Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Urteta

Wikibookstik
Urteta baserriaren ikuspegi orokorra.

Urteta baserria 1885ekoa da eta Usurbilgo lurretan dago, Igeldoren mugatik oso gertu. Orteta izenarekin ere aurkitu dugu.

37 hektarea eta kilometro bateko zelaia zuen. Baso ugarikoa zen, harizti askokoa, eta fruta arbola asko zituen: sagarrondoak, muxikondoak, gereziondoak, udareondoak eta abar.  Donostiatik Bilbora doan autopista egiteko sagarrondo asko kendu zieten

Joxefa Antonia Saizar eta Joxe Joakin Alkorta.

Baserri ondoan dolarea gordetzeko etxe-ordeko bat zuen eta horren gainean zubi bat zegoen ganbarara igotzeko. Bi aska zeuden, bata abereentzat eta bestea gobadak egiteko. Azken honetara inguruko baserriko emakumeak ere joaten ziren.

Baserria Donostiako Laffitte familia ezagunarena zen eta aurkitu dugun lehen maizterra Joxe Joakin Alkorta orexarra da, Aiatik etorri zena.  Joxe Joakin Antonia Saizarrekin ezkondu zen eta hainbat seme-alaba izan zituzten. Horietako bat, Josefa Antonia Saizar baserrian gelditu zen eta Balda Berriko Domingo Zinkunegirekin ezkondu eta hiru seme izan zituzten: Igeldora etorritako Antonio, Lasartera joandako Manuel eta baserrian geratu zen Pedro Mari Alkorta Saizar.

Pedro Mari baserrian gelditu zen eta Aintziko  Maria Bengoetxea Esnalekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Jose Antonio, Jose Luis, Manuel eta Antonio.

Ezker eskubi: Joxe Antonio, Joxe Luis, Manuel, Antonio....., Pedro Mari Zinkunegi.

Idi parea, hamalau bat behi, txerriak, astoa, mandoa eta zaldia zuten. Baratzean ere aritzen ziren, gehienbat etxerako. Hala ere, esnea, fruta eta soberako barazkiak saltzera Antigua auzora joaten ziren Josefa Antonia Saizar eta Maria Bengoetxea. Aurrena mandoarekin joaten ziren, beranduago zaldiarekin eta azken urteetan Pedro Mari ere furgonetarekin. Antiguatik txerri jana ekartzeko aprobetxatzen zuten. Bestalde, 60 bat belar garo meta jasotzen zituzten urtean.

Sagarrondo ugari zituzten eta urtean 200 karga-sagar jasotzen zuten. Etxeko dolarea erabiltzen zuten sagardoa egiteko, bai urtetakoek eta baita inguruko baserritarrek ere. Garai hartan Kirikoketa izeneko egurrezko mazo batekin jotzen zuten sagarra, txalaparta jotzen ariko balira bezala. Sasoi hartan bost morroi aritzen ziren lanean baserrian.

Maizterrak zirenez, San Tomas eguna iritsitakoan, bildutako sagarraren erdia, errenta-dirua, bi kapoi eta gurdika bat egur eramaten zioten etxe nagusiari.

XX. mende hasieran, gurasoak hil eta gero, Manuelek ganadua kendu eta 200 bat oilo  35 bat ahuntz eta ardi batzuk ekarri zituen. Ondoren Manuelen seme batek erosi zuen baserria eta  40 bat ardiko artaldea jarri zuen inguruak garbi mantentzeko. Baserria konpontzen ari da pixkanaka.