Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Lusarbe Handi
Lusarbe Handi baserria Orioko lurretan dago, Igeldorekin mugan. Baserri handia da eta hiru familia bizi izan dira bertan, etxebizitza banatan.

uBaserriaren ezkerraldean etxearen zati baxuago bat dago; bertan Manuel Sarasua Segurola eta Maria Lizaso Aiestaran (Igeldoko Bustinzuri baserrikoa) senar-emazteak bizi ziren. Sei seme- alaba izan zituzten: Kristobal, Jose Manuel, Jose Juan eta Antonio Sarasua Lizaso; eta beste bi alaba oso txikitan hil zirenak (haien izenik ez dugu eskuratzerik izan). Familia alokairuan bizi izan zen. Ukuiluan lau bat behi izaten zituzten, eta txekorrak. Baratzeko lana batez ere etxerako egiten zuten.

Baserriaren itsas aldeko zatian Martin Uria eta Hipolita Uria Unzain senar- emazteak bizi izan ziren. Zortzi seme- alaba izan zituzten: Kandido, Ignazio, Asentsio, Manuel, Joxe, Agustin, Juanita eta Rosa Mari Uria Uria. Kandidok ferratokia jarri zuen baserriaren beren partean denbora batez, inguruko baserritar guztientzat erabilgarria zena. Garai hartan, 12 bat behi eta beste horrenbeste txekor izaten zituzten. Idi-parea ere bazuten. Baserriak zelai handiak zituen, belar asko ematen zutenak. Hamar bat belar-meta egiten zituzten urtean. Soroan alpapa eta ‘muitia’ ere egiten zuten. Baratzeko lana ere, asko: patata, babarruna... Esnea Gurelesara saltzen zuten; Orioko Benta baserrira igota, eramaten zioten esnezaleari. Gaur egunean, apartamentu turistikoak dituzte bertan.
Baserriaren beste zatian, hirugarrenean, Irastorza Zulaika familia bizi izan zen. Hauek Orioko Itsaspe baserrikoak ziren jatorriz, eta alokairuan bizi izan ziren.
Iturria: Juanita Eizagirre