Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Baserriak

[aldatu]

Baserriak Igeldoko baserriei buruz zerbait idazteko eskatu didate. Nire bizitza baserriari lotuta eman dudanez, txiki-txikitatik ezagutu dudan baserritik gaur egungora arte baserriak izan duen bilakaeraren gaineko gogoeta izan nahi du ondoko jardun honek.

Gaur egun altxortzat jotzen dugun baserria mendeetan zehar entitate familiarra izan da, bere baitan funtzio konplexuak bete dituena: bizitoki eta bizibide izan baita, aldi berean. Bizilekua izan da, bai familiarentzat bai abereentzat. Eta, jakina, bizibide, baserrian bizi zen familiako kideentzat. Baserria lurrez inguratuta egon da beti, eta hala dago oraindik ere. Lur horiek lantzea eta animaliak zaintzea izan da baserritarren zeregin nagusia. Baserria familia osoaren bizitoki, lantoki eta ogibide bilakatu zen. Lana eta lana, horixe izan da baserriaren ekonomiaren oinarria, horrelaxe bete izan dira mendez mende baserriko biztanleen ase- beharrak. Biziraupenaren ekonomia izan da baserritarrena.

Denboran zehar izan duen bilakaeran, bestelako ezaugarri batzuk ere bereganatu ditu baserriak. Senitarte handiko familiak izan dira baserrikoak. Familia ugariak izateak eta baserriak sakabanaturik egoteak elkarlanerako ohitura ekarri du, auzolana alegia. Urtean zehar garai jakin batzuetan sortzen ziren lan gogorrenei aurre egiteko, elkarri laguntzeko ohitura nagusitu zen; adibidez, belar ontzea, lur iraultzea, soroko lanak, garo biltzea... Negu partean, lan gutxiago izaten zenez, baserri-bideak berritu eta txukuntzeko ere elkartu izan dira baserritarrak auzolanean.

Beste ezaugarri nagusietako bat izan da baserria zatitu ezina zela. Ez etxea eta ez lurrak, ez ziren zatitzen. Gehienetan, seme zaharrena, maiorazkoa, izaten zen oinordeko bakarra; era berean, baserria bere ondorengoei transmitituko ziena, bere maiorazkoaren bidez. Gainerako senideek, maiorazkoaren anai-arrebek, baserria uzten zuten, kasu gehienetan.

Zereginen ugariak, lanaren zama handiak, denbora gutxi utzi ohi diete baserriko seme-alabei eskolarako. Aukera gutxi izan dute ikasketetarako, eta gehienek oso gaztetatik alboratu izan dituzte. Emakumeen kasuan, baserriko alaba asko hirira jaisten ziren, neskame-lanak egitera, edota moja sartzen ziren komenturen batean, lekaime. Gizonezkoak, berriz, asko beste lurralde batzuetara joan izan dira lan bila, emigrante moduan; beste batzuk apaiz edo fraide.

Baserriari ezarri dizkiogun ezaugarrien artean, ezin dugu inolaz ere ahaztu baserriak jokatu duen papera euskararen eta euskal kulturaren transmisioan, gordailu moduan. Neurri handian, baserriari esker gorde dira mendez mende gaurko eguneraino euskaldunon ohitura ugari eta alor askotako jakinduria handia: landareen eta abereen ezagutza, landa eremuaren garbitasuna, paisaia, folklorea, bertsolaritza, euskararen aberastasuna, herri kirolak, auzolana...

Igeldoko kasuan, familiaren biziraupena ez da baserritik soilik atera izan. Garai batean, harrobiek garrantzia handia izan zuten Igeldon. Gizonezko askok egin izan dute lan harrobian. Horrelakoetan, baserriko lana emakumeen eta seme-alaben ardurapean gelditu izan da, familia asko eta askotan. Gainera, Igeldo itsasertzeko herria izanda, itsasoak, kasu askotan, eragin zuzena izan du familiaren ekonomian, bizimodua aurrera ateratzeko laguntza handia izan dute itsasotik. Baserritar batzuek lurra bezala landu dute itsasoa, abereak bezala lapak, lanpernak, olagarroak eta arrainak; baserritar eta arrantzale izan dira.

Gaur egungo baserriaren bilakaera, berriz, oso azkarra izan da, historia laburra du. Euskal Herriko baserriaren gaia aztertu duten adituek diotenez, azkeneko 50 urteetan aurreko 600 edo 700 urteetan baino gehiago aldatu da baserriko bizimodua, baserritarren bizitza. 1950eko hamarkadak ekarri zuen hazkunde industriala, ekonomia orokorraren susperraldia, ustezko ongizatearen gizartea ekarri zuen, produkzioaren eta banaketaren eredu-aldatze handia. Eta, horrekin batera, baserriaren hondamendiaren eta amildegiaren hasiera. Zergatik? Baserria pasatu zen familiaren diru-iturri ia bakarra izatetik baserritarren ekonomiaren osagarri izatera. Baserritarren diru-iturri nagusia industriako fabrikak edo kaleko bestelako lantokiak izan dira harrezkeroztik.

Azken hamarkadetan, familiaren ogibide bakarra baserria izatearen eredua jarraitzen dutenak aldaketa sakonak eman beharrean gertatu dira: baserria familia-enpresa bihurtu dute. Baserriaren izaera erabat aldatu da: teknologia eta makinaria modernoak eskuratu dituzte, eta egungo gizartearen martxan sartu dira. Baserriak industriaren eredu ekonomikoa hartu du, ekoizpena bizimoduaren oinarri bakartzat hartuz. Hala ere, azken urteotan bide horrek zalantza ugari sortu ditu zenbait baserritarren artean, eta lurrari loturiko familia-nekazaritzaren eredua indarra hartzen hasi da, baserriaren berezko oreka ekonomiko eta ekologikora itzultzeko.


Oharra: Baserrien izenak letra etzanean idatzita daude liburuan.

Baserrien zerrenda

[aldatu]