Igeldoko historia eta istorioak/Arrokak
|
Igeldoko historia eta istorioak
|
Ipar isurialdeko baserritarrek harreman estua zuten arrokekin XX. mendean. Arrokak baliabide ezin hobea ziren jana lortu edota sos batzuk poltsikoratzeko. Arrokak ez ziren aisialdirako tokia, jende oso gutxi joaten zen bainua hartzera, besteak beste, gehienek igeri egiten ez zekitelako. Egun pasa egitera haurrak joaten ziren gehienbat, helduak arrantzara, lapetara edota lanpernetara joan ohi ziren.
Igeldok behatokia izan arren, arrantza edo lanpernetara joaten ziren igeldoarrek ez zuten eguraldi iragarpenik behar. Ilargiari so egiten zioten arroketara noiz joan jakiteko, itsas behera eta itsas gora noiz ziren ondo zekiten gero!
Arrantzara joateko arropa zaharrak eta abarkak jantzita abiatzen ziren arroketara. Garai batean Donostiako kaian bokartak oparitzen zituztenez, antxoa-baldekadak hartu eta horiek erabiltzen zituzten arrantzarako edota ongarri gisa baratzarako. Antxoa eduki ezean, lurreko txitxareak ere erabiltzen zituzten. XX. mendearen lehenbiziko bi herenetan kainabera finkoak erabiltzen ziren arrantzarako. Lodiegiak ez ziren kainabera altuenak neguan moztu eta baserriko ganbaran lehortzen uzten zituzten. Behin lehortuta, arrantzarako erabiltzen zuten. Soka-mutur bat kainaberari erantsi eta hari lotuta pita eta aparejua jartzen zituzten. Lupiak, muxarrak, akerrak, akulak, dontzellak, durduak, karraspioak eta bestelako arrainak arrantzatzen zituzten.
-
XIX. mendeko grabatuak. Harkaitzean abizena eta urtea grabatuta utzi duenik bada Igeldoko arroketan. Harrobian lanean ari zen norbaitek egin zuela uste da. Urte asko igaro arren, itsasoak ez du lortu grabatutako abizena ezabatzerik. Ezkutuan dagoen harkaitz hori Tximistarritik gertu dago, kobazulo baten barruan.
-
Tximistarri. Gaztelutxo muinotik gertu dago. Aintzinako kondairen arabera, tximista beldurgarri batek jo eta erditik zartatu zuen harkaitza. Hortik datorkio izena harkaitzari. Igeldoko zenbait baserritarrek, arroka inguruko zelaietara garo bila joaten zirenean, harriaren gainean egiten zuten jiratzeko maniobra, gurdi eta guzti. Balentria handiko maniobra zen, zalantzarik gabe!
Jose Joakin Lizarazu zen dinamitarekin arrantzatzen trebeena. Kartutxoaren metxa piztu, uretara bota eta uretan eztanda egin behar izaten zuen. Eztandaren ostean, arrain mordoa geratzen zen ur gainean hilda eta lauzpabost metroko salabardoa erabiltzen zuten arrainak biltzeko. 1960. urtera arte dinamita bidezko arrantza erabili zen Igeldon. Arriskutsua zen, ez bakarrik dinamita eskuetan lehertzeko arriskuagatik, baita guardia zibilak noiznahi azaldu zitezkeelako ere.
Lapa etxean jateko harrapatzen zen gehienbat: lapa txikia, ilargi-lapa, lapa zaharra… Arkaitz gogorreko lapa izaten zen onena eta ostiral santu egunez lapetara joateko ohitura handia zegoen Igeldon.
Lapak saltzera ere joaten ziren Donostiara batzuetan. Damasa Garmendia, esaterako, 10-12 kiloko otzara buru gainean hartuta oinez joaten zen Parte Zaharrera lapak saltzera. Lapa-zopa edota lapa tortilan jatea zen ohikoena. Gosea eta eskasia-urteetan Igeldoko harrobietan harria lehertzeko dinamita kartutxoak erabili ziren arrantzarako noiz edo noiz.
Olagarroetara, aldiz, jende gutxiago joaten zen. Habanakoak, Ganbaretxekoak, Buztinzutiko Nartziso eta Zankardegiko Luis Errazkin ziren iaioenak. Azken honek 40 bat atera zituen egun bakar batean.
Arrokak leku arriskutsuak izan daitezke. Itsasoaren kolpeen ondorioz, igeldoar batek baino gehiagok utzi du bizia bertan. Eskapada handiak izan dituztenak ere asko dira, itsasoak barrura eraman eta arroken kontra kolpatu ondoren ozta-ozta bizirik atera direnak.
Itsasoak arrokak gogor astintzen zuenean alga asko agertzen zen Igeldoko kostaldean. Errodofitoa izeneko alga gorria zen eta elikagai-industrian zein medikuntzan erabiltzeko aproposa zen oso.

XX. mendeko azken bi hamarkadetan algak itsasotik atera eta saltzeari ekin zioten hainbat igeldoarrek. Lanbide horretan aritu ziren, besteak beste, Balda anaiak, Perusko Pastoriza, Lusarbeko Jose Ignazio Saizar eta Agiti, Habana, Aristegieta eta Singuieta baserrikoak, Jose Luis Aranguren, Joxe Ola- sagasti, Patxiku Olasagasti, Juan Mari Enbil, Patxi Su- bijana. Algak Agiti, Lezka, Iezgorri eta Tximistarriko arroketan biltzen zituzten gehienbat. Zenbaitetan gau eta egun aritzen ziren algak biltzen. Makina bat asto-lan egin behar izaten zuten txakur txiki batzuk irabazteko: alga bustiarengatik, batez beste, 0,28€ kiloa ordaintzen zen; alga lehorrengatik, 0,78€-1,25€ kiloko. Igeldoko algak Oviedoko enpresa batek erosten zituen eta bitartekari lanetan Migel Arrillaga aritu zen urte askotan.

Lanpernak harrapatzeko ohitura handia egon da Igeldon betidanik. Garai batean leku askotan eta urteko edozein sasoitan aurkitu zitekeen lanperna, jende gutxik biltzen baitzuen. Etxerako baino saltzeko harrapatzen zen, Donostian prezio onean eros- ten zuten eta. Itsas aldeko baserritar gehientsuenak joaten ziren lanpernetara, baita emakumeak ere (Arriolakoa, Perusekoa, Gorrienekoa, eta abar) eta oinutsik sarritan.
Lanperna gorria da preziatuena, beltza ere ez da txarra, eta ur-lanperna, kaka-lanperna deiturikoa, maila eskasekoa da oso. Anso, Mako eta Albitsuko muturrak, Ur Berdea edota Gaztelutxo lanperna-lekuak dira.
- Iturria: Jose Mari Zubeldia
Irudi galeria
[aldatu]Arrokak, Donostiako mugatik Oriokora Klik egin irudia handitzeko
-
Kolektoreko harlasta: Harlasta handi eta arriskutsua.
-
Kolektoreko kala: Ur zikinak jasotzen zituen kala izan zen urte askoan.
-
3 Zentellako zuloa: Gaztelutxo azpian dago.
-
4 Tximistarri.
-
5 Tximistarri. Leku Eder ingurukoak eta Antiguakoak joaten ziren bertara gehienbat.
-
6 Zingieta Azpi.
-
7 Kaskallu: Amezti auzunetik hurbil dagoen harlasta beldurgarri eta arriskutsua.
-
8 Larrabilko harlasta.
-
10 Frantses harria edo Markos harria, Etxeluze baserriko Markos Aristegieta beti hara joaten zen arrantzara.
-
11 Munabe.
-
12 Munabeko harlasta.
-
13 Lezkako muturra.
-
15 Iezkorri.
-
16 Karga-harria. Harrobi oso garrantzitsua izan zen. Harri bertikala da eta ur asko dago, sakona da. Horri esker, itsasontziak ertzeraino arrimatzen ziren harriak kargatzeko.
-
17 Karga-harri.
-
18 Agititxabal: Leku egokia bainurako. Erraz iris daiteke bertara. Olagarro eta lapetarako leku aproposa.
-
19 Anso: Agititxabaleko amuaitza.
-
20 Zakarro: Ondo jarritako izena, itsasoa beti zakar baitago, Leku arriskutsua da, neguan bereziki.
-
21 Mahaiazpi.
-
22 Botxon: Orioko mugan dago.
-
Biasolbin: 1 Maritxu Goñi (Hernani). 2 Pepi Alberdi. 3 Ignazia Goñi (Hernani).
-
Lezkan: 1 Anjel Martikorena. 2 Jose Manuel Martikorena. 3 Joxe Ugarte. 4 Jose Mari Kruz Martikorena. 5 Juan Mari Erauntzetamurgil. 6 Mateo Arrillaga. 7 Jose Mari Iraola.
-
San Ignazio egunan Lezkan: 1 Anjel Balerdi. 2 Joxe Ugarte. 3 Pako Calonge. 4 Mariano Fernandez. 5 Mateo Arrillaga.
-
Lezkan: 1 Patxiku Mari Erauntzetamurgil. 2 Pako Calonge. 3 Jose Ugarte. 4 Jose Manuel Martikorena. 5 Juan Mari Erauntzetamurgil. 6 Jose Manuel Martikorena. 7 Anjel Martikorena. 8 Mateo Arrillaga. 9 Jose Antonio Arrillaga.
-
Egun-pasa arroketan.
-
Arroketan
-
Biasolbin Maite Landa eta Joxepi Zendoia.
-
Arroketan lagunekin: 1 Pilar Iraola Garin. 2 Maddi Iraola Garin.
-
1 Josefina Martikorena. 2 Joxe Azurza. 3 Maria Errazkin. 4 Maria Luisa Zubeldia. 5 Juana Iradi. 6 Josefa Ignazia Azurza.
-
Ezker eskubi: Joakin Garmendia eta Jose Mari Izagirre.
-
Joxe Ugarte.
-
1 Jose Mari Kruz. 2 Joxe Ugarte. 3 Anjel Alberdi. 4 Mateo Arrillaga.
-
Fabian Loidi apaiza Biasolbin arrantzan.