Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Gurutzeta

Herriko sarreran dagoen etxe honen izenaren lehen aipamena 1893koa den arren (Donostiako Udalaren toponimian), 1898an Ulpiano Gurrutxagak eraikia da. Etxea gurutze-bidean dago eta hortik datorkio izena. Damasa Gurrutxaga izan zen etxearen lehenbiziko jabea. Eraikinak behealdea eta bi solairu zituen, eta hiruzpalau etxebizitza hartzen zituen. Jabeak, garai hartan, behealdean Damasa Enea izeneko estankoa eta goxoki-denda txiki bat zeukan.
Eraikina Pako Calongek erosi zuen, bere lursailekin. Etxearen ukuiluan oiloak eta behi-esneak izaten zituen, haietako bat harritzeko moduko esne pila ematen zuena. Ondo zaindu eta elikatutako behiak zituen, eta noiznahi larrean bazkatzen ziren Lizardin. Pakok Kutztarren Antiguako garagardotegian lan egiten zuenez, etxeko lanetan Aginagako Agustin morroia aritzen zen, Bixio.

Gurutzetan XX. mendearen hasieratik erdialdera arte hainbat familia jarri zen bizitzen errentan: Felix Isasa autobus-txoferra eta Igeldoko auzo-alkatea zena, Maritxu emaztea, eta Maritxu eta Ines alabak; Igeldoko maisu izandako Gabriel Eznarriaga, emazte eta bi alabekin (haietako bat falangista sutsua); Jose Mari Izagirre eta Xixili Arrillaga; eta Ubaldo Gastaminza eta Teresita emaztea, Basilio Iraizoz apaizaren iloba zena. Bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Maddi, Teodorito eta Jabier.
1967an, ekaitz bortitz baten erdian, eraikinak su hartu eta teilatua deseginda geratu zen. Handik hiru urtera etxea eraberritu zuten, gaur ezagutzen diogun egitura emanez. Gurutzetan Calongetar asko bizi izan da: Pako Calonge eta Dolores Lizarazu; Jose Kruz Calonge Lizarazu eta Begoña Martikorena, Koro, Pako eta Eneko seme-alabekin; Pako Calonge Lizarazu eta Kontxi Aisa, hauen alaba Idoia eta bere senar Karlos; eta, azken urteetan, Pako Calonge eta Nerea Arrillaga, euren alabekin. Horiez gain, besteak beste, Migel Mari Izagirre eta Pilar, Migel, Elena eta Mari Loli seme-alabekin, eta azken honen semeak; Tina eta Trini, Akelarreko langileak; Maru, bere senar eta semearekin; Juanjo Iradi, emazte Mertxe eta alaba; Lourdes Rada eta Iñaki Marko; Esteban Txintxurreta eta Ainhoa Morales; Lazaro Otamendi; Dolores Olasagasti eta Tomas Zubeldia; eta Jose Antonio Arrillaga eta Nekane Etxebeste senar-emazteak.
XX. mendearen erdi aldean Igeldoko emakumeen ezkon-aurreko despedidak, ia denak, sagardotegiaren gainean egiten ziren. Meriendara gonbidatzen zituzten. Otorduan ez ziren faltatuko Doloresek prestaturiko xerra eta piperrak. Gosea ase ondoren, soinujoleren bat (Txankarra edo Benito Zinkunegi) sarritan izaten zen, haren erritmoan dantzan aritzeko, eta 22:00ak alderako etxera erretiratzen ziren herriko neskatxa guztiak. Ohitura honek Errefreskoa izena zuen.

Pako Calonge 1940ko hamarkadan hasi zen sagardoa saltzen: Lehenbizi, Eliz Ondo etxeko behealdean eta, ondoren, Mendizorrotz tabernaren eraikinean. Eliz Ondon sagardoa txotxean eta txarroetan saltzen zuten, eta Mendizorrotzen, berriz, botilan batez ere. Handik urte batzuetara, Gurutzeta etxearen azpialdean zabaldu zuen sagardotegia. Erretiroa hartzeko garaia iritsita, Jose Kruz semeak eta Begoñak hartu zuten lekukoa. Egun, Pakok, haren emazteak, eta Nerea eta Koro seme-alabek jarraitzen dute familia-negozioan.