Igeldoko historia eta istorioak/Akelare ku
|
Igeldoko historia eta istorioak
|
Ku dantzalekua eta Akelarre jatetxea 1970eko uztailaren 31n zabaldu ziren. Denbora gutxian oso ezagunak egin ziren. Eraikin berean hiru atal desberdin jarri ziren: azpialdean, `Ku´ dantzalekua; erdialdean, ‘Kukito’ kafetegia; eta goian, Akelarre jatetxea.

Jose Luis Anabitarte ‘Gorri’k eta Jabier Iturriozek zabaldutako dantzalekuak izugarrizko harrera izan zuen 1970eko eta 80ko urteetan. Garai hartan jendetza biltzen zen Kun, eta Igeldoko errepidea automobilez eta motoz betetzen zen, asteburuetan batez ere. Ikusita Igeldoko dantzalekura zenbat gazte jendek igo nahi zuen, asteburuetan autobusak jartzen hasi ziren haientzat. Trafikoa ikaragarria zen, eta ilunabarrean, dantzalekutik ero moduan jaisten ziren. ‘Ku’ dantzalekuko jaitsiera ezaguna egin zen, eta jendea bide bazterrean biltzen zen nola jaisten ziren ikusteko.
Hasierako urteetan, igeldoarrek ere, batik bat gazte eta gautxoriek, izan zuten dantzalekura joateko ohitura. Igeldoarrek, gainera, sarritan sarrera eta lehenengo tragoa debalde izaten zuten, dantzalekuko jabeek harremana baitzuten herriko jendearekin.

Igeldoko dantzalekuaren arrakasta ikusita, 1978an Ibizan beste ‘Ku’ dantzaleku bat zabaltzea erabaki zuten. Ibizakoak marka guztiak hautsi zituen: 80ko hamarkadan munduko dantzalekurik onena izendatzeraino. Han munduko ospetsu- eta aberats-jendea biltzen zen arren, hara joandako igeldoarrak ondo hartzen zituzten, musu-truk sartzea lortzen zuten eta.
1990eko hamarkadan gainbehera iritsi zen; zorretan zegoen Ibizako ‘Ku’, eta 1993an itxi egin zuten. Igeldokoak bide bera hartu zuen 11 urte geroago, 2004an.
Akelarre jatetxearen ibilbidea bestelakoa izan zen, hasiera zaila izan baitzuen. Luis Irizar Igeldoko sukaldari ospetsuak proposatu zien jabeei bere ikasleetako bat, Pedro Subijana, sukaldeburu jartzea. Subijanak baina, eskaintza onartu ez zuenez, Marcelo Garate azkoitiarrak hartu zuen Akelarreren ardura. Handik gutxira, Paco Centenoren esku geratu zen; azkenik, 1975ean iritsi zen Pedro Subijana. Hasierako hilabeteak oso gogorrak izan ziren, bezero gutxi baitzituzten. Hasierako tarte hura igarota, bilakaera izugarria izan zuen Akelarrek: 1978an, lehen Michelin izarra eskuratu zuen; 1982an, bigarrena; eta 2007tik hiru izar ditu. 1990ean eraikin berria altxatu zuen, sukalde berria egiteko; eta handik urte gutxira, dantzalekua zegoen eraikina eta ondoko lursail batzuk bereganatu zituen. Gauzak horrela, 2017ko San Pedro egunean, ekainak 29, inauguratu zituen luxuzko hotela eta bertako jatetxea.
Akelarre jatetxearen ibilbidean Felix Etxabek protagonismo handia izan zuen. Aizarnazabaldarra 17 urterekin hasi zen Centenorekin lanean, eta Subijanarekin jarraitu zuen 44 urtez, jubilatu arte. Hasiera hartan, Benta Alegren jarri zen, apopilo, eta ondorengo hamarkadetan Subijanak Etxeberrietan duen pisuan bizi izan zen, Akelarreko beste hainbat sukaldarirekin batera.
Igeldoarrak ere aritu izan dira lanean Akelarren: Mari Karmen Arrillaga, Maritxu Arrillaga, Maria Jesus Garcia, Teresa Martikorena, Maite Eskarmendi, Malen Martikorena, Arantxa Zendoia, Imanol, Mikel Balda, Begoña Olasagasti, Pedro Mari Lizarazu eta Nekane Iraola. Bestalde, Luzio Zubeldia enkargatu gisa aritu zen Ku dantzalekuan; eta Imanol Balda, zerbitzari, Kukito kafetegian. Ganbaretxe baserriko Jose Mari Iraola hargintza-lanetan aritu zen.
- Pedro Subijana Reza