Edukira joan

Obserbatorioa

Wikibookstik
(Igeldoko Meteorologia Zentro(e)tik birzuzenduta)

Juan Migel Orkolaga 1863ko urriaren 13an jaio zen Hernanin. Oso gazte zela erakutsi zuen eguraldiari antzemateko zeukan berezko ahalmena. Hamabost urterekin bidaia egin zuen Argentinara itsasontziz; bertako ofizialak eta marinelak seko harrituta utzi zituen, inork gutxik espero zuen ekaitza iragarri baitzuen.

1880an itzuli zen Euskal Herrira. 1883an, Zarauzko bikario egin zuten. Han egurrezko behatoki txiki bat eraiki zuen, ordurako meteorologiaren harra barruraino sartua baitzuen.

1900eko azaroaren 15eko enbata iragarri zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta portuei jakinarazi zien nolako ekaitza zetorren, eta horrek bizitza asko salbatzea ekarri zuen. Horrekin Aita Orkolagaren ospea eta izen ona lau haizetara zabaldu zen. Horren ostean hasi zen gorpuzten Orkolagaren ametsa: Igeldon behatoki meteorologikoa eraikitzea. Lehenbiziko behatokia Gudamendi inguruan zegoen etxe zahar batean jarri zuen. Eraikin hura obserbatorio zaharra moduan ezagutzen zen igeldoarren artean. Ondoren, 1901ean, GFAk Eulalia Enea etxea alokatu zuen, han Orkolagak behatokia jar zezan behin-behinean. Bertan aritu zen 1905era arte. Orduan Aldundiak Haize Eder etxea erosi zuen, han behin-betiko behatokia jartzeko. Gaur egun ere hantxe dago behatokia.

Alfonso XIII.a erregeak edota Maria Cristina erreginak sarritan bisitatzen zuten Orkolaga, estimu handia baitzioten apaiz meteorologoari. Espainiako erregearen familiak uda Donostian igarotzen zuen XX. mende hasieran eta, hilabete horietan, Orkolagak goizero deitzen zuen Miramar jauregira, egingo zuen eguraldiaren berri emateko.

Orkolaga mundu mailako erreferente bihurtu zen meteorologia alorrean. Etxean kritika ugari eta dirulaguntza gutxi jasotzen zuen garaian, Espainian, Europan eta Amerikan bere lanak estimu handia zuen: 1903an Frantziako gobernuak Orkolagaren goi-mailako lana saritzeko ‘Palma Akademikoen Ofizial’ izendatu zuen; sei urte geroago, 1909an, Mexikora joan zen, hango meteorologia-zerbitzua antolatzera.

Kantauriko arrantzaleentzat ere ezinbesteko bihurtu zen Orkolagaren lana, ekaitzen eta enbaten berri ematen baitzuen aldez aurretik. Sona handikoa izan zen 1912ko abuztuaren 12koa iragarri zuenekoa. Enbata lehertu baino 14 ordu lehenago telegrama bidali zuen Kantauriko portuetara, zetorrenaren berri emanez, baina tamalez arrantza-ontzi askotara ez zen garaiz iritsi iragarpena. Ondorioak oso latzak izan ziren: 143 arrantzale ito ziren, haietatik 115 Bermeokoak.

Handik bi urtera hil zen Juan Migel Orkolaga, 1914ko irailaren 22an.

Orkolaga oso gizon azkarra zela ez dago zalantzarik. 1903an tenperatura jaisteko tresna (aire girotua) baten patentea erregistratzeko eskatu zion gobernuari. Horrez gain, hainbat tresna asmatu zituen, haizea zein euria neurtzeko: anemoskopioa, zinemografoa, hidrometrografoa eta abar.

Geologo trebea izateaz gain, mekanika eta argindar kontuetan ere ezagutza handia zuen. Teologian aditua zen, eta euskararen alderdi etimologikoak ere aztertu zituen, eta hainbat lan argitaratu, tartean baita entziklopedia bat ere.

Igeldoko behatokiak ezaugarri bereziak ditu, eguraldiari buruzko datuak jasotzen hasi zen lehenbiziko behatokietako bat izan baitzen. 1905eko uztailaren 1etik aurrera hasi zen datuak biltzen, baina tamalez 1928 baino lehenagoko datu guztiak galdu egin dira. Hala ere, datuak jasotzeko erari erreparatuz gero, Igeldok berezko ezaugarriak ditu, oso behatoki gutxi baitaude munduan hain serie klimatologiko luzea dutenak, eguraldiaren aldagai guztiak neurtu eta jasotzen dituztenak, eta lan hori 24 orduz, 365 egunez eta eskuz, hau da, bertako langileen bitartez, jasotzen dituztenak. Horri esker, Igeldoko behatokiak kalitate handiko datuak ditu jasota.

Alejandro Alberdi Orkolagaren meza-mutil eta laguntzaile izan zen gaztetatik. 1905ean hasi zen lanean Zarauzko bikarioarekin behatokian. Haren seme Alejandro ere bertan aritu zen lanean, 1995ean erretiroa hartu zuen arte. Beraz, Alberdi aita-semeek 90 urte egin zuten bien artean Igeldoko behatokian.

Horiez gain, Jesus Mari Iparragirre, Juanjo Galparsoro, Juanito Izagirre eta Jesus Mari Muñoz ere Igeldoko behatokiko langileak izan ziren. Aipagarria da, baita ere, Igeldoko bi emakumeren ekarpena: Beltxora Etxebeste garbitzaile-lanetan aritu zen hainbat urtez, eta Antonina Alberdik bere anaia Alejandro ordezkatu zuen, haren soldaduska- garaian.