Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Muniota Zahar

Wikibookstik
Muniota Zahar baserriaren ikuspegi orokorra.

Baserri hau Orioko lurretan aurkitzen da, Igeldorekiko mugatik gertu. Oriorako bidean, jaisten hasi eta berehala eskuin aldean topo egiten dugu Muniota Zahar baserriarekin.

Praxku Mari Lertxundi (Usurbilgo Errikotxea baserrikoa) Josefa Beldarrainekin ezkondu eta baserri honetan jarri ziren bizitzen. Sei seme-alaba izan zituzten: Jose Mari, Joxe, Manuela, Pello, Xanti eta Manuel Lertxundi Beldarrain. Baserrian Jose Mari eta Pello gelditu ziren. Etxea bi zatitan banatu eta etxebizitza banatan jarri ziren beren familiekin.

Ezker eskubi: Peio Lertxundi, Jose Mari Lertxundi, Prasku Lertxundi, Manuela Lertxundi, Josefa Beldarrain, Joxe Lertxundi, Manuel Lertxundi eta Santi Lertxundi.

Baserrian Pello Lertxundi Beldarrain eta Astigarragako Juanita Elizondo Aduriz senar-emazteak bizi ziren. Hiru seme-alaba izan zituzten: Arantxa, Pello eta Luis Mari Lertxundi Elizondo.

Ukuiluan zortzi bat behi eta beste hainbeste txekor izaten zituzten, baita idi bat ere, uztarrian behiarekin ibiltzeko. Hamar bat ardi ere bazituzten; eta oilo asko, eta arrautzak, jakina. Baratza asko lantzen zuten, artoa eta babarruna batez ere. Juanita Oriora jaisten zen etxez etxe baserriko produktuak saltzera.

Urtean 25 bat belar-meta egiten zituzten. Baserriko lan asko egiten zituzten inguruko baserrikoekin auzo-lanean; adibidez, artoa aletzeko garaian inguruko baserrietakoak elkartu eta auzolanean egiten zuten lana. Juanita askotan jaisten zen arrokara lanpernetara, bildutakoak Orioko Antilla tabernakoei saltzen zizkien. Eskolara, neska-mutil koskorrenak hasiera batean Lusarbe baserrira joaten ziren, geroago Aizperrora, eta gazteenak, berriz, Ibaetako eskolara. Hara joateko, oinez Polipasoraino joanda, han Lopetegiren autobusa hartzen zuten.

Pedro Joxe Lertxundi Elizondo.

Jose Mari Lertxundi Beldarrain gerra-garaian Iparraldera joan zen bizitzera. Garai hartan, Jose Mariren aita eta arreba bat kartzelara eraman zituzten, Jose Mari etxean ez zegoelako. Iparraldean bizi zela, Ainhoa herriko Luisa Iturberekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Maitere, Jabier, Maria Pilar eta Rosi Lertxundi Iturbe. Geroago, 1950. urte inguruan, familia guztia Muniota Zahar baserrira etorri zen bizitzera. Ingurukoek Jose Mari ‘frantsesa’ deitzen zioten. Jose Marik baserriaren erdia erosi zien gurasoei. Beste erdia Pello anaiak erosi zuen.

Ukuiluan sei bat behi eta beste hainbeste txekor izaten zituzten. Luisa eta Juanita, bi koinatak, elkarrekin jaisten ziren Oriora, etxez etxe baserriko produktuak saltzera. Baratzeko lan pixka bat ere egiten zuten; eta golde-lanerako Pello anaiaren idia eta behia erabiltzen zituzten. Eskolara, Aizperro baserrikora joan ziren.

Gaur egunean, Jose Mari Lertxundi Beldarrainen zatia saldu egin dute, eta beste familia bat bizi da bertan. Pello Lertxundi Beldarrainen zatia Luis Mari semearena da.

Iturria: Peio/Luis Mari Lertxundi

Juanita Elizondo eta Peio Lertxundi.