Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Ondazarte

Wikibookstik
Ondazarte baserriaren ikuspegi orokorra.

Baserri honen inguruan topatu dugun lehen aipamena 1864. urtekoa da. Garai hartan, Estatua egin zen baserriaren jabe, urte hartako Erret-dekretu batean oinarriturik. Erret-dekretu hura garai hartako Mendizabalen Desamortizazioaren legean oinarritzen zen. Hura baliatuz, Estatuak ‘Religiosas de Astigarraga’ izeneko mojei kendu zien. Mojen aurretik zegoen jaberik ezagutzen ez zenez, enkante publikoan atera zuten. Horretarako, 950 eskudo eta 616 milesimatan baloratu zuten baserria.

1 Dolores Intxausti Caldevilla. 2 Mañu Lizarazu. 3 Antton Dorronsoro Gaztañaga. 4 Isabel Dorronsoro Gaztañaga. 5 Joxe Dorronsoro Gaztañaga. 6 Maria Luisa Dorronsoro Gaztañaga. 7 Maria Kruz Gaztañaga.

1866an, Frantzisko Garaiburuk eskrituratu zuen, eta handik gutxira hil. Hil aurretik testamentua egin eta herriko apaizari utzi zion herentzian: Don Jose Ignazio Irisarri Muñagorriri. Garai hartan baserria erre egin zen eta, apaizarena izanik, herritarrek auzolanean eraiki zuten. 1871n erregistratu zuen apaizak bere izenean. Apaiza 1887an hil zen eta, herentzian, Donostian bizi zen ilobari utzi zion, Don Eujenio Gorostidi Irisarriri (abokatua ofizioz).

1902an, Felipe Gabilondo Oiarbidek erosi zion Eujenio Gorostidiri. Felipe Gabilondo harrobi lanean aritzen zen. Hil zenean, seme Jose Anjel Gabilondo Aldanondok bere izenean jarri zuen, 1915ean. Jose Anjel Gabilondo Luisa Atxega Intzarekin ezkondu zen. Gizona gazterik hil zen, eta Luisa alargun gelditu zen baserrian, sei seme-alabekin. 1933an, Goierritik Nikolas Dorronsoro Zabala eta bere familia etorri ziren baserrira bizitzera; artean Luisa Atxega Intza alargunak han segitzen zuen, bere seme Manuelekin. Bolada batez, bi familiak elkarrekin bizitzen egon ziren. Baina, handik gutxira, Luisa eta Manuel ama-semeak Añorgara jaitsi ziren bizitzera.

Balearraingo Nikolas Dorronsoro Zabala eta Lizartzako Luixa Gaztañaga Arregi senar-emazteak, aurrez Argentinan bizi ondoren, beren bi semeekin Igeldora etorri ziren bizitzera: Ondazarte baserrira. Semeak, Pedro eta Antonio Dorronsoro Gaztañaga, Argentinako Rosario Santa Fe probintzian jaioak ziren. Argentinatik etorri ostean, aurrena Orendaingo baserri batean jarri ziren; handik, 1933an etorri ziren Igeldora, Ondazarte baserria erosi eta bertan bizitzera, Luixa emaztearen osasun egoera zela-eta medikuak itsas-ertzean bizitzea gomendatu ostean. Orendainen bizi izan zirela alaba ordeko bat hartu zuten, neska koskorra zela: Estefania Marin.

Pedro Dorronsoro Gaztañaga eta Mari Kruz Gaztañaga Dorronsoro.
Pedro Dorronsoro Gaztañaga.
Juantxo Dorronsoro Gaztañaga.

Baserria nahiko zaharkitua zegoen, eta lur-sail gehienak sasiak eta oteak hartuta. Aurretik baserrian bizi zen Luisa Atxegak bi behi eta txekor bat zituen ukuiluan. Lan ugari egin zuten etxea eta lurrak txukuntzen. Etxea berritzeko Arrizuloko basotik ekarri zuten egurra. Familia berriak ukuiluan behi bururen bat gehiago jarri eta baserria aurrera ateratzea lortu zuen.

Pedro semeak igande arratsaldetan filarmonika jotzen zuen, ondoan zen Bengoetxe baserriaren atarian; eta inguruko neska-mutilak bertara biltzen ziren erromerian. Soldaduskarako adina gerra garaian etorri zitzaien bi semeei, hiru urte eman zituzten etxetik urrun. Bitarte horretan, senar-emazteak Estefania alabarekin bizi izan ziren. Gerratik itzuli ostean, Pedro Donostiako udaletxean hasi zen lanean, bide-garbitzaile brigadetan, eta Antonio, berriz, harrobian. Garai hartan, ukuiluan bospasei behi zituzten; esnea, auzoko zuten Bekoetxeberri baserrikoek saltzen zieten berenarekin batera. Baserrian Pedro gelditu zen. 1944an, Zaldibiako Mari Kruz Gaztañaga Dorronsororekin ezkondu zen. Lehengusuak ziren senar-emazteak, biak 29 urtekoak. Sei seme-alaba izan zituzten: Ixabel, Maria Luisa, Antton, Joxe, Juantxo eta Felipe Dorronsoro Gaztañaga. 1946. urtean, Arrizulo baserriko 10 urteko alaba hartu zuten etxean: Mañu Lizarazu Garmendia. Mañu familiako alaba bat bezala bizi izan zen Ondazarten. 1960an, Mari Kruz hil zen, 45 urte zituela, eta bi urte geroago, seme gazteena, zazpi urteko Felipe, tetano baten ondorioz.

1 Pedro Dorronsoro Gaztañaga. 2 Isabel Dorronsoro Gaztañaga. 3 Maria Luisa Dorronsoro Gaztañaga. 4 Mari Kruz Gaztañaga Dorronsoro. 5 Antton Dorronsoro Gaztañaga. 6 Joxe Dorronsoro Gaztañaga.

Garai hartan, ukuiluan zazpi bat behi eta txekorrak izaten zituzten, baita oiloak eta txerri pare bat ere. Baratza pixka bat ere egiten zuten, baina batez ere etxerako izaten zen. Tarteka, sagar-denbora zenean edo barazki ugari lortzen zituztenean, Donostiako Bretxako merkatura joaten ziren saltzera (hil aurretik Mari Kruz eta, gerora, Ixabel alaba). Esnea, berriz, Gurelesara eramaten zuten. Baserrian bazuten ura, eta etxe aurrean baita aska handi bat ere, aterpea eta gobada-harri eta guzti. Gobada bertan egiten zuten, eta inguruko baserrietatik ere etortzen ziren arropa garbitzera. Anttonek eta Juantxok ikasketak egin zituzten; gainerako anai-arrebak baserriko lanean aritzen ziren, aitari laguntzen. Urteak pasa ahala, senide bakoitzak bere bidea hartu zuen, lan desberdinetan hasita. Ixabel Zumaiara ezkondu zen. Gerora, baserrian erreforma egin eta hiru etxebizitza egin zituzten. Bertan Maria Luisa, Joxe eta Antton gelditu ziren, bakoitza bere etxebizitzan eta bere familiarekin. Juantxo denboraldi batez Donostian bizi izan zen, baina geroago baserrian beste etxebizitza bat prestatu eta bertara etorri zen bizitzera familiarekin. Anttonek ere, ikasketak bukatu ondoren, baserri lanean segitu zuen. Behi gehiago jarri eta esnea ekoizten hasi zen, familiaren laguntzaz, marka propioa sortuta: Igeldoko Esnea.

Gaur egun ere, Anttonen familiako ondorengoek jarraitzen dute bide horretan: esne-behiekin lanean, esnea salmenta zuzenaren bidez saltzen.

Iturria: Antton Dorronsoro Gaztañaga