Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Egioleta Txiki

Wikibookstik

Egioleta Txiki baserria 1864. urtekoa da. Igeldo eta Usurbil arteko mugaldean dago. Baserri honetako bizilagunek betidanik izan dute Igeldora etortzeko ohitura, adibidez igandean meza entzutera.

Egioleta Txiki baserriaren ikuspegi orokorra.

Frantzisko Gomendio Iparragirreren gurasoek erosi zuten Egioleta Txiki. Josefa Eizagirre aiarrarekin ezkondu zen Frantzisko. Hiru seme izan zituzten: Eujenio, Jose Lorentzo eta Jose Mari Gomendio Eizagirre. Jose Lorentzo gerran hil zen. Eugenio eta Jose Mari, berriz, Igeldoko Etxeberri baserriko bi ahizparekin ezkondu ziren: Kristina eta Maria Alberdi Arrutirekin, Etxeberrira Azpeititik etorritako familia bateko alabak.

Eugenio eta Kristina ezkondu eta Arratzain aldean zuten bordara joan ziren bizitzera. Borda guztiz eroria zegoen, eta bertan etxea eraiki zuten, Arratzain Borda izenez ezagutzen dena.

Ezker eskubi: Iñaki Gomendio Alberdi, Jose Mari Gomendio Alberdi, Jose Mari Gomendio Eizagirre, Garbiñe Gomendio Alberdi, Maria Alberdi Arruti, Juantxo Gomendio Alberdi, Miren Gomendio Alberdi eta Jesus Gomendio Alberdi.

Jose Mari, Mariarekin ezkondu eta Egioleta Txikin gelditu ziren bizitzen. Sei seme-alaba izan zituzten: Jexux, Joxe, Miren, Juantxo, Iñaki eta Garbiñe Gomendio Alberdi. Lehenbiziko laurak baserrian bertan jaio ziren.

Maria ama etxez etxe ibiltzen zen esnea banatzen. Behin, haurdun zegoela, Antiguako txalet batera joan, hangoek ongi ez zegoela ikusi eta beren txoferrari agindu zioten Maria baserrira eramateko. Arratsalde hartan bertan, hobeto sentitzen zela-eta, patata ateratzera joan zen. Horretan ari zela, izugarrizko mina sentitu; eta senarrak, Maria ezin mugitu zegoela ikusita, idiak hartu eta gurdi gainean eraman zuen andrea etxera. Haurra berehala jaio zen.

Ukuiluan hamar bat behi izan ohi zuten. Baratza ere lantzen zuten. Fruta-arbola asko zuten, denetarik: muxikak, mota askotako sagarrak, pikuak, gereziak...

Frantzisko eta Jose Mari aita-semeak, idiak eta gurdia hartuta, Amara auzoko padurara joaten ziren; han, garai hartan, angula pila bat zegoen, eta gurdia kargatu eta baserrira ekartzen zuten angula. ongarri moduan erabiltzeko. Angulak arbola- ipurdietan eta zelaietan zabaltzen zituzten.

Maria Alberdi Arruti eta Jose Mari Gomendio Eizagirre.

Maria Igarako Langa Gorriraino joaten zen astoarekin; han autobusa hartzen zuen Antiguara jaisteko, esnea eta barazkiak saltzera. Langa Gorrirainoko bidea abarkekin egiten zuen, eta hara iritsitakoan alpargatak jantzi. Autobusa hartu aurretik, astoa etxera bidaltzen zuen. Animalia bakarrik joaten zen baserriraino. Jose Marik okindegian egiten zuen lan, ogia egiten; arrantzan ere ibili zen, bizpahiru hilabetez itsasontzi batean. Etxetik kanpo itsasoan arrantzan pasatzen zen aldiari ‘marea’ deitu ohi diote arrantzaleek (pare bat hilabete). Jose Marik marea bakarra egin zuen. Garai hartan, xapo asko izaten zen, baina jendeak ez zuen nahi izaten. Jose Marik zakua bete xapo ekarri zuen baserrira. Gero, bolada batez, Igeldoko hilerriko lurperatzaile ere izan zen.

Besteek alde egin zutenean, Anjel Alberdi Arruti, Kristina eta Mariaren anaia, eta haren emaztea etorri ziren Egioleta Txikira bizitzera. Baserrian dolarea zegoen, eta sagardoa egiten zuten, batez ere etxerako. Garai hartan, taberna-legea ere bete izan zuen. Urte batzuk geroago, Antigua auzoko Heriz pasealekura joan ziren bizitzera. Han ikatz-almazena jarri zuten, eta gurasoak eta seme-alaba zaharrenak aritu ziren lanean. Gainera, Aieteko ‘Finka-Tresforcas’ en ganadua izaten zuten, lurrak garbi edukitzearen truke. Lursail dezente zegoen han, eta baserritik sei bat behi eraman zituzten bertara. Geroago, Antiguako Erregezainen kalean ardo eta likore almazena ireki zuten, ‘Jose Mari’ izenarekin; banaketa egiten ibili ziren etxez etxe, seme-alaba guztien laguntzarekin. Urte batzuk geroago, Iñaki semea kazuelatxoak prestatu eta eskaintzen hasi zen, eta ordutik taberna moduan funtzionatu zuen.

Gerora, saldu egin zuten baserria. Gaur egun, beste bi familia bizi dira han.

Iturria: Garbiñe Gomendio Alberdi