Igeldoko historia eta istorioak/Harrobiak
|
Igeldoko historia eta istorioak
|

XX. mende erdira arte harrobiak Igeldoko jarduera ekonomiko nagusietako bat izan ziren. Bostehun eta gehiago urte lehenago ere baziren harrobiak Igeldon, haien aipamena egiten baita Espainiako Errege Katolikoen 1498ko agiri batean. Aurretik ere bai, 1141ean Igeldon harrobiak zeudela adierazi baitzuen Nafarroako Gartzia Ramirez erregeak.
Donostiako ikur diren Parte Zaharreko eta Erdialdeko eraikinik esanguratsuenak Igeldoko harrobietatik ateratako harriarekin eraiki ziren; besteak beste, Artzain Onaren katedrala, Bretxako merkatua, Foru Aldundiaren jauregia, Victoria Eugenia antzokia, Ondarretako kartzela, Konstituzio plazako udal liburutegia, Prim kaleko eraikinak eta abar luze bat.
Igeldoko iparraldea, kostaldea, harrobiz josita zegoen XX. mende hasiera arte. Donostiatik hasi eta Orioraino, nonahi: Tarte horretan 26 harrobi behintzat azaltzen dira dokumentatuta. Horietatik hare-harria ateratzen zen, nagusiki; eta eraikinak, zintarriak eta desterak egiteko erabiltzen zen.

Hare- edo hondar-harrizko harrobietan bi motako harria erauzten zuten: harri bigunak, ‘harberak’, eraikinak egiteko erabiltzen zirenak; eta ‘hargogorrak’, baliatzen zirenak zintarriak, espaloi ertzak, zorroztarriak edo desterak egiteko. Hargogorrek kolore urdina edo berdea izaten zuten.
Bertako gizaseme asko aritzen zen lanean Igeldoko harrobietan, baita kanpotik etorritakoak ere. Salbuespen gisa, emakumezko bat ere aritu omen zen lanean harrobian. Oso lan gogorra, oporrik gabea eta gaizki ordaindua zen: 1930eko hamarkadan, egunean, 8 -13,50 pezeta irabazten zituzten. Hori dela eta, hargin askok harrobiko lana baserrikoarekin uztartu behar izaten zuten bizimodua ateratzeko.

Gainera, istripu asko gertatzen zen, harginek ez baitzuten inolako babesik izaten, ezta eskularrurik ere. Lan-istripuz hil zenik ere izan zen. Hori gutxi ez, eta harrobian lan egiten zuten gehienak ez ziren 50 urte egitera iristen, silikosiak jota. Hargogorra zen kaltegarriena, harri berdea.
Eskariaren arabera egiten zuten lan beti, eta zorrozteko balio zuten harri pieza gehienak Legazpiko Patrizio Etxeberria enpresara bideratzen ziren. Zorroztarri edo destera handi horiek egiteko, egun osoa behar izaten zuten. Txikien kasuan, egunean bizpahiru egiten zituzten. Bestelakoan, XX. mendean, Donostiako Egiako Altuna lantegira eramaten zen harri gehiena.

Harginez gain, gurdizainek eta zamaketariek jarduten zuten harrobian. Hasierako urteetan idi-pareak erabiltzen zituzten harria Donostiara edo beste norabait garraiatzeko. Antonio Zendoiaren aitak idiekin Getariaraino joan behar izan zuen inoiz. Gurdian matxoia (kutxa) jarri eta horren barruan sartzen zituzten harriak. XX. mendean kamioiek idiak ordezkatu zituzten; eta 1940an, kamioiak kargatzeko bi leku egokitu ziren: bata Iturrietan eta bestea Zapatarin.

Harrobiko lana zehatza zen oso. Aurrena, pikatxoia erabiliz aztertzen zuten atera beharreko harria. Ondoren, harpikuarekin, 10 zentimetro oro, zuloak egin eta ziriak sartzen zituzten. Ziriak sartuta, dozena bat kiloko borra edo mailuarekin kolpatzen zuten, harri zatia erori arte. Zenbaitetan, hargogorrarekin batez ere, polbora edo dinamita erabili behar izaten zuten, harria ateratzeko.
Behin aterata, trintxetarekin gastatzen joaten ziren. Beste zenbait tresna ere baliatzen zituzten: punterua, pikatxoia, zintzela, metroa, konpasa edota eskuadra. Ondoren, lana biribiltzeko, mutxarda (bujarda) erabiltzen zuten.
Aipatzekoa da lanerako ez zutela planorik erabiltzen. Neurriak hartzea nahikoa zuten, horrekin abiatzen ziren lanean. Gehienez ere, eskuz egindako txantiloiak baliatzen zituzten.
Harrobien inguruan txabolak zituzten, lan tresnak jaso, arropa aldatu edota euritik babesteko. Hotzari aurre egiteko, su egiten zuten txabola barruan. Otorduak prestatzeko ere balekoak ziren. Aitzurra, kertena kenduta, plantxa gisa jarri sutan, eta haren gainean sardina zaharrak erretzen zituzten.

Egarria asetzeko, iturriak gertu egon arren, nahiago zuten ardoa. XX. mende hasieran, langileentzako ardoa Iriondo saltokitik ekartzen zuten Iturrietaraino, 16 litroko garrafoietan. Langileek goizean garrafoi hutsa utzi eta betea hartzen zuten.
IGELDOKO HARROBI AIPAGARRIENAK
1 Gorostidi

Juandegi baserriaren mendebaldean zegoen. Hare-harrizko harrobi handia izan zen. Hare-harri gogorra lortzen zen bertatik, hargogorra, kolore urdin edo berde antzekoa. Espaloietako ertzak, zintarriak eta eskailerak egiteko harri egokia oso. Tamainari dagokionez, Igeldoko bigarren harrobirik handiena zen. Gorostidi baserriko Ezeiza anaiena zen. 1950eko hamarkadaren erdialdera harria ateratzeari utzi zitzaion.
2 Txalin
Gorostidi harrobitik gertu zegoen, 100 bat metrora, Peruserako bidea hartuta. Igeldoko harrobirik handiena izan zen. Bi motatako harria ateratzen zen bertatik: behealdean harri arrunta, eraikinak egiteko; eta goialdean hargogorra, zintarri eta eskailera edo koskak egiteko. Bengoetxe baserriko Arrillaga sendia zen jabea.
3 Belabieta-Azpi
Txalin harrobiaren segidan zegoen. Harrobi handia zen eta bertatik ateratako harria eraikinak egiteko erabiltzen zen. 1932an utzi zitzaion harria ateratzeari. Belabieta baserrikoak ziren jabeak.
4 Buztinzuri
Belabieta Azpi harrobitik 200 bat metrora zegoen eta haren jarraipena zen. Ondoan, izen bereko baserria zuen. Hargogorra ateratzen zen, zintarri eta eskailerak egiteko egokia. Harrobi txikia zen eta 1945ean itxi zen. Buztinzuri baserriko Lizaso sendia zen jabea.
5 Haitzaundi

Buztinzuriko harrobitik kilometro batera zegoen, Gorriene baserriaren azpian. Txikia baina izen handikoa zen, kalitatezko hare-harria eskaintzen baitzuen eraikinetarako eta desterak egiteko. 1948an itxi zen. Plazetxeko iraolatarrena izan zen.
6 Mutegi
Harrobi handi honetatik hare-harri bikaina atera zen Donostiako eraikin ugari egiteko. Haitzaunditik 500 metrora zegoen, Peruserako bidean, Itxasbide etxearen aurrean. 1948an itxi zen. Harrobia Muntegi baserriko ezeizatarrena zen.
7 Juandegi
Harrobi txikia zen eta izen bereko baserriaren gainean zegoen. 1920an utzi zion harrobi izateari. Olasagasti familiarena zen.
8 Ganbaretxe
Juandegi baserriaren ekialdean zegoen harrobia. Txikia zen. 1945 urtera arte atera zuten harria. Ganbaretxe baserriko agirrezabalatarrena zen.
9 Marabieta
Ganbaretxe harrobitik 500 bat metrora zegoen, Marabieta baserriaren aurrean. Txikia zen. 1935ean bertan behera utzi zen. Eraikinetarako hare-harri arrunta ateratzen zen. Marabieta baserriko Astiazaran familiarena zen.
10 Amezti
Ameztiko harrobia handia zen eta Amezti-Behekoaren gainean zegoen. 1984 arte hondar-hautsa ateratzen aritu ziren. Hasierako urteetan, eraikinak egiteko harria lortu zen. Amezti baserriko Iraola familiarena zen.
11 Aiztoki
Hare-harrizko harrobi bikaina izan zen. Oso harri egokia ateratzen zen eraikinetarako eta desterak egiteko. Buena Vista azpian zegoen, Zingiretatik Amezti-Behekorako bide ondoan, Zingiretatik 100 bat metrora. Gorostidi baserriko ezeizatarrena zen eta 1955ean itxi zen.
12 Arburu
Buena Vista jatetxearen aurrean zegoen, Arburu baserriaren azpian. Tamainaz harrobi handia izan zen eta eraikinetarako harria ematen zuen. 1938an itxi zuten. Arburu baserriko Sansinenea sendiarena zen.
13 Amezti-Goikoa
Izen bereko baserriaren azpian zegoen. Harrobi honetatik eraikinak egiteko hare-harri arrunta lortzen zen. Harri gehiago ateraz gero, gaineko baserria erori egingo zelakoan, 1967an harrobia ixtea erabaki zuten. Baserrian bizi ziren urangatarrena zen.
14 Mendigain eta Gudamendi
Gudamendirako aldapan zegoen, izen bereko baserriaren ondoan. Harrobi handi horretan eraikinetarako hare-harri arrunta ateratzen zen. 1971n utzi zen. Plazetxeko Iraola sendiarena zen. Handik 200 metrora ere bazen Gudamendi izeneko harrobia, Gudamendi hotelaren azpian, iparraldeko aldean.
15 Kuartel-Azpi
Karabineroen kuartelaren azpian zegoen harrobia. Hortik datorkio izena. Espaloi ertzak edo zintarriak egiteko harri urdina edo hargogorra ateratzen zen. 1925ean itxi zen. Bengoetxea baserriko Arrillaga familiarena zen.
16 Urdandegieta
Perus eta Arritxulo bideen bidegurutzetik gertu zegoen, Kuartel-Azpi harrobitik 300 bat metrora. Destera edo zorroztarri ederrak ateratzen ziren bertatik. Kamio baserriko zendoiatarrena zen eta 1935ean harria ateratzeari utzi zitzaion.
17 Iñaerreketa
Karabineroen kuartelaren atzean zegoen. Harri arrunta eta zintarriak egiteko hargogorra ateratzen zen. Bengoetxe baserriko Arrillaga familiarena zen. 1935ean bertan behera geratu zen.
18 Agiti
Agiti baserriaren azpialdean zegoen. Hargogorra zuen, oso gogorra gainera, eta bertatik errotarriak, desterak eta zintarriak ateratzen zituzten. 1900. urtean bertako harriak gabarretan edo barkuetan eramateko portu antzeko bat egin zuten, baina handik gutxira bertan behera utzi zuten, portua ez zelako errentagarria. 1903tik 1937ra, Igeldoko apaiz Basilio Iraizoz izan zen Agitiko harrobiaren jabea. Ondoren, Agiti baserriko Alberdi sendiak bereganatu zuen.
19 Tximistarri
Harrobi txikia izan zen eta eraikuntzarako hare-harri arrunta ateratzen zen. Ia itsasertzean zegoen. 1955ean utzi zen.
20 Buena Vista
Izen bereko etxearen azpian zegoen. Eraikinak altxatzeko, harri arrunta ateratzen zen. 1945ean bertan behera geratu zen. Buena Vistako harrobia zamoratarrena zen.