Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Txoxa Berri

Wikibookstik

Donostiako toponimiaren arabera, 1828an Etxeberri izenez azaltzen da baserria. 1862an, berriz, Chóza-Echeberri. Gerora, Txoxa Berri izenez ezagutu izan da. Baserri handia zen, aldamenean etxe txikiago bat zegoen, eta inguruan zelai handi samarra zuen.

Txoxa Berri baserriaren ikuspegi orokorra.

Lehenbiziko nagusi moduan Maria Joakina Landa Munoa azaltzen da. Maria Joakina Errenteriko Norberto Ibarguren Esnaolarekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Josefa Bernarda, Jose Frantzisko, Jose Luis eta Josefa Antonia Ibarguren Landa.

Josefa Antonia Balentin Zamora Arratibelekin ezkondu zen. Urte gutxira, Buena Vista taberna eraikitzen hasi ziren, eta bertara joan ziren bizitzera. Baserrian bizi ziren bitartean, bi seme- alaba izan zituzten: Joxe eta Martina; eta Buena Vistara joan ondoren, beste bi: Balentin eta Joakina. Joxe Artikula Txiki baserriko Maria Sagardiarekin ezkondu zen.

Baserrian ganadu pixka bat bazuten: hiru bat behi, txekorren bat eta oiloak ere bai. Baratzean, berriz: babarruna, artoa, tomatea, letxuga...

1 Joxe Zamora (Txoxa). 2 Antonia Sagardia (Artikula Txikikoa).

Joxek Monte Igeldon lan egiten zuen; Maria Donostiara joaten zen, esnea saltzera. Morroi bat ere izan zuten etxean, Leitzako Lorentxo Caballero, baratzeko eta sagardotegiko lanetan laguntzen ziena. Lorentxo Iturrieta Zahar baserriko Edurne Erauntzetamurgilekin ezkondu eta Antiguara joan ziren bizitzera. Ondoren, Zingieta baserriko Jose Manuel Sagardia aritu zen lan horietan laguntzen.

Orain dela 30 urte inguru, baserria erdi erorita zegoela, guztiz eraitsi zuten eta aldameneko etxe txikia bakarrik gelditu zen zutik. Orain dela urte batzuk, familia honetako ondorengo senide batek konpondu egin zuen etxe txiki hori. Gero saldu egin zuen, eta gaur egun beste familia bat bizi da bertan.