Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Gudamendi

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Gudamendi edo Gulamendiko (dokumentu zaharretan toponimo hori ageri da) lursailetan zuhaitz mintegi bat zuen Fausto Gaiztarro Arana arkitektoak. 1933an, baina, lursail horietan tiro zelaia eraikitzea erabaki zuen Munduko Usakume-Tiro Txapelketa antolatzeko asmoz. Esan eta izan, ametsa egi bihurtu zen eta urte horretan munduko eskopeta onenak Igeldon izan ziren.

Munduko Usakume-Tiro Txapelketa gehiago jokatu zitezen, tiro zelaia handitzen eta garatzen joan ziren: horrela 1954an hotela eraiki zen eta urte berean Munduko Usakume-Tiro Txapelketa Gudamendin jokatu zen. Kirol instalazioa handitzen jarraitu zuten eta 1968an bigarren tiro- zelaia eraiki zen. Hurrengo urtean, 1969an, Munduko Plater-Tiro Txapelketa bertan egin zen. Gudamendik hirugarren Munduko Usakume-Tiro Txapelketa 1972an hartu zuen eta hirugarren kantxa eraiki zuen urte horretarako.

Usakume Tiro Elkartearen eta igeldoarren arteko harremana estua izan zen. Gudamendiren sorreratik tiro-zelaia itxi arte, hots, 1933tik 1992ra arte, igeldoarrak aritu ziren lanean kantxa gainean eta azpian.

Gudamendi garaiko goi mailako gizarte eta kirol bizitzaren adierazle nagusietakoa zen. 1933an antolatu zuen lehendabiziko tiro txapelketak 375.000 pezeta banatu zituen sarietan eta hasiera hartatik Igeldoko tiro-zelaia noblezia eta aberats jendearen biltoki bihurtu zen. Gudamendik urrezko lau hamarkada bizi izan zituen, eta orduko tiratzaile onenak (Cerroko bizkondea edota Torrubiako eta Tebako kondeak, Sarasketa, Aranzabal, Heriz eta abar) sarritan etortzen ziren Gudamendira.

Ospe handia izateaz gain, diru- iturri garrantzitsua zen garaiko Donostiarentzat, eliteko turismoa erakartzen baitzuen. 1970eko hamarkadan egunkari batean azaldutako titularrak ondo baino hobeto adierazten du Gudamendik jende diruduna erakartzeko zuen ahalmena: “Eskopeta bat nahiago ingelesez betetako autobusa baino”.

1972ko Munduko Usakume-Tiro Txapelketan 800 tiratzaile baino gehiagok parte hartu zuen eta igeldoar askok gogoan du zenbaterainoko jendetza gerturatu zen. Autobus bereziak jarri ziren eta kotxeentzako ezohiko aparkalekuak egokitu arren, kotxeak aldapan ere aparkatu behar izan zituzten.

Dirua ere erruz jokatzen zen Gudamendin. Kantxan usakumeari tiro egiteko prest zegoen tiratzaileak usakumea akabatuko zuen ala ez apustu egiten zuten atsedenean begira zeuden gainerako tiratzaileek. Usakume bakoitzeko eskukada billete jokatzen zuten, jendaurrean, zalapartaka eta handikeriaz sarritan. Horrez gain, zenbait urtez kasinoa ere egon zen Gudamendin eta han ere dirutza jokatzen zen.

Emakumea gutxi batzuk tiro txapelketetan parte hartzen zuten.

Urteetan abuztuko, Aste Nagusiko, tiraldiak izan ziren garrantzitsuenak. Bi aste irauten zuten eta ospe handiko tiratzaileak etortzen ziren. Urtean zehar, larunbat arratsaldeetan eta egun jakinetan antolatu ohi ziren tiraldiak.

1 Jose Manuel Martikorena. 2 Iñaki Goikoetxea. 3 Felix Zubeltzu. 4 Zelestino Aranguren. 5 Joxe Dorronsoro. 6 Jose Mari Izagirre. 7 Jesus Mitxelena. 8 Manuel Etxebeste.

1980ko hamarkadan, baina, Gudamendiko Tiroaren gainbehera hasi zen eta, elkarteko kideen arteko desadostasunak tarteko, 1992an behin betiko itxi zen Gudamendiko Tiro Eremua.

1954an Gudamendi hotela eraikitzeko hainbat igeldoar aritu zen lanean. Aipatzekoa da Borda Berriko Alejandro Azurza ‘Pintxe’ obrarako ura eramanez hasi zela lanean gaztetan eta mantenu zein arduradun lanetan jarraitu zuela Gudamendin erretiroa hartu arte.

Ez ziren bertan lan egin zuten igeldoar bakarrak, igeldoarrek Gudamendiko Usakume-Tiroaren hastapenetik lan egin baitzuten bertan. Gudamendi zabalik egon zen urteetan gaiztarrotarrek eta igeldoarrek adostutako ahozko akordioa errespetatu zen Igeldoarrek lan egingo zutela Usakume Tiroan.

Usakumeak prestatu

Bina lagun aritzen ziren usakumeak kaioletan sartzen. Erreleboka egiten zuten lan. Goizean usategitik usakumeak hartu eta kaiola txikietan banatuta jartzen zituzten. Arratsaldean, tiraldian zehar, kaiola bakoitza usakume banarekin betetzen joaten ziren. Kantxa bakoitzak bost kaiola zituen.

Fonoa eta kaiola jaitsi

Alejandro Azurza, usoak harrapatzen, kaiolan sartzeko.

Fonoa tiratzailearen ahopean jartzen zen mikrofono antzekoa zen. Langile batek eusten zion fonoari eta tiratzaileak oihu egin orduko kantxan zeuden bost kaioletatik bat ausaz zabaltzen zen. Kaiola berriro usakume batekin betetzeko, kaiola kantxa azpira jaitsi behar zen palanka bati eraginda. Lan horietan hiru lagun aritzen ziren kantxako.

Korrika egin

Tiroz botatako usakumeak biltzen bost bat lagun aritzen ziren txandaka kantxa bakoitzean. Korrikalariak usakumea eskutan hartu arte ez zen tiratzailearen jarduna balekoa, beraz, korrikalariek ardura handia zuten eta noiz edo noiz eskupeko galantak jasotzen zituzten.

Maletak eraman

Tiraldira etortzen zirenei eskopetak, kartutxoak eta tiraldirako materiala kotxetik jaso eta armategira eramaten zizkieten. Bi maletazain aritzen ziren lanbide horretan.

Lanean Igeldoko ehundik gora gizonezko aritu zen Gudamendin. Lanpostua aitarengandik semearengana edota etxeko batengana igarotzen zen. Jarraian jasota daude lanean aritu ziren familien abizenak: Aiestaran, Aisa, Aristigieta, Arrillaga, Arruti, Balda, Balerdi, Beloki, Calonge, Kruz, Enbil, Errazkin, Escudero, Etxaniz, Etxeberria, Etxebeste, Ijurko, Iraola, Izagirre, Garmendia, Goikoetxea, Huegun, Lizarralde, Martiarena, Martikorena, Mitxelena, Mendiluze, Mujika, Olasagasti, Ortega, Sagardia, Sierra, Sorondo, Ugarte, Urruzmendi, Zamora, Zendoia, Zubeltzu.

Garbitu eta zerbitzatu

Tiroko instalazioak garbi mantentzeko ardura zuten eta zerbitzari lanetan ere aritzen ziren.

Armategia

Igeldoko emakume batek behintzat, Joakina Iraola, armategian lan egin zuen, eskopetak zainduz eta gordez. Kartutxoak saltzeko lekua ere bazen.

Gudamendiko langileak

Lanean aritutako emakumezkoak

Nati Iraola, Rosi Azurza, Pepi Iradi, Anita Martikorena, Teisa Martikorena, Jesusita Martikorena, Maria Iraola, Mª Carmen Irusta eta Raimunda Txantxotena, besteak beste.

Frontoia eta Bidebietatik ekarritako guarda etxea

Tiraldietako hasierako urteetan, egungo eraikinaren eskuineko aldea besterik ez zegoen. Bertan terraza bat eta frontoia zeuden. Herriko gazte asko joaten zen Gudamendiko frontoira pilotan jokatzera. Oiartzundik etorritako Manuel ‘Moriko’ eta Gregori Etxeberria anai-arrebak bizi ziren bertan. ‘Moriko’ izan zen Gudamendiko tiro instalazioetako guarda. Sona handiko pilotaria zen. Gregori arreba, berriz, sukaldari bikaina zen. Afariak ere ematen zituzten bertan. Gaurko goiko kantxaren ondoan dagoen etxea Bidebietako guardaren etxebizitza zen. Harrigarria bada ere, etxe hori Bidebietatik Gudamendira ekarri zuen Gaiztarrok, eta Gaiztarro familiarena da gaur egun.