zen. Bi museoek ere jasotzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren diru laguntza.

Foru Aldundiaren aldetik, autonomia erregimena eratu zen unetik beretik:

  • Bizkaian Grabatu, Pintura eta Eskulturako Sariak sortu ziren. Onarpen ona izaten zuten eta ertilariei laguntzen zienarekin batera, kritikak eta eztabaidak sustatzen zituzten arte-joera berriei buruzkoetan. Sariketara aurkezten ziren lanekin erakusketak egiten ziren, katalogoetan argitara ematen, eta Foru Aldundiak sarituriko lanak eta aszesiak bereganatzen zituen.
  • Ertibil zeritzan erakusketa ibiltari bat ere antolatu zen; Bizkaiko herrietan barrena ibili zen, gaurko Euskal Herriko artea ezagutzera emateko eta ertilariak sustatu asmoz. Gaur oraindik arte plastikoetarako bekak ematen dira, aurreko urteetako bekadunen lanen erakutsiz jasotako laguntzen emaitza delarik.
  • Foru Aldundia erakusketa aretoak jartzeaz arduratu zen. Erakusketa areto bi bikain sortuak dira (Errekalde I eta II),
  • Oraindik gordetzen den ohitura da sariak ematea eta lanak eskatzea, –eskulturak batez ere– hiribildua apaintzeko. Bertako kaleak, parkeak eta plazak edertzen dituzten eskulturak ehun bat izatera iritsiko dira egun. Bizkaiko Saria kendu zenean, horretarako zen aurrekontua Euskal Herriko ertilarien lanak erosteko erabiltzen da.
  • Lurraldeko beste museoen sostengurako laguntza mardula ematen du, arte sakrorako eta arkeologikorako, esate baterako, eta arte ondarearen zaintza eta zaharberritzeaz arduratzen da.

Gipuzkoa eta Araba[aldatu]

Euskal Herriko erakunde ofizialen aldetik, Euskal Herriko artearen garapenerako laguntzen zerrenda hori ez errepikatzeko, esan dezagun soilik, Gipuzkoa eta Arabako Udal batzuetan Bizkaiko sistemaren antzeko bat jarraitzen dela.

Zehatzago esateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak oso funtsezko mailan laguntzen dio:

  • Arteleku zentroari,
  • San Telmo Museoari,
  • Koldo Mitxelena Kulturuneari, ertilari gazteei beka eta laguntza sail bat ematez gainera. Hauek dira Gipuzkoako museoetako erakunderik garrantzizkoenak.

«Gertaera adierazgarria da –idazten du Saenz Gorbeak honi buruz– halako sariketa pila Euskal Herrian antolatzea... Gogoratze hutsa argigarri gertatzen da: Gure Artea, Bizkaiko Artea, Bilboko Hiribildua, Zornotza, Santurtzi, Sestaoko Euskal Herriko Artearen Bienala, Donostiako Hiria, Zarauzko Eskultura, Zeramika eta Horma-margolana, Gasteizko Bienala, Nafarroako Jaialdiak, Iruñea Hiria, Irudikatu Euskadi, Osakidetza pintura eta eskultura, Arte Ederren Eskolan bertako sariketak ala Gernikan edo Gasteizen eskulturak jartzeko deialdiak».[5]

Galeriak eta erakusketa aretoak. Arte jarduerarekiko beste interes ofizial eta sozialaren lagina da hirietan zehar hamarnaka azaltzen diren galeriak eta erakusketa aretoak. Iruñean soilik hamalau Erakusketa Areto sortu dira, hauetatik hiru Nafarroako Gobernuarenak dira eta beste hainbeste Udalarenak. Lizarra eta Tuteran ere badira. Iruñean gainera, 16 galeria pribatu ireki ziren, eta Erakusketa Aretoarekin Kultur Etxea duten Udaletxeak 24 dira. Nafarroako Gobernuak, arte plastikoen alorrean bederatzi lehiaketetan ematen ditu sariak urtero.

Banku eta erakunde batzuk beren aldetik eta bereziki Aurrezki Kutxek kulturaren alor garrantzitsu honen garapenean laguntzea erabakitzen dute, gizarteko lanen sailetatik.

Artea bizibide bihurtzea[aldatu]

Aurreko egoerarekin alderatuta, gertakari hauek denek argi erakusten dute, arte ekimena edonoren eskuetan dagoela dirudien lanbidea bihurtu dela. Ondorio onek arazo interesgarri bat azaleratzen du, eta horren erantzunak etorkizunerako artearen historiari emaitza onak sor diezazkioke.

Gaur egun arte zaletasunik duen edonork bere lanbidean prestatu ahal izateko eta dagokion teknika menderatzeko bitartekoak erraz aurkitzea eta jarduera horretan saiatzen direnak gero eta gehiago izateak nahi horien prestaera bereziak laguntzen du kultur maila goratzen eta gizarte osoaren zentzu estetikoa garatzen, eta Euskal Herriarentzat onuragarri izanik denok estimatu behar ditugun gertaerak dira.

Baina, abantaila hauen ondoan, artearen alor honetan zein kulturaren beste alorretan, larritzeko fenomeno baten sintomak ikusten ditu begirada lasai eta inpartzial batek: masifikazioa, balio kualitatiboa bermatzen ez duen gehitze kuantitatiboa. Masifikazioak, unibertsitateko irakaspen maila eta sektore guztietan frogatzen ari diren bezala, eskakizun kualitatibo ororen muga jaistera behartzen du. Arteak ezin dio ihes egin halabehar horri. Eta hutsalkeria negargarrietara jaisten ari da Arte Ederren praktika.

Barakaldon 1971ko uztailean ospatu zen Lehenengo Arte Plastikoen Erakusketako ordezkariek –Moreno Galván, Santiago Amon eta Enmanuel Borja– adierazpen batzuk egin zituzten, ertilariek eta Arte Ederretako Eskolako ikasleek eraberritzeko egitarautzat onartu zituztenak: zentzuduna eta egokia, besteak beste, orduko hartan Arte Plastikoetako Eskolaren egun haietan hasitako funtzionatzeko modua kritikatzen zuena. Lan horretan argi eta garbi azaltzen dira hemen aipatu nahi dugun arazoa jada iradokitzen duten ideiak, eta arte jardueraren arrunkeriatzat har ditzakegunak.[6]

Orain urte batzuk, Estetikan aditua zen batek bizitzako maila guztietan artearen «leherketa» bati buruz hitz egiten zuen, arte garaikide hau «garbizalekeriaren aurkakoa» zela esanaz. «Egunetik egunera –zioen– zehaztasun gutxiago dute hain argiak izan diren bereizitasun tradizionalok, artea eta erabilera, artea eta bizia, artea eta ikuslea, bidea eta mezua».[7] Gaur egun iraingarria gertatzen da –zioen idazle honek– artearen oporraldi bezalako usteari eustea. Zerbait berezia izatearen edo horrela hartzearen ideia kendu egin behar zaio arteari, berea duen emozio sakonen sublimazioa –ala errepresioa– definiziotik askatu egin behar da. Idazle honentzat arte tradizional guztia «garbizalekeriaz» josia izan da. Artea lehenago ez zen orain izan nahi duen «adierazle hutsen jokoa».

Ordurako Rubert de Ventósek jada, bazirudien artea bizitzara gerturatzeko, edo hobeto esan, bizitza arteagana hurbiltzeko aholku eman nahi zuela: «irudimena, bizitza praktikora eraman, erlijioaren, jantzien, kosmetikaren, politikaren, gizarteko harremanen eta sexuaren artean barreiatuz».[8] «Arteak ez du «mensajea» izan behar masajea baizik».

Ohar hauek badute, gure ustez, bere umore apurretik eta ironia kritikotik, etorkizun historiko onuragarri, aldaezin eta aitzakiarik gabeko baten baieztapena baino gehiago. Zera da bitxiena eta deitoragarriena, arte munduko beste alorretan tankera bereko esaera zirikatzaileak entzun eta irakurtzen direla:

«Ez dezagun estasirik bila bizitzatik kanpo. Akaba dezagun artearen ikuspegi esoterikoa eta arte jardueraren edonolako ikuspegi elitista». «Artea Zeuk egin dezakezun guztia da», zioen Marshall Mc Luhanek jada. «Edozein izan liteke ertilari norberak nahi izanez gero», zioen Beuys-ek. «Inork artea dela badio, orduan artea da» (Donald Judd). «Mozart gaur biziko balitz, rock-zalea litzateke» eta halakoak. Slogan hauek errepikatu egiten dira eta ederki egurasten dira egun gure Arte Eskoletako geletan eta korridoreetan.

Arte sormena eta sentiberatasun hartzailea[aldatu]

Berriro ere kultura eta arteari buruzko itsaso zabal horretan argudio argiak eta zehatzak emateko ezgaitasuna begien bistan azaltzen da. Arte-sormena eta doktrina estetikoa lantzen nahikoa mende igaro da, sentiberatasun estetikoa jarduera artistikoaren ikusmolde baten ondoan zerbait desberdina balitz bezala bazterrera utzi behar izateko. Ematea eta hartzea ez badira gauza bat bera, emoziozko malkoak begietan dituztela entzun eta beren musika txalotu dituzten milaka lagunen sentiberatasunarekin ezin ditugu Haendel edo Mozart sormen dohainak ezagutu. Jakina, ezin eskatuko diegu gure eskulturagile guztiei Buenarroti edo Berninik bezain prestakuntza sendoa izatea, ezta gure margolari guztiei ere Velazquez edo Rembrandten trebezia. Baina, nahikoa buru-argitasun izan behar da konturatzeko gizaki guztiok dugun eta agian paleolitoko gizatiartzearen ataria markatzen duen sentiberatasun estetikoa ez dela patuak gizaki jakin batzuei ematen dien karisma, gizakion bizitza lurtar hau eramangarriago egiten duten obrak sortzen dituena.

Euskal Herrian, Jorge Oteizak bere bizitza osoan eutsi zion ertilari herri baten ametsari dagokionez, bere hispanoamerikar aldiko abenturan uneren batean encontrismo izena izan zitekeela otu zitzaion, alegia, naturan paseoan ibiliz edonork aurki zezakeen eta galeria bateko stand-era eraman, halako gauzaren baten adierazpenean edertasuna sentitzera mugatzen zen dohain «artistiko» bat. Egiatik hurbilago ibili zela uste dugu, beranduago honako hau idatzi zuenean: «Artearen lanbidea –margolari gazteok, zuei gogorarazi nahi dizuet– bokazio heroikoa da. Herioren aurkako borroka adierazi nahi du, espirituaren bizitzarako prestaketa neketsu eta zail batean zehar. Salbameneko negozio metafisiko horrek zeuon bihotzetan ukituak sentitzen ez zaretenok, ez ezazue margotzen jarrai. Ezagumenezko senik gabe, betiko bizitzaren senik gabe, lanaren gainerako motibazio guztiak erlijiorik gabea bihurtzen dute, eskas eta likits».[9]

Argi dago kontua ez dela Artea Erlijioarekin identifikatzea, Oteizak nahi zuen bezala, ezta «erromantiko basati» haien ideietara itzultzea ere, hauentzat ertilariaren bizitza bailitzateke artearen helburu nagusia, merezi beza izatearen eta gizonen gizarteko beste balio guztiak sakrifikatzea. Hori litzateke beste muturra, beraz baztergarria: estetizismoa. Artearen ulermen erlijiozko pertsonaletik, oriotar ostetsuak aipaturiko hitzei ematen zien erlijio-kutsua kentzen bazaie, zalantzarik gabeko egia adierazten dute, «naturaren dohain» bat, edo «karisma» bat dela, ezin identifika daitekeena zaletasun estetikoarekin eta are gutxiago lanbide jakin baten interesarekin.

Gure ustez, Euskal Herriko artearen historia zintzo eta benetako batek, azken aldi honetan milaka «etorkizun oparoko gazteei» irekita dagoen lanbide jarduerarako Euskal Herriak egun eskaintzen dituen erraztasunak gogorarazi dizkigunak, ezin du amaitu lanbideren eta karismaren arteko funtsezko bereizketa honetan arreta jarri gabe. Ikusle soilaren bat-bateko inpresioa da, lanbide artistikoak ugaltzeak garia lastoaz nahasirik dagoen zelai izugarri zabal bat ireki duela, eta adituak berak lantegi esperimental handi batean murgildurik direla non, oraingoz bederen, dena balekoa den.

Bai ertilarien mailan bai kritikoen mailan, nazioarteko izateagatik besterik gabe kanpoko korronte horietara irekitze txoro horretan, nolako arriskuak dauden jakiteko ezaguera garbirik ez dutela esatera ausartuko ginateke. Neurri handi batean, kanpoko abangoardiak, Estatu Batuetan batez ere, zer egiten duen ikusi eta onartzeko ahalegin horretan, bertako joeren ondoriozko ezabatzearekin etorri dira inork uka ez ditzakeen mendekotasun estetikoak: huskeriak, edukirik gabeko edukitzailearekiko gurtza, zentzurik gabeko berritasunaren bilaketa, eta ororen gainetik, «bigarren mailako» herrialdeen gurea bezalakoena, hala baita zeharkako eta kontzientziarik gabeko menpetasuna dolarrarekiko.

Eta gure Arte Eskoletako gelatan jeinu sortzailearen ideiez eta jarduera artistikoaren edozein izaera elitistez ere barre-algaraka ari direnei oroitaraziko nieke, merkatuan arrakasta handia duen Antonio López margolariak zintzotasunez esan duena: «Nire ustez benetako artea oso bakanetan baino ez da gertatzen».

Hitz egin al daiteke Euskal Herriko eskola batez? Eztabaida[aldatu]

Bitxia gertatzen da eta esanguratsua, aldi berean, frankismoaren garai minean –berrogeita hamarreko hamarkadaren azken urteetan eta hirurogeiko hamarkadaren hasieran–, Euskal Herriko Eskola baten gaiak Euskal Herriko ertilarien inguruan, gogoak sutzeko eta eztabaida pizteko arrazoiak izatea, eta egun, berriz, demokrazia- eta askatasun-giro batean, gai hau ia ahazturik edukitzea.

Urte haietan Euskal Herriko Eskolaren sustapena mugimendu estetiko eta etikotzat ulertzen zen –hortaz, baita guztiz onartu gabeko inplikazio politikoena ere– eta Euskal Herriko artea sustatzeaz gainera, Euskal Herria modernizatzeko oinarrizko eragile bihurtu beharko zuen.[10]

«Euskal Herriko Eskola» sortua zenaren ia aho bateko adostasunez eta, batez ere, babestu eta lagundu egin behar zitzaiolako konbentzimenduz sortuak izan ziren 1966an, orrialde hauetan hainbat alditan aipatu ditugun lurraldeetako taldeak: Gaur, Emen, Orain eta Danok.

Talde hauek pasakor samarrak izan baziren, esan beharrezkoa gertatzen da taldekideen artean Euskal Herriko Eskola bat zirelako iritzietan erabateko adostasunik ez egoteagatik zela. Elkarren arteko lan estetiko, kultural eta nazional hau burutzeko moduei eta aukerei buruzko Oteizaren baieztapen eta eztabaida sutsuen aurrean zegoen Txillida, Gaur taldeko kidea izanagatik, delako eskolaren izaera ukatzen zuena. Lurralde bakoitzean euskal taldeen eraketarako balioko zuten irizpideak agertzea egokitzen zenean ezberdintasunak begien bistan nabarmentzen ziren, zeren eta haien arteko batzuengan elitismoa nabaria zen eta oinarri estetiko jakinen onarpena eskatzen zenean, ziurtzat ematen zen beste batzuengan hainbat joeratara irekiak zirela. Telebistan ohituak geunden, hainbat eztabaidatan egiazta dezakegun bezala, elkarrizketa nahasien zeremoniara zigorturik zegoen, ez baitzen hasten hartu behar ziren erabakien kontzeptuak bereizi eta argitzetik, ezta eztabaidagai zen haren funtsezko argibideetan adostasunera etortzen ere.

Euskal Herriko eskolaren adierak[aldatu]

Bazter dezagun nahasmendu hori eta esan dezagun Euskal Herriko Eskola esaten zaionak hiru edo lau adiera desberdin izan zitzakeela, honako hauei buruzkoan: egoera politiko baten errealitatea edo talde nazionala izatea, ezaugarri estilistiko komunak zituen taldea izatea eta herri jakin baten idiosinkrasia.

1.- Lehenengo adiera sarritan erabili izan da artearen historian, bere xalotasun eta argitasunagatik edonolako eztabaidak saihesten dituena. Elizaren ondasunek 1838an desamortizazio-legearen ondorioz nozitu zuten balio-gutxitzea aprobetxatuz Orleansko Luis Felipe Erregearen kontura Espainian Baron Taylorrek 400 margolan eskuratu zituen eta gauza artistikoak Louvre Museoan erakusgai jarri zirenean, Parisko ikusleriari delako gertaeraren berri ematean «Espainiako Eskola» baten bilduma zela azaldu zitzaion.

Gaur egun oraindik izen arrunt horrekin hitz egin daiteke alemaniar, italiar ala daniar eskola batez. Beharbada lurralde soilaren adiera horren aldagai bat baizik ez zen izan Euskal Herriko ertilari batzuk, eskulturagileek batez ere, pentsatzen zutena, izan ere, 50-60ko hamarkadan «Euskal Herriko Eskola» batez hitz egitean fronte kultural bat bezala ulertzen baitzen, lana jatorrizkoa eta norberarena izatea, beste eskakizunik gabe.

Diskurtso teoriko horren barruan euskal kulturak nozitu zuen kutsatzea, kanpoko beste zibilizazioen harremanetan sorturikoa, baztertu nahi zen. «Euskal Herriko Eskola» bat eratzeak jatorrietara itzultzea zuen eskakizun, orduko hartan abangoardiako ezaugarritzat bizi izan zen erabakia zelarik.[11] Esanguratsua gertatzen da, Euskal Herriko Eskola baten lehian Oteizak bere aldetik bere garaiko arte tradizionalarekiko jarrera haustaile bat hartzen zuela, eta beste alde batetik, berriz, harrespila neolitikoarekiko loturak bilatzen zituela.

2.- Zentzu zorrotzago bat ematen zaio «Euskal Herriko Eskolari» estilo jakin bati buruz jardutean. Esanahiaren zehaztasun hori iraganaz hitz egiten denean adierazten eta aplikatzen da bereziki. Esate baterako, artearen historiako ikerlarien azterketak XV. eta XVI. mendeetan justifikatzera eraman zuen «Eskola Florentziarra», «Veneziarraren» edo «Bolognarraren» aldean desberdina zelako. Kontzeptu honen eskakizunak dira:

  • maisu ala buruzagi batzuk bazirela frogatua izatea,
  • jarduera, irakaspen eta laguntzarako lantegi edo lokala edukitzea,
  • estetikari buruzko halako dotrina bat edukitzea,
  • eta zantzu estilistiko berdindua, taldearen ezagutza hartzen lagunduko zuena izatea.

3.- Oteizak 50-60ko hamarkadan «Euskal Herriko Eskola» sustatu asmotan zebiltzanen taldeak mobilizatu zituenean, «modernitatearen lehia» zen elkartzeko arrazoia, ez estilo bat berarekiko leialtasuna.

Ez urte horietan, ez egungo une honetan, ezin daiteke zentzu hain itxian hitz egin «Euskal Herriko Eskolaz». Iraganeko aldi haietan artearen garapeneko erritmoa bere formaren alderdian geldo samarra zen ertilarien belaunaldi batzuen ohiko jardueraren aldartea harrapatu ahal izateko.

Egungo egoeran alderantziz gertatzen da, norbanakoaren berezitasuna bilatze apetatsuak, ertilariak eskumenean dituen teknika ugariak, eta gizarte mailan abangoardia kontzeptuari egiten zaion abegi baikorrak, gaurko Baskonian –eta beste edozein herrialdetan– guztiz ezinezkoa da «Eskola» bati hitz egin ahal izatea hitzaren esanahi hertsian, arte historialariek arrunki onartua eta erabilia duten eran.

Jorge Oteizaren idatzietan eta esaeretan aurkitzen ditugun zalantza eta kontraesan ugarietatik atera daiteke «Euskal Herriko Eskola bati buruz ari zenean hirugarren esanahi batez mintzo zela. Euskal Herriko Eskola baten baitan bilduko ziren, besteak beste, euskal idiosinkrasia baten isla izan eta gaur egun herri baten identitatezko hizkuntza, bere-berea duen mintzaera, pentsaera, sentimena eta bakoitzaren portaera sozial eta politikoarekiko zantzuen ikuspegi eta logikari zegozkien lanak egiten zituzten ertilari guztiak.

Baina bereizgarri horiek aipatu eta zehaztea erreza bada, ez da hala gertatzen artistikoki delako ezaugarri horiek dituzten zeinu estilistikoak aurkitzea. Eman dezagun planteamendu horri baiezkoa esatea ez dela erraza, artea eta kultura errealitate bizi eta dinamikoak direla kontutan hartzen bada. Zein herriz ari gara? Euskal Herri barruko, baserri giroko eta idiliko, zeinaren amets giroan heziak izan ginen hartaz agian, ala Baskonia moderno, industrializatu eta borrokalari, ehun urtetako immigrazioez josia, eta Espainia eta Europan sartzeko arazoetara irekitako hartaz?

Euskal identitateari buruzko idatzietan Julio Caro Barojak hizkuntzaren berezitasuna aipatzen zuen eta «herrien psikologia» aztertzen dutenen gai-ardatza den «irudikapen kolektibo» horiez mintzatzen; baina, aldi berean, kulturak eta herri bakoitzaren historian pasatzen diren zikloek beti berekin duten izaera dinamikoa gogorarazten zuen. Aldaketa kulturalean zortzi ziklo, alajaina, aurkitzen zituen Caro Barojak Euskal Herriaren bilakaera historikoan.[12]

Paradoxazkoa ere bada, bestalde, Euskal Herriko Eskolaren trikimailua antolatu nahi izan duten horiexek izatea Euskal Herriko artea modernitatera gidatu nahi zutenak berak. Azkarra bezain argia izango den espiritu baten agerpenaren zain egon beharko da agian, herri-folklorezkoa den guztia utziz, euskal tradizioaren oinarri sakonenak eta jatorrenak galdu gabe, Euskal Herriko artea modernizatzeko gauza garela azaltzeko. Oraingoz behintzat, Euskal Herriko Eskolaren profeta izan den Jorge Oteiza harengan borondatea baizik ez dugu ikusten, Joan Antxietaren eskultura hazi eta hanpatuetan tarte eta hutsen modelatu bat ikusi nahirik eta neolitoko harrespiletako artean bere «espazioa hustea» izango denaren sehaska aurkitu nahi horretan tematua.

Hau esanda, ez gara zigor beldur, euskal herria den errealitate honi buruzkoan aitortzen badugu, identitate-aztarnek ageriko lekuko plastiko bat utzi behar izan dutela arte-adierazpenetan, non eta hauetan estilo estereotipatu eta iraunkorra ez den bat ikusten den, baizik besteekin batera etengabeko garapenean eta bereganatze gorputz batean. Eduardo Txillidak «Euskal Herriko Eskola» batean ez zuela sinesten aitortu ondoren, gai honetaz ezer gutxi jakin arren, bera euskal herritarra zenez, «euskalerritar izaera» horren arrastoren bat bere artelanetan gelditua izango zela esaten zuen.

Beste nonbait ere esan dugu[13] euskal kulturan nolabait ere iraunkorrak diren aztarnen eta mendeetan barrena Euskal Herriko artearengan ikusi ditugun ezaugarri batzuen arteko harremanak ikus daitezkeela:

  • lurrarekiko halakoxe lotura bat –mende luzeetako baserritarrek berezkoa dutena– hiriko kulturara iritsi denean –Caro Barojak aipatu bezala– «industria gizon» bihurtua eta ez «letra gizona».
  • historiarekiko baino handiagoa den geografiarekiko gertutasuna, gure arteko eskulturaren ordezkariek, Txillida, Oteiza eta Mendiburuk, besteak beste, artisau zigiluetan islaturik, erakusten duten lanean material tradizionaletako zaletasunean (zura eta burdina) azaltzen dena;
  • setakeriaraino iristen den indarraren eta energiaren erakusketa, bizitza eta adierazpide berrietarako duen erresistentzia azalduko lukeena;
  • mitoei eta haraindiko errealitateen zentzuari ematen zaion bertsio ageriko eta plastikoan ikonorik eza, euskal herritarrek irudiekin baino zeinuen eta sinboloen bidez adierazi nahigo dituztenak – hilarrietan, kutxetan eta abarretan.
  • bizitzaren aurrean benetakotasun eta zorroztasuna –janzkeran ere badena–pragmatismo soil batean egokitua; arkitekturan esate baterako, sendotasuna, ekonomia eta edertasuna baino gehiago tinkotasuna bilatzen duenez «Euskal gotikoa» deritzona;
  • espazioaren eta «espazioko formen» zentzu bat, izaera abstraktuarekin (izan) baino hobeto egokitzen dena egotearekin (egon) –Xabier Zubiri filosofoak zioenez, «izatea»-rekin identifikatzen den errealitatean «egote» bat da–, zeinaren baliokide estetikoa suma daitekeen gure arkitekto eta ertilari plastiko sonatuenen hirigintzako kezketan.

Euskal Herriko Artearen Historia honetan noizean behin esan eta idatzi behar izan ditugun arrasto estilistikoak dira, eta Euskal Herritik kanpo Euskal Herriko Eskola batez hitz egiteko arrazoibide izan direnak gainera. Carlos Areanek duela urte batzuk hau idazten zuen:

  • «Eskola hau, irudi gutxi eta benetakotasun handikoa da, zuzen-zuzeneko egitura eta adierazpide xumea duena. Hemen espazioa forma bihurtzen da, huts baten ezerezaren argitan, presentzian, bere barruko taupadez haratagoko harrapaezinera irekitzen gaituela dirudiena».

Eta Fernando Chueca Goitia arkitekturako historialariak antzeko anbiguotasun poetikoarekin idatzi du:

  • «Baskoniako egiazko estiloa sakona, funtsezkoa eta lehen mailakoa; paisaia baten hondoan txertaturik dago, arraza batean, gizarte batean; ez da ezartzen, Florentzian bezala, buru jenial batzuen antzera, idulki gainean. Ez da Historia, Natura baizik».

Globalizazioaren aurrean[aldatu]

Euskal Herriko Eskola baten izaerari buruz ertilari eta historialarien jarrera adostasun osokoa ez izatean, arazoa ilun eta korapilatsu bihurtzen da berehalako eta ezinbesteko globalizazioan kokatzeko heltzen baldin bazaio. Ezinbesteko pentsamolde bat ez delako, gertakari bat baizik, eta Trenbidea, Irratia ala Telebista diren bezain egiazko eta egunerokotasuneko suhar delako. Globalizazioa lotura-modu konplexu gisa ezagutzen da, bat-bateko informazio- eta komunikazio-sistema batetik abiaturik, hazkunde azkar eta gero eta trinkoagoa den elkarlotze eta elkarren menekotasun-sarez lorturikoa, egungo bizimodu modernoaren ezaugarria eta ohiko herrialdeen, arrazen eta zibilizazioen arteko mugak gainditzen dituena.

Kultura eta artearen globalizazioa[aldatu]

Gaur egun berotasunez hitz egin, idatzi eta eztabaidatu ohi da globalizazioari buruz, baina ia beti ekonomia mailako globalizazioaz, hots, merkatu finantzarien arteko mendekotasun-harreman modura. Globalizazioa den bezala hartuz egin beharko litzateke eztabaida, aniztasun-dimentsioan alegia. Ekonomiaren ikuspuntutik soilik heldu izan zaiolako sortu da gatazka, eta erresistentziek biolentzia kutsua hartu dute, non, sartaldeko herrialde guztietan baden jada «globalizazioaren aurkako» fronteren bat. Hemen, globalizazioaren gertakaria saiatuko gara aniztasun-dimentsio horren barruan gaingiroki heltzen kultur eta arte globalizazioaren gaiari.

Hasteko, onar dezagun globalizazioa ez dela fenomeno berri eta bat-batekoa. Mugimendu baten azken etapa da (gaurkoa) gizonaren eta gizarteen artean zehazten den komunikazio-sistema batena, zeinaren garapen eta hazkunde aldiak ederki ezagutzen ditugun teknologia berri izenarekin defini daitezkeenak: gero eta azkarragoak diren autoetan bidaiak eta joan-etorriak, inprenta, korreoa, argazkigintza, telegrafoa, telefonoa, zinea, Telebista, Faxa, korreo elektronikoa, eta azkenik, Interneta. Informazioko azken teknika hauxe izan da «informazioa mundu mailako bihurtze» bat eragin duena. Har dezagun hausnartzeko, zenbait estatistikaren arabera, Internet bidezko bat-bateko komunikazioa, gaur egun, 500 milioi erabiltzaile baino gehiagoren eskuetan dagoela eta Europako Batasunean bataz besteko tasak ziur asko bere populazioaren herena gainditzen duela. Gaur dena globalizatzeko joeran gaude, eta bereziki irudien eta ikus-sinboloen mundua. Eta hortxe aurkitzen gara segituan artearekin.

Lurraldetasun eza[aldatu]

Globalizazioak batasunera jotzen duela suposatzen da, eta kultur globalizazioak beraz kulturaren batasunera eramango duela, eta honen barruan, hizkera artistikoaren batasunera. Honi dagokionez, globalizazioak lurraldetasunik eza deritzon fenomenoa eragingo duela esan izan da. Kultura bat bera eta unibertsalak bertako kultural desegingo lituzkeela. Kultur jardueraren zati moduko arteari dagokionez, dena batzuek uste duten bezala joango balitz, kultur eta arte dimentsioko globalizazioak Euskal Herriko kultura eta artea ezabatuko lituzke. Euskal Herriko Artearen Historia honetan, XIX. mendearen azken aldean zehar gertatu zen modernizazioaz aritzean, azpimarratu dugu ertilari ikasleek, pentsionista eta bekari gisa, egin ahal izan zituzten bidaien garrantzia, Madril, Erroma eta batez ere Parisera, modernitatearen hirietara joatean. Bada, gaur egun ez da etxetik edo norbere lantegitik irten beharrik, istant horretan bertan Londres, New York ala Venezia eta Kassel-go galerietan ertilaririk ausartenak zertan ari diren ala zer erakusketa jarri duten jakin eta ikusteko.

Globalizazioaren aurka[aldatu]

Baina, epe ertaineko ikuspuntu moduan, kultura global eta bakarraren ideia hau. informazioaren teknologia harrigarriaren bitartez errazturiko honek ere baditu kontraesale amorratuak. Komunikazioaren munduan lotura sistemak hedapenez, perfekzio teknikoz eta bat-batekotasunez aurreratu egingo duela pentsatzen da, eta geldiezinezko aurrerapen horrek «pentsamendu bakarraren», «merkatu bakarraren» eta «kultura bakarraren» mamua egia bihurtuko duelako beldur da zenbait jende. Bistakoa da lotura konplexu eta unibertsal horrek ahuldu ditzakeela bertako kulturaren arteko harremanak. Baina, aurreikus al daiteke delako kultura jakin eta berezi horien desagertzea?

Ezer baino lehen, kontura gaitezen globalizazioaren fenomenoa, oraingoz bederen, sartaldeko arazo bat dela, eta hori horrela, zenbait ikerlarirentzat, globalizazioaren teoria «sartaldera bihurtzearen» teoria da, baina beste izen batekin.

Kultura globalizazioaren kontraesan[aldatu]

«Globalizazioaren zaputz egile» izena eman zaion John Gray pentsalari britainiarrak kritikatu egin du globalizazioaren ideia bera ere, kultur egitasmo gisa unibertsaltasuna gaitzetsiz, eta hau guztia, kulturaren kontzeptu zuzen bategatik; izan ere, berez, desberdintasunaren adiera dela ulertu behar baita. Kultura, bizimodu, portaera eta gizonaren adierazpide den aldetik, aniztasunaren barruan ulertzen da batez ere, tokikotasunari begirune dion fenomenotzat bereziki. Kultura eta Globalizazioa, berdintasun unibertsalaren zentzuan «kontraesan in terminis» bat izango litzateke.

Carl Marxek irudikatu zuen XIX. mendean humanismo kosmopolita, proletalgoaren interes kosmopolita benetakoen aurka jartzen zen nazionalismoaren eta aberriaren indar erreakzionarioen gainetik ezarriz joango zena. Gaur badakigu Marxen akatsa izan zela lotura etniko eta erlijio-loturen indar iraunkorra gutxiestea. Marsall McLuhan ere tronpatu egin zen Telebistak mundua herrixka global bat bihurtuko zuela aldarrikatu zuenean. Metafora gezurrezkoa suertatu da. Herrixka baten ezaugarri nagusia da biztanle guztiak ongi ezagutzen dutela elkar, eta gainera ahaide ere badirela elkarren artean. Harreman estu, bero eta baita minak ere, izaten diren tokia da herrixka. Aldiz, gaur bizi garen mundua oso urruti dago ezagutze harreman min horretatik. Ez da, ez, herrixka global bat, onenean «metropoli global» bat baizik, Ryszard Kapuscinski-k dioen bezala. Poloniar kazetari azkar honek, egoki ohartarazi digu Hirugarren Munduko herriek, kolonizatuak izan diren heinean, beren duintasunaren kontzientzia oso bizia hartu dutela eta gero eta gehiagoko estimua beren nortasun zantzuekiko, Sartaldekoen aldean oso bestelako herri izatearena. Ez du erraza izango globalizazio batek beren tradizio, sinesmen eta pentsamolde, hizkuntza eta portaeraren ukapena onarrarazterakoan.

Honek guztiak zerikusi handia du Euskal Herriko artearen geroarekin.

Gure aroko Hirugarren Milurtekoan arterik izango bada, globalizazio saihestezin baten aurrean itxi gabe, herri jakin baten artea bezala ezagutzeko estilistikako zeinuak gorde ditzan, komunikabideen gain ahalmena eta eskumena dutenak, –botere politikoa dutenak ez izanik, hain zuzen ere– aniztasuna onartu gabe ez dagoela benetako kulturarik ulertzeko eta sentitzeko behar bezain gizatiar izan beharko dute. Euskal Herriko ertilarien dagokiena ere izango da, abangoardien fetitxismotik askaturik, –sarritan helburu plutokratikoak direla eta artifizialki sustaturikoak– globalizazio dogmatiko eta materialista baten izenean sakrifikatu behar ez den herri baten adierazpen moduan beren identitate kontzientziari bizirik eutsi diezaioten. Bai batek nahiz besteak, denek ulertu beharko lukete Sartaldean sortzen ari den kultur giro berriak bake, adiskidetasun eta elkar aberastearen eragile izan daitekeela eta izan behar duela. Egiazko kultur globalizazioak harreman-esparru aberasgarriak eta harreman ugalkorrak sortu beharko lituzke.

Erreferentziak eta oharrak[aldatu]

  1. Mª. J. ARRIBAS, 40 años de Arte Vasco (Donostia, 1979), 117. or.; baita Biktoriano Juaristi sendagile-margolariari buruzko iritzia ere, FLORES KAPERO-TXIPI, Arte Vasco-n, 118-124. or.
  2. Mª. J. ARRIBAS, O.c., 25-40. or.
  3. F. Javier ZUBIAUR CARREÑO, Pintores Contemporáneos. Arte en Navarra-n. Diario de Navarra-k Argit., 38. zk.
  4. Mª Jose ARRIBAS, O.c. 177-189. or.
  5. Evolución de la pintura vasca. Pintura vasca siglo XX-n. Kutxa (1999), 277. or.
  6. Mª. J. ARRIBAS, O.c., 165. or. eta hur.
  7. Xavier RUBERT DE VENTOS, La estética y sus herejías. Anagrama (Bartzelona, 1974), 80. or.
  8. Id., 206. or.
  9. Mª. J. ARRIBAS, O.c., 67. or.
  10. C. MARTINEZ GORRIARAN, El Arte y los Artistas vascos. Nosotros los vascos. Arte, V.ean. 26. or.
  11. I. MORENO RUIZ DE EGUINO, Abstracionismo vasco. Pintura Vasca Siglo XX-n, 137. or.
  12. J. CARO BAROJA, Sobre la identidad vasca. Nosotros los vascos-en, V, 205-214. or.
  13. La Escuela Vasca de Escultura. Cultura Vasca-n, 1978, 347-355. or.