Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Rekondo-Martikotene

Baserrian bizitu zirenei buruz galdetuta, Josefa Azurza eta Jose Xetien bikotearekin aurkitzen gara. Asteasuarrak ziren eta Antiguako Basterretxe auzoan bizi ziren XIX. mende bukaeran.
Josefa Azurzak eta Jose Xetienek hiru seme-alaba izan zituzten: Paxkual, Jose eta Ixabela Xetien Azurza. Josefa alargundu egin zen eta ondoren Jose Rekondorekin ezkondu zen. Bikote honekin beste hiru seme-alaba izan zituen: Bitoriano, Eleuterio eta Maria Rekondo Azurza.

Xetien izeneko ostatua zuten Antiguan eta bertan gelak alokatu eta otorduak ematen zituzten. Besteak beste, Miramar Jauregiko soldaduak izaten zituzten apopilo. Lo egiteagatik 2 pezeta kobratzen zuten eguneko; otorduarekin 2,50 pezeta. Peontzan aritzen zirenei gutxixeago kobratzen zieten: 2,40 pezeta.
Xetien-Enea izeneko ostatua utzi egin zuten Eleuterio Rekondo eta Rafaela Rementeria senar emazteek eta Igeldoko maldan dagoen baserrira aldatu ziren 1907an. Baserriaren jabea Ugarte familia zen, baserriak Martikotene izena zuen eta 1882an eraikia izan zen. Baserri zahar hura Olarain eta Lurdes Txikiko haitzuloaren inguruan zegoen eta baserri zahar hura goitik behera berritu eta Martikotene Berri izena eman zioten.

Eleuterio Rekondok eta Rafaela Rementeriak seme-alaba asko izan zituzten: Marisa, Joxe Mari, Bixente, Ignazio, Mari Karmen, Marisa eta Txomin Rekondo Rementeria.
Eleuterio Donostiako udal zinegotzia izan zen. Ganaduzalea zen eta ukuiluan idiak, hamar bat behi eta zezen bat zituzten. Behi esnea merkatura eramaten zuten eta inguruko behiak Rekondora ekartzen zituzten paradako zezen handiak estal zitzan.

Hasiera batean sagardoa Konportan egiten zuten eta lau bat kupela gordetzen zituzten etxerako. Lurdes Txikira joaten zirenei sagardoa, bakailao tortila eta ogitartekoak saltzen zizkieten. Horiez gain, bertako behi esnea ere gustura hartzen zuen jendeak.
Joxe Mari Rekondo Rementeria toreatzaile izan zen. 1950ean alternatiba hartu zuen Salamancan eta hamar bat urtez ibili zen plazaz plaza. Lanbide hori utzi ondoren, beste hiru urtez aritu zen ahaldun lanetan. Txomin anaia ere, zezenzale amorratua izanik, hiru urtez aritu zen nobillero eta ondoren zezenketak antolatzeari ekin zion.

Txomin Rekondo Doneztebe-Urrozeko Mari Karmen Apeztegiarekin ezkondu zen eta hiru alaba izan zituzten: Lourdes, Edurne eta Karmele Rekondo Apeztegia. Senar-emazteek baserria erosi egin zuten eta Mari Karmenen arreben laguntzarekin ukuilua konpondu eta jatetxea zabaldu zuten 1964an.
Ilusio eta lan ugari egin eta gero, Rekondo goi mailako jatetxe bihurtu da. Nabarmentzekoa da bertako ardo upeltegia, urteetako lan eta ahaleginaren ondorio dena. Txominek ardoa erosten hasi zen pixkanaka eta egun mundu mailan ezaguna da Rekondo jatetxeko upeltegia: 110.000 botila ardo eta 5.000 bat ardo barietate biltzen ditu.
Rekondo jatetxearen ardura Lourdes Rekondo Apeztegiak hartu du eta lanean jarraitzen du familiaren laguntzarekin.