Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Habana

Wikibookstik
Habana baserriaren ikuspegi orokorra

Joxe Aristegieta Bengoetxea Donostiako nobleziako familia bateko maiorazkoa zen, Solar de Echeverria baserrikoa. Interes ekonomikoak zituen Kuban, eta Donostiako hiriaren ordezkari gisa jardun zuen, Habanan hildako Zabaleta koronelaren herentziaren likidazioan. 1829an, Habana baserria eraikitzea sustatu zuen.

Joxe eta Joakin Aristegieta anaiak merkataritza-trafikoan aritzen ziren, ontzi-armadore gisa. Habana baserriak itsasoz bestaldeko abenturen oroitzapena gordetzen du.

Habanako familia: 1 Dolores. 2 Migel. 3 Maria. 4 Luis. 5 Pepita. 6 Inaxi. 7 Margarita. 8 Karmen. 9 Joxe. 10 Ramoni. 11 Antxoni. 12 Manuela. 13 Jose Antonio Lizarazu Balerdi. 14 Balbina Balerdi Lizaso. 15 Jose Ramon Lizarazu Zubeldia.

Urte batzuk geroago, Pedro Ignazio Lizarazu Aginagako Urdaira baserritik etorri zen Habanara emazte Josefa Ramona Zubeldia Ezenarrorekin. Bost seme-alaba izan zituzten: Jose Ramon, Jose Joakin, Maria, Dolores Lizarazu Zubeldia eta beste seme bat (horren izena ez dugu lortu). Jose Ramon Lizarazu Zubeldia seme zaharrena 1899an jaio zen. Huraxe gelditu zen baserrian bizitzen. Agitiko Balbina Balerdi Lizasorekin ezkondu eta 13 seme-alaba izan zituzten: Dolores, Migel, Maria, Luis, Pepita, Ignazia, Margarita, Karmen, Joxe, Ramoni, Anttoni, Manuela eta Jose Antonio Lizarazu Balerdi.

Jose Ramonek harrobian egiten zuen lan, eta baserri-etxeen konponketan ere bai, arotza ere bazen eta. Ganadu askorik ez zuten izaten, baina lau bat behi bai, baita astoa ere. Baratza ere egiten zuten, batez ere etxerako. Balbina Donostiara jaisten zen astoarekin, esnea saltzera, aurrena Benta Alegrera igota. Jose Ramon arroketara ere asko joaten zen, aukera zuen guztietan, eta lanperna, lapa, arrainak eta batez ere olagarroak ekartzen zituen. Olagarroak etxe atariko paretan jartzen zituen zintzilik, lehortzeko, eta uda garaian usain handia izaten zen han. Olagarroak Balentziaga baserriko Maria Agustina Balentziaga Eizagirre getariarrari eramaten zizkion, hark olagarro-zopa egiteko. Maria Agustina Kristobal Balentziaga jostun ezagunaren arreba zen.

Olagarroak lehortzeko zintzilika jartzen ziren baserriaren horman.

Habana eta Zankardegi baserrien artean iturri bat zegoen; inguruko baserritarrek hara eramaten zuten ganadua ur edatera. Baserriaren goiko aldean, beste iturri handi bat ere bazen (orain harri batzuk gelditzen dira); garai hartan jende asko joaten zen hara, gobada egitera. Egun, Polunpari etxearen terrenoen barruan dago leku hura.

Luis Lizarazu Balerdi eta Itziar Arteaga Lizarazu.

Gaur egun, Jose Ramon Lizarazuren seme Luis Lizarazu Balerdi eta Dolores Illarramendi senar-emazteak bizi dira baserrian, euren familiarekin.


Iturria: Luis Lizarazu Balerdi