Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Gerra eta soldaduska

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

1936tik 1939ra iraun zuen gerra zibilak sufrikario handia sortu zuen Igeldon. Altxamendu militarra, estatu kolpea, 1936ko uztailaren 17an eman eta gero, Ondarretako kartzelaren inguruan erailketak eta fusilatzeak hasi ziren, desagertutako jendea ahaztu gabe.

Irailaren 13an sartu ziren erreketeak Donostian eta hurrengo egunean igo ziren Igeldora Mendizorrotz hartzeko asmoz. Soldaduak nonahi, tiroketak, bonbak, esku-granaden hotsak… gerrak heriotza eta beldurra ekarri zuen Igeldora. Gerra ondoren, bertako herritar gehientsuenak abertzaleak eta errepublikarrak izanik, gerra galdu izanaren ondorioak (gosea, zapalkuntza, jazarpena eta abar) nozitu behar izan zituzten frankismoan.

Erreketeek, Mendizorrotzera zihoazela, geldialdia egin zuten Igeldoko plazan Italiatik jasotako tanke txiki berria erakusteko. Erabat oilartuta zeharkatu zuten herria, harroputz. Gerra zibilaren lehen urtea zen.

Gerra piztu eta erreketeak Donostiara iritsi aurretik, Igeldoko errepublikarrak guardia egiten aritu ziren egun askoan Gudamendiko bidegurutzean. Zaintzaile lanetan aritu ziren Ramon Iraola Garin, Pedro Maria Kalparsoro Aristegieta, Teofilo Gurrutxaga Arriño, Jose Heredero Pinela, Jose Arrillaga Aiestaran, Ignazio San Sebastian Aierdi, Ramon Balerdi Azpillaga, Frantzizko Enbil Arruti, Jose Migel Arzelus Iraola eta Jose Joakin Lizarazu Zubeldia.

Irailaren 13an sartu ziren erreketeak Donostian eta egun berean tropa ugari igo zen Igeldora bost tanke txikiz hornituta. Lotarako herri inguruko eraikin eta etxeetara sartu ziren: sindikatura, eliz- zimitoriora, Arrillaga-Enean zegoen batzokira, zentro errepublikarrera, eskolara, Benta Alegrera, Lizarretara eta abar. Sakristaunekoek ondo gogoan dute etxeko gela zein bazter guztiak, baita eskailerak ere, soldatuz josita zeudela eta jatena ere kendu zietela.

Arratzain eta Mendizorrotzeko tontorra errepublikaren aldeko tropa gutxi batzuen menpe zeuden eta horiek hartzeko asmoz abiatu ziren erreketeak irailaren 14ko eguerdian. Hasiera batean, Belabietako pinudian izkutatu zituzten erasorako bateriak. Ondoren, bi konpainiak banandu egin ziren: Ruizek zuzentzen zuen konpainiak, Egioletatik barrena, Arratzain aldera jo zuen; eta Gorospek zuzendutakoak Mendizorrotzerantz. Tanke txikiek, Mendizorrotzeko muinotik 100 bat metrora iritsita, tiro egin eta bete-betean asmatu zuten gotorleku barruko soldadu gehienak akabatuz. Hala ere, Gorospe tenientea batailan larri zauritu eta hurrengo egunean hil zen. Bestalde, Ruizen konpainiak arazoak izan zituen Egioleta parean kamioiak lokatzetan harrapatuta geratu ziren eta. Kamioiak ateratzeko Biorreta Txikira igo eta hango behi pare batekin atera zituzten. Ustekabea konponduta, aurrera egin eta Arratzain mendean hartu zuten. Hurrengo egunean, irailaren 15ean, Bilboko “El Nervion” egunkariak erreketeen garaipenari garrantzi handia eman zion: “Se ha tomado la posición de Mendizorrotz, de gran importancia estratégica”.

Arrizulo eta Gorrieneko hiru familia Arrizuloko basoko harri handi honen-azpian gordeta egin zituzten hainbat egun.

Gerrako egun txarrenetan jende asko ezkutatu zen arroketan eta harkaitz azpietan. Arrizulo eta Gorrieneko hiru familiak Arrizuloko basoko harri handi baten azpian gordeta egin zituzten hainbat egun, zintzilik zeuden sagu zaharrez inguratuta. Lizarazu- Garmendia sendia izan zen horietako bat: Mañuk hilabete gutxi batzuk besterik ez zituen eta Pedro Mari anaiak 8 urte. Pedro Marik gogoratzen zuen egun haietan bizitutakoa: “Soinu ikaragarria ateratzen zuten bi aeroplanori harkaitzaren azpitik begira jarri ginen. Bi abioi horiek elkarri tiroka ikusi genituen. Ondoren, abaila ederrean, Getaria aldera jo zuten eta itsasoan zihoan itsasontzi bati bi bonba bota zizkion haietako batek”.

Marabietan bizi izan zen Zelestino Segurola Billagaraik ere ondo gogoan zituen Cervera gerraontziaren kanoikadak “Altutik botatzen zituen tiroak, Hernani aldera edo. Soinua aditzen genuen baina horretara jarrita geunden eta lasai aritzen ginen baratzean, konfiatuta, ez baikenuen uste gure aurka tiro egingo zuenik”.

Amezti Behekoako Joxepa Arrillagak ere ez zituen ahaztuta Cervera barkuaren kanoikadak eta beraiek ibiltzen zituzten lursailetan itsasontzitik botatako kainoikada batek izugarrizko zuloa egin zuela gogoan zuen.

Bordaberriko Rosi Azurza Insaustik begietan zituen Mendizorrotzetik botatakoak “Etxe atzeraino jaurtitzen zituzten, Gudamendi aldera ere bai. Ez zituzten etxeak harrapatu baina beti beldurrez izaten ginen”.

Igeldoko zenbait gaztek gerran parte hartu behar izan zuten halabeharrez. Pedro Kalparsorok ez, bere borondatez joan zen. Igeldon jaio eta Amasara joan zen eta 14 urte zituela etxetik alde egin eta Igeldora etorri zen oinez. Benta Alegren jarri zen bizitzen eta gerra iritsi zenean errepublikarren armadan sartu zen. Kantabrian atxilotu eta Santoñako kartzelan preso sartu zuten. Egunero presoak fusilatzen zituztenez, bere burua eskaini zuen Extremaduran eta Andaluzian gatibu lanak egiteko, trenbidea eraikitzen. 1944an itzuli zen etxera baina berehala Kataluniako Aran Bailarara joan zen lanera eta hango mendi gerrillariei, makiei, sarritan lagundu zien.

Biorreta Txikiko Antonio Etxebeste eta Biorretako Jose Antonio Zubeldia elkarrekin izan ziren Ebroko batailan. Antonio Terueleko lubaki batean, erriflea eskuetan zuela, hil zen, izoztuta, 26 gradu zero azpitik jasan eta gero. Jose Antoniok zorte gehiago izan zuen, lubakian zegoela komandantea hurbildu eta burumakur ikusten zuela esan zion. Jose Antoniok hankan azkura zuela erantzun eta mando gainean atera zuten handik. Bota kentzen hasi zitzaionean botarekin batera hankeko hatzak atera zizkion, jelatuta zituen eta. Orduz gero, ‘hanka motxa’ goitizenarekin geratu zen betirako.

Pedro Galparsororen gudari txartela.

Gerra hasierako tiro eta bonba hotsak desagertu arren, jazarpenak eta salaketak bizirik zirauten. Alejandro Martiarena guarda, On Basilio Iraizoz apaiza eta Alejandro Alberdi Lizarreta maisua salatu egin zituzten abertzaleak zirelako. 1931 arte mediku militarra izandako Ubaldo Gastaminzak eta bere emazte Teresitak apaiza eta Pedro Galparsororen gudari txartela. maisua lagundu zituzten beren Donostiako etxean ezkutatuz hainbat egunez. Beste batean senar- emazte horiek Etxe Nagusiko Gregori Iraola lagundu zuten. Teresitak Gregori frankisten kamioi urdin batean zeramatela ikusi eta horren berri eman zion senarrari. Ondarretako kartzelan eduki zuten preso Gregori denboraldi batez, baina Gastaminzaren bitartekaritzari esker bizirik atera zen.

Ez zuen zorte bera izan Mariano Fernandez ‘mutua’k. Eskuarekin keinu bat egin zuelakoan atxilotu, Ondarretako kartzelara eraman eta bertan hil zuten. Egun berean, ‘Eulalia Enea’ zaintzen zuten Buenaventura Cruz eta Anselma Polles senar-emazteak ere Ondarretako presondegira eraman zituzten. Hauek hainbat hilabete egin zituzten preso eta libre geratutakoan Donostiatik 20 kilometrora bizitzera zigortu zituztenez, Irunera joan ziren bizitzera. Concepcion Balerdi Martikorena ere fusilatu egin zuten, kartzelan hilabete egin eta gero; eta Jose Heredero Pineda etxetik eraman eta Zubieta-Usurbil inguruan hil zuten.

Jose Antonio Zubeldia.

Gerran hildako hainbat igeldoar etxera ekarri eta bertako kanposantuan lur eman zieten. Horren aurretik, gorputzak garbitu, txukundu eta prestatu egiten zituzten. Lan gogor horretan aritu ziren Kontxita Lertxundi eta beste bi emakume.

1938ko gau batean Pako Calonge Olaizola atxilotu zuten. Pakoenean lo zirela, separatista eta antzeko oihuak entzun zituzten kanpoan eta berehala hainbat gizon etxera sartu eta eraman egin zuten. Handik gutxira bi tiro entzun eta Pako hil zutela pentsatu zuten, baina hildakoa ez zen Pako, bere buruaz beste egindako militar bat baizik. Pako Ondarretako kartzelara eraman zuten eta denboraldi bat han egin zuen.

Enkarni Arbelaitz, Maddi Iraola Garin eta Ramon Balerdi ‘gorriak’ ere atxilotu zituzten. Alejandro Alberdi Lizarretak Balerdiren aldeko zinpeko adierazpena egin zuelako libratu zuten kartzelatik. Izugarri eskertu zion Balerdik elizako organistari egindakoa, gerra aurretik gorrien eta abertzale elizkoien arteko ika-mika ugari izan zen eta: Egun batean gorriak, Balerdi tartean zela, mezetara sartu eta pistola eskuetan zutela, elizatik atera zuten jendea. Riegoren ereserki herrikoia ere behin baino gehiagotan kantatzen zuten: “Si los curas y frailes supieran la paliza que les van a dar, subirían al coro cantando: libertad, libertad, libertad”.

Gerra bukatu orduko, espainiar banderak etxean jarri behar izan zituztela gogoratzen zuen Aristondoko Benantzia Iraola Arrutik. “Etxeko ganbaretan makila jarri eta Espainiako bandera zintzilik jarri behar izan genuen, astoaren otarrean ere bai, berokien botoietan eta abar”.

Omenaldiko lorea.

Pako Calonge Olaizola, Alejandro Alberdi Lizarreta eta 1938tik 1940ra Igeldoko auzo-alkate izandako Felix Isasa Rekalderi espedientea ireki zieten 1940ko hamarkadaren hasieran, erantzukizun politikoengatik. Horrela jasota dago 1942ko irailaren 10ean argitaratutako Estatuko Aldizkari Ofizialean. Alejandro Alberdi Lizarreta 18 hilabetez zigortu zuten soldata eta maisu-lanposturik gabe. Alejandro Martiarena guardak zigor handiagoa jaso zuen, Igeldoko guarda-lanpostua betirako galdu baitzuen eta Zumaiara bidali zuten.

Felix Isasa ez zen Igeldoko abertzale eta errepublikazaleen konfiantzazkoa, alderantziz, kontrako ideologia zuela uste zuten eta espediente horrek ez zuen jendearen iritzia aldatu, itxurak egiteko espedientea izan zela uste baitzen. Arrillaga Eneako On Pedro Gurrutxaga apaiza ere ‘bando nazionala’ren aldekoa zen eta militarrek Igeldo hartu zutenean poza agertu zuen etxeko balkoitik oihukatuz ‘Espainia, Espainia etorri da’.

GERRAN EDO FUSILATUTA HILDAKO IGELDOARRAK

1943. urteko egun batean Jose Mari Izagirre, Juanito Izagirre eta Pako Calonge Lizarazu Lasartera joan ziren zaldi-lasterketak ikustera. Etxerako bueltan, Otondo etxearen ingurua guardia zibilez beteta aurkitu zuten. Eraikin horretan militarren telefonoa zegoen eta norbaitek kablea moztu eta konexio gabe utzi zuen. Guardia Zibilak pare bat egun egin zituen errudun bila etxe inguruan, komandantea buru zela, erruduna harrapatu eta fusilatuko zutela mehatxatuz. Abertzaleen aurkako jazarpenak XX. mende erditik aurrera ere jarraitu zuen. 1945ean Igeldora iritsi zen Fabian Loidi apaiz abertzale eta euskaltzaleak 1950 eta 60ko hamarkadetan legez kanpoko argitalpenak eta liburuak argitaratzen eta banatzen lagundu zuen. Frankismoaren aurkako propaganda banatzeko sare bateko kide izan zen, Luis Goia, Andres Plazaola, Jose Mari Unanue eta Rikardo Arregirekin batera. Horrela, legez kontrako elkartze eta propaganda egitea leporatu zion Bake Egoerako Auzitegiak, TOP ezagunak, 1964an. 236 zenbakia duen sumarioan azaltzen dira zehaztasun osoz Loidi apaizaren aurkako akusazioak. Loidik harreman estua izan zuen EAJko agintariekin eta hori agerian geratu zen 1960ko martxoaren 28an, Donibane Lohitzunen, Jose Antonio Agirre lehendakariaren hileta elizkizunean parte hartu baitzuen.

Jose Heredero Pinela. 1936an hila. Usurbilgo omenaldia.

Bitxori Zamorak ere ez zuen ahaztuta poliziaren miaketa batean bizi izandako estualdia. “Etxeko kutxa handi bat ireki zuten eta gordeta genuen Sabino Aranaren koadroa atera eta begira jarri ziren. Zorionez ez zuten ezagutu, bestela batek daki zer gertatuko zen”. Gerra-irabazleen inpunitatea erabatekoa zen. Guardia Zibilek etxeetara sartu eta goitik beherako miaketak egiten zituzten, ahal zutena harrapatuz: dirua, jatena eta abar. Biorreta Txikikoei ukuilutik zuten txekorrik ederrena kendu zietela ikusita, igeldoarrak jana izkutatzen hasi ziren. Pako Calongek zulo batean gordetzen zituen jatekoak, Biorretakoek mendian egindako zulo batean eta Leku Ederreko Balentin Zamorak tabernan irabazitako zilarrezko txanponak eltze batean sartu eta Goloso mendian ezkutatu zituen lurrazpian. Ez zuen ondoegi ezkutatuko, Igeldoko parrandazale batek eltzea aurkitu eta diru guztia gastatu baitzuen neskatan, jendea afaltzera gonbidatuz eta soinujole bat ekarriz Leku Ederrera.

Miseria eta gosea ere berekin ekarri zituen gerrak. Manuela Berridik, Biorreta Txikiko Antonio Etxebesteren alargunak, gerra ondorena gogorra izan zuen. Manuelak estatuaren dirulaguntza txiki bat jasotzeko eskubidea zuen alarguna zelako eta hilero, alarguntza-kartila eskuan zuela, Donostiako Katalunia plazara joan behar izaten zuen hura sinatzera. Gerra ondorenean jateko errazionamendua iritsi zen, eta kartila bakarra zegoen familiako. Aristondon, esaterako, ez zuten oliorik eta haren ordez esnegaina erabiltzen zuten. Denboraldi batez, errotak itxi egin zituztenez, etxean mailuarekin jo behar izan zuten artoa. Amezti Behekoako Joxepa Arrillagaren esanetan, gosea asetzeko txerriei ematen zitzaizkien antalaporruen patatak sutan erre, zuritu eta jan egiten zituzten. Bestelakoan, eskasia garaian, etxe gehienetan, taloak eta morokilak ziren ‘eguneroko ogia’.

Eskasiari aurre egiteko, estraperloa ugaritu egin zen eta Fabian Loidi apaiza aditu eta aritu izan zen horretan. Pedro Mari Lizarazu 1946an, Zugarramurdin soldaduskan zegoela, kontrabandoan aritu zen pattarra eta ardoa Iparraldera eramanez eta olioa ekarriz. Fraide batek egiten zituen bitartekaritza lanak, Loidiren laguntzarekin, Iparraldetik ekarritako produktuak Donostian saltzeko. Igeldoko apaizak, bestalde, herriko 14 urteko gaztetxoak Orioko erzillatarren etxera eramaten zituen, Borda baserriko astoa hartuta. Han olioa eta irinarekin astoa kargatuta, haurrak Igeldora bide batetik itzultzen ziren bitartean, Fabian beste batetik abiatzen zen, guardia zibilek susmo txarrik har ez zezaten.

Jose Manuel Iraola Garinek Dibisio Urdinean izena eman zuen Sobiet Batasunaren aurka aritzeko Bigarren Mundu Gerran (1941-1943). 1942ko apirilaren 4an bera zegoen etxea bonbardatu eta larri zauritu zuten. Handik atera eta Grigorovoko erietxera eraman arren, hurrengo egunean, api- rilaren 5ean, hil zen. Muñoz Grandes jeneralak gutuna idatzi zion Iraola sendiari heriotzaren berri emateko. Garaiko prentsak ere jaso zuen gertatutakoa.


Irudi galeria

[aldatu]