Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Otondo

Uste dugu baserri honen jatorrizko izena (1825. urtean) Otondua izan zitekeela eta, agian, don Juan Olasagastik erosi zuela, Etume baserriarekin batera. Gerora, Etumen bizi izandako Dionisio Aldanondo ere izan zen baserri honen jabea.
Dionisio Aldanondok idi asko izaten zituen; gaur egun Muntozabal izenez ezagutzen dugun zelaia guztiz goldetzen zuen. Itulian makina bat saio egindakoa da han Jose Mari Kruz.

Ondoren, Usurbilgo Jose Heredero Pinela eta Artikula baserriko Dominika Landa bikotea bizi izan zen. Haiek hiru seme-alaba izan zituzten: Loli, Mari Karmen eta Dominika Heredero Landa. Hainbat urtez taberna moduan funtzionatu zuen, Manzanares izenean; mahaiak baserriaren ekialdean dagoen jardinean egoten ziren, Donostia aldean. Jose Heredero Pinela gerra garaian hil zuten. Ondoren, familiak alde egin zuen.

Gerora, Kristobal Balentziaga Eizagirre jostunak erosi zituen baserria eta zelaiak. Ordutik hona, baserria Balentziaga moduan ezagutu izan da. Kristobal Balentziaga Getarian jaio zen 1895ean, eta 1972an hil. Aita arrantzalea zuen. Kristobal tarteka bere bikotekidearekin etortzen zen baserrira, egun batzuk pasatzera. Haren arreba, berriz, Agustina Balentziaga, bertan bizi izan zen. Hainbat neskame izan zituen etxean: Orioko Iraola, Gernikako Karmen eta Maria Eskibel, esate baterako. Maria Eskibel, Erreroene baserrira ezkondu zen. Geroago, beste bi neskame ere izan zituen, etxeko lanak egiteko: Josefa eta Joxepaiñaxi ahizpak. Josepaiñaxi, gerora, Igeldoko postaria izan zen. Morroi lanean, berriz, Alfonso Artano, Joxe Matxain eta Nartziso Lizarazu aritu ziren. Ukuiluan bost bat behi izaten zituzten, morroiak aritzen ziren behiak zaintzen eta inguruak garbitzen. Habanako Jose Ramon Lizarazuk arrokan harrapatutako olagarro ederrenak ekartzen zizkion askotan Agustinari, olagarro zopa egiteko.
Kristobal Balentziaga eskuzabala zen eta zenbait herritarri berak egindako arropak oparitu zizkien: Otondo baserriko Maritxu Arrillagari berde koloreko abrigoa egin zion; Fabian Loidi apaizari, abrigoa eta sotanak; eta Otondo baserriko Sabino Arrillaga eta Ramon Aisari, kazadorak. 1980. urtean baserria erre egin zen eta pareta batzuk bakarrik gelditu ziren zutik.
Azkenik, orain dela 25 urte, baserria erosi eta konpondu egin zuten Zenzano-Gomez eta Gomez-Fraile bikoteek. Bi etxebizitzako eraikina bihurtu zuten, eta gaur egun ere haiek bizi dira beren familiarekin.
Iturria: Jose Mari Kruz Martikorena