Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Muniota Berri
Muniota Berri Orioko lurretan dago, Igeldorekin mugan. Baserri handia da, terreno ugarikoa, eta lur onak ditu, lanerako egokiak.

Ignazio Arruti eta Maria Josefa Lertxundi Beldarrain (Orioko Txanka Goikoa baserrikoa) senar-emazteak bizi ziren. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Juan Jose, Jose Mari, Felisa, Agustina, Martzelino, Joxe eta Justo Arruti Lertxundi.
Baserriko lanean aritu izan ziren beti. Juan Jose seme zaharrena gelditu zen baserrian. Anita Ernategi Zumetarekin ezkondu zen. Hamaika seme-alaba izan zituzten: Maria Anjela, Jose Luis, Anjel, Mari Tere, Mari Karmen, Jose Ramon, Ana Isabel, Antonio, Sara, Ana Mari eta Juana Mari Arruti Ernategi.

Sei bat behi izan zituzten ukuiluan, eta txekorrak, baita astoa eta mandoa ere. Baratza ere asko lantzen zuten, babarruna eta patata batez ere. Fruta-arbolak ere ugari izan zituzten, batez ere muxikondoak (melokotoiak) eta sagarrondoak. Asto eta mandoarekin Orioko plazara jaisten ziren, esnea eta barazkiak saltzera. Geroago, esnea Gurelesari saltzen hasi ziren, esnezalea Bentaraino etortzen hasi zenean. Ganaduarentzako pentsua, Orioko Etxeberri pentsu-etxetik ekartzen zuten mando gainean.

Zelaian 10 bat belar-meta egiten zuten negurako. Pinudiak ere ugari zituzten. Etxeko atarian putzu-zulo bat bazen, eta gobada bertan egiten zuten, ganadua ere bertara eramaten zuten ur edatera. Baserrian lan asko izaten zutenez, asteburuetan anaiak ere etortzen ziren laguntzera. Muniota Berrin dolarea ere bazuten eta etxerako sagardoa etxeko sagarrarekin egiten zuten. Inguruko baserrietakoak ere bertaratzen ziren, dolarean sagarra jotzera.
Seme-alabak eskolara Lusarbe Erdira joaten ziren, batez ere zaharrenak. Geroago, Aizperro baserrian hasi ziren. Gazteenak, berriz, Donostiara.
Baserrian lau anai gelditu ziren: Antonio, Jose Ramon, Anjel eta Jose Luis.
1990an obra egin zuten ukuilua handitzeko, hogei bat behirentzako lekua prestatu zuten. Lanerako traktorea erosi zuten. Bi belar-zulo ere egin zituzten belarra gordetzeko. Geroago, beste hiru ere bai.
Orain dela urte batzuk saldu egin zuten baserria. Gaur egun, beste familia bat bizi da bertan.
Iturrria: Jose Ramon Arruti Ernategi