Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Bustinzuri

Donostiako toponimiaren arabera, Igeldoko baserrien zerrendan, 1832. urtekoa da baserri honen aurreneko aipamena, Buztin Suri izenez azaltzen da.
Buztinzuriren lehenbiziko jabeak Aiestaran sendikoak izan ziren. Gerora, Nartziso Lizarazu Garmendiak erosi zuen baserria. Nahiko egoera kaxkarrean zegoela-eta, konpondu egin zuen. Nartziso haurra zela atera zen Arrizulo baserritik, eta batean eta bestean ibili zen lanean, morroi: Balentziaga baserrian; Denentzat Mesede (Matxekoene) baserriaren inguruan zegoen txabola batean, bertan idi-parea, behiren bat eta zaldia ere bazituela... Handik pixka batera, aurretik erosia zuen Buztinzuri baserrira jo zuen bizitzera.

Nartziso Lizarazu Garmendia eta Lapabide baserriko Ramoni Martikorena Usategi ezkondu eta baserrian jarri ziren bizitzen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Anjeles, Mari Jose eta Joxe Lizarazu Martikorena. Ukuiluan, sei bat behi izaten zituzten, eta idiak. Ganaduarentzat ‘garagar pulpa’ ekartzen zuten garagardotegitik. Esnea Gurelesara eramaten zuten. Baratzeko lana ere egiten zuten, baina batez ere etxerako.

Nartzisok, baserriko lanaz aparte, itsas-belarrak (algak) bildu ere egiten zuen. Gogoko zuen arrokan ibiltzea: arrantzan, lapak eta lanpernak eskuratzen, edota olagarroak harrapatzen. Lizarazutarrek arroketan ibiltzeko zaletasun eta abilezia izan dute, eta Nartziso ere, trebea zen oso.
Garai batean, kirolari moduan ere ezaguna izan zen: korrika, korrikalari gisa nabarmendu zen gehienbat eta Auñamendi Eusko Enziklopediak hiru norgehiagoka garrantzitsu jokatu eta irabazi egin zituela jasota ditu: Fernando Kortaberria, Juan Jose Olano eta Tomas Ugartemendiaren aurka. Aizkoran ere aritu zen. Esate baterako, 1970eko uztailaren 5ean Igeldon antolatutako lehiaketan aritu zen, Jose Mari Etxebeste, Manuel Errazkin eta Juan Jose Olano igeldoarren aurka. Urte askoan ikusi izan dugu herriko zein inguruko beste hainbat plazatan. Gerora, baserria saldu eta beste ingurune batera joan zen bizitzera.
Gaur egun beste familia bat bizi da baserrian, etxebizitza moduan.
Iturria: Maria Anjeles Lizarazu Martikorena