Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Eulalia Enea

Wikibookstik
Eulalia Enea baserriaren ikuspegi orokorra

Eulalia Enea etxea 1767an Badajozen jaiotako Manuel de Godoy, ezizenez Bakearen Printzea, politikari ospetsuak eraiki zuen, XVIII. mendearen bukaera aldera. Zenbait urtez bere ondorengoen esku egon eta gero, Gabriel Diaz de Güemezek eskuratu zuen. Aita Orkolagak behatoki meteorologikoa jarri zuen bertan, behin-behinekoz 1901etik 1905era. Urtebete geroago, 1906ko urrian, etxea Frantziako Arcachongo Captier dominikar erlijiosoen ordenaren esku geratu zen, eta eskola eta zaharrentzako egoitza gisa erabili zuten. Etxeak adineko erlijiosoak hartu zituen, eta gaixotasun larria zutenak. Haietako batzuk bertan hil ziren eta Igeldoko kanposantuan lurperatu zituzten. Hilerriko sarreran, sartu eta ezkerreko horman dagoen hilarrian, oraindik ere irakur daitezke han lurperatutakoen izenak: Baumin, Lachau eta abar luzea.

1906. urtea. Villa Eulalia

Alfonso XII.a erregeak etxea erosi zuen 1925ean bere arreba Eulaliarentzat. Maria Eulalia de Borbon y Borbon infanta Isabel II.a erreginaren alaba gazteena zen, eta bihurriena. Infanta errebeldea edota Infanta errepublikarra ezizenez ezagutzen zutena liluratu egin zen Igeldoz eta uda Eulalia Enea etxean igarotzea erabaki zuen. Horren ondorioz, etxearen aurrealdetik Donostiaraino doan errepidea, ordura arte lokaztutako gurdi-bide estua zena, zabaldu eta itxuratu egin zuten. Bide batez, igeldoarren mesederako ere izan zen obra. Ondoren, Gastamintza sendiak erosi zuen etxea, eta 1975ean alokatu egin zuten eraikina, bertan eskola jartzeko: Opus Deikoek haur txikientzako Erain ikastetxea zabaldu zuten han. Ondoren, 1983an, gaur egungo jabeek erosi zuten: Moraza sendiak.

Kanposantuko hilarria: Frantsez dominikarren oroimenez.

Igeldoko hainbat familia aritu izan da lanean Eulalia Enean. Leku Eder-eko Pakita Arrillaga etxea garbitzera joaten zen, Eulalia infanta bizi zen garaian. Pakitak Balentin semea eramaten zuen Eulalia Eneara, ez baitzuen haurra norekin utzi. Ama lanean ari zen bitartean, Balentintxo jostatzen aritzen zen, hori bai Eulalia infantarengandik urruti. Pakitak sarritan esan zien bere ondorengoei infantak ez zituela gogoko haurrak eta animaliak, eta Balentinek ezkutuan ibili behar izaten zuela. Horien aurretik gauza bera gertatu zitzaien Jose Manuel Arrillaga eta Josefa Antonia Mendiluze senar-emaztei. Hirugarren umearen esperoan, erreginari hiru gehiegi irudituta, bidali egin zituen, Jose Oliden eta Raimunda Santxotena senar-emazteak eta beren seme Jose Luis eta Julian bertan bizi izan ziren, eta etxea zaintzeko ardura zuten. Ondoren, Bartolo Balda eta Emilia Azurza senar-emazteak bizi izan ziren bertan, Alex eta Migel Anjel semeekin. Familia honek ere etxea zaintzeko ardura zuen, eta 1982ra arte bizi izan ziren bertan.

Bestalde, Erain eskola jarri zuten garaian Anjela Alberdi aritu zen lanean: eskola garbitzen eta haurrei bazkaria ematen.

Iturria: Jose Mari Moraza