Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Mizkinotegi

Mizkinotegi baserriari buruzko lehenbiziko aipamena Donostiako toponimian, 1857. urtekoa da. Aristegieta-goya edo Mikelatxoene izenez ere azaltzen da. Herriaren sarreran kokatuta dago, Mendizorrotz jatetxearen atzeko aldean eta Santamartaren denda zenaren goiko aldean.

Dominika Landa eta Lukas senar-emazteak bizi ziren, Artikula Txiki baserritik etorrita. Agustin morroia ere haiekin batera etorri zen, ‘Pipas’ ezizenez ezaguna zena. Agustin gizon txikia zen, eta oso jenio txarrekoa, erraz haserretzen zena. Ohitura zuen patata-hostoak baratzetik hartu, etxeko labean sartu eta lehortzen jartzeko. Patata- hostoak ondo lehortutakoan, xehetu eta tabako moduan erretzeko erabiltzen zituen.

Baserriaren beheko aldean ganadua izaten zuten, lauzpabost buru. Etxebizitza eta logelak goiko aldean zeuden. Etxeak terraza ere bazeukan. Han Gregorio Santamarta, eta lehenago Jose Mari Izagirre Xarra, ilea mozten aritzen ziren.
2003an baserria konpondu zuten. Gaur egun, Otondo-Azpi (Mendizorrotz) jatetxeko Bittor Etxebeste Calonge eta Espe Remiro Arruquero bizi dira bertan.
Iturria: Bittor Etxebeste Calonje