Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Errotatxo

Donostiako Irigoien sendia bizi izan zen baserrian XVII. mendearen bukaera arte. Gerora, XX. mendean, Ekogorko Pantxika Lizarralde eta Joxe Olasagasti senar-emazteak bizi izan ziren eta alaba izan zuten: Pakita Olasagasti Lizarralde.
Joxek Antiguako Lizarriturri lantegian aritzeaz gain, etxean ere laguntzen zuen. Hala ere, Pantxikak zeraman etxeko eta baratzako ardura. Denetariko barazkiak izaten zituzten: baba, azenarioa, letxuga, tomatea eta abar. Horiez gain, arto eta babarrun sail handiak ere bazituzten.

Pantxikak barazkiak saltzera eramaten zituen; aurrena Igarako autobusean eta automobilean beranduago. Abereak ere baziren baserrian: behi bat, txekorrak, txerriak, oiloak eta abar.
Baserria Ibaeta aldean zegoen errekez inguraturik: Berio–erreka, Ganbo-erreka, Sorgin-erreka, Igara-erreka, Pokopandegi-erreka eta abar. Hainbeste ur eta erreka izanda, Errotatxoko errotaz gain, beste hiru errota ere jarri ziren inguru horretan: Errota Zahar, Errota Berri eta Igarako Errota.
Errotatxo baserriaren ondoan zegoen errota, Sorgin-Erreka eta Pokopandegi-erreka elkartzen ziren lekuan. Artoa eta garia ehotzen zuten inguruko baserritarrentzat: Ekogorkoentzat, Pokopandegikoentzat eta abar.

Joxek eta Pantxikak ez zuten errota martxan ezagutu baina garaiko erroten antzeko ezaugarriak izango zituela pentsa daiteke. Errekan presa txiki batzuk eraikitzen zituzten ura indarrarekin jaitsi zedin. Leku horretan turbina bat jartzen zen uraren indarraz baliatu eta mugitzeko. Turbinari lotuta zutoin bat zegoen eta zutoin horren beste ertzean harri bat lotzen zen biraka aritzeko. Harri horren azpian mugitzen ez zen neurri bereko beste harri bat jartzen zen. Bi harri horien artean jartzen zen artoa edo garia eta txiki-txiki eginda geratzen zen harriaren mugimenduaren ondorioz. Urak indar gutxi zuenean eskuz mugitu behar zuten harria, arraunean ariko balira bezala. Etxean urik ez zutenez, ponpaketa sistema baten bidez iristen zitzaien ura. Errekaren alboan aska bat zegoen eta bertan egiten zuten gobada.

Errotatxo baserria 2004an eraitsi zuten industrialdea eraikitzeko.
