Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Ganbaretxe

Wikibookstik
Ganbaretxe baserriaren ikuspegi orokorra

Ganbaretxeren lehen aipamenak 1695ekoak dira. Baserri oso handia zen, behe alde guztia ganaduarentzako ukuiluak osatzen zuen eta gora beste bi altura zituen. Azken urteotan aldaketa asko izan ditu.

Alkorta familiarena izan zen hainbat belaunalditan zehar. Ondoren, Zankardegi baserriko Eskolastika Mendiluze Agirrezabalaga Aiako Juan Jose Huegun Atorrasagastirekin ezkondu eta haiek etorri ziren bizitzera. Bikoteak zazpi seme-alaba izan zituen: Pepita, Frantziska, Juanita, Maria, Asun, Juan Jose eta Jose Antonio Huegun Mendiluze.

1 Jose Mari Iraola. 2 Miren Iraola. 3 Agustin Etxebeste. 4 Maria Huegun. 5 Nekane Iraola. 6 Estitxu Iraola. 7 Juanito Mujika. 8 Jose Mari Iraola. 9 Maribel Mujika

Juan Jose aitak, hasiera batean, Monte Igeldon lan egin zuen, baina gerora baserrian gelditu zen. Zortzi bat esne-behi, astoak, txekorrak, oiloak... zituzten baserrian. Baita idiak ere. Juan Jose baserriz baserri ibiltzen zen idiekin lurrak goldatzen, eta baita garoa garraiatzen ere, esate baterako Sakarro mendian dagoen Iranguren baserritik. Auzolanean aritzen zen, arto jorran, segan, goldean...

1 Jose Antonio Mujika. 2 Juan Jose Mujika. 3 Pepita Huegun.

Zenbait sagarrondo ere bazituzten; etxean beti izaten zen sagardoa eta pittarra barrikan. Sagarra Arretxe eta Erasoenera eramaten zuten sagardo egitera. Ganadua, ur edatera, Marabietako iturrira. Aurrena, Eskolastika ama joaten zen Bretxako merkatuko hartzaileengana; gerora, Pepita alaba. Gobada egitera ere iturrira joaten ziren. Marabietakoa handia zen, eta ama-alabek dirudun jendearen arropa ere garbitzen zuten. Garbitu ahala, sasi gainean jartzen zuten lehortzeko. Arrantza egitera ere joaten ziren, etxerako. Artoa izaten zuten etxean eta irina egitera Hernaniko errotara eramaten zuten.

1 Eskolastika Mendiluze. 2 Juan Jose Huegun.

Baserrian obra eginda, zenbait etxebizitza izan zituzten. Horrela, Pepita, Maria eta Jose Antonio anai-arrebak gelditu ziren baserrian, beren familiekin. Pepita Huegun Amezti Erdikoa baserriko Jose Antonio Mujikarekin ezkondu zen. Denbora batean, Gaztaintxabaleta baserrian bizi izan ziren. Gerora, berriz, Ganbaretxera etorri ziren. Lau seme-alaba izan zituzten: Juan Jose, Jose Antonio, Juanito eta Maribel Mujika Huegun. Gaur egun, Maribel Mujika Huegunek segitzen du han, bere familiarekin. Badituzte animalia batzuk, eta baratzeko lan pixka bat ere egiten dute.

Maria Huegun Xatenera ezkondu zen, hango Jose Mari Iraolarekin, eta lau seme-alaba izan zituzten: Miren, Jose Mari, Nekane eta Estitxu Iraola Huegun. Gaur egun, Nekane eta Estitxu ahizpak bertan bizi dira.

Jose Antonio Huegun Erasoene baserriko Maritxu Eraunzetamurgilekin ezkondu zen, eta gaur egun ere Ganbaretxe baserrian segitzen dute.

Iturria: Jose Antonio Huegun Mendiluze