Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Zingieta

Wikibookstik
Zingieta baserriaren ikuspegi orokorra

Donostiako toponimiaren arabera, baserriaren lehenbiziko aipamena 1848koa da. Garai batean Ibaetako lurretan kokatzen zuten Zingieta.

Aurreneko bizilagunak emakume bat, Josefa Ignazia Lizaso, eta haren hiru semeak topatu ditugu: Jose Ramon, Gregorio eta Jose Manuel Arzelus Lizaso. Jaiotzez, Oriokoak, eta hirurak ezkongabeak. Zingieta baserrira etorri aurretik, beste zenbait baserritan bizi izan ziren: Bustinzurin, Itsaspen, Lusarben eta Agitin. Garai hartan errentan bizi ziren familiek baserri batetik bestera ibili behar izaten zuten. Aldaketa, kasu gehienetan, San Martin egunean egiten zen, eta ‘Sanmartinketa’ izenez zen ezaguna.

Jose Ramon eta Jose Manuel baserriko lanean aritzen ziren. Gregorio, berriz, kaminero; gazterik hil zen. Jose Manuel ia egunero joaten zen arrokara arrantzara; etxean ez zen olagarro, muxar, lapa eta lanperna faltarik izaten. Bi anaiek ehizan aritzeko ere ohitura handia zuten, batez ere konejuak harrapatzen zituzten, arratoi-txakur baten laguntzarekin. Inoiz eskuarekin ere harrapatu izan zuten untxia, zuloan eskua sartuta. Jose Ramon plazara jaisten zen, barazkiak saltzera. Blusa beltza soinean eta buru gainean xextoa hartuta joaten zen egunero oinez.

1 Jose Ramon Arzelus. 2 Manuela Lizaso. 3 Mateo Sagardia. 4 Jose Manuel Arzelus.

Geroago, Artikula Txiki baserriko Mateo Sagardia eta Aginagako Dranba baserriko Manuela Lizaso Olasagasti senar-emazteak etorri ziren baserrira, beren hiru seme-alabekin: Jose Manuel, Arantxa eta Jose Mari Sagardia Lizaso. Familia hau aurretik bizi ziren hiru anaiekin batera bizi izan zen. 1954. urtean etorri ziren Iturrieta Berri baserritik. Handik Zingietara etxeko trasteak (mahaiak, oheak, arropa, etxeko-tresnak...) Joxe Oliden autobus-gidariak ekarri zizkien kamioi txiki batean.

Mateo Donostiako udalarentzat aritu zen harrobi-lanetan. Neguko denboraleen ondorioz, askotan tokatu zitzaion Donostiako Paseo Berriko espaloiak eta petrilak konpondu beharra. Baserrian lau bat ganadu-buru zituzten, baita astoa eta behorra ere. Manuela Antiguara jaisten zen astoarekin esnea banatzera etxez etxe. Tarteka, lapak ere eramaten zituen, enkargu moduan, eta bakarrik jende jakin batentzat.

1 Arantxa Sagardia Lizaso. 2 Koldo Ostolaza Zamora. 3 Iñaki Ostolaza Zamora. 4 Euken Ostolaza Zamora.

1972an baserria erre egin zen, baina ordurako egina zuten etxe bana, baserriaren lurretan. Alde batetik, Arantxa eta Jose Manuelek altxatu zuten bi etxebizitzako eraikina; eta, bestetik, Jose Marik beste etxebizitza bat. Hiru anai-arrebak bertan jarri ziren bizitzen, beren familiarekin. Gerora, Arantxa Donostiara aldatu zen. 2021. urtean baserria konpondu egin dute, eta orain Jose Manuelen seme bat bizi da bertan, bere familiarekin.

Oharra: Baserriren bat aipatu gabe geratu da bertako familiak hala eskatuta.

Iturria: Jose Manuel Sagardia Lizaso