Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Plazaetxe

Donostiako toponimiaren arabera, Igeldoko baserrien zerrendan 1857. urtean azaltzen da Plazaetxeren lehen aipamena. Baserria, bi etxebizitzakoa, herriko plazan dago, kale-baserria da. Haren inguruan, bere terrenoan, beste eraikin bat ere bazegoen, `Errepublikarren zentroa´.
Lehenbiziko jabe moduan, Etxebeste sendia topatu dugu. Gerora, Iraola familia etorri zen bizitzera. Zelai asko zuen baserriaren inguruan; beren lursailetan harrobi bat ere bazen, Aitz- Haundi, 1948an itxi zutena.
Mariano Uranga Aramendi Zarauztik etorri zen, morroi, baserri honetara. Bertako alaba Benita Iraolarekin ezkondu zen. Ezkonduta, Amezti Garaikoara joan ziren bizitzera.

Ondoren, XX. mendearen bukaera aldean, Jose Mari Iraola eta Benita Garin senar-emazteak bizi izan ziren bertan. Sei seme-alaba izan zituzten: Jose Manuel, Klemente, Maddi, Ramon, Pilar eta Antonio Iraola Garin.

Ukuiluan, hainbat abere izan ohi zuten: behiak, txekorrak, astoa, oiloak... Lau idi-pare ere bai. Kooperatibako goiko aldeko lursailean harrobi bat zegoen, han aritzen ziren lanean lau idi-pareekin, harriak Donostiara garraiatzen. Idiek bertan pasatzen zuten gaua, harrobi inguruan egoten ziren beti. Bertako seme-alabak batera eta bestera joan ziren. Pilar irakasle izan zen eta Klemente ere bai. Ramon ur-kontadoreak ikuskatzen ibili zen. Antonio, kamioilari lanean, berea zuen kamioi txiki batekin. Jose Manuel, berriz, Errusiara joan zen bigarren mundu-gerran, ‘Division Azul’ izeneko armadan. Han hil zuten. Familia honen senitarteko bat musikaria izan zen, Errenterian bizi zena. Ramon eta Pilar anai-arrebak gelditu ziren baserrian bizitzen.
Beste etxebizitzan, Jose Mari Izagirre eta Xixili Arrillaga bizi ziren beren semearekin: Juanito Izagirre Arrillaga. Jose Mari ilea mozten aritzen zen, besteak beste. Amezti Goikoa baserriko Mariano Fernandez, bere lehenbiziko jaunartzea zela-eta, Jose Marirengana joan zen ile-moztera. Nonbait, nahiko gutxi moztu zion eta, etxeratu zenean, amak sekulako errieta egin zion Marianori, haserre. Amaren errieta zela-eta, Mariano berriz ere Jose Marirenera joan zen, eta gurutze baten irudia eginaz ilea mozteko eskatu zion. Modu horretan egin zuen jaunartzea Marianok.
Gaur egun, iraolatarren ondorengoek segitzen dute baserrian bizitzen.
Iturria: Maria Jesus Garcia Babon
