Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Mendi Mendia

Wikibookstik
Mendi Mendia etxearen ikuspegi orokorra.

Eraikina Goloso izeneko mendian dago, Gudamendi eta Txubillo mendien artean, Lasarmendi bidearen aldamenean. Garai batean, administrazioarentzat Ibaeta zonaldekoa izan zen. Baserriaren lehenbiziko nagusiak Bontegi Zubiaurre senideak izan ziren. Jose Mari Usandizaga opera idazle famatuak opera bat idatzi zuen Mendi Mendia izenekoa. Bontegi Zubiaurre familiak, operaren oroigarri eman zion izena etxeari. Hala ere, garai batean Igeldoko jendeak Goloso izenarekin ezagutzen zuen etxea.

Bertan bizitzen, etxezain lanak eginez, Txomin Munduate nafarra eta Pantxika egon ziren. Hiru seme-alaba izan zituzten: Lourdes, Juani eta Jose Mari Munduate.

Etxearen aldamenean bazen txabola txiki bat. Han, Ibaetako Urkiola baserrian jaiotako Markos izeneko gizon bat bizi izan zen, guarda lanean aritzen zena. Asto txiki batekin ibiltzen zen beti.

Baserrian behiak izaten zituzten, eta txerriren bat ere bai. Baratza ere lantzen zuten pixka bat. Pantxika plazara jaisten zen, barazkiak saltzera; gurditxo bat erabiltzen zuen plazarako salgaiak autobus-geltokiraino garraiatzeko. Geroago, Manoli izeneko astoarekin egiten zuen bide hori. Txomin kamioilari lanean aritu zen. Urte batzuetara, baserritik bota egin zituzten eta kalera joan ziren bizitzera.

Pedro Etxaniz eta Maite Arruti senar-emazteak ere egon ziren baserrian bizitzen zenbait urtez, guarda moduan.

1980 aldean, beste bikote bat etorri zen baserrira: Markos Duarte Fernandes eta Beatriz Machado Fernandes, jatorriz portugaldarrak. Bi seme izan zituzten: Jorge eta Xabi Machado Fernandes. Gaur egun ere haiek bizi dira baserrian, beren familiarekin. Ez dira baserriko lanean aritzen, baina badute baratza txiki bat, etxerako, eta zaldi bat ere bai.

Iturria: Markos Duarte Fernandes