Galdutako baserriak
Atal honetan jaso ditugun baserriak noizbait zutik egon ziren, baina galdu egin ziren, desagertuta daude.
Biorreta Txiki

Baserri hau 1897an aipatzen da aurrenekoz eliz artxiboko liburu batean. Biorreta baserritik 50 metrora zegoen, itsasalderako bidean aurrera, eskuinera. Baserria 1960 urte aldera erori zen eta etxearen hondakinak bidea egiteko erabili ziren. Neurri txikiko baserri hartan Alejandro Etxebeste Aristegieta eta Manuela Berridi Otegi senar-emazteak bizi ziren, sei seme-alabekin: Antonio, Sebastian, Beltxora, Alejandro, Bittor eta izena jasotzerik izan ez dugun beste anaia bat. Familia Ibaetako Amezketa izeneko baserritik etorri zen Igeldora. Baserrian hiruzpalau abere izaten zituzten, gehienez. Gerra garaian, eskasia handiko aldian, soldadu talde bat azaldu, baserriko behi onena hartu eta eraman egin zuten. Etxekoak etsita eta amorratuta geratu ziren, baina ezin txintik ere esan!
Buztinzuri bideko txabola

Peruserako bidetik abiatuta, Buztinzuri bidea hartu eta Gorrienera iritsi baino 100 metro lehenago ezkerretara zegoen. Frantzisko Berridi Otegi eta Magdalena Rekondo Landa senar-emazteak bizi ziren han, hiru alabekin: Anastasia, Josefa eta Manuela Berridi Rekondo. Frantziskok harrobian egiten zuen lan, eta emazteak etxeko ardura zuen. Abere gutxi zituzten, behi bat eta untxi eta oilo batzuk besterik ez. Baratzean ere aritzen ziren etxerako. Etxe apala zen oso, premia gorrian bizi ziren, argindarrik eta urik gabe. Arropa erreka batean garbitzen zuten.

Frantzisko eta Magdalena gurasoak gazte hil zirenez, hiru ahizpek etxea utzi behar izan zuten 1944an. Hiru ahizpetatik bi Martikotene baserrian hartu zituzten: Josefa eta Manuela.

Gaztetan, Manuela atoian garraiatutako esnea partitzen aritzen zen Antiguan. Gainerakoan, etxean laguntzen zuten. Bi ahizpak Rekondon bizitzen geratu ziren.
Berio Munto
Berio Muntoko txabola Lapabide bidearen inguruan zegoen, Habana baserritik ez oso urruti. Inguruko biztanleek apenas dute haren oroitzapenik: beren ehiza-lekuaren inguruan zegoela, eta teila batzuen arrastoak zeudela, besterik ez.
Pasteita - Pastaita
Pasteita - Pastaita ere Lapabide bidearen inguruan zegoen, leku urtsuan. Ekaitz handiko egun batean, lurrak irentsi egin zuen baserria eta ez zen haren arrastorik geratu. Hori gertatu eta hiruzpalau egunera, oilarraren kukurrukuak entzuten zirela zioten inguruko baserritarrek.
Inguru hori oso urtsua, ezegonkorra eta arriskutsua dela berresten dute ondoko bi gertaerek ere:
Bata, ‘Igeldo, historia de la parroquia’ liburuan jasota dago: “Ustezko lurrikararen batek gaztainondoak eta mendi sail asko Txabolako hormak. irentsi zituen itsasaldeko lur eremu handi batean”. Ez zen izan eguraldi txarrak XVII. mendean eragindako hondamendi bakarra: 1697ko uztailaren 4an harriak uzta guztiak hondatu zituen, familia gehienak miseria gorrian utziz.
Bestea, 1950eko hamarkadan gertatu zen. Igeldoko bi mutiko Jose Baldaren artaldea zaintzen ari zirela, lurrak ardi bat irentsi zuela ikusita, artzainarengana joan ziren korrika batean ezbeharraren berri emateko. Ardia erori zen lekura iritsita, zulotik ateratzea erabaki zuten. Horietako mutiko bat sokarekin lotu eta zulo barrura sartu zuten zintzilik. Barruan dena ur zela ikusi zuen baina nola edo hala ardia heldu eta biak onik atera zituzten.