Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Gurrutxaga

Wikibookstik
Gurrutxaga baserriaren ikuspegi orokorra

Baserriaren lehenbiziko aipamena 1880koa aurkitu dugu. Toponimian, historian zehar, Txokolateneren zenbait aldaera ageri dira: Chocolatenia, Txokolatellene eta Xendoyane. Baserriak bi etxebizitza zituen. Gurrutxaga anaiak izan ziren baserriaren lehenengo nagusiak. Horregatik, Gurrutxaga izenez ere ezagutzen zen. Jose Ramon Zendoia ere egon zen bertan bizitzen, bere familiarekin, Kamio baserrira joan aurretik.

Txokolateneko txerri majera.

1932an Donostiako Loiola auzoko Txomineneatik etorritako Jose Sorondok eta Sabina Oiartzabalek erosi zuten baserria. Bi seme-alabekin etorri ziren: Martin eta Manoli Sorondo Oiartzabal. Igeldora etorri ondoren, beste lau izan zituzten: Patxi, Maritxu, Maria Luisa eta Juan Jose Sorondo Oiartzabal. Martin Sorondo Oiartzabal gelditu zen baserrian. Bekoetxeberri baserriko Pakita Urruzmendirekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Jabier, Josetxo, Kontxi, Maria Jesus eta Iñaki.

1960. urtea. 1 Jose Sorondo. 2 Sabina Oiarzabal. 3 Josune Sorondo. 4 Pakita Urruzmendi. 5 Jabier Sorondo. 6 Kontxi Sorondo. 7 Josetxo Sorondo.
1 Martin Sorondo. 2 Josetxo Sorondo Urruzmendi. 3 Sabina Oiarzabal.

Baserriko lanetik bizi izan ziren. Etxean zazpi bat behi izaten zituzten. Baratzeko lan asko egiten zuten: letxuga, porrua, tomatea, artoa, babarruna, alpapa, arbia..., zer ez? Pakita, esnea eta barazkiak saltzera, Donostiako San Martin azokara jaisten zen, autobusa hartuta. Martin hil zenean, ganadua kendu zuten eta baratza lantzen segitu. 2001era arte San Martinera joaten segitu zuten.

Baserrian dolarea ere bazuten eta inguruko baserrietakoak bertara etortzen ziren sagardoa egitera. Etumetxabal baserriaren goiko aldean ur-biltegia zegoen eta ura beti izaten zuten. Etxean aska zuten ganaduarentzat baita iturritxo bat etxeko arropak garbitzeko eta San Martinera eramaten zuten barazkiak garbitzeko.

Gerora, seme-alabek aldamenean beste etxebizitza bat altxatu zuten. Gaur egun ere bertan bizi dira, beren familiekin. Baserria bera ere konpondu eta egokitu egin dute.

Iturria: Jabier Sorondo Urruzmendi