Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Gure Kaiola
Baserria 1956an eraiki zuten: bi alturako etxebizitza da, azpian ganaduarentzako ukuilua duena.

Bekoetxeberriko Maria Urruzmendi Goisoro eta Kamioko Antonio Zendoia Garmendia andre-gizonak jarri ziren bertan bizitzen. Bost seme-alaba izan zituzten: Jose Anjel, Arantxa, Iñaki, Antxon eta Bakartxo Zendoia Urruzmendi.
Antonio, 10 urte inguru zituela, harrobiari loturiko lanetan hasi zen. Aitaren behiekin, Zingieta baserriaren ondoko Gaztelutxo izeneko harrobitik punta egiten aritzen zen. ‘Punta Egitea’: kate batekin idi pareari laguntzen, alegia. Uztarriari kate bat eransten zitzaion, eta era horretan, idiei harriaren ekarri-aldian laguntzen zitzaien. Gerora ere, idiekin makina bat joan-etorri egin zuen Zapatariko plazatxoraino. Bertan kamioian kargatu eta Egia auzoko Marmoles Altuna lantegira eramaten zituzten. Soldaduska egin ostean, berriz, Ondarretako kartzela botatzeko lanetan aritu zen, Lizarriturrin hargin; geroago, Monte Igeldoko Parkean: hargin lanetan eta Montaña Suitzan.

Gaztetan, inauteritan etxez etxe ibiltzen ziren, lepoan zapi bat jarrita. Arrautzak eta dirua biltzen zuten, harekin gero bazkaria egiten zuten. San Joan eskean ere aritu izan zen, kopla kantari. Inoiz baimenik gabe kantatzen aritzeagatik apaizak isuna jarri omen zion, ogerleko bat. Gerora, herriko festetan, deman tertzero moduan ibili zen, urte askoan; eta itzain lanean ere bai.

Baserrian bost bat behi eta beste horrenbeste txekor izaten zuten, esnetarako behiak. Familia guztia aritzen zen lanean. Behorra ere bazuten, gurdian belarra ekartzeko. Goiko etxebizitzan gelak alokatzen zituzten. Maria arduratzen zen lan horretaz, eta baita baserriko lanaz ere. Esne- behi onak izaten zituzten. Oiloak, konejuak eta inoiz txerriren bat ere izan zuten; bolada batean, ardi pare bat ere bai. Baratza pixka bat ere egiten zuten, baina etxerako bakarrik.
Gaur egun, bi seme bizi dira beren familiekin, Jose Anjel eta Antxon, eta nahiz eta bertan baserri- lanik egin ez, Jose Anjel semea Orioko Longa baserrian aritzen da behiekin lanean. Gure Kaiolan baratza pixka bat ere egiten dute, etxerako.
Iturria: Antxon Zendoia Urruzmendi